© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/10/31

Azkenean, hirugarrenean, bidea egitea lortu dugu. Aspalditik nituen bide honetako erreferentziak (1993ko edizioko Vadielloren liburukoak), eta aspalditik neukan zorroan. Bide honetan itsasgarritasunezko plaken gaineko eskalada da nagusi, sabeltxo edo konkordura askorekin. Vadielloko arroka bereizgarriarekin, txitxirio tamainako harritxoez osatutakoa, ez dakizu hartzen duzun horrek edo oina jartzen duzun horrek eutsiko zaituen edo apurtuko den eguna izango den. Hori gehi aseguru batzuen artean dagoen urrutiratze nabarmenek, ia denbora guztian tentsioz eskalatzea eragiten dute. Ez da eskalada lasaia.

Egitera joan ginen lehen aldian (duela hilabete batzuk), jaitsi egin ginen. Txitxirio tamainako harritxo horiek ez ziguten konfiantza handia ematen. Bigarrenean (93ko edizioko erreferentzia zaharrari jarraituz) gehiegi egin genuen eskuinera eta "Conjura de los necios" bidean sartu ginen. Hasieran ondo gindoazela uste genuen, baina bigarren luzearen goialdean ikusi genuen hura ez zela ez bosgarren zailtasunezko bidea. Hirugarren luzeak baieztatu zigun ez geundela bidean. Azken sabela (6b+) eskuinetik saihestu eta "Lola" bidearen azken luzetik (6a) irten ginela uste dut.

Hirugarrenean bai, bidea egin dugu. Gakoa L1ean dago. Bosgarren paraboltaren ondoren, dena zuzen igo behar da. Egia esan, gauzak ez du asko animatzen zuzen igotzera, ez baita asegururik ikusten eta eskalatu egin behar baita. Gainera, goian eta eskuinean ikusten den "Conjura de los necios"  bidearen lehen bileraren tentazioa dago. Ba ez, dena zuzen igo behar da. Mini-sabeltxo batean pultsazioak berreskuratzen lagunduko digun parabolta aurkituko dugu.

Beraz, bide serioa dela esan daiteke, aseguruen artean eskalatu beharrekoa. Behetik irekitako bide klasikoetan, aseguruak jar zitezkeenean eta eroso samar zeudenean jartzen ziren. Imajinatzen dut berriz hornitzean filosofia horri eutsi zitzaiola.

Horrez gain, bi pasagunetan adi ibili behar da. Lehenengoa R1etik irten bezain laster dago. Plakara igotzeko pasagune fin bat dago, oinez fidatzekoa eta eskuetarako gauza gutxirekin. Eroriz gero, baliteke bigarren faktoreko erorketa batetik hurbil ibiltzea. Parabolt baten falta sumatzen da (beste ezer baino gehiago erorketa-faktorea kentzeko). Bigarrena R2tik irtetean dago. Sabel handi bat da, non ez dagoen ezer (eta ezin da ezer jarri). Metro batzuk eskuinera egin behar da eremu errazago bat aurkitzeko eta gainean dagoen plataforma handira igo ahal izateko. Pasagunea fina da eta arriskutsua, erorikoa oso txarra baitu. Bigarrenarentzat ere arrisku samarra da; izan ere, lehen asegurua bileraren bertikaletik oso ezkerrera geratzen da, eta erortzeak pendulu handi bat egitea suposatzen du.

Aseguruak oso ondo mimetizatzen dira harkaitzarekin, eta adi ez bagaude baten bat pasa dezakegu. Uste dut zeuden guztiak aurkitu genituela, baina ezin du ehuneko ehun batean ziurtatu.

Vadiellok eskaladarako mugak edota debekuak dituzten eremuak ditu. Kontsultatu esteka honetan.

 

Iristeko: Vadiellora hurbildu eta autoa Canal del Palomoko aparkalekuan utzi.

Hurbiltzeko: Ezkerretik irteten den bidezidorrari jarraitu errekari eta hormen oinarriari jarraituz. 4-5 minututan burdinbidearen hasieran egongo gara (bidea hasten den lekuan).

 


L0 (20 m, 7 seg., 4b). Zatitxo bertikala, burdinbidearekin bat datorrena. Burdinezko euste lekuak erabiliz igo daiteke, edo eskalatuz. Hobe bigarren aukera (bizi-kablearen aseguru-guneetan aseguruak jarriz). Plaka etzan batean, rapelatzeko bilera batera iristean (2 parabolts + 2 uztai), burdinbidea utzi eta eskuinera sartu, kanalera.

Buril zahar batez egindako bilera. Pixka bat altu geratzen da bideko lehen paraboltarekin (mailoiduna) sendotu daiteke.

L1 (30 m, 8 seg., 6a edo A0/5b). Pasagune gogorra bileratik irteteko (A0 moduan egiteko aukera dago). Lehenengo bi paraboltak gertu daude, gainerakoak urruntzen doaz. Bileratik irtetean, gorantz eta eskuinerantz jo behar da, baina, laugarren aseguruaren ondoren, zuzen igo behar da. Konkordurak dituen zati bertikala. Bosgarren asegurutik ez da hurrengo asegurua ikusten eta urrutiratzea handia da. Tarte horretan fin ibili behar da, eta ondo frogatu zein txitxirio hartu. Tarte bertikala igarota, plaka pixka bat etzan egiten da eta lasaiago iritsiko gara sabeltxo batera. Bertan, pultsazio normaletara itzuliko gaituen parabolt bat aurkituko dugu. Azken metroak ondo aseguratutako plaka etzan batetik egiten dira.

L2 (30 m, 5 seg., 5b). Pasagune fina bileratik irten eta gainean dagoen plakara igotzeko. Gero, ezkerrerantz doan plaka bat igo behar da, eta horma-sabel bati ekin behar zaio. Azken metroak, eskuineranzko joera txiki batekin igotzen den plaza etzan batetik dira. Bilguneranoiko azken 8 metroak etzanagoak eta helduleku gehiagorekin, baina asegururik gabe.

L2 (30 m, 3 seg., 5a). 5-6 metro mugitu eskuinera, sabela gainditu dezakegula ikusten dugun leku bat aurkitu arte. Oinetaz fidatzeko pasagunea da, eta arriskutsua da; izan ere, eroriko batek kolpe larri bat jasatea eragin dezake. Aseguru baten falta sumatzen da. Sabelaren gainean dagoen plataforma handira igo ondoren, bileraren gainean ikusten den lehen zati bertikalera oinez hurbildu. Pasabide finen bat duen tartea, baina heltzeko gauza gehiago dituena. Plataforma labur batek bigarren zati bertikalaren oinarrian jartzen gaitu. Lehenengoaren antzekoa da. Plaka etzan batera irten, eta berehala iritsiko gara bilerara.

 






Jaitsiera: Bi aukera daude. Lehena oinez jaistea da. Horretarako, 150-200 m igo behar dira eskuinera eta gorantz, burdinbidea jaisteko kablea aurkitu arte. 100 metro inguruko aireko zatia, horizontalean, bizi-kable batez hornitua. Gero, bide nabarmen batetik oinez jaitsi eta autoa uzten den lekura iristen da. Guztira 20-25 min.

Bigarren aukera rapelatuz jaistea da. Ez da hainbeste ibili behar, eta antzeko enbora behar da. 60 metroko bi sokekin, 2 rapel beharko ditugu behera iristeko. Lehenengoa R3tik R1era, eta hortik lurrera.

 

Materiala: 9 zinta + bileretarako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude, ezer jartzeko aukerarik ez dagoelako.

Arroka: Behealdean, Vadiellon hain ohikoa den “txitxirioz” osatutako konglomeratua. Harri lodiagoz osatutako konglomeratua L2 eta L3 luzeetan.

Orientazioa: Hegoaldea/hego-mendebaldea

Iraupena: 1h 45min

Nork irekia: B. Brun eta J. Oliván, 1984.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario