© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2010/11/11

Orain dela gutxi irekitako bidea. Bere zailtasun maila nahiko homogeneoa da ibilbide osoan eta oso ongi ekipatuta dago. Eginoko beste bide luze gehienak bezala, hau ere ez da bide jarraitua eta oinez egiten diren zatitxoak ditu. Bidea begetazioz apur bat jantzia dago, baina horrek ez dio xarma kentzen, aldiz karaktere alpinoa ematen dio. Oraindik jende gutxi pasa denez harri batzuk eror daitezke edo guk bota ditzakegu. Kaskoa erabiltzea eta apur bat adi ibiltzea derrigorrezkoa da. Are gehiago, gure aurretik edo atzetik beste kordada bat badabil.
Laster inguru hauetako beste bide batzuekin batera klasiko batean bihurtuko dela uste dut. Oso bide gomendagarria. Eskerrik asko Antxon holako opari ederragatik.


Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara. Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Hormetara iristerakoan eskuin aldera jarraitu lehortutako erreka bat aurkitu arte (euri asko egin duenean, batzuetan, ura eramaten du). Erreka zeharkatu gabe gorantz igo eta bidearen oinarrira iritsiko gara. Guztira kotxetik 20 min inguru.


L0 (20m, II). Trepada labur bat R0 bilgunera iristeko. Oraingoz lurrez nahiko zikina eta landarez jantzia. Saiatu harkaitz garbia dagoen tokietatik igotzen. Tarte hau aseguratu nahi bada, igoera erdian, zuhaitz batean, zinta bat ipinita dago.
L1 (40m, 12 aseguru, 4c). Plaka bat hasieran, gero arrokari atentzio pixka bat ipini behar zaion tarte bat eta azkenik oso ongi ekipatutako plaka polit bat.
L2 (35m, 11 aseguru, 5c). Bilgunetik irten eta oinez hamar bat metro horizontalean egin gure eskuinean geratzen den plakara iristeko. Plaka bertikala, eusteko leku onekin, baina pasagune fin pare batekin. Oso ongi ekipatua.
L3 (25m, 9 aseguru, 4c). Bilgunetik eskuinera irten eta belaze batetik 10 metro igo luzeraren oinarrira iristeko. Leku erosoa aseguratzeko. Nahi izanez gero artetxo bat dago eta bertan bilgunea egin daiteke. Luzea plaka batekin hasten da. Gero bideak eskuinera jotzen du zeharkaldi moduko bat eginez. Bilgunea arte sendo batean jarrita dago.
L4 (30m, 9 aseguru, 5a). Metro batzuk oinez egin behar dira hurrengo hormaren hasierara iristeko. Plaka fisuratu bat hasieran, nahiko etzana. Luze erdian hormatxo bat oso ongi babestuta eta amaitzeko beste plaka bat. Bilgunea zuhaitz batean.
Bilgunetik eskuinera irten eta belaze batetik 60-80 metro igo luzeraren oinarrira iristeko.
 L5 (30m, 10 aseguru, 5a). Luze oso polita, eusteko tokiz josia. Itsaspenezko plaka etzan bat hasieran, gero pitzadura bertikalez jositako plaka bertikala bilguneraino. Pasagune fin bat ia amaieran. Arroka oso trinkoa eta kalitate ezin hobekoa. Lehenengo asegurua apur bat urruti.
L6 (35, 3 aseguru, 3b). Espoloi txiki bat irteeran. Gero kresta jarraitu bertikalitatea galtzen duen arte. Bilgunea krestako bloke batean egin behar da. Zinta luzeren bat eraman.



Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo (mugarri batzuk badira). Goien kordala jarraitu eta Azor bide arruntetik oinez jaitsi (lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera). Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.

Materiala: 12 zinta + bilgunetarako materiala. Zinta luzeren bat azken bilgunea egiteko. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h15min
Ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi




Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario