Riglosekin alderatzen badugu, Mallos de Agüero ez da
hain ezaguna. Riglosek darama fama guztia eta Agüero eklipsatzen du. Hala ere,
azken aldi honetan zailtasun eskuragarria duten hainbat bide ekipatu dira eta bertara
hurbiltzea ideia ona bihurtzen ari da. Jendeari eta bideen zailtasunari
dagokionez garbi izan Riglosen baino askoz jende gutxiago eta zailtasun baxuagoa
aurkituko dugula.
“Tierra de naide” bideak, orokorrean, arroka ona du
eta oso ongi ekipatua dago. Luze bakoitiak plaka etzanetatik doaz eta bikoitiak
pasagunetxo finen bat duten plaka bertikaletatik.
Bidea aurkitzeko erraza da eta hurbilketa motza du.
Mallos de Agüero ezagutzeko modu egokia izan daiteke.
Iristeko:
Agüero herrira hurbildu. Herrira iritsi baino lehen
eskuinera hartu eta kanposantu aldera igotzen den errepidetxoari jarraitu.
Etxea bat eta kanposantua atzean utzi ondoren, goiko aldetik herrira iritsi
baino 200 metro lehenago, hegaztiei buruzko poste adierazle batzuk dituen toki
batera iritsiko gara. Bertan aparkatu. Hainbat kotxerentzat tokia dago.
Hurbiltzeko: Mallos de Agüerori buelta ematen dion
bidezidorra hartu (eskuineko norabidean). Bidea eskalatzeko bidetxo batzuk
dituzten bi bloke handien albotik pasa eta erreka lehor batek sortzen duen
bailaratxo batean sartzen da. Erreka gurutzatu eta eskuin aldera pasatzen gara.
Igotzen jarraitu eta bidea bitan banatzen den toki batera iritsiko gara (lekua
erraz identifikatzen da eskuineko bidearen alboan harri-bloke handi bat
dagoelako). Toki horretan, gure ezkerrean, jaiotzen den bidezidortxo bat hartu
behar da. Bide berri hori uhartxo lehor batean sartzen da. Adi egon behar da,
uharraren erdi aldera dagoen mugarri bat aurkitu behar da eta. Mugarria dagoen
tokian, berriro ere, ezkerrera jo behar da. Erdi ezkutatuta dagoen
bidezidortxoa jarraitu eta berehala gara bidearen oinarrian. Harri-bloke handi
baten azpian dagoen aterpe naturalean itzala eta gauzak uzteko tokia aurkituko
dugu.
L1
(25 m, 7 aseguru, 3c). Esku eta oinentzako euste-leku ugari dituen
plaka etzana.
L2
(30 m, 10 aseguru, 5a). Ipurua ikusten den toki aldera, emeki eskuin
aldera igotzen den plaka bertikala. Ipurura iristerakoan norabidea aldatu eta
ezkerrera jo behar da bilgunea aurkitzeko. Sabaitxo bat dago luzearen hasieran
eta bertan dago luzeko pasagune fina. Arroka-zubi txiki baten laguntzaz
baliatuz A0 modura egiteko aukera egon legoke.
L3
(30 m, 8 aseguru, 4a). Zatitxo batzuetan arroka soltea duen plaka
etzana.
L4
(30 m, 13 aseguru, 5c). Ongi estutu behar den pasagune fin pare bat
dituen plaka bertikala. Bilgunearen gainean, eskuinean, ikusten den kubeta hobe
da eskuinetik gainditzen saiatzen bagara. Bost eta seigarren aseguruen artean urrunketa
txiki bat. Ondoren gertuago daude aseguruak. Bilgunera iristen ari garela plaka
zertxobait etzan egiten da.
L5
(30 m, 6 aseguru, 4a). Eskuin aldera zeharkaldi horizontala egin
behar da laugarren asegurura iritsi arte. Ondoren zuzen igo ipuru batean egiten
den bilgunea aurkitzeko. Azken zati honetan arrokari arreta apur bat jarri
behar zaio, zertxobait hautsita dago eta.
Jaitsiera:
Oinez eskuinera egin eta gailurretik zelai batera
jaitsi. Bideari jarraitu mugarri batekin adierazita dagoen ageriko kanal bat
aurkitu arte. Hasieran dagoen kable batek eta kate batek ezpel batera eramaten gaituzte. Kanal estu eta malkartsu bat dago jarraian. Destrepa daiteke (delikatua), baina ezpelean soka dinamiko finko bat aurkituko dugu. Berataz baliatuta (oraindik egoera onean dago) azken 20-25 metroak rapelatzen dira. Beste aukera bat ezpelean gure soka jarri eta rapelatzea da.
Erreferentziaren batean kanala ferrata
bat izango balitz bezala adierazita
agertzen da, baina ez dago ez kablerik edo beste inolako ekipamendurik (guk
behintzat ez genuen aurkitu ezer). Komentario batengatik jakin dudanez, ematen du forestal batek desmontatu zuela. Hori dela eta agian reseñaren batean ferrata modura adierazia aurki dezakegu oraindik.
Kanalaren oinarritik, hormaren oina jarraitzen duen
bidezidor batetik jaitsi behar da.
Gauzak utzi diren tokira 15-20 minututan itzultzen da.
Materiala: 13-15 zinta
+ bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa:
Eki
aldea. Goi-goizetik eguzkia.
Iraupena: 2h.
Nork
ekipatua:
Luis Royo, Julio Benedé eta Gonzalo Arguedas, ekaina 2010.
0 comentarios:
Publicar un comentario