© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta Frantzia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Frantzia. Mostrar todas las entradas

2016/11/06

Ertzaren zatia kentzen badugu, nagusiki plaketan eskalatzen den bidea da. Gure asmoa “Eperon de la route” bidea egitea zen, baina genuen informazio nahasiarekin ez gaude ziur bide hori ala, barianteren batekin, “No name” izenekoa egin dugun. Azken honi 5c zailtasuna ematen diote eta ziur gaude horrelako zailtasun maila zuen luzerik ez dugula egin. Gauza da biak ertzean elkartzen direla eta hortik aurrera luzeak komunak dira bientzako. Beraz kontrakoa esaten ez diguten bitartean “Eperon de la route” bidea egin dugula onartuko dugu.
Ertzaren zatia izan ezik, bidea ongi ekipatua dago eta arroka onekoa da. Ertzean arreta izan behar da arrokarekin eta aseguruak urrutiratzen dituzte. Gainera ekipamendua nahiko zaharra da. Beraz komeni da friendsak eta fisureroak eramatea. Bilgune guztiak, azken biak izan ezik(parabolt 1 + spit 1), 2 parabolt edota bi long livez osatuta daude.
Lekua nahiko lasaia da eta ez da masifikaziorik. Hormara iristeko igo behar den aldapa gogorrak jendea desanimatzen duela dirudi.

Iristeko: Briançon herritik Lautaret mendate aldera igo behar da. Mendaterako bidean “Le Pont d´Alp” izeneko hotela eta erreka pasatuko ditugu. Hemendik kilometro bat inguru aurrerago, errepidearen alde bakoitzean, hartxintxarrezko bi aparkaleku aurkituko ditugu. Bertan utzi behar da kotxea.

Hurbiltzeko: Eskuineko aparkalekutik (mendate aldera begiratuta) bidezidor bat jaitzen da. Horri jarraitu behar zaio. Alertze baso baten barrutik bidea zuzen igotzen da, zig-zag ugari eginez. Igoera gogorra da eta lasai hartu behar da. Guztira, erritmo lasai batean, 25-30 min behar dira.
Bidezidorra hormaren oinarrira iristen den tokian parabolt lerro bat ikusiko dugu. Lehenengo txapa plaka etzan batean dago. Hori da jarraitu beharreko lerroa.

L1 (30 m, 7 aseguru, 4b). Plaka pare bat hasieran eta ondoren hormatxo bat. Harmaila batzuetatik jarraitzen da bilgunera iritsi arte. Azken zati honetan erlaitzetan nahiko txintxar aske ugari dago.
L2 (40 m, 8 aseguru, 4b). Harmailak eta plakatxoak oinez igotzen den zati belartsu batera iristeko. Zati belartsu hori zeharkatu ondoren ur kanalak dituen plaka batera iristen da. Pasagunetxo finen bat duen plaka hori gainditu ondoren bilgune bat aurkituko dugu (katerik gabeko 2 parabolt). Hobe da jarraitzea. Bilgunetik eskuin aldera ikusten den parabolt lerroari jarraitu behar zaio (ez jarraitu ezkerreko lerroa) eta 10 metro aurrerago beste bilgunea aurkituko dugu.
L2bis (15 m). Bide belartsu batetik ezker aldera igo 10-15 metro inguru. Harri handi baten atzean aurkituko dugu bilgunea.
L3 (20 m, 4 aseguru, 4c). Euste lekuak dituen plaka bertikala. Zati honetan arroka oso zimurtsua da. Plakaren irteeran arreta jarri behar zaion harri bat dago. Plakan dagoen hirugarren asegurua ez da bilgunetik ikusten.
L4 (55 m, 5 aseguru, 4a). Ertz aldera egin. Bost metro ingurura beste bilgune bat aurkituko dugu (parabolt 1 + spit 1). Hirugarren luzearen ezker aldean beste lerro batena dela dirudi. Ertzera iritsi arte, erdi oinez, erdi trepatuz igotzen den zati bat dator. Ertzera nabaria den lehenengo lepotxotik sartzen da. Ertzari jarraitu. Ez da zaila, baina arrokarekin arreta izan behar da eta aseguruak urrutik daude. Parabolta aurkitzen dugunean, bilgunea aurkitzeko, ertzetik irten ezker aldera egin behar da.
L5 (15 m, 3 aseguru, 4b). R4 bilgunearen gainean iltzez osatutako lerroa ikusten da. Ez da hortik igo behar. Eskuin aldera 4-5 metro inguruko goranzko zeharkalditxo bat egin behar da eta paraboltekin aseguratutako diedro-tximiniaren azpian kokatu.
L6 (15 m, 3 aseguru, 4a). Euste lekuak dituen plaka bertikal laburra. L5 eta L6 elkartzeko aukera dago.



Jaitsiera: Azken bilgunetik gora egin behar da bidezidor batetik gailur moduko batera igo arte (5 min inguru) eta bertan ezker aldera jaisten den bidezidorra hartu. Oso nabaria den bide horri jarraituz 20 minututan hormaren oinarrian izango gara. Kotxera jaisteko beste 15 min inguru beharko ditugu.

Material: 8-10 zinta + bilgunerako materiala. Ertzerako friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Ertzean izan ezik, kalitate oneko kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h30min.

2016/11/05

Eskalada eskola txiki batean kokaturiko bidea. Aseguruak nahiko gertu ditu eta oso ongi aseguratuta dago. Hori bai, hainbeste bide daude eta bata bestetik hain gertu, batzuetan zaila egiten zela zein lerro jarraitu behar zen jakitea. Hala ere, guk egin genuen lerroaren alboan zeuden beste lerro horiek antzeko zailtasuna zutela zirudien. Beraz, lerroz nahasiko bagina ere ez dut uste horrek gauza asko aldatuko lukeenik.
Arroka primerakoa. Eskuentzat eta oinentzat euste leku piloa duen kuartzita trinkoa.
Beheko luzeetan jende asko mugitzen da, baina goikoetan gauza lasaiagoa da eta ez da hainbeste jende ibiltzen.

