© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2018/10/21

Xabier Mugikaren bloga (Smithyrenbloga) begiratzen ari nintzela Eginoko alde honetan ireki diren azken bideen aipamenekin aurkitu nintzen. Horietako bik (“Ekaitzean alaia” eta “La última meiga”) bigarren luzea semiekipaturik daukate, baina hirugarrena, eskuinago dagoena, ia dena ekipatuta dago. Bigarren luzeko hasierako 12-15 metroak izan ezik, luzearen beste zati guztia ekipatuta dago. Pena da hasierako metro horietan parabolt bat jarri ez izana. Nahiz eta arrokak autobabesteko aukerak eman, ez duzu guztiz lasai eskalatzen lehenengo asegurua jarri arte. Autobabesak jartzen ohituta bazaude eta horrela lasai eskalatzen baduzu, ez duzu arazorik izango tarte honetan. Luzearen gainerakoa aseguruak zertxobait urruti dituen plaka nahiko bertikal batez osatua dago. Mailarekin zertxobait justu bagabiltza, fisurero edota friends joko bat eramatea ez legoke gaizki, txapen artean zerbait jartzeko (autobabesak ipintzeko aukera ona dago). 
Luzeen zailtasuna nahiko homogeneoa da. Pena tarteko zatiak kentzen dion jarraitasuna. Bigarren luzearen hasiera nahiko zikina dago (landareak). Hortik pasatzerakoan batzuk kentzen baditugu, atzetik datozenentzako hobe.
Lehenengo luzea Berrocoso anaiek (Josema eta Ibanek) eta Iker Perez-ek ekipatu zuten, baina ez dakigu nork edo nortzuk ekipatu zuten bigarrena. Ez dakigu ere zein den bidearen izena. Norbaitek informazio hori badaki, eskertuko nioke esatea.
Bidea Eginora luzeak egitera hurbildu diren horientzat aproposa izan daiteke. Beste aukera bat, metroak egin nahi baditugu, Goxo-goxo bidearekin konbinatzea izan daiteke. Azken aukera, autobabesak ipiniz eskalatzea gustukoa badugu, “Ekaitzean alaia” eta “La última meiga” bideetako bigarren luzeak egitea litzateke (guk ez genituen egin beroak hormatik kanporatu baikintuen). Luze horien informazio zehatza Smithyren blogean aurkituko duzue.

Iristeko: Egino (edo Araia) herrira hurbildu eta bertatik Leze aldera.

Hurbiltzeko: “Sector de la fuente” aldera igo. Gure bidea kaltzita harrobia izan zenaren ezkerrean dago. Sektorearen aurrean garenean, metro batzuk igo eta berehala ikusiko ditugu lehenengo paraboltak. Kotxetik 10 min inguru behar dira hurbilketan.

L1 (25 m, 8 aseguru, 5b). Diedro motz batera iritsi arte, zertxobait zikina dagoen (hormatik isurtzen den urak ekartzen duena; jendea pasa ahala garbitzen joango da) plaka etzana hasieran. Ondoren, zuhaitz handi baten parean dagoen erlaitz batera iritsi arte, plaka nahiko bertikalez osatutako tartea (ongi babestua). Azken metroak errazak. Bilgunea katez elkartutako bi paraboltez eta jaisteko mosketoi batez osatua.
L1bis (20 m, 1 aseguru, oinez). Oinez egiten den zatia. Lehenengo metroak zuhaixka batean ipinita dagoen zinta batekin babestuta daude. Bilgunea lurrezko erlaitz handi batean dago (2 arroka-zubi sendoz indartutako parabolt 1)
L2 (35 m, 7 aseguru, 5b). Bilgunearen eskuinetik irten eta zuhaitzaren eskuin aldetik igo. Lehenengo metroak errazak dira, baina nahiko zikina dago (belarrak). Arreta jarri, badira oraindik mugitzen diren harri batzuk. Euste leku onak dituen plaka bertikal baten oinarrira iristen da. Plaka horren lehenengo 5 metroetan ez dago asegururik eta autobabestu egin behar da. Lehenengo parabolta bilgunetik 10-12 metrotara egon daiteke. Lehenengo zati horrek autobabesak jartzeko aukera ematen du (fisureroak edota friendsak ongi sartzen diren pitzadurak daude; zuhaitzean zintaren bat jartzeko aukera ere bada), baina faltan botatzen da parabolt bat.
Ondoren euste leku onak dituen plaka bertikal batetik jarraitzen du bideak. Aseguruak zertxobait urruti geratzen dira, baina arrokak aseguruen artean autobabesak jartzeko aukera ematen du. Azken metroak ez dira hain bertikalak. Euste leku oneko luzea. Bilgunea katez elkartutako 2 parabolt eta eraztunez osatua.





Jaitsiera: Bidetik rapelatuz. Kontuz, soka trabatzeko aukera dago.

Materiala: 8-10 zinta + bilgunerako materiala. Friends edota fisurero joko bat.
Arroka: Kareharria. 
Orientazioa: Hego-ekialdea. Egun osoan eguzkiak ematen dio. 
Iraupena: 1h. Jaisteko beste ordubete kontatu.
Nork ekipatua: L1 Josema Berrocoso, Iban Berrocoso eta Iker Perez, ots-mar 2017; L2 ezezaguna.

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario