© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta 5c. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta 5c. Mostrar todas las entradas

2026/11/21

Leku ezin hobea da udarako, beroak estutzen duen egun horietarako. Bere orientazioa dela eta (mendebaldea), itzalean eskalatzeko aukera izango dugu 13-14:00ak arte.

Oso kalitate oneko harkaitza eta oso ondo ekipatua. Bilguneak 12 mm-ko paraboltez eraikiak.

Pilá Perales, Miquel Garrell, Ramon Rubio "Kalkariseu" eta Òscar Fernàndez azken urte hauetan horma honetan linea berriak garbitzen eta irekitzen aritu dira. Inguruko argazki zaharragoak ikusita, garbiketa lan handia egin dutela ikusten da. Atzetik gatozenok eta ume bezala eskaladaz gozatzen dugunok, batzuetan ez dugu aintzat hartzen atzean dagoen lan eskerga. Eskerrik asko lan handi horrengatik.

 


Iristeko: Coll de Nargó herritik Organya-rako norabidean C-14 errepidea jarraitu. 4 km-ra dagoen bidegurutzean Figols aldera egin  L-401 errepidea hartuta. Zubia zeharkatu bezain laster, ezkerrera hartu (Figols aldera). Zertxobait aurrerago, 700-800 metro ingurura, ezkerretara, aparkatzeko zabalgune handi bat ikusiko dugu.

 

Hurbiltzeko: Bidezidor nabarmenetik hormetara igo. Harkaitzaren oinarrira iritsitakoan, oinarritik horma osoa zeharkatu behar da ezkerreko muturreraino, eta han aurkituko ditugu bideak. Bideen izenak arrokan pintatuta daude. Aparkalekutik 13 minutu inguru dira.

 

Josep Fatjó (70 m, 5b, derrigorrez 5a)

L1 (30 m, 8 aseg., 5a). Amaiera aldera mini-erresalte bat duen plaka. Mini-erresaltea gaindituta, plaka etzan luze bat, aseguruak pixka bat urrutiratuagoak dituena.

L2 (40 m, 13 aseg., 5b). Plaka etzana, heldulekuekin, eta, ondoren, bloke-eremu bat. Gero, pasagune finen bat duen plaka bertikal batek sabaitxo batean uzten gaitu. Sabaitxoa gaindituta, horma bertikal batek bileran utziko gaitu.

 

Soka finkoa R2ren eskuinaldean, feixa handira igotzeko.

.

Barón rojo (75 m, 5c, derrigorrez 5b)

L1 (40 m, 10 aseg., 5a). Plaka hasieran. Lehenengo asegurua altu samar dago (tarte erraza da, baina asegurua altu samar dago). Gero plaka luze bat heldulekuekin. Ez da zaila, baina txapen artean eskalatu behar da. Josep Fatjó-n baino distantzia handiagoa dago txapen artean. Pitzaduratxo bat R-ra iritsi baino lehen.

L2 (35 m, 11 aseg., 5c). Heldulekuak dituen plakatxo batek diedro labur batean uzten gaitu, non oinak ondo jarri eta pixka bat estutu behar den. Gero plaka bat sabaitxo txiki batera iritsi arte. Sabaitxoa gaindituta, heldulekuak dituen plaka batek bilgunean uzten gaitu.

 




Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Josep Fatjó-n, 60 metroko bi sokarekin, lurrera iristen da, tirada bakar batean. Barón rojo-n 2 rapel behar dira.

 

Materiala: 11-13 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta/edo fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka mota: Kareharria.

Orientazioa: Mendebaldea

Iraupena: 1 h bide bakoitzerako.

Nork irekia eta ekipatua:

"Josep Fatjó", Josep Fatjó i Genéri eskainia:

Pilá Perales, Miquel Garrell eta Ramón Rubio "Kalkariseu", 2025eko uztaila.

 

"Barón rojo":

Nork irekia: Pilá Perales, Miquel Garrell, Ramon Rubio "Kalkariseu" eta Òscar Fernàndez.

2023an F. Garcia, M. Lavaquiol, O. Fernàndez, M. Garrell eta R. Rubiok birrekipatu zuten.

