© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta Info. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Info. Mostrar todas las entradas

2025/12/17

Leku lasai eta polita. Ziur itzuliko garela, aukera asko geratu baitira egitelo.


Can Boix hoteleko instalazioetara sartu eta Rimbau sakanean sartzen den bidea hartu. Aurrerago, bidea uharraren beste aldera pasatzen da (udaran uharra lehorra dago). Bidegurutze batera iritsiko gara zutoin adierazle batekin. Zutoina baino hamar metro lehenago, hodi baten parean, uharra zeharkatu eta bidexka bat aurkituko dugu. Hasieran ez dago oso zapalduta, baina, gero, agerikoa da. Jarraitu bideari. Lehenengo zatia igotzekoa da (zig-zag eginez). Gero, zeharkaldi bat egiten du eta mendiaren magala zeharkatzen du eskuin aldera. Zati horretan bidea nahiko horizontala da. Uhar lehor batera iristen da. Bideak zeharkatzen du. Aurreraxeago, bideak gora egiten du eta horma batera hurbiltzen gaitu. Horma horren oinarrian adobezko adreiluz egindako babes bat dago. Horman kirol bideak daude (parabolt lerro batzuk ikusten dira). Honaino 35 bat minutuko ibilaldia beharko dugu.

Bideak ezkerrerantz jotzen du eta uhar lehorrerantz itzultzen da. Bertara iristean, ibilgu lehorretik igotzen da pixka batean, eta, gero, bidea banandu egiten da, eta ezkerrerantz jotzen du. Igoera-tarte batek (zig-zag eginez) pista batean utziko gaitu (45-50 minutu hoteletik).

Pistari jarraitu eta Roca de L 'Ermita haitza inguratu. Pista bi uharrek zeharkatzen duten leku batera iritsiko gara (1 h 5 min hoteletik). Lehen uharra zeharkatu aurretik, mugarri bat ikusiko dugu. Bide hori hartuta, "Diagonal del Corb" bidearen hasierara iritsiko gara (2 minutu mugarritik). Bigarren mugarrian hasten den bidezidorra hartuta, 3-4 minutuko igoera labur batean, "La Rampa" bidearen hasierara iritsiko gara. Bigarren bidezidorra ere Mola del Corb-era igotzeko bidexka da. “La Rampa" bidea Mola del Corb-era igotzeko kanalaren hasieran hasten da.

 


Itzulera igoeraren leku beretik egin dezakegu, edo, paseo polit bat eginez, Sant Honorat hormei buelta osoa eman. Luzeagoa da, baina ingurua ezagutzen ez bada, merezi duen ibilbidea da. Buelta osoa emateak (zutoin adierazle batekin adierazitako bidegurutze batera iritsi arte) 1h15min eta 1h30min artekoa denbora suposa dezake. Hortik kotxera beste 30 minutuko jaitsiera gehitu.

 


Cambiar idioma (Castellano)

2025/03/13

Bideen zerrendarako lotura

Aixitara hurbiltzeko bi aukera daude.

Lehenengoa, Interneten dauden erreferentzia gehienetan agertzen dena, autoa Biaizpeko Haitz handiaren oinarrian uztea da. Horretarako, Donostiatik etorrita, A-15 errepideko 113. irteera hartu behar da (Irurtzungo irteera) eta berehala eskuinetara doan pista hartu. Pista horri jarraituta, 300-400 m ingurura, zabalgune batera iritsiko gara. Bertan autoa utz daiteke. Pistan aurrera jarraitu beste 400 metro ibaia zeharkatzeko zubi bat aurkitu arte. Ibaia zeharkatu bezain laster, SL-NA 131 bidezidorra ezkerrerantz hartu. Poste elektriko baten albotik igaroko gara eta 50 m inguru aurrerago gorantz doan bidexka bat aurkituko dugu (mugarria eta SL marka). Malda gogor batek, aurrera bi pauso eta atzera bat ematen dituzun horietako batek, hormen oinarrian utziko gaitu. 200 m-ko desnibela da eta 400 metro eskasetan igotzen dira. Beraz, igoera gogor baterako prestatu, dagokion izerdiarekin.

Haitz handiaren oinarrian kotxea utzita jaitsiera, polita bada ere, luzeagoa da. 2,5 km inguru dira autoraino, ordu erdi luze inguru.

Nik ez dut gustuko aukera hori, asko izerditzen delako eta itzulera luzeagoa delako. Nahiago dut jarraian deskribatuko dudan bigarren aukera.



Irurtzundik, errepidez, Etxeberri herrira hurbildu behar da. Herria gurutzatu (4 etxe dira) eta herri amaieran kalea bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu eta hilerriraino igo. Zementuzko pista zabal batetik egiten den 200 metroko igoera gogorra da. Hilerriaren parean zabalgune bat dago, 2 edo 3 autorentzako tokiarekin.

Hilerritik GR-20aren arrastoak dituen bidexka jaiotzen da. Horri jarraitu behar zaio. Bidezidor zabal eta nabarmenetik igoz mendi-lepo zabal batera iritsiko gara. GR-tik gora igotzen jarraitu Aixitako gazteluaren zutoin adierazlea aurkitu arte. Zutoin adierazlea dagoen tokian, metalezko txabola bat dago ezkerrean, eta metalezko aldamioak dituen ehiza-postu bat. Honaino iristeko 15 minutu inguru beharko ditugu autotik. Desnibela 50 m ingurukoa da, eta distantzia 600 m ingurukoa izan daiteke.

Zutoin adierazlean, eskuinetara (gaztelurantz) egin. Metalezko ehizako laugarren postua baino 10 metro lehenago (zutoin adierazlean dagoena lehenengo postua bezala hartuta), eskuinetara dagoen bidexka hartu (mugarria). Basotik pixka bat jaitsi (mugarriak) eta ezpel artean doan bidezidor batetik jaitsi. Aurrerago hartxingadi batzuk zeharkatuko ditugu. Tarte horrek guztiak beheranzko joera nabarmena du. Bidezidorrak biratu eta gora egiten duenean, 20 bat metroko igoera egiterakoan, "Aixitako teilak" eta "Ahuntzen bidea" bideen ageriko plakak ikusiko ditugu ezkerretara. Metro batzuk aurrerago, "Aixita" bidearen hasiera markatzen duen trikuharria dirudien harri bloke handi bat aurkituko dugu.

Autotik bideen oinera 30 minutu izan daitezke, baina kontuan izan behar da igotzen den desnibela minimoa dela eta bidearen erdia jaitsieran egiten dela.

Bigarren aukera hartuta, itzulera ere oso azkarra da. Aixitako gaztelutik kotxeraino 25 minutu inguru behar dira (lasai-lasai joanda).

 

Oharra: lekua ezagututa, igoera 5 minututan laburtu ahal izango dugu, mendi-lepo zabalean belardien alboan dagoen txabolaren atzetik ateratzen den lasterbide batetik igota (ikus mapa). Eremua oraindik ondo ezagutzen ez bada, egokiena GR20ari jarraitzea da. Argiagoa da eta ez du galerarik. Joaten garen lehen aldian esploratzen ibiltzeak ez du pena merezi ez baita hainbeste denbora irabazten.  

Egun batzuetan euria egin badu, bide hau lokaztuta egoten da. Bide arrunta aldiz ez.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2023/12/18

Panticosako maparen bigarren bertsioa argitaratu eta berehala berrikuntza batzuen berri izan dut eta hona hemen maparen hirugarren bertsioa. Bertan Bachimañako aterpearen eta Panticosako Bainuetxeko Casa de Piedra aterpearen inguruetan dauden luze ugariko eskalada bideak agertzen dira.

Panticosako Bainuetxea eta bere inguruak udaran eskalatzeko leku aproposak bihurtu dira. Beste lekuetan beroagatik ezin denean eskalatu, hemen egun osoan eskalatzen uzten duen Pirinioetako freskotasuna aurkituko dugu. Goizez, zein arratsaldez eskala daiteke. Horri arrokaren kalitatea eta bideen zailtasuna (batzuk oso eskuragarriak) gehitzen badizkiogu ez da harritzeko egunetik egunera jende gehiago hurbiltzea leku honetara eskalatzea.

Nahiz eta blog honen helburua hori ez izan sarrerako beheko aldean eskola sektoreak edota kirol-eskaladako eremuak aipatzen dira. Ez dira boulder tokiak eta izotz eskaladako bideak sartzen.

Zerrendaren helburua norbanakoak aukeratu behar duen bide edo bideetan laguntzea. Bide desberdinak konbinatzeko aukera ere bada, bakoitzak horrela nahi baldin badu. Sektoreak goitik (Iparretik) behera (Hegora) eta ezkerretik (Mendebaldetik) eskuinera (Ekialdera) ordenatuta daude. Sektore bakoitzean, bideak ezkerretik eskuinera ordenatzen dira, dagokion horma aurrez-aurre begiratuta.

Sarritan iturri desberdinek bidearen zailtasun maila (derrigorrezkoa parentesi artean) eta luzera desberdinak aipatzen dituzte. Kasu horietan konfiantza gehiena ematen didan eta homogeneitate handiena eransten duen iturria aukeratu dut.

Fondo grisarekin agertzen diren bideak blog honetan deskribatuta aurkituko dituzu.

Zerrenda eta bertan dagoen informazioa Juan Fernández de Gamarrak eginikoa eta utzitakoa da. Eskerrak eman nahi dizkiot eginiko lana eta aportazioengatik.

 





Bide bakoitzari buruzko informazioa gehiago izateko (erreportajeak, mapakm topoak, argazkiak….) bideak ireki eta errepikatu dituzten web gune ugariaz gain, hurrengo liburuak kontsulta daitezke: 

- Enrique Villasur y Julio Armesto. Valle de Tena; las 50 mejores ascensiones. Ed.Barrabés, 2004. ISBN: 978-84-95744395.

- Julio Armesto, Salvador López y Juan Luis Salcedo. Panticosa; Guía de Escalada Deportiva. Ed.Barrabés, 2006. ISBN: 978-84-95744722.

- Collectif de la Maison de la Montagne de Pau.100 Plus belles voies des Pyrénées Occidentales.Rando Eds./Glenat, 2019. ISBN: 978-2-344-03203-9.

- LuisAlfonso. Valle de Tena. Ed.La Noche del Loro, 2021. ISBN: 978-84-122306-0-4

- Julio Benedé, Segis Martínez Majén, Luis Royo Naya, José Ángel Sánchez y Enrique Villasur. Casa de Piedra; recorridos para todos los niveles durante todo el año. Ed.Prames, 2009. ISBN: 978-84-8321-234-9.


Ideia bat izateko ere, hurbilketa eta itzuli batzuen denborak ere gehitu ditut. Aipatu behar dut denbora horiek gutxi gorabeherakoak direla “modu lasaian” eginikoak baitira.

 

IGOERA BATZUEN DENBORAK 

- Aparkalekutik 1º Muro-ra (5 min).

- Aparkalekutik Erreginaren Begiratokira (10 min).

- Aparkalekutik Molondro zubira (15 min).

- Aparkalekutik Llanos de Bozuelo-ko zelaietara (40-45 min).

- Aparkalekutik Pared de la Cascada-ra (1h 20 min).

- Aparkalekutik Pared del Tubo-ra (1h 10 min).

- Erreginaren Begiratokitik 2º Muro-ko bideetara (10-15 min, bidearen arabera).

- 1º Muro delakoaren amaieratik 2º Muro-ko bideetara  (8-12 min bidearen arabera).

- Llanos de Bozuelotik Picapiedra sektorera (15 min).

- Muro de la Cascada-ko bideen amaieratik Bachimañako aterpera (10 min).

- Aterpetik Palestrara (10 min).

- B bidegurutzetik Bachimañako aterpera (20-25min).


JAITSIERA BATZUEN DENBORAK 

- 1º Muro delakoaren amaieratik aparkalekura (10 min).

- 2º Muro delakoaren amaieratik GR-11-ra (10-15 min) eta hortik aparkalekura beste 15 min.

- Bozueloko bideen amaieratik Bozueloko zelaietara (10-15 min).

- Molondro amaieratik aparkalekura (30 min).

- Pared del tubo amaieratik B bidegurutzera (15-20 min).

- B bidegurutzetik A bidegurutzera  30-40 min. Eta hortik aparkalekura beste 30 min.

 

Kirol-eskaladako tokiak

(Juan Fernández De Gamarrak jasotako eta utzitako informazioa)

 

Sektoreak Iparretik Hegora ordenatuta daude; bertako bideak ezkerretik eskuinera aurrez-aurre begiratuta sektoreari. Ia denak ekipatutakoak dira.

Callejón (Prado Bozuelo izenarekin ere ezagutua)

5 bide (Akela, Enana y Morronguita, Flor de Hellín, La de los hombres mayores, Pichurrina)  IV eta V+ artean, 20 eta 25 m artekoak, Jesús Sainz-ek ekipatutakoak 2008an.

Bozuelo Este

-            Delantera (Lumiacha izenarekin ere ezagutua)

4       bide  (Alimoches, Buitres, Quebrantahuesos, Milanos) IVkoak,15 eta 20 m artekoak.

-            Trasera (bere orientazioagatik Bozuelo Oeste izenarekin ere ezagutua)

3 bide (Caesar Sanchez Sempervivens, Pascualita, Águilas)  V+/6a eta 6b artean, 10 m-koak.

Carl y Leny

14 bide (Espermateca, Steal the light, The sound of the sinners, TCM, Zángano, Pórfidos, En el camino, Jóven violado, Locura transitoria eta beste 5) 6b+ eta 8a artean, 10 eta 15 m artekoak, equipadas por E.Alonso, J.Iniesta, M.Machetti eta C.Álvarez ekipatuak, 2016 eta 2019 artean.

Primer muro (Casa de Piedra izenarekin ere ezagutua)

5 bide (Lirones, Armiños, Marmotas, Sarrios, Jabalí) IV eta V artea, 12 eta 15m artekoak, Felipe Guinda-k ekipatutakoan 1995ean.

Embotelladora

2 bide (Duros son los comienzos, El cacique)  6a-koak, 60 eta 30 m-koak. Santos Granado-k irekiak 2005ean, eta 12 m-ko 3 proiektu, hauek ere Santos Granado-renak.

 

Informazio gehigarria:

- Luis Alfonso. Valle de Tena. Ed. La Noche del Loro, 2021. ISBN: 978-84-122306-0-4

- Ayuntamiento de Panticosa: https://panticosa.es/deportes-y-ocio/escalada-y-via-ferrata/


Informazio erabilgarria duen beste post bat: viajandoenfinde.

Cambiar idioma (Castellano)

2022/12/18


Ihabar herriaren alboan, Madalen (859 m) eta Urbaran (748 m) gailurren artean, Mikel Pardo “Txintxak” eta Christian Pau-k (biak mendi-gidak) Asier “Txintxa” eta Lur Gil-en laguntzarekin altxor txiki handi bat aurkezten digute. Urbedez hariztiko plakak.

Urrutitik ez du ematen arroka egokia denik eskalatzeko eta bideak irekitzeko, baina oker gaude. Lerro logikoenak bilatuz Mikel eta Pauk arrokari zukua atera diote eta zailtasun ezberdineko 8 bide irekitzea lortu dute (zailtasun maila aldetik gehienak nahiko eskuragarriak).

Bide guztiak semi-ekipatuak daude ireki dituztenean jarraitu duten filosofia “katxarroekin” ibiltzea eta bakoitzak nahi duen tokian autobabesak jartzea izan delako. Arrokak aukera ugariak eskaintzen ditu autobabeserako, baina plaka trinkoetan edota pasagune zailetan beti aurkituko dugu aseguru finkoren bat segurtasuna hobetzeko asmotan. Bideek saihesbide txikiak egiteko aukera eskaintzen dituzte zeren egiten dugun arrokaren “irakurketaren” arabera posible izan daiteke bidea den toki zehatzetik ez igotzea.

Orokorrean arroka kalitatezkoa da, eusten duzunean “hozka” egiten duen horietakoa. Egia da toki batzuetan arreta jarri behar dela zer gauza eusten dugun, baina hori da kareharri “birjinak” duena. Jendea pasa ahala hobetzen joango da.

Goiko luzeetan arrokaren kalitatea hobetu egiten da. Gainera bertikalitatea zertxobait igo egiten da luze horietan eta, egia esateko, asko gozatzen da. Jarduerak jarraitzeko gogoarekin geratzen zara.

Egileek beraien blogetan dioten modura  “Urbedez o Ihabar destaca por su caliza entre carrascas y robles. Hay caliza oscura compacta para trepar en adherencia y caliza clara de peor calidad. A medio camino entre ambas hay una caliza compacta y de mucha calidad repleta de buzones, lajas y agujeros, donde autoprotegerse. Y lo dicho ya en varias ocasiones; si quieres practicar autoprotección en un lugar precioso, entrenar con zapas o botas de cara a actividades de montaña, o simplemente escalar en plan love climbing, Ihabar es tu sitio. (sic)”

Eskalatzera joan ginen lehenengo aldian (“Kormoran moñudo” bidea egitera) bidearen hasiera aurkitzeko nahiko galduak ibili ginen. Mikelen blogeko (Bergidak) eta Christianen blogeko (Montañas de Camille) argibideak jarraituz tarte handi batean gora eta behera eta aurrera eta atzera ibili ginen bidea aurkitu arte. Orain tokia ezagutzen dudala eta bideak non dauden kokatzen dakidala erraza da, baina lehen aldiz hurbiltzen direnentzat zertxobait nahaste-borrastea izan daitekeenez, bideak aurkitzea errazago egingo dituen (edo behintzat hori espero dut) eskema moduko bat prestatu dut.

Onartu beharra daukat oraindik soilik bi bide egin ditudala inguru honetan, baina seguru nago besteak erortzen joango direla.

“Kormoran moñudo” bidera hurbiltzeko 25 min inguru behar dira (agian zertxobait gehiago lehen aldian) eta “Txintxako kalera” hurbiltzeko 3 min gehiago.

 

Informazio gehiago eta lehen eskukoa gainera hurrengo helbideetan aurki dezakezue:

Tenéis más información y de primera mano en:

Bergidak. Mikel Pardo “Txintxa”-ren bloga.

Montañas de Camille. Christian Pau-ren bloga.

Xabier Mujkaren blogak ere  (“SMITHYRENbloga”)  bide gehienen oso informazio baliagarria du.

                                       

Ihabar herrira hurbildu eta frontoiaren alboan doan kaleari jarraituz mendizerra aldera doan zementuzko pista hartu. Kanala zeharkatu eta zertxobait aurrerago Arakil ibaia. Kontuz! Kotxearekin mantso sartu, bestela azpiarekin jotzen da. Metro batzuk aurrerago lau bidez osatutako bidegurutzea aurkituko dugu. Zuzen jarraitu eta Urruntzura errekaren gainetik pasatuko gara. Zubi honetan ere kontuz, azkar sartuta azpiak jotzen dira. Zubia pasa eta berehaka, eskuinera, kotxe bat aparkatzeko tokia dago. Beste toki bat aparkatzeko, lehen zubia pasa baino lehen da. 

Jada oinez eskuineko hartxintxarrezko pista hartu. Poste adierazle bat dagoen bidegurutze batera iritsiko gara. Eskerreko pistari jarraitu eta metro batzuk aurrerago eskuinera egin eta belarrek hartutako pistari jarraitu. Ataka bat zeharkatu eta hesituta dagoen soro batera irtengo gara. Bere ertzetik goraino igo eta ondoren, basoan sartzen garenean, eskuinera egin hesia zeharkatzeko pasagunea aurkitzeko (goi aldeko eskuin aldean dago; kotxetik 15 min inguru honaino). Hesia zeharkatu eta bidezidorretik aurrera egin 10-20 metro inguru. Bidea bitan banatzen da. “Kormoran moñudo” bidea egitera bagoaz edo bere albokoren bat, eskuineko adarra hartu (ez da ezkerrekoa bezain agerikoa).  Zertxobait aurrerago egurrezko txabola baten albotik igaroko gara. Bidezidorrari jarraitu beste hesi bat aurkitu arte. Ez gurutzatu eta bere albotik joanez gora egin (ipar aldera). Hesia amaitzen den tokian ezkerrera biratu eta horizontalki atzera egin (bidezidor arrastoak) eki aldera eginez. Minutu batera (edo hesitik 50 m ingurura) hildako zuhaitz baten enborra ikusiko dugu eta bere gainean mugarri bat. Eskuinera biratu eta 5-10 metroko zig-zag labur batzuk eginez igo (lehena ezkerrera, gero eskuinera; mugarriren bat dago, baina agerikoa da). Zig-zagaren goi aldean eskuin aldera diagonalean igo (emeki gora eginez) mugarriei jarraituz. Hartxingadi lauso bat zeharkatu eta 15 m aurrerago, gure aurre-aurrean, “Kormoran moñudo” bidearen hasiera dago. Mugarri bat dago eta lehen plakan arroka zubi bat zinta batekin.


Cambiar idioma (Castellano)



2022/09/16

Toki zoragarria. Baso-ingurune lasaia. Arrokaren kalitatea apartekoa da (eta agian motz geratzen naiz kalifikazio horrekin). Leku gutxitan aurkituko duzue hemen aurkituko duzuen kalitatezko kareharria. Arrakalak dituzten zati oso politak aurkezten ditu hainbat tokitan eta beste batzuetan izugarrizko euste lekuak, “postontzi” modukoak. Euste leku horiek harrapatzen dituzuenean badakizu hortik zu eta kamio bat eusteko gai direla. Benetan gozamena da.

Luxuzko ekipamendua. Gainera, nahi izanez gero, katxarreatzeko aukera dago.

Bide gutxi egin genituen abuztuan bero sargoriko egunak suertatu zitzaizkigulako, baina itzuliko garela zin egin dut.

Bideak oso ongi ekipatuta daude eta begetazioz garbiak. Bilguneak ere oso ongi eraikiak daude (“El forat de las bruixas” bideko R1an adibidez, egurrezko enbor bat jarrita dago horrela bilgunea egiteko tokia erosoagoa eta handiagoa egiteko). Hurbiltzeko eta jaisteko bidezidorrak garbiak eta ongi zainduak daude. Jaitsierako hainbat zati segurtasun kableekin babestuta daude eta zati motz bertikal batzuk ferratetan egoten diren grapa metalikoekin. Ekipamendu eta mantenu lan guzti hori Santi Sanz-ek egiten du. Ez dut ezagutzen, baina nire merezimendu eta  aitorpen osoa du hartzen ari den lanagatik.

 


Iristeko: Ripoll herritik, Campdevanol-etik pasata, Gombrén herrira hurbildu. Aurrera jarraitu eta errepidearen 2 eta 3. puntu kilometrikoen artean Montgrony-ko monastegira igotzeko bidegurutzea aurkituko dugu. Bergatik bagoaz, Guardiola de Bergueda herrira igo behar gara eta, La Poble de Lillet pasatuz, Gombrén aldera hurbildu.

Bide gurutzea hartu eta kilometro t´erdira eskuinean beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Santa Maria de Montgrony adierazita dago. Eskuinera egin. Lehen 100-200 metroetan bide asfaltatua da, gero tarte luze batean zementuzkoa, ondoren berriro asfaltuzkoa eta azkenean zementuzkoa. Goian, bidegurutzetik 3,4 km-ra, ezker aldera irteten den pista bat aurkituko dugu. Ez hartu eta aurrera jarraitu. Metro batzuk aurrerago bidea banandu egiten da. Eskuinera hartuta monastegira joaten da. Guk ezkerreko adarra hartu behar dugu. Bidegurutzetik 4 km-ra zementuzko zati zabal bat aurkituko dugu. Bertan hainbat kotxe uzteko tokia dago. Aurrera jarraitu nahi baldin badugu mendiko pista batetik igo behar da. Lehen 100  eta azken 300 metroak kotxe normal batentzat nahiko egoera kaxkarrean daude (todoterreno edo kotxe altu batekin ez dago arazorik), baina kontu pixka batetik pasa daiteke. Pista Coll de Roig izeneko lepoan amaitzen da. Hainbat kotxerentzat lekua dago. Pistak guztira 1,4 km ditu.

 

Hurbiltzeko: Lepoan panel adierazle bat dago. Bere eskuinean mugarri dago eta mugarriaren alboan bidezidor bat jaiotzen da. Bide horri jarraitu behar zaio. Hasieran, harri handi batera iritsi arte, bideak beheko joera du. Gero biratu eta igotzen hasten da. Egin nahi dugun bidearen arabera, zertxobait gorago, eskuinera edo ezkerrera egin beharko dugu. Lepotik hormak nahiko urruti daudela dirudi, baina 10 minututan bideen oinarrietara iristen da.

 

Oharra: Arrakalaz beteriko plaka erraldoian (Alicorn eta Ullets d´Esmeralda bideak dauden plakan) ez ginen egon eskalatzen eta horregatik ez dut marraztu bertara hurbiltzeko bidezidorra (ez baitakit). Norbait argitzen badit sartuko nuke.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2015/05/22


Bergara hurbildu. Ospitaletako errotondan Santuari M.D. de Queralt eta Rasos de Peguera norabideari jarraitu (C-1411z). Zertxbait aurrerago (800 m ingurura) aurkituko dugun bidegurutzean ezkerrera egin Sant Llorenç de Morunys, Santuari de Queralt, Rasos de Peguera norabideei jarraituz (BV-4241). Ondoren, 1,8 km ingurura, eskuinera egin Santuari de Queralt eta Rasos de Peguera norabideei jarraituz (BV-4242). Font-Negreko aparkalekua 1,3 km ingurura aurkituko dugu eta Queralt-eko santutegiko aparkalekua 4,5 km ingurura.





2015/05/20

La Pobla de Segur herritik, N-260 errepideari jarraituz, Sort aldera egin. 302. km-a pasa ondoren Fuente de la Figuereta izeneko atseden-lekua aurkituko dugu. Iturria, mahaiak eta 10-15 kotxerentzat lekua dago. Errepidearen bionda atzean dagoen bideari jarraituz lehenengo tunelera hurbildu. Zertxobait lehenago, ezkerrean, errepidearen beste aldean “Esperó Piru-Caba” bidea dago.
“Principiants” eta “Eurónica” bideak dauden sektorera joateko, tunela inguratzen duen errepide zaharra jarraitu behar da (kotxeek ibiltzea debekatuta dute). Eguzki-plakak dituen kaseta baten parean errepideak norabidez aldatzen du (bihurgune argia ezker aldera). Zertxobait aurrerago, hormen goialdean, linea elektrikoaren dorrea ikusiko dugu. Dorrearen azpian, zertxobait eskuinera, geratzen den horman aurkitzen dira bideak. Bideen hasiera errazago aurkitzeko jakin “Eurónica” bidea bi bionda metalikoen artean dagoen harrizko aldizkako petrilaren aurrean hasten dela.


Paret de Pessó eta Moles del Pessó hormetara igotzeko lehenengo eta bigarren tunelen artean dagoen parking txikian (N-260ko 299,4 km-a, Pobla de Segur norantzean) edo bigarrren tunela inguratzen duen errepide zaharraren sarreran utzi behar da kotxea. Parking txikian bidezidor bat jaiotzen da. Bide horrek, 20-25 minutuko igoera eroso batean, errepidetik ikusten diren linea elektrikoaren bi dorreen alboan utziko gaitu. Beste 3 minututan “Sossis i Patisants” bidearen hasieran izango gara.




2015/05/03

Collbató herrira hurbildu nintzen lehenengo aldian, zaila suertatu zitzaidan orientatzea. Alde zahar txiki eta polit bat duen herria da, baina herriaren beste zati guztia bizitegi-gunea da (nahiko handia gainera) eta nahi duzuna aurkitu arte bueltak ematen denbora nahiko pasa dezakezu.
Hori dela eta kotxea uzten den lekura modu erosoenean eta azkarrenean hurbiltzea (niretzat behintzat) azaltzen duen mapa xume hau egin dut. Bertatik Els Graus eta La Codolosa eskalada eremuetara igo daiteke. Bigarren horretara Cova del Salnitreko atseden lekutik igo daiteke ere, baina leku horretatik aldapa gogorragoa da. Ura hartu  nahi bada, Carrer Pins kalearen hasieran dagoen parke txiki batean iturria dago.

A-2 autobiako 576 A irteera hartu. B-112 errepidea jarraitu eta, lehenengo saihesbidean, ezkerrera hartu. Zuzen jarraitu amaieraraino. Bertan eskuinera hartu eta igotzen hasi. Kaleen arteko bidegurutze batera (margotutako errotonda batera) iritsiko gara. Aurrean farmazia bat ikusiko dugu. Bere ezkerrean geratzen den kaletik igo behar da La Torre jatetxeraino. Hortik aurrera, erraza da, ez dago inongo konplikaziorik.



2015/01/30

Iristeko: Berga herritik C-16 errepidea jarraitu Guardiola de Berguedá aldera. Ronodella herrixka igaro eta handik lau kilometro ingurura, Malanyeu herrixkara igotzeko bidegurutzea aurkituko dugu. Errepide estu batetik 3 km-ko igoera gogorra dago (300 metroko desnibela igotzen da). Herriko sarreran aparkatu.



Hurbiltzeko: Herrixkan behera doan pista hartu eta, desbideratu gabe, masia batzuekin topo egin arte jarraitu. Lehenengo masia baino metro batzuk lehenago, errekatxo bat zeharkatu ondoren, gure eskuinean bidezidor nabari bat aurkituko dugu. Hori jarraitu eta baso barrutik, galerarik gabe, hormetara eramango gaitu (20 min). Gure bidea aurkitzeko beste 5-10 minutu beharko ditugu. Guztira kotxea uzten den tokitik 30 min inguru dira.



2014/04/29

Egun hauetan Els Ports Parke Natural barruan dagoen Els Estrets ezagutzeko aukera izan dugu. Lekua benetan zoragarria da eta eskalatzeko aukera pilo eskaintzen ditu. Azken urte hauetan zailtasun baxuko hainbat bide ekipatu dira Gronsa Sud eta Central gailurretan. Hala ere inguruan ekipamendu soilagoa duten bide klasikoak geratzen dira oraindik. Arroka konglomeratu trinkoa da, arroka bloke irregularrez osatua.


Els Estrets-ko mapa.

Iristeko: Els Estrets-era iristeko bi aukera daude (ikus mapa).

Lehena, eta nire iritziz erosoena, Els Ports errepidetik hurbiltzea da. Horta de Sant Joan herritik irten eta T-330 errepideko bidegurutzera iritsiko gara. Arnes aldera hartu eta berehala, 50 m ingurura, ezkerrean,  Els Ports adierazten duen bidegurutzea aurkituko dugu. Hori hartu eta jarraitu. Lehenengo 400 metroak bi bideko errepidea da, baina gero auzo errepide zabal batean bihurtzen da. La Franqueta aldera errepideari jarraitu. Iturri bat pasatuko dugu eta Coll de Blanco igoko dugu. Lepoa jaitsi ondoren, hasierako bidegurutzetik 6,8 km ingurura, gure eskuinean, Lliberós aparkalekua aurkituko dugu. Kotxea bertan utzi  (guztira 10-15 kotxentzako  lekua).




Bigarren aukera Arnes herritik hurbiltzea da. Distantziaz apur bat motzagoa da, baina nire iritziz hurbiltzeko bide kaxkarragoa da asfaltatutako auzo errepidea askoz estuagoa delako eta bidea egoera okerragoan dagoelako (azken zatian hormigoizko eta lurrezko pistak aurkituko ditugu). Arnes herrira bere bigarren sarreratik sartu eta informazio bulegora hurbildu. Hurrengo bidegurutzean eskuineko kalea jarraitu eta, berehala, ezkerrera. Els Estrets adierazten duen bidegurutze batera iritsiko gara. Bideari jarraitu aparkalekura iritsi arte (guztira 10-15 kotxentzako lekua)

Hurbiltzeko: Edozein aparkalekutik Els Estrets bidea hartu eta jarraitu. Oinez hasi eta 20 minutu ingurura hormen oinarrietan izango gara. 



Inguruan gaua pasatzeko aukera desberdinak daude. Horta de Sant Joan eta Arnes herrien artean kanping bat dago. Bada ere, Els Ateus izeneko akanpatzeko eremua. Gu hor ez ginen egon, baina komunak ditu, sua egiteko tokiak ere eta dendak jartzeko leku zabalak ditu. Horta de Sant Joan herrian badira hotela eta aterperen bat.

Oharra: Gronsa Sud eta Centraleko hego-ekialdeko hormetan uztailak 31 eta abenduak 15 bitartean eskala daiteke soilik.

Parc Natural dels Ports barruko debekuei buruz informazio zehatzagoa hurrengo orrian aurki dezakezu.

Cambiar idioma (Castellano)

2014/01/11

Montserratera itzuli gara. Eguberriko oporrak direla eta, oso erakargarria eta, zergatik ez, magikoa den mendizerra honetara hurbildu gara hainbat bide erraz, oso errazak, eskalatzeko asmoarekin. Eguraldiaren iragarkia ez zen guztiz txarra eta euria egiten ez bazuen egun motz hauek aprobetxatzeko aukera izango genuela bagenekien. Zortea izan genuen eta haizeak gogor jo zuen egun bat izan ezik, beste bi egunetan eguraldia portatu zen eta ia egun osoan eskalatzen egon ginen. Eguzkiaren goxotasuna aprobetxatzeko asmoarekin egin ditugun bide guztiak mendizerraren hego isurian daude. Inguruko informazio orokorra izateko eta Montserrateko Monasterioak eskaintzen dituen zerbitzuez jakiteko ikus hurrengo sarrera.

Inguruko mapa eskematikoa.

Funikularraren goi-geltokitik ikusten dena.

Sant Pere-ra hurbiltzeko bidea, Sant Joan kapelatik ikusita.

Inguru hau apur bat gehiago ezagututa Montserrat izenburua zuen sarreran azaltzen den mapa eskematikoa berregin dut.Nire ustetan Gorroen, Miranden eta lepoen posizio eta izenak egokia dira, baina oraindik ez nago guztiz ziur Interneten begiratuta Miranda edo lepo bererako izen desberdinak aurkitu baititut. Zerbait gaizki badago, arren esan eta zuzenduko dut.


Miranda de Santa Magdalena eta Magdalena Superior inguruko eskea (Nuria bidea egiteko hurbilketa):



Cambiar idioma (Castellano)

2013/11/15

Iristeko: (Mapa eskematikoa ikusi). A22 autobian Liesa eta Ibiecako irteera hartu. Ibieca herria zeharkatu ondoren, kilometro batzuk aurrerago, bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrera hartu (Huesca hiriburu aldera) eta, berehala, 50 metro eskasera, eskuinean dagoen asfaltatutako pista hartu (Presa de Guara adierazten du kartelak). Hiru kilometro inguru aurrerago errotonda batera iritsiko gara. Bertan, San Cosme aldera doan lurrezko pista hartu behar da. Pistatik 2,8 km jarraitu ondoren La Tejería izeneko aparkalekura iritsiko gara. Bertan utzi behar da kotxea.

Hurbiltzeko: (Mapa eskematikoa eta argazkia ikusi). Aurreko pista hartu (hesia duena). Pistatik 6 minutu inguru igo ondoren basotik irtengo gara. Aurrean Vadielloko urtegia ikus daiteke eta gure eskuinean Peña Predicadera. Hemendik aurrera bideak ez du galerarik. Eskuinera hartu (San Cosme eta San Damián aldera) eta pista horizontal batetik 10 minutu egin ondoren Nocito, Ermita de Fabana eta San Cosme eta San Damián adierazten duen kartel batera iritsiko gara. Puntu honetan bi arte handien albotik igarotzen den pista hartu behar da. Bidea modu argi batean hormara hurbiltzen da. Pista amaitu baino apur bat lehenago, beheraka egiten hasten denean, gure ezkerrean, jaitsiera bidea adierazten duen mugarria ikusiko dugu. Apur bat aurrerago pista amaitu egiten da. Erreka arrastoak zeharkatu eta berehala ezkerrera jo (bidezidor arrastoak). Soka finkoak dituzten erresalte txiki pare bat gainditu. Sokak erresalteak gainditzen laguntzeko baino bidea adierazteko balio dute, erresalteak oso erraza baitira. 


Azken aldiarekin alderatuta nabari da La Predicaderan jende gehiago dabilela. Hurbilketaren azken zatian lasterbideak eta barianteak ireki dira. Hemen guretzat erabilgarriak direnak aipatzen ditugu.
“Directa Eccos” edota “Espolón Guanchinfú” bideak egin nahi baditugu hobe da argazkian agertzen den A bidea hartzea. Motzagoa da. Arroilara hurbilduko gaitu zuzenean. Soka finko batekin babestutako zati horizontal motz batek “Directa eccos” bidearen oinean utziko gaitu. Soka batekin babestua ere dagoen bidezidor batetik metro batzuk igota, berehala egongo gara “Espolón Guanchinfú” bidearen hasieran.

“Espolón Estarlux”, “Afrodita”, “Jabali errante” …etab egiteko asmoa badugu, hobe da B bidea jarraitzea. Erresalteak gainditzerakoan zertxobait igo eta ondoren guztiz eskuinera egin. Zuzen igoko bagina zeharkaezina den horma batekin egiten da topo. Posible denean ezkerrera egin eta hormara hurbiltzea soilik geratzen zaigu. Bideak aurreko bideen oinarrietan utziko gaitu. Oso bide erosoa da. Hala ere, nahiz eta igotzeko aukera bat edo bestea erabili, erraza da “Directa Eccos” bidearen oinarrira jaitsi edo bertatik igotzea (rapelatu ondoren beste bideren bat egin nahi badugu, adibidez) soka finkoarekin babestuta dagoen bidezidorra erabiliz.

Eskuineko sektorera hurbiltzeko onena C bidezidorra jarraitzea da. Muinoari buelta osoa ematen zaio aldapa xume bati jarraituz.  




Kotxetik, guztira, 40 min inguru.

2013/08/28

Ampriuk bi sektore ditu: Torre de  marfil eta Palestras. Bere altueragatik eta bere orientazioagatik (ipar-ekialdea), udarako egun beroetarako leku aproposa da. 

Iristeko: Benasquera hurbildu eta Cerler herrira igo. Herria zeharkatu eta errepidetik jarraitu eski-estazioaren goiko sarrera aldera (Ampriu). Errepideak behera jotzen hasten denean, Ampriu erreka gurutzatu baino metro batzuk lehenago, gure ezkerrean, kotxea uzteko tokia dago.

Hurbiltzeko: Torre de Marfil sektorera igotzeko errepidea gurutzatu eta soroetatik pistara igo. Pistatik jarraitu eta basotxoa zeharkatzen amaitzen gaudela, eskuinean jaiotzen den bidezidorretik igo (basoaren ertzetik doa). Kotxetik 15 min. inguru.
Palestras sektorera hurbiltzeko errekaren ezker albotik bi bidezidor doaz. Hobe da goitik joatea (erosoagoa), baina errekaren albotik doanatik ere igo daiteke. Bidea pistarekin elkartzen denean, erreka gurutzatzeko egurrezko zubi bat dago. Sektorea gure aurrean dugu. Kotxetik 20 min. inguru.

2013/04/09

Aste Santu honetan Bartzelonako Montserrat inguruak ezagutzeko aukera izan dugu. Aspaldidanik ezagutzeko gogoa neukan eta benetan leku atsegina dela esan behar dut. Bertako harkaitza konglomeratu oso trinko batez osatuta dago, nahiz eta guk egindako bideetako baten batean, zati motz batzuetan, arroka ez hain trinkoa izan.
Eskalada nolakoa zen entzuna genuen, baina bertan egon arte ezin esan nola moldatuko ginen. Harkaitza motagatik eskuentzako euste-lekua gehienak hatzekin hartzekoak dira, nahiz eta batzuk onak izan eta esku osoarekin eusteko aukera eman. Hanken kontua bestea gauza bat da. Lekuak badira beti, baina ia gehienetan leku txikiak dira eta beraz hanken puntekin eskalatu behar da. Luzeak aurrera doazen heinean, ohitura faltagatik edo, beti hanken punten gainean ibiltzeak nekatu egiten du eta hankak deskantsatzeko erlaitz on baten bila ibiltzen zara beti.

Gorra Marinera, Magdalena inferio, Magdalena superior eta Gorri Frigi  monastegitik ikusita.
Mendizerraren hego eta ipar isurian daude bideak. Bi isuri horietan iparrera, hegora, ekira edo mendebaldera orientatutako bideak aurkituko ditugu eta beraz Montserraten urte osoan eskala daiteke. Hala ere, toki batzuk beste batzuk baino hobeagoak dira urtaro batzuetarako (hori argitzeko gidaren bat edo Interneten kontsultatu). Nahiz eta luze bateko bideak egon (Euskal Herritik hona hurbildu eta luze bateko bideak egiteari probetxurik ez ateratzea dela uste dut), gehienak luzea ugaritakoak dira. Bide gehienak 100 eta 200 metro bitartekoak dira. Hala ere, nahi izanez gero, badira luzeagoak.
Gauza da Montserrat mendizerra oso handia dela eta gorro gehienetan badela eskalada bideren bat. Mendizerra guztian milaka bide daudela ziurta dezakegu. Gorroak hurbil daudenez, inguru honetan eskalatzeak duen abantaila da bide bat eskalatu ondoren beti duzula beste gorroren bat hurbil eta beraz, beti duzula gertu (minutu gutxitara) antzeko beste bideren bat. Beraz egun berean (bakoitzaren sasoi, maila eta gogoaren arabera), bat, bi edo hiru bide luze egin daitezke.

Montserratera inoiz joan ez diren horientzat niretzako erabilgarria izan den informazioa, edo niri erabilgarria egin zaidana behintzat, jarriko dut hemen. Euskal Herritik hurbiltzeko modurik errazena Lleidatik Bartzelonara doan A-2 autobidea jarraitzea da. Autobia 570 kilometroko irteeran utzi eta kartelei jarraituz berehala gara monastegian (ikus mapa).

Inguruko mapa orokorra.
Harritzekoa, baina inguru hauetan ostatatu hartzeko aukerak ez dira hain ugariak (agian Bartzelonatik eta Manresatik oso gertu dagoelako). Monastegi barruan bada kanpina, baina ez ginen hurbildu (martxotik urrira irekita egoten omen da). Monistrol de Montserrat eta El Bruc-en badira ostatuak. Monastegi bidean Sta. Cecilia izeneko aterpe bat omen dago, baina guri esan ziguten itxita zegoela. Beste informazio baten arabera martxotik urrira irekita egoten dela jakin dugu eta soilik aste burutan irekitzen omen dute. Mendian Sant Benet aterpea dago, baina oinez igo behar da (40 min). Gu azkenean Monistrol de Montserratera  jaitsi ginen. Kostata, baina azkenean lortu genuen ostatu bat aurkitzea.

Gutxi gora-behera gauzak  non dauden adierazten ditun planoa.
Montserratek eskalatzeko toki ugari ditu, baina guk ezagunena dena aukeratu genuen: Monastegiko inguruak. Bertara hiru eratara igo daiteke. Bata tren kremailera delakoan, bestea teleferikoz eta, azkenik, kotxez. Gu beti kotxez mugitu izan gara eta ezin dizuet esan zer prezio duten beste biek. Gauza da Monastegira kotxez sartzeko ordaindu egin behar dela. Sarreran hesi bat aurkitzen da tiketa hartzeko. Lehenengo ordu erdia doan da, baina 30 minutu horietatik aurrera 5,50 euro ordaindu behar da. Berdin du zenbat denbora erabiltzen duzun, ordu erditik aurrera prezio bakar hori dago. Egun osoa eskalatzen pasatzen baduzu, konpentsa dezake kotxea barruan uztea, baina hori bakoitzak ikusi beharko du. Hala ere, goiz ibilita, aukera dago sarrerako hesiak baino metro batzuk lehenago kotxea uzteko. Jende batek hori egiten zuela ikusi genuen, baina, hori bai, goiz ibili zeren kotxe gutxientzako dago lekua.

Gorros eta La Plantacio eremuetako planoa.
Monastegi inguruan Gorros eta La Plantacio izeneko eremuetan ibili gara bi arrazoiengatik. Lehena bertan daudelako Monstserrateko gorro ezagunenak eta bi, funikularra erabiliz, eremu horietara hurbiltzea oso erosoa delako. Sant Joaneko funikularra 20 minuturo igotzen da (48 plaza guztira) eta igotzeak 5,35 euro balio ditu (joan eta etorria 8,45 euro). Hala ere mendiko federatu txartelarekin beherapen txiki bat egiten dute eta igoera 4,80 eurorengatik irteten da. Gu funikularrez igotzen ginen, baina gero oinez jaisten ginen. Ibili ginen inguruetatik ordu erdi eskasean jaisten zara. Aukera dago ere, nahi duenarentzat, oinez igotzea (eskalatu  nahi denaren arabera denbora desberdina behar izaten da, baina 40-45 min inguru kalkulatu).

Ohar batzuk
Montserrat Parke Naturala da eta beraz ongi zaindu behar da. Parkeko eremu batzuetan ezin da eskalatu hegaztien habiengatik. Leku horiek zeintzuk diren informatu eta  bertan ez eskalatzeko debekua errespetatu.

Inguru hauetan hiru motatako "espezie arraro" elkarrekin bizi dira. Alde batetik turistak, bestetik mendizaleak (mendizerra osoa ibilaldiz josia dago; bideak oso ongi zainduak daude eta bidegurutze gehienetan norabide guztiak ongi adierazita dituzten kartelak daude) eta, nola ez, eskalatzaileak. Mendia ulertzeko hiru mota horien artean errespetua garrantzitsua dela uste dut.
Monastegiko bistak Magdalena inferiorreko gailurretik.
Gorros inguruko gorroetako bide asko eta asko oso masifikatuak daude. Jende asko ibiltzen da bertan eta beraz goiz ibili behar da. Gorro Frígin une berean 6-8 bikote batera eskatzen ikusi ditugu.

Montserraten dauden bideetako asko eta asko modu klasikoan irekitakoak eta ekipatutakoak dira. Montserraten ez baduzu inoiz eskalatu eta beldurrezko pelikula batean parte hartu nahi ez baduzu, nik ez nioke inori horrelako klasika batean sartzeko aholkatuko. Nahiz eta krokisean bidea oso erraza iruditu, aseguruak oso urruti egoten dira eta eskalada oso teknikoa denez, atera kontuak. Arroka motagatik autobabeserako aukerak oso txikiak dira.

Montserrateko bideei buruz informazio ugari dago Interneten, baina hurrengo blog honetan informazio eta krokis erabilgarri ugari aurki dezakezue: http://elcoleccionistadevies.blogspot.com.es/   Guillem Arias izeneko adineko eskalatzaile bat omen dabil konpromiso gutxiko eta oso ongi ekipatutako bideak ireki eta ekipatzen. Hona hemen bere blogaren helbidea (http://blogdelguillem.blogspot.com/).

Cambiar idioma (Castellano)