© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/05/07

Calanquesen eskalatzen ibiltzeko “kanpamentu base” onena Cassis herria da. Herri txiki turistikoa da eta bertatik Calanqueseko ohiko lekuetara  hurbil gaitezke.

Aix-en-Provencetik A-52 autopistatik Toulon aldera egin. Dagokion irteeran autopista utzi eta Carnoux-en-Provence herria gurutzatu. Cassisen sartu baino lehenago errotonda bar dago. Bertatik jaiotzen da Marsellara eramaten duen Col de la Gineste izeneko errepidea (D-599). Errepide ona eta trafiko gutxikoa da eta nik deskribatzen ditudan eskalada eremuetara hurbiltzeko modurik azkarrena eta erosoena da. Beraz, asko erabiliko den errepidea da.

Errotondatik Cassis aldera egin eta lehenengo aukeran eskuinera egin. Les Cigales kanpina 100 metro eskasera dago. Kanpina nahiko ongi dago. Taberna, denda eta Internet (wifi). Martxoak 15etik azaroak 15 arte dago irekita.

Sormioura iristeko
Col de la Gineste errepidea hartu Marsella aldera. Hiriko kanpoaldean sartzerakoan, semaforo batzuk igaro ondoren, gure ezkerretara kanposantuko hilobiak ikusiko ditugu. Apur bat aurrerago obelisko bat duen plaza aurkituko dugu. Obeliskoa inguratu eta, inguratzerakoan, Sormiou adierazten duen kartela ikusiko dugu. Hemendik aurrera ez dago galerarik. Bidean aurkituko ditugun kartelak jarraitzea bakarrik geratzen da (ikus planoa). Kaleen artean ibili ondoren Sormioura eramaten duen araututako errepidera iritsiko gara (hesia eta kotxea uzteko tokia). Errepide estu eta malda gogorreko batetik lepotxo batera igo eta malda gogorreko jaitsiera batetik Sormioura jaitsi.



Sormioura sartzea araututa dago. Martxoaren 23tik ekainak 8ra bitartean asteburutan eta festa-egunetan ezin da kotxearekin sartu goizeko 8etatik arratsaldeko 7.30 arte. Ekainak 9tik irailak 13 arte egun guztietan itxita dago. Hesitik Sormiuraino, oinez, 35 min dira.

Araututako eremura sartu baino lehen hesi bat dago eta bertan zaintzaileak. Beraiek esanda, ez dira kotxeetan gerta daitezkeen lapurreta eta ezbeharrez arduratzen. Gu goiz xamar iritsi ginen eta beraiengandik ahal zen hurbilen aparkatzen saiatu ginen. Calanquesek lapurreta asko gertatzen denaren fama du. Ez dut uste zaintzaileak gertu izanik lapurrak ausartuko direnik (edo zailago izango dute behintzat). Hori bai, komeni da zaintzaileak joan baino lehen kotxera itzultzea.

Sormioura gerturatzeko errepidea irekita badago, bertara iristerakoan ordaindu beharreko aparkalekua dago (4 euro egun osorako). Sormioun pare bat taberna-jantoki daude.

Sormiou

Sormiou


Morgioura iristeko
Marsellara hurbildu eta Sormioura joango bagina bezala bidea jarraitu. Decathlon denda pasa ondoren, errotonda batean, Morgiou adierazten duen kartela aurkituko dugu. Bidegurutzea hartu eta kartelak jarraitu. Marsellako espetxearen aurretik pasa eta berehala araututako eremuan sartuko gara (Sormiourako dagoen egutegi eta ordutegi bera).

Morgioura doan errepidea Sormioura doana baino malkartsuagoa, estuagoa eta kurba gehiagokoa da (horietatik asko kurba itsuak). Morgioun aparkaleku txiki bat dago kotxea uzteko.

Araututako errepidea itxia dagoenean errazagoa eta erosoagoa da Luminytik oinez hurbiltzea.

Morgiou


Luminyra (Unibertsitatera) iristeko
Col de la Ginesteko errepidetik Marsellara sartzerakoan, lehenengo errotondan, Luminy aldera hartu. Errepidea amaitzen den tokian, Arte Ederrak eta Arkitekturako Fakultatearen ondoan, kotxea utzi (hesi bat dago). 


Cambiar idioma (Castellano)
Categories:


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario