© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta 5a. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta 5a. Mostrar todas las entradas

2026/08/30

Bideen zerrendarako lotura

Bide laburra, itsasgarritasun oso ona duen granito zahar trinko batekin. Ez da berariaz egitera joateko bidea, baina inguruan bagaude, eguneko jarduera bat betetzeko balio dezake, adibidez, Integral a les Agulles de Solius.

Bide egokia hainbat luzetako bideetan hasteko. Luze laburrak, inolako arazorik gabe elkar daitezkeenak.

Eskalatzeko gogoarekin geratzen bagara, eskuineko plaka handian dauden kirol-eskalada bideekin osa dezakegu eguna.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrera.

 

L1 (20 m, 3 aseg., 3c). Plaka etzana ezproitxo lauso batean.

L2 (20 m, 2 aseg., 4a). Pixka bat igo eta zeharkaldi horizontal bat egin eskuinerantz. R baino lehen beherantz egiten den pasagunea, bigarrenarentzat lehenengoarentzat baino delikatuagoa.

L3 (15 m, 5 aseg., 5a). Diedro-kanal bat hasieran eta ondoren plakatxo bat.

L4 (25 m, 3 aseg., 4a). Irtengune bat hasieran. Gero, ezproi txiki bat, dagoen bizi-lerroan (kablea) aseguratuta egiten dena. Bilgunea ipuru handi bat inguratzen duen altzairuzko kable batean.

 




Jaitsiera: R4aren beste aldean aurkituko dugun R batetik edo metro batzuk aurrerago ikusten den beste R batetik. Eskuineko plaka handitik 35 metro inguruko rapel batean lurrean egongo gaude.

 

Materiala: 5-8 zinta (luzeak batu ala ez) + bilgunrako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Mendebaldea

Iraupena: 45 min.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

 

 

 

 

2026/08/16

Bideen zerrendarako lotura

Aurretik argitaratutako bi bideen antzeko beste bi bide dira. Arroka eta ekipamendua, luxuzkoak. Ildaska asko dituzten plaka etzanen gainean eskalatzen da.

Lekua aproposa da udako goizetarako (eguzkitan eskalatu nahi badugu) edo arratsalde beroetarako. Bigarren kasu horretan, hurbildu aurretik, begiratu estazioko webcamari. Batzuetan, behe-lainoa haranetik igotzen da arratsaldeetan eta ingurua laino trinkoz estaltzen da. Kasu horietan ez du merezi hurbiltzea.

Oinarrian jarritako plakatxo batzuetan bideen izena agertzen da. Izen batzuk lausotu samarrak daude, baina batzuk ondo ikusten dira eta horiekin erraza da bide guztiak identifikatzea.

 

Iristeko, hurbiltzeko eta jaisteko: Ikusi hurrengo sarrera.

 

Zéphyr (80 m, 5c, derrigorrez 5b)

Paraboltez hornitutako bidea. Oso izen lausoa. Sirocco bidearen eskuinaldean dagoen lerroa da (horri ondo ikusten zaio izena eta kimikoz hornitutako lerroa da).

 

L1 (30 m, 14 aseg., 5b). Harmailez osatutako zatitxo batek bereizitako bi plaka. Plaka bakoitzak pasagunetxo fin bat du bere 4. aseguruaren parean.

L2 (20 m, 7 aseg., 4a). Lehenengo zatia gozamenezkoa da (heldulekuez betea) eta, ondoren, plaka ildaskatua, helduleku onekin.

L3 (30 m, 13 aseg., 5c). Plaka sabeldua hasieran. Ezkerreko pitzaduratik igota, nahiko ondo irteten da. 4. asegurutik hobe aseguruen eskuinetik igotzea (heldulekuak). Plaka etzan egiten da eta plataforma handi batean uzten gaitu.Handik azken plakatxo etzan bati ekin behar zaio, helduleku handiekin.

 




Le Souffle d 'Éole (80 m, 5b, derrigorrez 5a)

L1 (30 m, 12 aseg., 5a). Hormatxo ildaskatua, heldulekuekin hasieran. Gero, ildaska etzanak eta ondoren plakatxo leun bat mini-tontortxo batzuekin. Azken metroak helduleku onak agertzen dituzten blokeetatik.

L2 (35 m, 14 aseg., 4c). Plaka, helduleku eta zulo handiekin hasieran. Gero, sabai txiki baten azpian dagoen itsasgarritasunezko-plakatxo bat. Sabaia oso ondo gainditzen da bere eskuinetik. Azken metroetan, eskuinerantz doan zeharkaldi gorakor bat egin behar da terraza belartsu/lurkara batetik.

L3 (25 m, 9 aseg., 5b). 4. Aseguruaren parean pasagune txiki bat duen plaka (hobe eskuinetik). Gero plakatxo etzan bat.

 

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Itsasgarritasun oso oneko kareharri ildaskatua.

Orientazioa: Hego-ekialdea.

Iraupena: 1h bakoitzarentzat.

 

Cambiar idioma(Castellano)

 

2026/08/08

Bideen zerrendarako lotura

Picapiedra sektoreko bosgarren bidea. Auzoko bideen antzekoa da. Bi atal bertikal dituen L1 izan ezik, plaka etzanen gainean eskalatzen da. Arroka eta ekipamendua, beti bezala, luxuzkoak. L4ko plaka luzea, oso polita. L1ek eskalada mota desberdinak eskaintzen ditu.

Hainbeste zintarekin igo nahi ez badugu, L1a zatikatzeko aukera dago, zeharbideko pinuan bilgune bat eginez. Kasu horretan, nahikoa litzateke 10 zinta eramatea. Katearekin lotutako 2 paraboltez eta eraztunez eraikitako bilguneak.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo esteka.

 

L1 (40 m, 18 aseg., 5b). Hasieran diedro beltz zeiharra, 3-4 m ingurukoa, kanporantz  pixka bat botatzen duena. Garrantzitsua da helduleku egokiei heltzea (bilatu egin behar dira). Ongi babestua. Gero, belar arteko plakatxo batzuek eskuinera garamatzate. Izkinaren beste aldera igaro eta destrepe labur eta erraz bat egin behar da (pinu batean dagoen zinta batez babestuta) diedro beltz bertikal baten oinarrian jartzeko. Kanal-diedroak helduleku onak ditu. Oraindik zertxobait basati samar dago, baina hobera egingo du jendea pasa ahala. Amaitzeko, plaka etzan batek bilgunean uztebn gaitu.

L2 (20 m, 6 aseg., 4b). Sabaitxo kurbatua, eta, ondoren, plaka etzan bat. 6. asegurura iristean, horizontalean, ezkerrera egin behar da. Bilgunea 5 m ingurura dago.

L3 (25 m, 7 aseg., 4a). Mini-irtengune batek bereizitako bi plakatxo etzanak.

L4 (25 m, 8 aseg., 5b). Itsasgarritasun-plaka luzea. 5. eta 6. aseguruen artean pasagunetxo fina. Oinez fidatzekoa.

L5 (40 m, 6 aseg., 3b). Ofitazko harmailetatik ezkerrerantz egiten den diagonal gorakorra. Bilgunea gailurrean dagoen pinuan.

 




Jaitsiera: Oinez. Eskuinerantz, bidezidor argi batetik (ondo markatuta dago) 5 minututan Ibon de Lumiacha bidera iritsiko gara. Gero "Machos" bideari jarraitzea besterik ez zaigu geratuko. Kotxera itzultzeko 55 minutu inguru behar dira (lasai-lasai jaitsita).

Lumiacharako bidezidorra hasi eta metro batzuetara, eskuinera, bidezidor bat markatu da, sektorearen oinarrian uzten zaituena. Juliok dioen bezala, txakurraren bila jaitsi behar dutenentzako bidea (je, je).

 

Materiala: 10 edo 18 zinta (L1 zatitzen badugu ala ez) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak. L1 zatitzen ez badugu, zinta luze batzuk eraman (sokaren marruskadura dago).

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Hego - hego-mendebaldea.

Iraupena: 1h 30 min.

Nork irekia eta ekipatua: Isabel Armendariz eta Julio Benedé, 2026.

 

Cambiar idioma(Castellano)

2026/08/03

Bideen zerrendarako lotura

Pescamou La Pierre Saint-Martin eski-estazioan (Arette) dagoen eskalada eskola txiki bat da. Ekialdera begira dagoenez , uztaila-abuztu erdian, bero handiko egunetan, eskalatzeko aukera ematen du normala baita aire pixka bat egotea.

Hurbilketa ez da oso luzea, eta lekua oso lasaia da. Anie tontor aldera dauden bistak, ederrak.


Arroka luxuzkoa. Itsasgarritasun izugarria duen kareharri super-estra-plus bat da. Ekipamendua ere luxuzkoa da (eskola-eskola batekoa). Ildaska asko dituzten plaka etzanen gainean eskalatzen da. Ildasketan oinak sartzeari trikimailua hartzen zaionean, eskaladaz gozatzen da.

Lekua aproposa da udako goizetarako (eguzkitan eskalatu nahi badugu) edo arratsalde beroetarako. Bigarren kasu horretan, hurbildu aurretik, aztertu estazioko web-kamera. Sarritan behe-lainoa haranetik igotzen da arratsaldeetan eta ingurua laino trinko batez estaltzen da. Kasu horietan ez du merezi hurbiltzea.

Hiru luzeko 5-6 bide daude eta luze bakarreko beste horrenbeste bide. Oinarrietan jarritako plakatxo batzuetan bideen izena jarrita dago. Izen batzuk lausotu samarrak daude, baina ondo ikusten direnekin erraza da bide guztiak identifikatzea.

Zailtasun-maila atsegina. Gure iritziz, zenbait bidetako luzeei jarritako jatorrizko graduazioa goitik jarrita dago.

Tokiari arazoren bat bilatzekotan, bideak elkarrengandik oso hurbil daudela aipatu beharko genuke (2 metro eskasera bananduta daude). Plaka handiak ematen duenaren %100 etekina atera diotela ikusten da.

Esandakoa. Udarako leku aproposa, eta are gehiago orain udak hain beroak izanik.

 

Iristeko: Isaba-Belaguatik La Pierre Saint-Martin (Arette) eski-estaziora hurbildu eta bertako aparkalekuren batean aparkatu.

Hurbiltzeko: Aurrez aurre Arlas tontorra dugu. Bere oinarriraino teleski bat igotzen da. Norabide horretan eski-pistetatik igo, GR markak (gorria eta zuria) aurkitu arte. Haiei jarraitu. Eski-pistak ezkerretik inguratzen du Arlas tontorra bere oinarritik. Hori egitean, Pescamou-ko lautadara iritsiko gara. Plaka bistakoa da. 35 bat minutu dira kotxetik (lasai-lasai).

Oharra: Txaleten goiko aldean aparkatzen badugu, igoera 10 minutu inguru laburtzen da.

 


Au pays des marmottes (75 m, 5c, derrigorrez 4c)

Plaka handiaren ezker ezkerrean dagoen parabolt-lerroa. Plakatxo bat bidearen izenarekin (nahiko lausoa). Bere ezkerrean, kimikoen lerro bat dago. 6c-ko zailtasuna duen luze bateko bidea da.

Jatorrizko krokisak 6a ematen dio L2-ari. Guri 5b inguruko zailtasuna zuela iruditu zitzaigun. Asko jota, gora botata, 5c izan daiteke. Plaka lauak eskalatzea ez bada zure estiloa, agian 6a irudituko zaizu.

Itsasgarritasunezko plaka etzan eta leun bat da. Egia da R1etik ikusita plakak beldur pixka bat eragiten duela. Badirudi ez dagoela ezer, baina gero konturatzen zara mikro-tontor batzuk dituela. Bertara igota oso ondo eusten zara (harkaitzaren itsasgarritasun ona dela eta). Gainera, oso ongi babestua dago.

 

L1 (25 m, 11 aseg., 4c). Plaka etzan ildaskatua. Zailtasuna hasieran kontzentratzen da, hor pixka bat bertikalagoa baita. Gero eramangarriagoa da.

L2 (30 m, 4 aseg., 5c). Plaka etzana, laua, lehen 6 aseguruetan; mikro-tontor batzuk ditu, eta horietan jarri behar dira oinak. Noizean behin, oinak jartzeko mini-erlaitzak eta mini-uhinak ere aurkituko ditugu. Luxuzko itsasgarritasuna, oinetaz fidatzeko eskalada batekin. Laugarren asegurutik ezkerrera irteten bagara, hobe.

Gero plaka bertikal bat, baina helduleku gehiagorekin. 12. asegurutik bideak ezkerrera egiten du eta plaka handiaren ezkerraldera pasatzen da.

L3 (20 m, 7 aseg., 4b). Rtik ezkerrera 2 metro inguru mugitu eta heldulekuak dituen ildaska bati eraso. Plataforma handi batera irteten da. Hortik, helduleku onak dituen plakatxo etzan eta pitzatu bati eraso behar zaio.

 




Jolie brise (85 m, 5c, derrigorrez 5a)

Harri-bloke handi baten eskuinaldean dagoen parabolt-lerroa. Ageriko ildaska hasieran.

 

L1 (30 m, 10 aseg., 5a). Hasieran, eskuineko plakan dauden mikro-tontorren laguntzekin igotzen den ildaska. Hor kontzentratzen da luzeraren zailtasuna. Gero, plaka etzan ildaskatua, antzeko eskalada batekin, baina eramangarriagoa.

L2 (20 m, 9 aseg., 4c). Plaka etzan ildaskatua. R pixka bat deserosoa (baxu samar geratzen da).

L3 (35 m, 12 aseg., 5c). Zulo handi batek sortzen duen sabaia. Hobeto igotzen da zuzen eraso eginez (plaka eskuinean utzita). Plaka ildaskatura igotzeko pausagune txiki bat. Ezkerreko blokeetatik igotzen jarraitu. Aurrean plaka sabeldu bat dago, zuzen igota 6a atera daitekeena, baina erorikoa izanik erlaitz batera erorketa txarra duena. Ezkerretik, plakak helduleku on batzuk ditu, progresio erosoa ahalbidetzen dutenak. Zatitxo hori gaindituta, heldulekuak dituen plaka batek erlaitz handian uzten gaitu. Hortik, helduleku onak dituen azken plakatxo etzan bati erasotzea besterik ez zaigu geratzen.

 

Jaitsiera: Oinez. Ezkerretik, bidexka baten arrastoei jarraituz, 5 minututan bideen oinean egongo gara. Hormaren oinetik kotxeraino 25 minutu ingurukoa da itzulera (10 minutu gutxiago autoa txaleten goialdean utzi badugu).

 

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Fendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Itsasgarritasun oso oneko kareharri ildaskatua.

Orientazioa: Hego-ekialdea.

Iraupena: 1h 20min bide bakoitzerako.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2026/07/11

Bideen zerrendarako lotura

Xarma magikoa duen leku bat. Oso leku polita da (horregatik bakarrik merezi du bisita bat) eta oso lasaia. Gu handik ibili ginen Aste Santuaren ondoren, eta oso jende gutxirekin egin genuen topo.

Bidea oso ondo hornituta dago eta beste aldaera batzuk egiteko aukera ematen du. Harkaitza granito zahar bat da, hemen Aiako Harrian duguna bezalakoa.

Guztiz gomendagarria.

 

Iristeko: Llagosteratik Santa Kristina d 'Aro herri aldera egin behar da. C-65 eta C-35 errepideak elkartu ondoren dagoen gasolindegia baino zertxobait lehenago eskuinera egin behar da (Ikusi mapa). Asfaltatutako errepide zabal bati jarraitu behar zaio 2,7 km-tan 3 edo 4 kotxe aparkatzeko lekua dagoen tokira iristeko.


Hurbiltzeko: Autoa uzten den lekuan jaiotzen den pista bat hartu. Lehenengo metroetan errepidetik pixka bat urruntzen da eta gero (200 bat metro inguru) errepidearekiko paralelo doa. Lehen metro horiek zuhaitzen itzalpean egiten dira. Argigune batera iristean, bidezidor batetik behera egin behar da. Metro batzuk aurrerago orratzak ikusten hasiko gara.

 

L1 (30 m, 6 aseg., 5a). Bidea identifikatuko dugu sabai argi baten eskuinaldean dagoen lerroa delako eta lehen paraboltak spit zahar bat duelako ondoan.

Pitzadura bat zeharkatzen duen plaka. Arroka beltzarana da (likenez jantzia), baina oso itsasgarritasun onekoa. Pitzadura zeharkatu ondoren, plakak helduleku gehiago ditu (aseguruek gehiago urrunduta daude). Luzea diedro-kanal batekin amaitzen da. Kanala gaindituta, bilgune bat aurkituko dugu (katearekin eta uztaiarekin lotutako 2 parabolt), baina hobe da 5 m gorago egitea, zuhaitz sendo batean.

 

Jaitsi oinez hurrengo orratzaren oinarriraino. Lehenengo bi orratzek osatzen duten korridorea ezkerreko (gora begiratuta) izkinaraino zeharkatu. Gure lerroa ezker-ezkerrean dagoen azken parabot lerroa da.

 

L2 (20 m, 6 aseg., 5b). Plaka. Lehenengo parabolta txapatu ondoren oinetan fidatzeko pasagune txiki bat. A0 modura egiteko aukera dago. Gero, ezkerreko plakatik igotzen den pitzadura bat. Beste pasagune fin bat pitzaduratik irten eta R-ra igotzeko.

L3 (20 m, 8 aseg., 5b). Ezkerrerantz diagonalean igotzen den arrakala. Gero plaka bat itsasgarritasun pasagune txiki batekin. Plakaren irteeran parabolt bat duen bilgunea bat aurkituko dugu. Horri lotuta, rapelera garamatzan bizi-lerro bat dago (katea + soka).

Arazorik gabe L2 eta L3 lotzeko aukera dago. Orratzetik jaisteko 20 m inguruko rapela egin behar da.

 

 

L4 (30 m, 7 aseg., 4c). Bigarren eta hirugarren orratzek osatzen duten korridoretik, igo harmaila batzuetatik (10 m inguru) plataforma handi bateraino.

Plaka etzana hasieran. Amaieran, diedroaren ezkerretara geratzen den plakatik igotzen da. Diedroaren irteeran, eskuinean, 2 kimikoz osatutako bilgune bat dago. Hobe da metro batzuk gorago, rapela egiten bloke handi batean, bilgunea egitea.

30 m inguruko rapela.

 

L5 (30 m, 7 aseg., 5a). Diedro-kanala, luzeraren erdi aldera pasagune txiki batekin. Katearekin eta uztaiekin lotutako 2 kimikoz osatutako lehen bilgune bat aurkituko dugu. 10 m gorago (ezkerrean) bigarren bilgunea dago, mailoia duen bi paraboltekin.

Bidea


Luzeak

Rapelak

Krokisa

Jaitsiera: Azken bilgunetik 10 m inguru egin horizontalean, Agulla del Pi-ren ezkerreko izkinan dagoen pinura hurbiltzeko. 8 bat metro inguruko rapel labur batek lurrean uzten gaitu.

 

Materiala: 8-14 zinta (L2 eta L3 elkartu ala ez) + bilgunerako materiala,. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Itsasgarritasun handiko granito zaharra.

Orientazioa: Hegoa - Hego-mendebaldea.

Iraupena: 2h 30min

 

Cambiar idioma(Castellano)

2026/03/23

Paret de la Formiguerako inguru honetan egon ginen azken alditik, beste bide pare bat ireki dituzte, eta, ingurua ondo ezagutzen ez duen norbaitentzat zerbait korapilotsua izan daitekeenez, bideak adierazten dituen krokis bat egitea erabaki dut.




Bide bakoitzaren banakako sarrea esteka hauetan aurki ditzakezue:

Normal

Vía dels Jesusos o Savina wall

Memoriaselectiva

Lacola

 

Hizkuntza aldatu (Euskara)

2026/02/26

Bideen zerrendarako lotura

Kopakoarriko beste bide luze bat. Duela gutxi, Xabier Mugikaren blogean (Smithyren bloga), bide berri honen erreferentzia aurkitu nuen eta berehala Kopakoarriako granito zaharrera itzultzeko gogoa piztu zitzaidan. Urtearen hasieran gauzatu da desio hori.

Bidea oso ondo ekipatuta dago eta eskalatzen jarraitzeko gogoz geratzen zara. Eremu belartsuek bereizitako plaketatik igarotzen da. Altuera sentsazioa txikia da, eta bilguneren bat baino gehiagotik oinez jaisteko aukera dago. Harkaitza inguru honetako ohikoa da: granito zaharra, trinkoa eta oso itsasgarritasun handikoa, lixa ematen duena. Eskalatu ondoren eskuetan mikrozauri bat baino gehiagorekin amaitzen da.

Luze guztiek dute zerbait, baina politena, guretzat, L2a da. Horregatik bakarrik, merezi du bidea egitea. Bidearen zailtasun aipagarriak bi puntutan kontzentratzen dira. L1eko sarrera eta plaka beltza da lehena eta bigarrena L5eko sarrera. Gainerako luze eta zatien, zailtasuna 4b/4c ingurukoa izan daiteke.

Leku lasaia izaten jarraitzen du, jendetzarik gabekoa, eskalada egun lasai baterako aproposa. Lekuak horrelako bide gehiagotarako aukerak eskaintzen dituela uste dut. Ikuspegi ederrak Aiako Harriratz eta itsasorantz azken R-tik.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrera. 15 minutu inguru dira autoa uzten den tokitik (lasai-lasai ibilita). Bidea zuhaitzen arteko ubide zabal bat gurutzatu ondoren dago (10-15 metrora, gutxi gorabehera), lehenengo plakan. Erraz identifikatzen da, lehen paraboltak zinta laranja bat baitu.