 

Cambiar idioma(Castellano)

2026/11/07

Bideen zerrendarako lotura

Coll de Nargó herrira hurbildu ginen, Paret de Grau hormara, hasiera batean hormako biderik errazena egiteko. Abuztua da eta beroak gogor jotzen du, baina haize pixka bat dabil eta eskalatzen uzten du. Harriaren kalitatea oso ona da, eta lekuak badu bere xarma. Hori bai, bidea askoz zailagoa iruditu zitzaigun jatorrizko aipamenak markatzen duena baino (5a, 5a, 5b). Gure ustez 5b, 5c eta 6a izan daitezke. Argi duguna da lehen eta bigarren luzeak ez direla 5a. Ongi hornitua dago, baina aseguruen artean airea dago. Aseguruen artean eskalatu behar da. Azken luzeko tarte gogorra azken asegurua txapatu ondoren dago. Tarte horretan, hormak kanpora botatzen dizu eta estutu egin behar da. Tarte teknikoak eta atletikoak dituen bidea da. L1 eta L2 lotzeko aukera dago.



Bidearen hasiera arroka trinkoko plaka batek eta konglomeratuko harri-moko handi batek osatzen duten kanal-diedroan dago. Bidea kanal-diedrotik doa, ez ezkerreko plakatik. Bidearen izena kanal-diedroaren oinarrian dago markatuta harkaitzean.

Bilerak rapelatzeko ekipatuta daude, baina 60 metroko bi sokekin tirada bakarrean lurrean zaude (justu, baina ondo).

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Isonara doan L-511 errepidea hartu. Herri osoa zeharkatu eta irteeran, azken etxeak pasa ondoren, Montanissell, Zona esportiva eta Coll Pique markatzen duen eskuineko desbideratzea hartu. Asfaltatutako pistan gora egin. Herriko kiroldegiaren ondotik igaro eta pixka bat gorago, bidea bitan banatzen da. Nondik jarraitu behar den ongi adierazita dago Coll Pique eta Zona d 'escalada jartzen dituzten kartel batzuekin. Asfaltatutako pistari jarraitu. Pixka bat aurrerago (eraikin baten ondoren) lurrezko pista batean bihurtzen da. Lurrezko pista jarraitu autoa uzten den toki nabarmenera iritsi arte. Guztira pistak 1,4 km ditu: 0,9 km asfaltatuak eta 0,5 km lurrezkoak.

Aparkalekutik hormaren oinarriraino oinez hurbildu. 15 minutu inguru dira, erritmo lasaian.

 

Mapa

L1 (20 m, 4 aseg., 5b). Luzerak S handi bat egiten du. Kanal-diedrotik igotzen da eta gero, bloke handien artean dauden plakatxoetatik.

L2 (20 m, 4 aseg., 5c). Bileratik irten bezain laster, zatitxo bertikal bat, non estutzeko pasagune fina dagoen (lehen eta bigarren seguruen artean). Gero, arroka trinkoz osatutako plaka bat, R-ra iritsi baino lehentxeago etzaten dena.

L3 (30 m, 6 aseg., 6a). Horizontalean irten bileratik eskuinaldera. Kanalaren ezkerraldean plaka bat dago, helduleku askorekin. Igo hortik. Plaka handira igotzeko, hirugarren parabolta txapatu ondoren, pasagune txiki bat dago. Azken plaka, bertikala eta helduleku onekoa da, baina kanpora botatzen du. Gauza da eskalatzen jarraitu behar dela azken asegurua txapatu ondoren. Helduleku onera iritsi ahal izateko oinak asko igo behar diren pasagunea da. Besoz indartsu ibili behar da, nekatuta iristen bazara estutu egin behar baita.

 




Jaitsiera: Bidetik rapelatzen.

 

Materiala: 6-9 zinta (L1 eta L2 lotzen edo ez ditugunaren arabera) + bilgunerako materiala. Friendsak edota fisurero batzuk ondo etor liteke.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia/ekipatua: J.G. Coca eta lagunak.

 

Cambiar idioma(Castellano)

 

 

 

2026/10/25

Bideen zerrendarako lotura

Bide laburrak, eguneko jarduera bat osatzeko balio dezaketenak edo konbinatuta egun polit baterako ematen dutenak. Lehenengo 2 luzeetan, itsasgarritasun-plaka etzanen gainean eskalatzen da, eta, gero, pasagune gogorren bat duten plaka bertikalen gainean (A0n egiteko aukerak). Oso ondo hornituta. Bilguneak katearekin eta uztaiarekin lotutako 12mm-ko  2 parabotez leku erosoetan eraikiak.

"Guinnes special" bidea identifikatuko dugu, 3 zenbakia baitu bere oinarrian. Gainera, ezkerrean, lehen segurtasun-puntu gisa 2 arroka-zubi dituen lerro bat dago. "Xibeca" bidea plataforma batean hasten da, eta bertan oso gertu, elkartuta, dauden 2 ipuru daude.

Eskalada motari eta zailtasunari dagokionez antzeko bideak, baina "Xibeca" puntu baat gogorragoa iruditu zitzaigun. Inguruko beste bide batzuekin konbina daitezkeen bideak dira.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrera.

 

Guinnes special (65 m, 6a, derrigorrez 5b)

L1 (30 m, 13 aseg., 5a). Plaka luze etzana, zerbait gehiago pentsatu behar den itsasgarritasun-pauso txiki batekin. Seguruak hurbil. Kontuz! R1eko kateak kate-eraztun bat hautsita du. Bi puntuak lotzeko zintaren bat eramatea komenigarria da.

L2 (20 m, 9 aseg., 5b). Hasieran zuzen igotzen den plaka. Gero, goranzko joera duen zeharkaldi bat egiten da eskuinerantz. Luzea, lehenengoaren antzekoa da, baina zertxobait finagoa.

L3 (15 m, 11 aseg., 6a). Lehen parabolta zertxobait ezkutua dago. Horma bertikala hasieran, kanpora pixka bat botatzen duena. Estutzeko tartea (A0 modura egin daiteke). Gero plaka etzan egiten da eta azken metroak hobeto igotzen dira.

 

Jaitsiera: Rapelatuz. 60 m-ko bi sokekin tirada batean (55 m ingurukoa) lurrera iristen da.

 

Materiala: 13 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia egiten du, baina ilunabarrean, eguzkia izkutatzen hasten denean, itzala hasten zaio eta atseginez eskalatzen da.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal (bakarrik), 2024

 



Xibeca (70 m, 6a, derrigorrez 5c)

L1 (30 m, 12 aseg., 5c). Plaka etzana hasieran. Gero, diedro zeiharraren azpian dagoen plakatik igotzen da. Bederatzigarren eta hamaikagarren aseguruen arteko tarteak luzeari gradua ematen dion itsasgarritasun-zatitxoa da. Paraboltak urruntzen direla ikusten dugunean iltzea aurkituko dugu.

L2 (20 m, 7 aseg., 5b). Plaka garezurra duen (Joan Vidalen sinadura) pinuraino. Lurkara den zatitxo batek itsasgarritasun pasagunetxo bat duen beste plaka batean uzten gaitu. Azken metroak plaka oso etzanetik egiten da.

L3 (20 m, 11 aseg., 6a). Eskuineko aldean harkaitz ustel samarra duen diedroa. Ondo babestuta dago, baina arreta izan behar da harkaitzarekin. Gero, pauso fin bat, estutzekoa, ezkerreko plakara pasatzeko (A0 modura egin daiteke). Plaka batetik zuzen igo eta gero ezkerrera biratu azken plakatxoari erasotzeko.

 

Jaitsiera: Rapelatuz. R2ra jaitsi eta pasatu, oinez, plataforma zabal batetik, ondoko R-ra bizi-lerroa (soka) erabiliz. Hortik, tirada batean, lurrean egongo gara.

 

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroek ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia egiten du, baina ilunabarrean, eguzkia izkutatzen hasten denean, itzala hasten zaio eta atseginez eskalatzen da.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal (bakarrik), 2024

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

 

2026/09/05

Bideen zerrendarako lotura

Semiekipatutako bide laburra, kareharri oso on, trinko eta helduleku onekoarekin. Ez da berariaz egitera joateko bide bat, baina inguruan bagaude, goiz edo arratsalde bat betetzeko balio dezake.

Puntu giltzarria: L2aren irteera. Azken asegurua txapatu ondoren estutu beharreko pasagunea dago pitzaduratik irten eta gandorrera igotzeko.

Eskalatzen jarraitzeko gogoarekin geratzen bagara, kirol sektoreko eskalada-bideekin osa dezakegu eguna. Erreferentziak esteka honetan aurki ditzakezue.

 


Iristeko: Ullá herrira hurbildu eta futbol zelaiko aparkalekuan autoa utzi.

 

Hurbiltzeko: Lurrezko pista hartu eta baserrira hurbildu. Metro batzuk lehenago ezkerretara hartu. Zabalgune handi batean, jendeak autoa uzten du eskalatzera igotzeko. Gero, bidezidor batetik igo besterik ez da egin behar. Azkenean, bidexkatik kanpo igo behar da (egokien ikusten dugun lekutik).

Baserrira igotzen den pista ez dago gaizki, baina ez dago ere hain ondo. Autoz igo daiteke, baina futbol-zelaian utzita, hurbilketan 10 min gehiago baino ez dira behar.

Futbol-zelaitik bidearen oinarriraino 30 minutu dira (lasai ibilita).

 

Mapa

L1 (30 m, 3 aseg., 4c). Helduleku onak dituen kanal-diedroa hasieran. Lehen eta bigarren seguruen artean zinta bat onartzen duen zuhaixka bat dago. Bilgunea zuhaitz batean.

L2 (20 m, 3 aseg., 5c). Harmailak, pitzadura bertikal baten azpian jarri arte. Azken asegurua txapatu ondoren, estutu egin behar da, pitzaduratik atera eta gandorrera igotzeko. Bilgunea parabolt batez osatua. Friends edo fisurero batekin sendotu daiteke.

L3 (30 m, 0 aseg., 3a). Gandor horizontala bloke handien artean. Azken bilgunea harri-bloke handi batean.

 



Jaitsiera: Oinez, bidezidorretik kanpo hasieran eta gero igo garen bidetik. Autora itzultzeko 30 minutu inguru behar dira.

 

Materiala: 6-7 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero sorta bat eta zinta batzuk.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoa - hego-mendebaldea

Iraupena: 45 min.

Nork irekia eta ekipatua: Centre Excursionista de l 'Escala-ko kideek.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2026/08/21

Bideen zerrendarako lotura

Formiguera-ko horma handiko beste bide labur bat. Oro har, arroka ona da, baina zatitxoren batean eusten duguna kontrolatu behar da. Eskalada bertikala eta teknikoa; garrantzitsua da oinak ongi ipintzea.

Tarte fina L1aren bigarren zatian. Pultsazioak berreskuratzen dira zuhaixkari heltzen zaionean. L2an zati fina lehen erdian dago. Bigarren zatia bertikala da, baina helduleku gehiago ditu. Esan daiteke L2an ez dagoela pasagune gogorrik, baina zailtasun mailan oso jarraia da.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrera.

 

L1 (25 m, 6 aseg., 5c). Ezproitxoa arrakala handiaren ezkerretara. Arrokarekin arreta pixka bat izan behar da. Gero, plaka bertikal bat, pasagune fin batzuekin. 3. eta 5. aseguruen artean tarte fina. Urrutiratzea lehen eta bigarren seguruen artean.

L2 (30 m, 11 aseg., 5c). Plaka bertikal luzea. Azken 5 aseguruetan helduleku gehiago.

L3 (25 m, 6 aseg., 4c). 8-10 m-ko plataforma horizontal batek kanalaren oinarrian uzten gaitu. Ondoren nahiko ondo igotzen uzten duen kanala.



 

Jaitsiera: Oinez.

 

Materiala: 11-12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kareharria (tillita).

Orientazioa: Hegoa

Iraupena: 1h 30min.

Nork irekia: Josep Godoy eta Jordi Muñoz, 1979ko urtarrila.

Nork birrekipatua: J. Godoy, Ll. Olondriz eta A. Sans, 2017an.

 

Cambiar idioma(Castellano)

 

2026/08/07

Bideen zerrendarako lotura

Molondro sektoreko laugarren bidea. Albokoen antzera, oro har, plaka etzanen gainean eskalatzen da, baina 3-4 metroko horma bertikal bat du L6an, puntua ematen diona (A0 modura egin daiteke). Arroka eta ekipamendua, beti bezala, luxuzkoa. L3ko plaka luzea, oso polita.

Bidea "Charleston" bidea hasten den tokitik 3 metrora dago, ezkerretara. Udako goizetarako aproposa; izan ere, goiz samar joanez gero, ia bide guztia itzalean egin daiteke.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo esteka.

 

L1 (25 m, 9 aseg., 5c edo 4c/A0). Diedro zeiharra hasieran. Hobeto igotzen da ez bagara bertan sartzen eta eskuineko plakatik joaten bagara. Pasagune bat duen erresaltea. Pasagunea, zaila baino arraroa da. Oinak moko baten gainean ditugula, plaka etzan batera igo behar da. Plaka bularraren parean geratzen da, eta eskuetarako ez dago ezer (edo oso gauza gutxi). Plakaren lehen aseguruarekin ongi babestua, pasagunearen trikimailua ezkerreko esku-ahurra plakaren ertzean ipintzea eta beherantz bultza eginez plakara igotzea da. Ez bazaigu irteten, ez dago arazorik, oso eroso egin baitaiteke aseguruari tira eginez. Plaka etzan batek bileran uzten gaitu.

L2 (30 m, 4 aseg., 4a). Bloke handien gaineko erresalteak. Gero zeharkaldia, emeki gorakorra den diagonala, ezkerrerantz pinutxoaren atzetik. Azken 5-8 metroak oinez.

L3 (40 m, 9 aseg., 5a). Helduleku onak dituen hormatxo batek plaka handi batean uzten gaitu. Plaka horren erdian erresalte txiki bat dago, ezkerretik hobeto gainditzen dena. Itsasgarritasun-eskalada plaka etzanaren gainean. Azken erresalte batek aurrean "frontoi" handi bat duen plaka oso etzan batean uzten gaitu. Bilgunea frontoi horren ezkerreko izkinan dago.

L4 (25 m, 8 seg., 4b ezk. eta 4a esk.). Luzea bi aldetatik egin daiteke. Bi aldeetatik, plakatxo bat hasieran, eta, ondoren, ezproitxo bat. Eskuinetik zertxobait errazago irteten da. Bigarren pinu handian egiten da bilgunea (soka + kankamoa).

L5 (15 m, 3 aseg., 4b). 5 metro inguruko diedroa, ondo igotzen dena. Gainerakoa oinez.

L6 (25 m, 7 seg., 6a+ edo A0). Plaka zimurtsu oso etzan batek 3-4 m-ko emeki desplomatua den horma labur baten oinarrian uzten gaitu. Hormak aseguruen ezkerretik onak diruditenak heldulekuak agertzen ditu, eta horrek hortik saiatzera bultzatzen zaitu, baina kanpora botatzen duten heldulekuak dira, eta berehala nekatzen zara besoetatik. Hobe, eskuinetik. Ateratzen ez bazaigu, pixka bat estututa, A0 modura egin daiteke. Gero beste plaka batek, oso etzanak, bileran uzten gaitu.

L7 (20 m, 4 aseg., 5c). Plaka oso etzana, erdian 2 m inguruko erresaltea duena. Erresalteko bigarren segurua txapatu ondoren, pixka bat ezkerretara geratzen den mokotxo baten bila joan behar da (helduleku gakoa), eta, estututa, oinak erlaitz batera igo. Pinu talde bt duen plataforma belartsu handi batean amaitzen da luzea. Azken bilgunea pinu batean egiten da, Sendero Limite-ko onddo laranja tipikoa duena, bidearen izenarekin.

 



Jaitsiera: Oinez. R7tik bi aukera daude.

Lehenengoa, Molondro gailurrera igo eta "Machos" bidezidorretik jaistea da.

Bigarrena, eta niretzat egokiena, Julio Benedék seinaleztatu duen bide berri batetik jaistea da: "Camino corto" delakoa. Gorantz begiratu ahala, pinu-basotxoaren eskuinaldera joan behar da. Mugarri batzuk eta jaitsieraren izena lurrean dagoen arroka batean margotuta ikusiko ditugu. Bidezidor argi eta erraz batek 5 minututan "Machos" bidezidorrean uzten gaitu, hodi handiaren eta zubiaren artean. Lehenengo aukerarekin alderatuta, jaitsiera 10-15 minututan laburtzen da.

Lehenengo aukerak zuzena izaten jarraitzen du eskalatzen jarraitzeko asmoa badugu (Bozuelon, Pared del Tubo edo Bachimañako Pared de la Cascada horman).

 

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 2h 15 min.

Nork irekia eta ekipatua: Isabel Armendariz, Toti eta Julio Benedé, 2025.

 

Cambiar idioma(Castellano)

2026/07/27

Bideen zerrendarako lotura

Toki zoragarria, itsas giro bikainarekin. Hurbilketa eta itzulera laburrak direnez bide egokia da egun erdiko jarduera baterako. Ezin hobea goizean eguzkitan eskalatu nahi badugu goizeko freskura aprobetxatuz, eta aproposa arratsalderako ere, itzala ematen dionerako. Guk bigarren aukera hori aukeratu genuen, eta, egia esan, asko gozatu genuen. Calanques ekarri zidan gogora, uretatik 2 metro eskasera eskalatzen eta itsasoan noizean behin belaontziekin. Itsas brisa goxoa, itzala, luxuzko arroka. Zer gehiago eska daiteke?


Bide laburra, iltzeren batekin, kimikoren batekin eta harrizko zubiekin semi-ekipatua. Bideak aparteko arroka du. Kareharria oso zatituta dago, baina, aldi berean, oso trinkoa da. Bidea luzeagoa izateko eta eskalatzen jarraitzeko gogoarekin geratzen zara.

Iristeko: L 'Escala herrira hurbildu eta hortik (Montgó etorbidetik) Montgó kalara. Jende pilaketaren arabera, hondartza inguruan dauden aparkalekuren batean utzi beharko dugu kotxea (jendea bada) edo autoz hurbildu ahal izango gara Port del Rei kalearen amaieraraino. Kalearen hasieran debeku seinale bat dago (egoiliarrentzat izan ezik). Gu Aste Santuko bigarren astean ibili ginen hortik, eta jende gutxi zegoenez, kalearen amaierara arte sartu ginen, eta ez genuen inolako arazorik izan. Nolanahi ere, hondartzaren inguruan dauden aparkalekuetatik Port del Rei kalearen amaieraraino, oinez, 10-15 minutu inguru izan daitezke (ikus mapa).

    

Hurbiltzeko: "Cami de Ronda" bidezidorra hartu. Bi lursail partikularren artetik igarotzen den bide estua da. Labarrera irtetean, ezkerrera biratu eta pinu handi eta nabarmen batzuetara hurbildu. 3 minutu Port de Rei amaieratik.

Hobe da materiala hemen jartzea (katuak izan ezik), beherago deserosoagoa baita.

Lehenengo zatia oinez jaisten da bidezidorraren trazetatik, 6-7 metroko hormatxo bertikal batera iritsi arte. Arroka oso ona da eta destrepea ez da oso zaila, baina expoa da (eroriko bat zorigaiztokoa izan daiteke). Lurrean ondo ahokatutako bloke baten inguruan, destrepea egiten eta “beldurra” kentzen lagunduko gaituen soka jar daiteke.

Gero, inolako arazorik gabe, R0ra iristen da hormaren eta bloke handiaren artean sortzen den "kobazulotik" igaro ondoren.

 

L1 (15 m, 2 aseg., 5c). Arrokak osatzen duen izkina bat zeharkatu behar da, eta harkaitzak osatzen duen sabel gune handi batean sartu. Zeharkaldia helduleku onekin, baina kanpora bolatzen duena. Estutu egin behar da. Kimikaria txapatu ondoren, azpian, eskuinean, geratzen den erlaitz batera jaitsi behar da. Jaitsiera hori delikatuagoa da bigarrenarentzat lehenengoarentzat baino. Friends-en bat jar daiteke bigarrenaren jaitsiera babesteko, baina erosoena da lehenengoak expres bat jartzea kimikoan, soka pasatzea eta ondoren zinta luze bat modu bikoiztuan jartzea (gero erraz berreskuratzeko) beste expres batekin. Horrela, bigarrena babestuta geratzen da eroriko baten aurrean, eta erlaitzetik pixka bat igota materiala berreskuratzeko aukera badago. Bilgunea itsasotik 3 metro eskasera dagoen plataforma zabal eta polit batean egiten da. Leku zoragarria.

L2 (25 m, 4 aseg., 5a). Pitzadura handi bati jarraitzen dion plaka. Bilgunetik irteteko estutzeko zatitxo bat, baina luxuzko arroka batekin. Gero, aparteko arroka batetik igotzen da. Oso zatikatua dago, baina, aldi berean, oso trinkoa da, helduleku oso onekin. Bilgunea zulo handiaren eskuinaldean.

L3 (20 m, 1 aseg., 5c). Plaka bertikala, pitzadura batekin, pasagune finen batekin. Iltzearen ondoren, pixka bat ezkerrerantz igotzen da. Iltzearen ondoren, totem urdin bat, hori bat eta lila bat jarri genituen. Bilgunea ezkerretara, kutxa metaliko baten ondoan. R kutxa azpian ezkutatuta dago.

 




Jaitsiera: 10 metro inguru igo toki errazetik, bidezidorrera igotzeko. Gauzak jaso ondoren, 3 minututan autoan gara.

 

Materiala: 6-8 zinta + bilgunerako material. Friends joko bat eta fisureroak. Zintaren bat ongi etor daiteke.

Arroka: Oso pitzatuta, baina aldi berean oso trinkoa den kareharria.Luxuzko arroka.

Orientazioa: Ekialdea.

Iraupena: 1h.

Nork irekia: Jordi Tapia, Bernat Jover eta Mireia Jordá, otsaila 2013.

 


Cambiar idioma(Castellano)





2026/03/24

Bideen zerrendarako lotura

Plaka handian luzeak dituen beste bide bat. Bere alboko "Marisol y los infartados" bidearen antzekoa da, baina zailtasun puntu bat gehiagorekin. Vodka Taldeko bide guztiak bezala, oso ondo ekipatuta dago.
Hiru luzeak politak dira, baina egia da lehena eta azkena zerbait gehiago direla. L3aren tarte labur batean harkaitzak ez du konfiantza handirik ematen, baina oraindik jende asko pasatu ez delako da. Ondo babestuta dago, eta hobera egingo du jendea pasa ahala.
Bidea hornituta dago rapelatu ahal izateko, baina erosoagoa eta azkarragoa da oinez jaistea.
Txapa horiak.