Iristeko: Briançon herritik Lautaret mendate aldera egin. Errepidetik goazela, Villeneuve (Serre Chevalier) herrian, Club Med adierazten duen kartela ikusiko dugu. Bidegurutze hori hartu eta ibaia zeharkatu eta berehala, aurkituko dugun errotondan, eskuinera egin behar da. Laku batzuk dituen jolas-parke moduko baten eta ibaiaren artean doan asfaltatutako pistari jarraitu behar zaio. Zertxobait aurrerago asfaltatutako pista lurrezkoan bihurtzen da. Eskalada eskolara iritsi arte pistari jarraitu behar zaio (ikus mapa).
 
Rocher du Bez eskalada eskolara iristeko bidea.
Hurbiltzeko: Hormaren inguruetan aparkatu. Bideetara hurbiltzeak minutu bat baino gehiago ez digu eramango.

L1 (30 m, 14 aseguru, 4c). Euste leku onak dituen plaka bertikal motza. Bilgune batzuk dituen erlaitz batera iritsiko gara. Hurrengo plakatik aurrera jarraitu. Aurrekoa baino zertxobait bertikalagoa da, baina zailtasun aldetik parekoa. Plaka oso etzan batera irteten da. Plaka etzan horretatik kimikoz osatutako hainbat bilera dauden tokira iristen da. Hobe da beste 5 metro inguru aurrera egitea eta bilgunea erlaitz belartsu zabal batean egitea (long liveak).
 L2 (15 m, 7/8 aseguru, 4c). Plakatik sabai-diedrora hurbildu. Ongi gainditzen da. Aseguruak gertu dituen plakatxo batera iritsiko gara. Bertan bi aukera daude. Lehena R2c modura izendatu dugun (parabolt eta kimiko bana) bilguneraino igotzen jarraitzea da (aurretik beste batetik pasatzen da). Bigarren aukera seigarren asegurua txapatu ondoren ezkerrera zeharkaldi horizontala egin eta erlaitz belartsu zabal batean dagoen bilgunera hurbiltzea da (aurretik beste batetik pasatzen da). Azken bilgune hau izkina batean dago eta bertara iritsi arte ez da ikusten. R2b izendatu dugun bilgunetik, inongo arazorik gabe, oinez, R2 bilgunera jaitsi daiteke.
L3 (15 m, 2 aseguru, 4a). Hemendik aurrera aseguruak paraboltak dira. Sabaiaren azpian jarri arte espoloitxoari jarraitu.
L4 (40 m, 9 aseguru, 4c). Euste leku onak eta aseguruak gertu dituelako ongi gainditzen den sabaitxo-diedro hasieran (lehen asegurua bilgunetik ½ metrotara dago). Ondoren plaka etzan luze bat. Pinu handira hurbiltzen garen heinean etzaten doa. L3 eta L4 luzeak elkartzeko aukera dago.
Bilgunea pinu handian egiten da. Pinuaren atzean sabai handi bat dago. Bertan parabolt 2 lerro ikusten dira. Sabaiaren ezkerrean beste bi lerro aurkituko ditugu. Eskuinekoa hartu.
L5 (20 m, 4 aseguru, 4c). Euste lekuak dituen horma bertikala motza. Ondoren, bilgunera iritsi arte, plaka etzana. Azken 6-8 metroetan ez da asegururik, baina oso etzana da eta erraza da.



Jaitsiera: Ferratatik jaisteko bidetik oinez jaisten da. Hormaren oinarrira bueltatzeko 10 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan, ez dira beharrezkoak.
Arroka:  Euste lekuetan eskuzabala den kuartzita.
Orientazioa: Eki aldea.
iraupena: 2h.



2016/09/18

Toki polit batean kokatuta dagoen ongi ekipatutako bidea. Aseguru gehienak (iltzeak eta paraboltak) pintura gorriarekin margotuta daude eta oso ongi ikusten dira. Bilgunea egin behar den tokian R handi bat margotuta dago gorriz. Arroka-zubi batzuk eta zintetarako arroka bloke batzuk ere margoz adieraziak daude. Hainbeste marka ikusita suposatzen dut bidea eskalatzen hasten direnentzat diseinatua dagoela eta horretarako erabiltzen dela.
Luzeak motzak dira eta ia ez dago altuera sentsaziorik. Arroka euste leku argi eta nabarmenez jositako kuartzita da. Horietako batzuk autobus bat zintzilikatzeko modukoak dira. Arrokak kareharria gogorarazten du, baina zertxobait desberdina da.



Lehenengo bi luzeak izan ezik besteetan ez dut luzeak elkartzea aholkatzen, sokarekin marruskadura gehiegi egongo litzateke. Friends eta fisureroak soberan daude. Hala ere arroka-zubiren edo blokeren batetarako ongi etor daitezke zinta batzuk. L8, L9 eta L10 ez dira ikusten herritik horma begiratzerakoan (ezproiaren atzeko aldean geratzen dira).
Bide hau egiteko edota Briançon inguruko beste batzuk egiteko kanpamentu basea izateko badago Brouchier herrixkan aterpe bitxi bat: Le Gîte Le Pas du Loup. Leku oso lasaia da eta bitxikeria behatoki astronomikoa dela da, teleskopioa erabiltzerakoan irekitzen den teilatu horietako batekin hornituta.

Iristeko: Gap herritik Briançon aldera hurbildu eta Prelles herrian D4 errepidea hartu (ezker aldera) Pelboux norabidean. Errepidetik 3 km egin ondoren, gure eskuinean, lurrezko pista bat aurkituko dugu (ongi adierazia). Pistari jarraituz Brouchier herrixkaraino (auzoraino?) igo. Herriaren azpitik pasa eta amaieran Le Gîte Le Pas du Loup baino 200 m lehenago hainbat kotxentzat lekuan duen aparkalekua dago (ikus marrazkia).
Hurbiltzeko: Ezkerrera egiten duen lehen bihurgunean bide bat jaiotzen da. Hori hartu eta 3 minututara mugarri bat eta pinturazko marka gorriak ikusiko ditugu. Harrien kaos handia zeharkatzeko hasiera adierazten dute. Puntu gorriei eta mugarriei jarraituz bidearen hasiera den plaka beltz nabarmenera hurbildu behar gara. Guztira, kotxetik, 15 min. inguru.

L1 (15 m, 4 aseguru, 4b). Pitzadura jarraitu. Bilgunea erlaitz eroso batean.
L2 (20 m, 4 aseguru, 4b). Lehenengo paraboltera iritsi arte ezkerrean dagoen pitzadura jarraitu. Ondoren plakatik bilgunera iritsi arte (erlaitz handi batean). Bi bilgune antolatuta daude. Erosoena eskuinekoa da.
L3 (35 m, 1 aseguru, 3a). Oinez. Ondoren, ezkerrera, zeharkaldi horizontal motz bat tarteko bilgunera iristeko. Ez egin bilgunerik eta jarraitu (oinez), hurrengo luzearen plakaren azpian, erlaitz handi eta eroso batean, dagoen bilguneraino.
L4 (20 m, 7 aseguru, 4c). Pitzatutako plakatik zuzen igo. Terraza batera iristen da. Ezkerrera biratu eta euste leku onak dituen pitzadura-tximinia bati ekin. Aurrez bidea oztopatzen digun plaka batekin aurkitzen garenean, biratu eta ezkerrera igo. Bilgunea lepotxoan aurkituko dugu.
L5 (20 m, 5 aseguru, 4a). Pitzaduratik igo. Ondoren, eskuin aldera, zertxobait behera egiten duen zeharkaldi horizontala egiten da. Amaieran eskaloi txiki bat jaitsi behar da. Bilgunea terraza handi batean.
L6 (25 m, 4 aseguru, 4b). Hasieran 8 m inguruko plaka. Ondoren, hasiera aldera, erresalte motz bat duen kanala. Azken metroak kanal lurtsu zabal batetik oinez igotzen da. Azken zati hau autobabesteko aukera dago pinu handi baten sustraietan zinta bat ipiniz. Lepo batera iritsiko gara. Bertan, ezkerrean, bilgune bat ikusiko dugu (parabolt 1 + iltze 1). Ez egin hor bilgunea. Eskuin aldera jarraitu hurrengo luzea osatzen duen pitzatutako plakaren oinarrian jarri arte. Plakaren oinarrian zinta batekin primerako bilgunea antolatzeko harrizko bloke handi bat dago. Harriak aulki itxura du eta bertan bilgune sendo-sendo bat antolatzeko nahita jarrita dagoela ematen du.

L7 (20 m, 4 aseguru, 4c). Euste leku oso onak dituen pitzatutako plaka bertikala. Ezproira irteterakoan asko etzaten da. Azken metroak, plaka oso etzan batetik, ia oinez egiten dira.
L8 (25 m, 4 aseguru, 4a). Zertxobait jaitsi eta euste leku onak dituen plaka bertikal motz bati ekin. Ondoren zati horizontal bat eta jarraian, pinu baten alboan, erresalte labur bat. Azken metroak ere oso etzanak.

L8bis (20 m). Eskuin aldera oinez 20 m inguru egin plaka etzan baten azpian dagoen erlaitz batean pintatutako R handia aurkitu arte. Ez dago bilgunerik, baina ez dago arazorik L9 luzea gorputzetik aseguratzeko.

L9 (35 m, 5 aseguru, 3c). Plaka etzana eta ondoren erresalte labur bat. Tarteko aukerazko bilgunea katerik gabeko bi paraboltez osatuta (hobe saltatzea). Azken 15 metroak, oso etzanak, ia oinez igotzen dira. Bilgunea zelai handi batean (parabolt 1).

Ematen du bidea amaitu dela gure aurrean gailurra ikusten delako eta bertara plaka oso etzan batetik oinez igo daitekeelako. Baina ez. Gailurrera begiratzen ari garela, gure ezkerrean dagoen zelai batera jaitsi behar da.

L9bis (10 m, 3 aseguru, II). Harmaila errazak zelaira jaisteko. Jaitsiera 4 edo 5 m dira eta oso ongi babestua dago 3 paraboltekin. Gehiegi, bi sobratzen dira.

L10 (35 m, 5 aseguru, 4c). Erdian pitzadura handi bat duen 10 m inguruko horma bertikala. Bideari azken puntua jartzen dion luzea. Zertxobait estutu behar da, baina euste leku handi eta oso onak ditu. Plaka super etzanera irteten da eta bilgunerainoko azken metroak oinez egiten dira.


Jaitsiera: Gailurretik jaiotzen diren marka gorriak jarraitu (ezker aldera) atzean dagoen lepora jaisteko. 3 minututan bertan gara. Bertatik ezker aldera egin eta bidezidor nabari batetik kotxeraino jaitsiko gara. Guztira 20 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Bloke edo arroka-zubiren batentzat zinta pare bat. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Euste lekuz oso aberatsa den kuartzita.
Orientazioa: Ipar ekialdea.
Iraupena: 2h45min.

2016/09/08

Eskalatzeko toki polita. Hurbilketa laburra eta erosoa, arroka ona eta ekipamendua luxuzkoak dira. Eragozpen bat bilatzekotan, tokia jendetsua dela izan daiteke. Hala ere, ohikoena jende gehiena lehenengo luzeetan geratzea izaten da eta bigarren luzetik aurrera lasaiago eskalatzen da. Goiz hurbiltzen bagara jendea kenduko dugu eta itzal tartea luzatuko dugu, eguerditik aurrera eguzkiak bete betean ematen baitio hormari.



Bilgune gehienak katez loturiko bi kimikoz osatuta daude. Badira beste batzuk iltze oso handi eta kimiko batez ere osatutakoak, hauek ere katez lotuta. Denak beraz rapelatzeko prestatuta daude. Jendearen kopuruaren arabera rapelatuz edota oinez jaitsi daiteke. Oinez jaisteko goiko kateari jarraitu behar zaio (ezker aldera) eta eskailera eta baranda metalikoz ekipatutako bide bertikal batetik jaitsi behar da.
“Kanpamentu base” delako on bat Bueteko kanpina izan daiteke. Chamonix inguruko kanpin guztiak beteta daudenean, hemen lekua egoten da. Leku lasaia da eta martxa gehiago nahi badugu kotxez 15 minututan Chamonix hiri erdian gaude.

Iristeko: Chamonix herritik Suitza aldera egin behar da D1506 errepideari jarraituz. Col des Motets igo eta Vallorcine aldera jaitsi behar da. Le Buet (Comune de Vallorcine) auzora (?) sartzerakoan gure ezkerrean aparkaleku handi bat ikusiko dugu. Tren geltokiarena da. Tren geltokira joango bagina bezala sartu behar gara, baina hori egiterakoan berehala ikusiko dugu kanpina adierazten duen kartela (“Des Motets”). Trenbidearekiko paraleloa doan asfaltatutako pista jarraitu eta egoki ikusten dugunean aparkatu. Kanpinean sartu baino lehen, bidearen ertzean, kotxea uzteko hainbat toki daude.

 
Eskema.
Hurbiltzeko: Kanpin aldera jaitsi eta “Rocher d´escalade” adierazten duen kartela ikusiko dugu (ikus beheko argazkia). Bidea trenbide azpitik pasatzen eta kanpinaren atzeko zatitik ere (iturria dago bertan). Zertxobait aurrerago pista utzi eta bidezidor batetik igo behar da (poste adierazlea). Hormaren oinarrira 15 minututan iristen da.
“Pilier de Vallorcine” biderako hormaren oinarria eskuin aldera jarraitu behar da eta bidetxo batetik terraza bateraino igo. Kimikoen bi lerro ikusiko ditugu. Gurea ezkerrekoa da.


Pilier de Vallorcine (4c, 95 m, derrigorrez 4b)
L1 (20 m, 10 aseguru, 4b). Pasagunetxo bat sarreran. Gero euste lekuak dituen plaka.
L2 (30 m, 14 aseguru, 4c). Plaka ezproitik. Oinetan fidatu behar den itsasgarritasunezko pasagunetxoa laugarren eta bosgarren aseguruen artean (aseguruak gertu, ½ m-tara).
L3 (20 m, 8 aseguru, 4b). Hormatxo bat hasieran. Gero ezproitik plaka.
L4 (25 m, 9 aseguru, 4b). Aurrekoak baino zertxobait bertikalagoa den itsasgarritasunezko plakatxoa hasieran. Ondoren, bilgunera iritsi arte, harmailak eta amaieran plakatxo bat.

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Mendebaldea. Itzala goizez.
Iraupena: 1h15min.

Courage dülfons! (5b, 95 m, derrigorrez 4c)
L1 (25 m, 9 aseguru, 4c). Lehenengo zatian pasagunetxoren bat duen plaka bertikala. Bilgune bat aurkituko dugu. Jarraitu aurrera eta harmailetatik hurrengoraino jarraitu. Pinu handiren eskuin aldean aurkituko dugun bigarrena da.
L2 (30 m, 10 aseguru, 3c). Tarteko bilgunera iristeko plaka pare bat gainditu. Hurrengo bilguneraino kanal etzanetik jarraitu (tarteko bilgunetik ez da ikusten azken hau).
L3 (25 m, 8 aseguru, 5b). Plaka zeiharra hasieran. Ondoren babaresa luze bat. Erdi aldera estutu behar den zatitxo bat du. Agerikoa ikusten dugunean zuzen irten (erraza, euste lekuekin).
L4 (15 m, 5 aseguru, 4b). Hormatxoa hasiera. Ondoren, bilguneraino iritsi arte, harmailak. Azken 6 metroak errazak, baino asegururik gabe.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Mendebaldea. Itzala goizez.
Iraupena: 1h30min.



Jaitsiera: Bidetik rapelatuz edo kableari ezkerrera jarraituz oinez, eskailera eta baranda metalikoak dituen bide bertikal batetik jaitsiz.



2016/09/05

Alpeetako bailara ezkutu eta polit bat ezagutzeko aitzakia polita. Merezi du errepidez bailararen  amaieraraino igotzea. Bidea motza da eta egun erdirako jarduera baterako balio dezake. Lehen luzea izan ezik, bertan 6-7 m inguruko horma bertikala baitago, bidea gneis beltzez osatutako plaka etzanetatik doa. Oso ongi ekipatua. Jarduera luzatu nahi bada, luzeak motzagoak egin daitezke.
Kimikoz babestutako luzeetan aseguruak arrokaren kolorearekin mimetizatzen dira. Bidea nondik doan hobeto ikusteko tarteka parabolt batzuk utzi dituztela ematen du.


Iristeko: Albertville – Moutiers – Landry – Peisey. Peisey herriko Moulins auzoa gurutzatu eta hurrengo bihurgune handian (egurrezko etxea handi baten aurrean dagoen bidegurutzean) kotxea aparkatu.

Bidegurutzea eta egurrezko etxea.
Hurbiltzeko: Zelaian ikusten diren bloke handien aldera egin behar da (guk blokea egiten han jendea ikusi genuen). Horretarako etxearen alboan jaiotzen den pista hartu behar da. Blokeen aurrera iristerakoan, ezkerrean, bidetxo bat dago. Hori hartu eta berehala eskuinera biratu eta bloke handien artetik igo bidearen hasierara igoko gaituen bidea aurkitzeko. Bidearen hasierara hurbiltzeko erlaitz belartsu batetik iristen behar da.

L1 (25 m, 12 aseguru, 5c o 4a/A0). Amaierako 6-7 m inguruko horma bertikalera iritsi arte, goroldio ugari duen (ez du eragozten) plaka etzanetik igotzen da. Hormaren lehenengo 4 aseguruetan estutu beharra dago, baina gero euste leku gehiago dago eta ongi igotzen da. Konplikatzen bada lasai-lasai A0 moduan egin daiteke.
L2 (35 m, 12 aseguru, 4b). Hasieran plaka bat zertxobait bertikalagoa. Ondoren etzan egiten da eta tarteko bilgune bateraino plaka zeihar etzan batetik igotzen da. Ondoren, ezproiaren ertza jarraituz, plaka zeihar etzan batetik igotzen da.
L3 (25 m, 11 aseguru, 4a). Plaka zeihar etzan luzea.



Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Luzeak laburtzen badira 7 zintekin egin daiteke. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis beltza.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h20min.



2016/09/03

Bérarde-ko toki honek bide nahiko errazak eta laburrak ditu. Arroka eta ekipamendua onak. Hormara hurbiltzeko igo behar den malda gogorrak gutxienez bide para bat egitera bultzatzen du, gehien bat botatako izerdia konpentsatzeko.

La Grande Rochaille
Bideak nahiko jendetsuak dira. Ohikoa izaten da bide berean soka-bikote desberdinak aurkitzea. Jaitsierarako, jenderik ez bada, errazena eta erosoena “Une histoire sans…” bidearen ezkerrean dagoen rapel lerrotik jaistea da. Jende asko bada arroilako rapeletik (guztiz airean eta irteera deserosoa duena) edota eskuinekotik jaitsi beharko da. Bigarren hori aurkitzeko arroka baten mokoan kable bat aurkituko dugu. Kable horri aseguratuz bilgunera hurbildu behar da (oso aereoa).

Iristeko: Genobre – Bourg d´Oisans – Berarde edota Briançon – Col du Lautaret – La Grave – Berarde egin behar da. Berarde herrixkara igotzen den errepidea (D530) igoera gogorreko hainbat zati ditu eta St Christophe herrixka pasa ondoren, 4,5 km ingurura, errepidea 1 km-tan asko estutzen da. Ez da zati oso luzea, baina ez dago petrilik eta ibaia oso, baina oso, behean ikusten da. Beste kotxe batekin gurutzatzen bazara, bere “gauzatxoa” du. Eskerrak noiz behinka, 200 inguru, zabalgune txiki batzuk (Refuge) daudela. Berarde herrixkara sarrera debekatuta dago (hesia). Erosoena herriaren azpian dagoen parking handian aparkatzea da (ikus eskema).
 
Tete de la Maye
Hurbiltzeko: Herrixkara igo eta elizaren ezkerretik irteten den asfaltatutako pista hartu. Bi txabola dauden tokiraino igo eta bere atzean eta eskuinera jotzen duen bidea hartu. Bideak zig-zag eginez gora egiten du. Oinez hasi eta 20 min ingurura (kotxetik kontatzen hasita) mugarri bat ikusiko dugu eta, bere alboan, gora jotzen duen bidezidorra. Bide hori hartu eta igotzen hasi. “La Petite Rochaille” izeneko eskalada eskolara eramango gaitu bideak. Eskola bere ezkerretik inguratu eta zertxobait gorago eskuinera jo. Berehala, zertxobait gorago, eskuinera egin behar da eta eskolaren goi partean ikusten den terraza handi dagoen aldera igo behar da (eskolaren gailurrera igoko nahi bagenu bezala egin behar da). Goiko partean bidezidorra eskuinera pasatzen dela eta igotzen jarraitzen duela ikusiko dugu. Igoera gogor batetik 45 min ingurutan hormaren oinean egongo gara. Kontuz! Eskalada eskolara iristerakoan bere ezkerrean dagoen uharretik ez da igo behar. Igo daiteke, bide arrastoak daude, baina oso igoera nekeza  eta deserosoa da.


Une histoire sans fin (5a, 95 m, derrigorrez 4c)
L1 (25 m, 5 aseguru, 4b). Harmailak eta plakatxo bat hasieran. Tarteko bilgune batera iristen da. Segi eta plaka beltz handia dagoen aldera plakatik igotzen jarraitu. Bilgunea erlaitz handi batean.
L2 (25 m, 5 aseguru, 5c). Bilgunetik eskuin aldera irten. Lehenengo asegurua jarri ondoren, plaka beltzaren ezker aldean dagoen ezproitxora iristeko, 3-4 metroko zeharkaldi horizontala egin behar da. Zeharkaldian pasagunetxo fin bat dago, baina ongi egiten da lauza “salbatzaile” baten laguntzarekin. Ezproitxoa igo ondoren, harkaitza asko makurtzen da. Oso gertu dauden bi aseguru aurkituko ditugu lurrean eta, bere ezkerrean, bloke handi batean, bilgune bat (katez loturiko bi parabolt). Ez da bilgunea hor egin behar, rapelatzeko bilgunea baita. Beste 5 metro inguru igo eta “mikro” pinu baten alboan aurkituko dugu dagokigun bilgunea.
L3 (20 m, 5 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko plaka. Tarte etzanera irteteko itsasgarritasunezko pasagunetxo bat dago.
L4 (25 m, 6 aseguru, 4c). Nahiko euste lekuak dituen plaka bertikala. Hala ere euste leku horiek bilatu behar dira.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h15min.