 

L1 (25 m, 7 aseg., 5b). Pasagune arraroa lurretik irteteko eta arrakala horizontal bat gainditzeko. Asko luzatu behar da oinak igotzeko aukera ematen duen euste leku onera iristeko (altuak direnak errazago dute). Plaka beltzaren oinarriraino igo eta egokien ikusten dugun tokitik erasotu (ezkerretik magnesio arrasto gehiago daude). Plaka beltz bertikalak, estu leku kamutsak ditu eta pasagune batzuk egin baino lehen zertxobait pentsatzekoak dira. Lehenengo Rra iritsita, hobe da hurrengora arte jarraitzea. Erlaitz belartsu batetik zeharkaldi labur bat egin behar da, harkaitzean pauso pare bat dituena. Zeharkaldia parabolt batekin babestuta dago. Bilgunea erlaitz belartsu zabal eta eroso batean dago.

L2 (35 m, 12 aseg., 4c). Pitzadura zabal batek bereizitako plaka hasieran. Gero, horma pixka bat etzaten den tarte batek pitzadura baten oinarrian uzten gaitu. Pitzadura hori babaresa polit bat eginez igotzen da (euste leku onak). Bederatzigarren segurua txapatu ondoren, eskuineko plakara irten eta plakatik igotzen jarraitu. Azken metroak kolore zurixkako arroka batetik egiten dira.

Erlaitz belartsu batetik 8-10 m inguru ezkerrerantz eginez R2bisera hurbildu eta L3ren oinarrian jarriko gara. Hemen harrizko plataforma "fotogeniko" bat dago, Endara/San Anton urtegira argazki politak ateratzeko aukera ematen dituena.

L3 (25 m, 7 aseg., 4c). Plakatxo bertikala hasieran (luzeari gradua ematen dion zatitxoa), bi parabotez babestua. Gero, plaka estu etzan batek plakaren gailurrean uzten gaitu. Gandor estutik jarraitu beharrean, ezkerretik eta behetik, saihestuz hurbildu behar da bilgunera.

L4 (20 m, 4 aseg., 4b). Zuzen irten daiteke blokeatzeko pasagune labur bat eta oinak igoz (euste leku onak), edo zeharkaldi txiki bat egin dezakegu sabai handiaren azpitik. Zeharkaldia ez da zaila, baina zerbait deserosoa orekarekin jolastu behar baita pixka bat. Gero plaka bertikal bat pitzadura baten ezkerretara. Tarte hori gaindituta, plaka pixka bat etzan egiten da eta ondo igotzen da bilguneraino.

Mendi-hegal belartsua oinez zeharkatu, azken luzeraren oinarrian jarri arte (nahiko gertu dauden 3 paraboltekin identifikatuko dugu). Ez dago bilgunerik, baina ez dago arazorik gorputzean aseguratzeko. Lehen parabolt ere erabil daiteke R gisa, edo, zinta bat badugu, pare bat metro gorago lurrean dagoen harri-bloke handi bat.

L5 (25 m, 8 aseg., 6a). Sabaitxoa hasieran. Euste leku onen bat badu, baina bigarren eta hirugarren aseguruen artean estutu behar da euste leku salbatzailera iristeko (A0 moduan egin daiteke). Eskuineko plakara irten eta plataforma belartsu batera igo. Eskuinetara 5 metro inguruko zeharkaldia egin (parabolta harkaitzaren moko batean), azken plakari erasotzeko. Arroka trinkozko plaka da, hasieran zertxobait pentsarazten duten pasagunetxoren batekin.

 




Jaitsiera: Oinez. Gailurrera igo (5 minutu) eta ohiko bidetik jaitsi. Beste 10 minututan kotxean izango gara. Inguruko beste bideren bat egin nahi badugu (adibidez, "Urdaburu ertz herrikoia"), lehenengo belar-kanaletik (soka finkodun bi destrepe labur) edo "Urdaburu ertz herrikoia" amaitzen den gailurraren ondoren dagoen kanaletik jaitsi gaitezke. Belarrezko malda aldapatsuak dira, eta ez dute aparteko zailtasunik. Lehenengo aukeran soka finkoz hornitutako bi destrepe txiki daude, eta bigarrenean, berriz, destrepe txiki bat, zailtasun handirik gabekoa, Eguzki Lore sektorean uzten gaituena (eroritako zuhaitzaren bidez identifikatuko dugu). Hortik, destrepe txikiren batekin, berehala iritsiko gara bidearen oinarrira. Guztira 10-15 minutu inguruko jaitsiera izan daitezke.

 

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Granito zaharra.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 2 ordu.

Nork irekia eta ekipatua: Xabier Galdos, Asier Intziarte eta Aitzol Isasa, "Kopako hirukotia", 2023.

Kopakoarriko kirol-bideen krokisen informazioa hirukotearen blogean aurki ditzakezue: Kopakoarri

 

Cambiar idioma(Castellano)

2025/12/24

Bideen zerrendarako lotura

Bigarren luze politak dituzten bide laburrak. Bi bideetako lehen luzea plaka bat da, helduleku onak dituen erresalte edo sabai txiki batekin erdi aldera. Bigarren luzeak, berriz, kalitate oso oneko arroka batez osatutako plaka trinkoen gainean ematen dira. Arroka horrek zulo txiki dezente ditu.

Pentsatzen dut Jesus Yarzak eta lagunak ekipatutako bideak direla. Norbaitek horri buruz informazioa emango balit, eskertuko nioke.

 

Iristeko: Chodes herritik hormetara hurbildu eta trenbidearen ondoan dagoen aparkalekuan aparkatu kotxea.

 

Hurbiltzeko: Bi minutuko tartetxo batean bideen oinarrian gaude. Ezinezkoa da nahastea. "Evaragon.com" bidearen izena, bide-oinean itsatsitako plakatxo batean ipinita dago. Ezkerretara geratzen den lerroa "Carlos Ballabriga" bidearena da.

 

Carlos Ballabriga (5b, 45 m, derrigorrez 5a)

Bidea "Evaragon.com" bidearen metro eta erdi inguru ezkerretara hasten da. Lehenengo txapa harriarekin mimetizatuta dago eta zaila da ikustea. Txapak etxekoak diren lerro batetik hasten bagara, oker goaz. Gure lerroa eskuinerago doa.

 

L1 (25 m, 7 aseg., 4c). Harri trinkoko plaka hasieran. Gero mini sabaitxo bat haitza apur bat apurtuta duena, baina ondo babestua. Gero plakatxoak eta harmailak Rra iritsi arte. Bigarren zati honetan harkaitza oraindik "basati" samar dago. Ikusten da ez dela jende asko pasatu. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

L2 (20 m, 7 aseg., 5b). Arroka trinkoz osatutako plaka, gehiago pentsarazten duen pasagune txikiren batekin. Sabeltxo bat luzearen amaiera aldera.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bi bilerak bi parabolt eta bi uztaiekin hornituta. 60 m-ko bi sokekin lurrera tirada batean iristen da.

 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friends-ak alferrikakoak dira, ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia eta ekipatua:??

 





Evaragon.com (5b, 45 m, derrigorrez 5a)

Aragoiko eskalatzaile beteranoei eskainitako bidea. Gauza da bidearen izena adierazten duen plakatxoan domeinua "com" dela, baina beaien orrialdean "org" da. Izena Evaragon bezala bakarrik utzi nezakeen (aipamen askotan agertzen den bezala), baina plakan horrela agertzen denez, horrela jarri dut.

 


L1 (25 m, 7 aseg., 4c). Harri trinkoko plaka hasieran. Gero, ondo babesturako sabaitxo txiki bat. Ondoren, plaka bat R-raino. Bigarren zati honetan, arroka "Carlos Ballabriga" bidean baino saneatuago dago. Ikusten da jende gehiago pasatu dela.
L2 (20 m, 7 aseg., 5b). Lehen zatian zulo dezente dituen arroka trinkoko plaka. Azken aldera, zati bertikal bat, zeinean zerbait gehiago pentsatu behar den, baina ondo egiten dena. Bidea zuhaixka txiki baten ezkerretik doa. Ez joan gure eskuinean ikusten den paraboltaren bila.

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bi bilerak bi parabolt eta bi uztaiekin hornituta. 60 m-ko bi sokekin lurrera tirada batean iristen da.


Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friends-ak alferrikakoak dira, ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia eta ekipatua:??

.

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

2025/10/23

Bideen zerrendarako lotura

Bide polita leku lasai batean. Arroka ona eta ekipamendu egokia, nahiz eta Friends joko bat eta zintaren bat eramatea egoki den urrutiratze batzuk babestu ahal izateko. Hurbilketa eta itzulera laburrak eta erosoak.

Tokiak aukerak eskaintzen ditu zailtasun eskuragarriko bide berri gehiago irekitzeko.

