Egileek egin duten garbiketa-lana azpimarratu nahi dut (eta eskertu). Eskalatzen dugun askok, batzuetan, ahaztu egiten dugu ekipatzaileek egiten duten lana, gero guk ume modura gozatu ahal izateko. Ez bakarrik material-gastuan, baizik eta bidea egokitzen. Lagun batekin Lolita la Flamenca bidea errepikatzen ari ginela, 2021eko abuztuan, bidea garbitzen ari zirenean Juan Gutiérrez eta Miguel Angel Garciarekin topo egin genuen. Konturatzerako, aitzur txiki batekin, palanka batekin eta Katcher haize-makina batekin (uste dut zerbait gehiago zeramatela, baina ez dut gogoratzen zehazki zer) zebiltzan. Helduleku bakoitza aztertzen ari ziren, haize-makinaz lurra garbitzen eta harriak eta lurra beherantz botatzen. Han utzi genituen, eta han jarraitzen zuten gu kotxera iritsi ginenean Lolita egin, erlaitz handiraino eta eskaileretatik jaitsi ondoren. Titan batzuk.
Gogoan dut haiekin hitz egin genuenean
esan zigutela bidea erlaitz handiaren gainetik luzatzen saiatu zirela, baina
harria nahiko apurtuta zegoela eta bertan behera utzi zutela. Ikusten da ezetz.
Erlaitz handiko R5era iritsi ginenean, hara gure harridura, bideak jarraitzen
zuela zirudien. Internetetik jasotako erreferentzia guztiek zioten bidea hor
amaitzen zela. Batzuek Lolitatik jarraitzea proposatzen zuten. Baina R-ko
geziek eta ezkerretara ikusten den parabolt-lerro nabariak adierazten duten
bezala, bideak aurrera jarraitzen du. Eta hor sartu ginen. Ez genuen inolako
erreferentziarik, eta egia esan, nire ustez, lehen zatia baino hobea da. L6a
ederra da. Horregatik bakarrik merezi du bidea egitea. Hori bai, garbiketa lan
izugarri bat egin dute bertan. Hain dago garbitua, non mugitzen zen ezer ez
genuen aurkitu..
Juani eta Miguel Angeli bidea noiz argitaratzeko
asmoa zuten galdetu genien eta publiko egiteko denbora pixka bat beharko zutela
erantzun zidaten. Harrezkero, bidearen jarraipena egin nuen, argitaratu zuten
ala ez jakiteko, eta duela aste gutxi batzuk aurkitu nituen lehen
erreferentziak sarean. Bidea Lolita la Flamenca auzokidearen antzekoa da.
Luxuzko itsasgarritasuna duen arroka da, helduleku asko dituena. L4 eta L6
ederrak. Azken bi luzeak ere bai. Azken bi horiek elkartzeko aukera izango
litzateke, baina, agian, soken marruskadura handiegia izango litzateke. Bidea
begetazioaren artean doan arren, ez du molestatzen
Lehen zatiko bilera guztiak, erlaitz
handian dagoena izan ezik, leku erosoetan daude eta bi uztai dituzten bi
paraboltetan oinarritzen dira. Beraz, edozein unetan jaitsi daiteke bidetik. Erlaitz
handitik onena oinez jaistea da. Azken bileratik, 60 metroko 2 sokekin, guk
Lolita la Flamencako R8ra arte jaitsi ginen eta handik erlaitz handiraino.
Lolitaren R8a soka arrastaka bota ditzakeen harrien aurrean oso ongi babestuta
dago. Abantaila du du. Rapel hori garbituta dago (zuhaixka batzuk moztu
dituzte), erosoago izan dadin.
Iristeko
eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera. Alderantziz ere egin daiteke. Kotxea urtegiaren oinarrian utzi eta gero eskailerak jaitsi.
L1
(40 m, 16 aseguru, 5c). Pasagune fin pare bat dituen eta zuzen igotzen
den plaka bertikala. Jarraian eskuinera egiten den zeharkaldi luze bat. Hankak
ongi ireki behar den pasagune pare bat ditu (flexibilitate gutxikoak, ni
bezalakoak, estuago ibiliko dira).
L2
(25 m, 6 aseguru, 4a). Lehen zatia nahiko erraza harmaila
batzuetatik. Ondoren euste leku oneko plaka bat, zertxobait bertikalagoa.
L3
(35 m, 9 aseguru, 4c). Hasieran, emeki gora egiten duen zeharkaldi
labur bat egin behar da ezkerrera euste leku oneko plaka baten azpian jartzeko.
Garbiketa lan izugarria egin dute plaka horretan. Emeki inklinatuta dagoen
erlaitz moduko bat zeharkatu eta beste plaka bati ekin behar zaio. Hau ere
euste leku onekoa. Nire ustez aurrekoa baino errazagoa. R3 bilgunea
ezproitxoaren beste aldean kokatuta dago.
L3bis
(10 m, 2 aseguru, 3b). Emeki behera egiten duen zeharkaldi horizontal
laburra. Zertxobait zikina.
L4
(30 m, 10 aseguru, 5b). Etzana den plakatxo batekin hasten da eta
arroka trinkoz osatutako plaka bertikal batekin jarraitzen du. Luze oso polita.
Pena da agertzen duen lur apur hori, baina saihetsezina da euritik jasotako ura
bideratzen duen kanala izanik. Jendea pasa ahala eta garbitu ahala politagoa
bihurtuko da.
L5
(30 m, 7 aseguru, 4c). Luzeko pasagunea duen hormatxoa bilgunetik
irteteko. Arroka trinkoz osatutako harmaila batzuetatik jarraitzen du eta
eskuinera jotzen duen plaka oso etzan batetik amaitzen du (zertxobait lurkara).
Azken 10 metroak lurkarak. Bilgunea erlaitz handian (2 parabolt eraztunik
gabe). “Lolita la Flamenca” bidearen R6arekin komuna da.
L6
(40 m, 14 aseguru, 5a). Zeharkaldi diagonala gorakorra ezker aldera.
Ondoren euste leku oneko plaka bertikala. Garbiketa lan izugarria egin dute
hor. Terraza motz moduko bat zeharkatu ondoren beste plaka bati ekiten zaio,
hau ere euste leku onekoa eta antzeko zailtasunarekin. Bilgunea eraztunik gabe,
erlaitz handi batean.
L7
(30 m, 7 aseguru, 3c). Begetazioan garbitutako korridore batetik doan
plaka etzana. Bilgunea eraztunekin erlaitz handi batean.
L8
(20 m, 6 aseguru, 5a). Hasieran, erlaitz horizontalera igo arte,
pasagunetxo finen bat duen plaka labur bat. Ondoren, erlaitz estuari jarraituz,
eskuinera zeharkaldia.
L9
(20 m, 6 aseguru, 5a). Bere eskuinetik pitzadura baten laguntzarekin
igotzen den plaka zimurtua.
Jaitsiera: R)tik (3
parabolt, horietatik 2 eraztunekin) zuzen jaitsi (rapela garbiagoa izateko
zuhaixka batzuk moztu dituzte) “Lolita la Flamenca” bidearen R8ra jaitsi (eror
daitezkeen harriekiko ongi babestuta dago). Hortik beste rapel batekin erlaitz
handian egongo gara. Bertatik urtegira jaistea eta hortik eskailerak erabiliz
kotxera geratuko zaigu.
Materiala: 16 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta trabatzaileak ez dira
beharrezkoak, baina aukera ona izan daiteke beraiekin “jolastu” nahi baldin
badugu.
Arroka: Bere osagaian hare ugari duen kararria. Ukipen eta itsasgarritasun
ikusgarriak dituen harria. Trabatzaileak eta friendsak ipintzeko aproposak
diren pitzadura eta artesi ugari dituen harria da.
Orientazioa: Hegomendebaldea. Gutxi gorabehera 11:00tik aurrera eguzkiak ematen dio.
Udaran goiz ibili. Neguan eguerditik aurrera izaten da egokiagoa.
Iraupena: 4h.
Nork
irekia eta ekipatua: Juan Gutiérrez,
Miguel Angel Garcia eta Raquel Duran, 2021.
0 comentarios:
Publicar un comentario