Le premier voyage du Toons (4c, 105 m, derrigorrez 4b)
L1 (25 m, 6 aseguru, 4b). Bidea sabai handi baten ezkerrean hasten da, “une Histoire…” bidearen hasieratik 20-25 m ezkerrera. Sabaia nabaria da. Eskuinera zeharkaldi motz bat duen plaka (pasagunetxo fina) eta ondoren diedro lurtsua. Bilgunea bigarren pinu handiaren ezkerrean.
L2 (25 m, 5 aseguru, 4c). Zati bertikal labur bat hasieran. Zailtasunak hor aurkituko ditugu. Ondoren eskuineko ezproi etzanera irten eta harmailetatik bilguneraino igo.
L3 (25 m, 6 aseguru, 4b). Eskuin aldera igotzen den plaka zeiharra. Ondoren, diedro baten eskuinean geratzen den plakatxoa igo behar da. Bilgunera iristeko pasagunetxo fin bat duen zeharkaldia egin behar da eskuinera.
L4 (30 m, 7 aseguru, 4c). Diedro-tximinia. Ondoren horma etzan egiten da eta bilgunera iritsi baino lehen hormatxo bertikal bat gainditu behar da. Diedro-tximinia gainditu ondoren “Une histoire…” bidearen ezkerrean dagoen rapelaren bilgunera pasa daiteke, behean egon daitezkeen eskalatzaileei harririk bota gabe.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h20min.



Jaitsiera: Aukera ugari daude. “Une histoire…” bidean errazena eta erosoena bere ezkerrean dagoen rapel lerrotik jaistea da (2 rapel; 45 eta 40 metrokoak). Jendea badabil, gogaikarria izan daiteke. Kasu horretan ezkerrera igo (harri aske ugariko zatia) eta arroilaren gainean dagoen rapelaren bila joan gaitezke. “Voie des Pins” bidearen azken bilgunea bilatu behar da. Bere ezkerrean, 5 m ingurura, rapel instalazioa dago. Rapel instalaziora hurbiltzeko zeharkaldi horizontala erraza da eta 3 paraboltekin babestua dago. Rapela guztiz airean da, ziragarria eta irteera deserosoarekin. Beste aukera bat eskuineko rapel instalaziora joatea da. Azken bilgunetik igo (kontuz! harri askeak ez bota) eta, hormaren oinarria inguratuz, moko itxura duen bloke handi batera hurbildu behar gara. Harriaren atzean rapel instalaziora hurbiltzeko behar den kablea aurkituko dugu. Instalaziora hurbiltzeko zati labur aereo ziragarria pasa behar da.
“Le primier voyage…” bidearentzat aurreko hiru aukera horiek ditugu edota bideko R4tik (2 parabolt + 2 maillon) R3ra rapelatu eta hortik “Une histoire sans…” bidearen ezkerreko rapel lerroko bigarren instalaziora jaitsi. Instalazio horretatik lurrera 40 m-ko rapel batekin iristen da.

2013/12/31

LA TAILLANTE
Urrutik ikusita oso erakargarria den bidea da. Krokisa aztertzerakoan egiteko gogoa areagotu egiten da, baina, onartu beharra daukat, niri ez zitzaidala gehiegi gustatu. Oso bide luzea da eta nahiko monotonoa egiten da. Jaitsiera ere oso luzea da eta, gainera, kalitate txarreko arroka batetik egiten da.
Ia luze gehienak plaka nahiko etzanetatik doaz, baina oso leunak dira eta "lau hanketan" igotzen dira. Hasieran, lehenengo luzeetan, bidea korrika igoko duzula iruditzen zaizu, baina luze batzuetan itsasgarritasunezko pasagune oso finak daude eta beraz, ez da hasieran ematen duen bezain erraza. Horrez gain, luzeak oso luzeak dira eta aseguru gutxiekin (krokisarengatik ez utzi engainatzen). Guztia horrek oinetako bikiak nekarazten ditu eta, egia esan, bilgunera iristea eskertzen da deskantsatzeko aukera izateko.

Iristeko: Briançon hego aldean, Lac de Serre-Ponçon goialdean, Embrun herria dago. Kilometro batzuk aurrerago, Briançon norabidean, Guillestre herrira eramaten duen bidegurutzea dago. Bertan Château de Queyras herrira doan D902 errepidea hartu behar da. Herrixka hori haitzarte eder bat zeharkatu ondoren dago eta gaztelu ikusgarri bat du gailurtxo batean. Kilometro batzuk aurrerago eskuinera St-Véran aldera egin behar da. Molines en Queyras herrira iristerakoan ezkerrera egin eta col Angel aldera igo behar da.

Hurbiltzeko: Col Angel mendatera igotzerakoan, gora iritsi baino kilometro bat lehenago eta Angel aterpea igaro eta 500 metro aurrerago, aparkaleku eder bat duen informazio bulegotxo bat dago. Kotxea hor utzi eta txabolaren alboan jaiotzen den bidezidorra hartu. Igotzen hasi eta 25 minutu ingurura Col Vieux (2.806 m) lepora iritsiko gara. Lepotik La Taillante bere osotasunean ageri da. Eskuin aldera apur bat igo eta altuera galdu gabe, bidezidorretik kanpo, hormaren oinera hurbildu. Mugarri batek bidearen hasiera adierazten du. Ezkerreko horman lehenengo parabolta ongi ikusten da. Kotxetik 1h10 min inguru.
Kontuz! Danse avec les loups hasten den lekutik 50 metro aurrerago (ipar aldera) parabolt lerro batek mendiaren alde honetan dagoen lerro berri bat adierazten du. Proiektuan dagoen bidea da. Amaitu eta garbitu gabe dago. Kontuz ibili eta ez sartu bertan.

L1 (60 m, 5 aseguru, 4a).  Ezkerreko hormaren laguntzarekin oso ongi igotzen den plaka etzana. Aseguru guztiak ezkerreko horman daude.
L2 (55 m, 3 aseguru, 4a).  Aurreko luzearen antzekoa.
L3 (55 m, 6 aseguru, 4c).  Lehenengo asegurua ezkerreko horman dago. Ondoren bidea diedrotik aldentzen da eta apur bat eskuinera eginez plakatik igotzen da.
L4 (45 m, 7 aseguru, 5b).  Niretzat bideko giltza den luzea. Lehenengo lau aseguruetan ezkerretik eskuinera zeharkaldi gorakorra egiten da. Ondoren, bilgunera iristeko, guztiz horizontala den zeharkaldia. Itsasgarritasunezko pasagune fin-finak dituen luzea da. Oinez asko fidatu behar da, eskuentzat ez baitago ezer.
L5 (30 m, 5 aseguru, 5c edo A0/4c).  Bilgunetik irten eta berehala kanpora apur botatzen duen horma. Zatia nahiko gertu dauden hiru aseguruz ongi babestuta dago. A0 modura egiteko aukera dago. Ondoren grada erraz batzuk kanal handi baten oinean uzten gaituzte. Luzearen azken zatian arrokarekin arreta apur bat izan behar da.
L6 (45 m, 1 aseguru, 3c). Kanal handiaren barrutik igotzen da. Aseguru bakarra luze osoan, baina auto-babesaren bat ipintzeko aukera dago.
L7 (45 m, 3 aseguru, 3c). Hasiera aurreko luzearen antzekoa da. Gero hormatxo txiki bat gainditu behar da bilgunea egiten den plakatxora irteteko.
L8 (30 m, 2 aseguru, 3c).  Kanaletik 10 metro inguru igo ondoren eskuineko plakara pasa. Soka luzea badaukagu edo 60 metroko sokarekin 20-25 metro "ensanble" modura egiten badira, L7 eta L8 luzeak batera egiteko aukera dago.
L9 (50 m, 4 aseguru, 4c).  Itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka. Aseguruak urrun.
L10 (45 m, 6 aseguru, 4c).  Aurreko luzearen antzekoa.
L11 (45 m, 5 aseguru, 4c).  Aurreko luzeen antzekoa.
L12 (55 m, 4 aseguru, 4c).  Aurreko luzeen antzekoa. Harkaitzean gezitxo batzuk margotuta aurkituko ditugu. Plakatik gidatzeko eta bloke askeak dituen zati bat inguratzeko balio dute.
L13 (50 m, 3 aseguru, 4b).  Aurreko luzeen antzekoa. Azken bilgunea krestan bertan dago.




Jaitsiera: Kresta zorrotz eta aereotik jarraitu. Pasagune delikaturen bat edo beste bada, baina gailurrera iritsi arte 15-20 metrotik behin parabolt bat aurkituko dugu (guztira 4 kontatu nituela uste dut). Bigarren mailako gailurra duen mugarri handiagatik ezagutzen da. Bertatik zatitxo bat destrepatu eta beste kresta zatitxo bat igaro behar da barruan gurutze bat duen zirkulu gorri batez adierazita dagoen rapel instalaziora iristeko (2 parabolt). 15 metroko rapel motz batek eta beste destrepe batek (ezkerretik) kresta zati zabalago eta erosoago batean uzten gaitu. Errazena ikusten dugun tokitik, oinez, hurrengo dorrearen oineraino joan. 20 metroko trepadatxo batek (3c; parabolt 1) gailurra baino metro batzuk lehenago dagoen gailurtxo batean uzten gaitu. Bertatik jaisteko bidea adierazten duten mugarriak ikusten dira. Jaitsiera arroka kaxkarra duen malda handi batetik egiten da. Oinezko zatiak destrepe txikiekin (II-III) tartekatzen dira. Azken hauek errazak dira, baina bere arriskua ere badute eta kontuz ibili behar da. Jaitsiera ez dago ongi zehaztua. Bidezidor arrasto ugari dago eta jaitsiera aukerak zabalak dira. Errazena ikusten dugun lekutik jaitsi. Jaitsiera zati guzti hau nahiko "kruntxa" da. Behera, zelaia dagoen tokira, iristerakoan lasaitu egiten zara eta arnas pixka bat hartzen duzu zailena atzean geratu baita.
Zelaian bidezidor arrasto batzuk aurkituko ditugu. Horiek jarraitu eta azken destrepera eramango gaituzte. Destrepea ez da oso zaila, baina kontuz ibili behar da (delikatua). Azken zailtasun honek La Taillanteren oinean utziko gaitu. Bidearen azken bilgunetik hona 1h30min inguru kalkulatu. Hemendik kotxera oinez bueltatzea soilik geratzen da (beste 40 min inguru).

Rapel ondorengo destrepea. Ikusten denez dena oso "kruntxa".



Materiala:  7-9 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bana ongi etor daiteke kanal handiko zatian auto-babesak ipintzeko. Plaketan ez dago auto-babesik ipintzeko inolako aukerarik.
Arroka: Lauzez osatutako kareharri metamorfikoa (marmol horaila).
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 4h. Krestatik hormaren oineraino jaisteko denbora horri beste 1h30min gehitu .
Nork irekia: S. Pusnel eta J.P. Cherbonnier, 2003.

2013/12/24

Queyras aldera itzultzen gara. Oraingoan paraje eder batean dagoen bide motz bat egitera. Lehenengo luzeko zatitxo batzuk izan ezik, arroka ona du. Paisai polita eta toki lasaia. R1 eta R3 bilgunetatik, belarrezko erlaitz zabal batzuetatik, alde egiteko aukera egon daiteke.

Paraje ederra.

Iristeko: Briançon hiriaren hego aldean, Lac de Serre-Ponçon lakuaren goi-ibarrean Embrun herria dago. Briançon aldera kilometro batzuk aurrerago, Guillestre herrira daraman bidegurutzea dago. Bertatik Château de Queyras herrira daraman D902 errepidea hartu. Herri horretara iritsi baino lehen (1,5 km) L´Izoard mendatera doan errepidea hartu. Igotzen hasi eta berehala, kilometro bat  igaro baino lehen, aurkituko dugun bidegurutzean ezkerrera egin eta Villargaudin herrira igo (D802). Herria zeharkatu eta amaiera aldera Queyron jartzen duen kartela ikusiko dugu. Asfaltatutako pistatik igotzen jarraitu. Kilometro bat aurrerago harri-txintxarrizko pista bihurtzen da. Pista amaitu arte kalitate onekoa da eta kotxeek bertatik ibiltzeko ez dute inongo arazorik. Harri-txintxarra hasi eta handik 500 metro ingurura bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko pista hartu (adierazia). Pista beste 2,5 kilometrotan jarraitu eta Queyron izeneko eremura iritsiko gara. Iturria, zelai handi bat, bi aparkaleku handi eta hamaiketakoak egiteko mahaiak dituen eremua da. Jende asko igotzen da hona eguna pasatzera.



Hurbiltzeko: Zelai dagoen tokitik gora jotzen duen lurrezko pista bat jaiotzen da. Hori hartu eta gora emeki eginez granja-txabola batera hurbilduko gaitu (bergerie de Baoude). Txabolara iritsi baino ehun bat metro lehenago behetik (ezkerretik) inguratzea komeni da. Horrela txabola inguruan ardiak zaintzen solte egon daitezkeen zakurrak (mastinak) ekidituko ditugu. Zelaietatik zehar Balari lepora igo. Bertara iristerakoan (kotxetik 45 minutu inguru), aldapa gogor batetik beste aldera jaitsi eta pinu handi batzuk dauden toki aldera jo. Hortik eskuinera egin eta, lehenengo kontrahorma gainditu ondoren, kanal batetik igo lehenengo asegurua aurkitu arte. Kanala aurkitzen laguntzeko, kontuan izan pinu argal bat duela bere goi-partean eta ia amaieran hildako enbor bat. Kotxetik guztira 50 minutu inguru.


L1 (50 m, 6 aseguru, 4c). Belarrezko erlaitzez banatutako plaka etzanak. Zatitxoren batean arrokarekin arreta pixka bat izan behar da. Hasiera erraza. Luzearen erdi aldera dago zatirik zailena. Bilgunera iristeko azkeneko 15 metroak begetazioz jantzia dagoen aldapa etzan batetik egiten dira. Erraza da, baina asegururik gabe. Bilgunea belarrezko erlaitz zabal batean dago.
L2 (25 m, 6 aseguru, 5c). Itsasgarritasun handiko arroka trinkoz osatutako plaka. Bilgunetik irten eta pitzatutako plaka bertikal bat gainditu. Ondoren, eskuinetik ezkerrera igoz, organo-tubo moduko egiturez osatutako plaka zeharkatu behar da. Euste-leku onak eta itsasgarritasun handia ditu. Hala ere, zati honetan aseguruen artean nahiko urrutiratze handia dago. Azken zailtasuna bilgunera iristeko gainditu behar den pasagune horizontal labur bat da. Pasagune fina eta teknikoa, baina ongi babesturikoa.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Bilgunetik irten eta bi hormatxo gainditu behar dira pinu bat duen terraza belartsu batera  iristeko. Arroka trinkoz osaturiko plakatxo batek jarraitzen du. Hori gainditu ondoren beste terraza batera iritsiko gara. Terrazatik hurrengo plaka bertikalaren oinera iritsi arte  jarraitu.
L4 (25 m, 5 aseguru, 5a). Euste-leku oneko plaka bertikal trinkoa. Eskuinera pasatzeko pasagune fina hirugarren aseguruan. Ongi babestua.
L5 (25 m, 3 aseguru, 4a). Euste-leku oneko plaka eta ondoren kresta. Arroka ona, baina ez aurreko luzekoa bezain ona. Bilgunea gailurrera doan kresta zabalean.
L6 (30 m, 1 aseguru, II). Gailurrera igotzeko zatia. Erraza. Kresta zabal batetik doa. Azken luze hau sokatik askatuta egin daiteke. Ez dago R6 bilgunetik, ez eta egiteko aukerarik. Gailurra belarrezkoa da eta ez dago bilgunea osatzeko ezer.



Jaitsiera: Krestari jarraitu. Amaiera aldera, kresta jaisten hasten denean, apur bat eskuinera, rapel instalazioa ikusiko dugu (parabolt bakarra mailonarekin). 15 metro inguruko rapel labur batek kanal batean uzten gaitu. Kanalaren lepotxora igo eta, oinez, gure eskuin aldera geratzen den kresta jarraitu. Belarrezko lepotxo batera iritsiko gara. Bertatik, arazorik gabe, granja aldera jaisten da.

Materiala: 7-9 zinta + bilgunerako material. Ongi etor daiteke friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kareharria.
Iraupena: 1h45min.
Nork irekia: S. Pusnel eta J.P. Cherbonnier, 2012.