Iristeko eta hurbiltzeko: Chodesetik trenbideko aparkalekura hurbildu. Minutu batean bidean gaude. Ez dago galerarik, bidearen izena duen plaka bat dago bere oinarrian.


L1 (35 m, 15 aseg., 6a).
Arroka trinkoko hiru plaka bertikal, pasagune fin batzuekin. Guretzat tarterik gogorrena lehenengo ipuruaren gainean dagoen plaka izan zen. Azken plakak ere badu bere gauza, baina aseguruen eskuinaldetik egiten uzten da. Lehen parabolta altu samarra.
L2 (20 m, 9 aseg., 5b). Arroka beltzez osatutako plaka hasieran, oso zaila izan gabe, ebatzi ahal izateko pentsarazten dizuna. Gero, ezkerretara eginez igotzen den diedro etzan batek plaka erraz batean uzten gaitu. Hori gaindituta, erlaitz batera iristen da, eta bertatik helduleku onak dituen horma-sabel bati erasotzen zaio. R katearekin elkartutako bi parabolt.
L3 (30 m, 12 aseg., 5c). Harmailak, erresalte laburrekin hasieran. Tarte horretan harri solte pixka batzuk aurkituko ditugu. Gero, plaka etzan batek harri-bloke handi baten oinarrian uzten gaitu. Harri-bloke handian dagoen parabolta xaflatu ondoren, ezproiaren ezkerreko plakara irten behar da. Plakaren azken zatitik, ezproiko plakara atera arte, harkaitzak ez du konfiantza handirik ematen (oraindik basati samar dago; hobera egingo du jendea pasa ahala), baina tartea ondo babestua dago. Arroka on eta zimurtsua duen ezproiaren plakatik igo. Ezproia gaindituta, gandor txiki batek amaierako R-ra eramango gaitu.




Jaitsiera: Oinez. Gailurrera igo eta aurrera jarraitu. Pixka bat ezkerrerantz eginez jaitsi (Peña de los Túmulos aldera) eta 8 minututan bide nagusian egongo gara. Beste 3-4 minutu autoan. Jaitsiera azkarra eta erosoa.

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.
Iraupena: 1 h 30 min.
Nork irekia eta ekipatua: Equipo Vodka. Lehen luzea 2017an, eta gailurreraino 2022an.

Cambiar idioma (Castellano)

 

2025/12/08

Bideen zerrendarako lotura

Aurkikuntza txiki handi bat. Leku lasaia (egia da bertatik abuztuan ibili ginela eta bero asko egiten zuela), itzultzeko gogoz utzi gintuena. Gu arratsaldeetan hurbildu ginen, eguzkiak indarra galtzen hasten zuenean, eta, zebilen haize apurrarekin, bero handirik pasa gabe eskalatu genuen.

Garbiketa lana izugarria izan da. Nahikoa da harkaitzean zenbat orban zuri dauden ikustea. Harkaitzari azala kendu zaion eremuak dira. Eskerrak eman nahi dizkiogu Joan Vidali egindako lanagatik. Inoiz elkartzen bagara, nahi dituzun garagardoetara gonbidatuta zaude. Bideei eman dizkien izenengatik, gai horretan aditua dela uste dut. Momentu horretaz gozatzen jakingo genuke.

Luxuzko ekipamendua eta bideen luzera, bidezkoa. Egokia, egun berean 2 edo 3 bide egiteko eta irribarre zabal batekin amaitzeko.

Hemen deskribatutako bi bideetako lehen bi luzeak, oro har, plaka etzanenatik doaz, tarte bertikalagoa den zatiren batekin. L3ak bertikalak dira.

Hormaren oinera iristean, egurrezko kartel bat ikusiko dugu, bide guztien izena eta luzeen graduazioa jasotzen dituena. Gu "Triple Leffe" -tik hasi ginen, eta lehen bi luzeak kartelean jartzen zuena baino errazagoak iruditu zitzaizkigun. Agian oso ongi hornituta daudelako izan zen. Ez da estutasunik pasatzen. Azken luzean konfiatuta sartu ginen, aurreko biak bezala izango zelakoan pentsatuz (kartelak jartzen zuena baino errazagoa), eta, guztiz oker ginen, ederki estutu behar baita. Gainera, harkaitza oraindik "basati" samar dago tarte honetan, eta arrokari arreta gehiago jarri behar zaio. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

"Red Ipa" bidean antzeko zerbait gertatu zitzaigun. "Triple Leffe" bidearen antzekoa izango zelakoan geunden, baina L1a kartelean adierazitakoa baino gogorragoa iruditu zitzaigun. Hamargarren eta hamaikagarren aseguruen artean tarte fina du, eta bertan oinekin eta eskuekin fin ibili behar da.  L2 dezente errazagoa iruditu zitzaigun, eta L3 gogorra, aurreko bideko L3aren antzera.