L4an, posible da ezpelen artetik ez pasa eta eskuinetik saihestea, baina, ondoren, zeharbide horizontal labur bat egin behar da ezkerrerantz, lehen parabolta aurkitzeko. Zaila izan gabe, aukera okerragoa da sokakideko lehenengoarentzat eta bigarrenarentzat ezpelak zeharkatzea baino. Hobe ezpelak zeharkatzea. Plakari zuzenago erasotzen zaio.

 

Iristeko: Laspaules herritik Alins herrira errepidez hurbildu (6 km). Elizaren ondoan dagoen plazatxo zabalean aparkatu. Iturri bat dago ura hartzeko.

Hurbiltzeko: GR-15a (kartel adierazleak) hartu elizaren eta hilerriaren artean. GR-15eko markei jarraitu. Beherantz doan bide polit batek lepo nabarmen batera hurbiltzen gaitu (6-8 min). Jaisten jarraitu eta kurba batean GRa utzi eta eskuinera irteten den bidezidor argi bat hartu behar da. Hasieran marka bat dago, GR ez dela adierazten duena. Jaisten jarraitu eta basoan sartuko gara. Hormaren ezproia gainditzean, eskuinerantz igotzen den bidezidorra aurkitzeko adi egon (mugarria). Bidezidorra ezproiaren azpitik igaro eta 50-80 m aurrerago aurkituko dugu. Autotik 15 minutu inguru izan daitezke.

Igo 35-40 metro oinez (mugarriak) hormaren oinarriraino. Lehenengo parabolta plaka baten gainean ikusiko dugu, eta bertara igotzen da trepada txiki bat eginez.

 


L1 (25 m, 6 aseguru, 5a). Plaka bertikala, ezkata handien moduko formekin eratutako arroka trinkoarekin. Bigarren parabolta zertxobait altu. Plaka gainditzean zertxobait igo eta eskuinera zeharkaldi bat egin behar da. Zertxobait expo da bigarrenarentzat azken asegurutik bilguneraino 4-5 m direlako.

L2 (35, 1 aseguru, 4b). Plaka labur bat erlaitz zabal eta erraz batera igotzeko. Erlaitza oinez igotzen da. Zuhaixka edo ezpel sendoren batean zintaren bat jartzeko aukera dago. Erpina igaro ondoren dago bilera.

L3 (35 m, 5 aseguru, 5b). Plaka etzana hasieran. Sabai txikia ezpelaren atzean. Ezpela eskuinetik saihesten da. Ondoren, arroka trinkoko plaka bertikal batetik jarraitzen du. Helduleku onen bat badu. Plaka ezker alderako joera txiki batekin igotzen da. Plakaren hirugarren paraboltetik irteteko pasagunetxo bat dago. Ezkerretik hobeto ateratzen da. Plaka gainditzean, bilera 5 metro eskuinetara dago.

L4 (45 m, 4 aseguru, 4c). Ezpelen artean pasa (pasagunetxo sastrakatsua), ageriko plaka argi baten oinarrian jartzeko. Plaka etzana, eta, ondoren, parabolt batez ondo babestutako erresalte bat. Amaitzeko, plaka leun inklinatu bat, baina bere ertzean euste leku onak dituena. Azken parabolta txapatu ondoren, pixka bat eskuinera eginez igo behar da, ezpel artean pasatuz, bilera aurkitzeko.




Jaitsiera: Oinez igo ezproi zabal eta eroso batetik 30-40 m inguru. Gure eskuinean Alins herriko etxeak ikusiko ditugu. "Etxe modernoaren" parean gaudenean adi egon. Bidezidor bat (trazak) jaiotzen da eskuinean, zeharbide horizontal labur batekin "etxe modernora" garamatzana. Kontuz! Etxe aldera ez jarraitu, eremu partikularra da. Ezpeletatik irten bezain laster, behera egin, etxe zahar batzuetara. Azpitik eta eskuinetik herriko etxeak saihestuz, zelai bat gurutzatuz, jaisteko erabili dugun GR bidera irtengo gara, eta hortik, autora igo behar da. Guztira, 10 minutu inguru izan daitezke autora itzultzeko.

Itzulera erosoa eta nahiko laburra. "Etxe modernoa" deitzen diogu herriaren goialdean dagoen kanpoko igogailua duen egurrezko etxe bati.

 

Materiala: 10-12 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisurero-joko bana eta zinta batzuk ondo etor daitezke.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea.

Iraupena: 1 h 45 min

Nork irekia/hornitua: Óscar Alemán, Israel Pérez eta Francesc Canyameres, 2018

 

 

Cambiar idioma (Castellano)