Bideen izenak harkaitzean adierazita daude. Izen batzuk ez dira ondo ikusten, baina bat identifikatuta, erraza da gainerako bideak identifikatzea.

 


Iristeko: Oliana herritik errepidea jarraitu La Seu de Urguell norabidean. Herritik irten, biribilgune batetik igaro eta presako zubira iritsi baino dezente lehenago, eskuinera hartu Ermita del Castell adierazten duen bidegurutzean. Asfaltatutako pista hormetara hurbiltzen da. Bidea banatzen denean ezkerreko adarra hartu. Ermitatik gertu uzten gaitu. Bertan, zabalune handi bat dago hainbat auto aparkatzeko. Behar izanez gero, urez hornitzeko iturri bat ere badago.

Hurbiltzeko: Bidezidorrak, hasieran, ezkerrerantz jotzen du, hormak dauden lekuaren kontrako norabidean, baina goi-tentsioko zutoin baten ondoren eskuinera itzultzen da eta ia galerarik gabe bideetara eramango gaitu.

2-3 minutu igo ondoren adi egon behar dugu, bidea bitan banatzen baita. Adi egon behar dugu, banaketa lekua ez baita hain agerikoa. Puntu horretan ezkerreko adarra hartuko dugu, goranzko joera argia duena. Bidezidorretik igo eta berehala hormaren oinean egongo gara.

Kotxetik, igoera guztiak, ez ditu 6-7 minutu baino gehiago behar.


Triple Leffe (70 m, 6a, derrigorrez 5c)

L1 (25 m, 11 aseg., 5a). Plaka etzana, itsasgarritasunezko pasaguneren eta sabeltxoren bat dituena.

L2 (30 m, 14 aseg., 5a). Plaka etzana, bertikalagoak diren bi zatitxoekin. Bata orban zuri handiaren parean eta bestea bilera baino metro batzuk lehenago. Zatitxo horiek euste leku onak dituzte. R sabai handiaren azpian.

L3 (15 m, 12 aseg., 6a). Hasieran sabaia, helduleku onekin, baina pasagune arraroa duen irteera batekin. Gero, halako arrakala lauso batetik igotzen da, eskuinerantz, eta oinak ondo jartzeko pasagune fin batzuk ditu. Hemen harkaitzak ez du hainbesteko konfiantzarik ematen, bainaa seguruen hurbiltasunak zerbait laguntzen du. Luzeraren bigarren zatian, bilgunera hurbildu ahala, plakaren bertikaltasuna jaisten doa eta, beraz, zailtasuna, baina arrokarekin adi jarraitu behar da. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. R3tik R2ra soka batekin jaitsi eta hortik, 60 m-ko bi sokekin, lurrera. Guk ez genuen probatu, baina litekeena da 60 metroko 2 sokekin lurrera tirada batean iristea. Hori egin genuen Red Ipa bidean eta lurreraino iritsi ginen inolako arazorik gabe.

 

Materiala: 14 zinta + bilguenerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal, otsaila 2024.

 




Red Ipa (65 m, 6a, derrigorrez 5c)

L1 (30 m, 15 aseg., 6a). Hormatxo batekin hasten da luzea. Euste lekuak ditu, baina estutu egin behar da (5b). Gero, mini-erresalte batek zatitutako plaka batek ezkerrerantz doan plaka bertikal batean uzten gaitu. Zatitxo fina, helduleku txikikoa eta oinak ondo jartzekoa, 10. eta 11. aseguruen artean. Gero, bilguneraino, plaka etzan egiten dea eta erlaxatuago igotzen da.

L2 (20 m, 12 aseg., 4c). Harri trinkoz osatutako plaka etzana, aseguruak hurbil dituena. Hamargarren asegurutik 1 m ezkerrera egin eta gero diagonalean igo bilgunera.

L3 (15 m, 9 aseg., 6a). Ageriko pitzaduraren eskuinera dagoen plakatxoa igo, estutu behar den plaka bertikalaren azpian jartzeko. Bilgunera hurbildu ahala, hormak bertikaltasun pixka bat galtzen du, eta zailtasuna jaisten doa.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. 60 m-ko 2 sokekin lurrera tirada batean iristen da (58 m inguru).

 

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal, apirila 2024.

 

Cambiar idioma (Castellano)