© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2018/10/24

Berriro gara bueltan La Peña Predicaderan, bere eguzki eta arroka bikainaz gozatzeko. Oraingo honetan “Directa Eccos-Espolón Kantherbrau” eta “Felisin" bidearen lehen bi luzeak (hasiera batean pensatzen genuen "Furtivos de la roca” bidea egiten ari ginela) egin ditugu. “Directa Eccos” bidea “Espolón Guanchinfú” bidetik metro batzuk ezkerrera geratzen da. Arroka, beti bezala, luxuzkoa. Orain, udazkenean, eskalatzeko toki egoki eta aproposa. Bere orientazioa dela eta (hego-ekialdea) goizetik ematen dio eguzkiak.
“Espolón el cometa” bidea ez genuen egin, baina ikusi genuenagatik (Luichy-renkrokisera lotura) “Espolón Kanthenbrau” bidea baino ekipazio urriagoa du eta aseguruak oso urruti daude. Adibidez, lehenengo luzean dauden bi paraboltak bilgunetik irten eta 20 m ingurura daude. Bigarren luzeko plaka handian (25 metro inguru izan ditu) parabolt bat eta arroka-zubi bat bakarrik aurkituko ditugu.


Peña Predicadera Parque Natural de la Sierra y los Cañones de Guara barruan kokatuta dago. Eskalada arautzen duen agindu berriaren arabera (Ots 2016), urte osoan eskalatu daiteke horma hauetan.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

Directa Eccos + Espolón Kantherbrau (5c, 175 m, derrigorrez 5c)
“Directa Eccos” bidearen bi luzeak plaka bertikalez osatuta daude. Lehenengo asegurua lurretik 5-6 metrotara dago. Parabolta baino bi metro lehen dagoen pitzadura batean totem cam berde bat ipini daiteke. Gero autobabesak ipintzeko aukera gutxi dago. Beraz, fisutaz eta friendsetaz ahaztu gaitezke.
Directa Eccos bideko aseguruak ez daude ipinita ez urruti, ez gertuegi. Beraien artean eskalatu egin behar da. Lehenengo bilgunea Luichy-k (lotura) adierazten duena baino metro batzuk beherago aurkitu genuen, justu grieta-kanal zabala hasten den tokian.
“Espolón Kantherbrau” bidea galdor estu eta aereo bat da, baina polita. Zailtasuna ez da hain jarraia. Zati nahiko etzanak, horma-plaka bertikalekin tartekatzen dira. Lehenengo luzean aseguruak urruti daude, baina toki egokietan ipinita daude. Bigarren luzea hobeto aseguratuta dago eta asko gozatzen da.
Bilgune guztiak erosoak dira eta bi parabolt eta bi eraztunez osatuta rapelatzeko prestatuta daude. Hala ere, guk albokoa den “Espolón del cometa” bidetik rapelatu genuen. Gandorra zabalagoa da eta hortik rapelatzea erosoagoa egiten da.


L1 (20 m, 5 aseguru, 5c). Euste lekuak dituen plaka bertikala. Hala ere, euste leku horiek bilatu egin behar dira eta oinak ere ongi ipintzea garrantzizkoa da. Ez bazara oso altua euste leku on batzuk (urrutitik nabaritzen diren horietakoak) zerbait urruti geratzen dira. Bilgunea kanal modukoaren hasieran.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5a). Lehenengo eta bigarren aseguruen artean urrutiratzea. Zati honetan pitzaduran sartu behar da eta gorputza ongi ahokatuz (erdi herrestatuz) metroak irabazi behar dira. Ondoren euste lekuak dituen plaka bertikala. Hala ere, pauso batzuk nola eman pentsatu egin behar dira. Azken metroak oso etzanak, ia horizontalak.
L3 (45 m, 0 aseguru, 3a). “Espolón Kanthenbrau” bidearen oinarrira hurbiltzeko trantsiziozko luzea.  Zati luze batean ia oinez igotzen da (lau hanketan) bilgunetik irten eta 10 m ingurura dagoen erresalte txiki bat izan ezik (horrek ematen dio zailtasun maila luzeari). Alboan dagoen mini-ipuru batean zinta bat jarriz babes daiteke pasagunea.
L4 (40 m, 4 aseguru, 4c). Bilgunearen ezkerretik irten eta plaka labur bat gainditu. Ondoren, 5 m inguruko altuera duen horma-plaka batera iritsi arte, nahiko etzaten da, Hormatxo horretan biltzen dira luzearen zailtasun nagusiak. Kanal-gandor batetik jarraitzen du. Bilgunea gandorraren erdian.
L5 (35 m, 6 aseguru, 4c). Bere erditik kanaltxo modukoa duen gandor estua. Azken metroak errazak. “Espolón del cometa” bidetik rapelatzeko asmoa badugu, hobe da azken bilgunera igo baino eskuinera desbideratu eta “Espolón del cometa” bidearen R5 bilgunearen bila joatea.



Jaitsiera: Oinez, bidetik edo alboko bidetik (“Espolón del cometa”) rapelatuz.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak ez dira beharrezkoak. Agian lehenengo metroak babesteko.
Arroka: Kareharria (oso trinkoa den itsasgarritasun handikoa tillita)
Orientazioa: Hego-ekialdea.
Iraupena: 2h.
Nork irekia: “Directa Eccos” Jesús Berges eta Max Garralaga, 1985;  “Espolón Kantherbrau” Felix Lambán eta Max Garralaga, 1985.


Felisin (5a, 75 m, derrigorrez 4b)
Hasiera batean "Furtivos de la roca" bidea egiten ari ginela pentsatzen genuen eta bidea R2an amaitzen zela, baina gero Oscar Builek emandako argibideekin nahastuta ginela ohartu ginen. Horrengatik daude lehen bi lezeak soilik aipatuta. Bideak beste hirugarren luze bat du (A0), baina ekipatu gabe dago. 
L1 eta L2 luzeek osatzen duten zatia  motza da, baina oso polita. Alboko bideren bat egin eta eskalatzeko gogoarekin geratzen bagara, hau izan daiteke eguna amaitzeko aukera. Arrokaren kalitatea estra-plus-gehi. Ongi ekipatua. Ez da estutasunik pasatzen.
Bilguneak erosoak eta potenteak, bi parabol eta bi eraztunez osatuak. Beraz, bidea rapelatzeko prestatuta dago.
“Jabali errante” bidetik jarraitzeko aukera ere badago. Bide batetik bestera pasatzeko ez dago inongo arazorik.
"Furtivos de la roca" bide honetako parabolt lerroaren eskuinera geratzen da. Egilearen arabera ekipatua dago, bi luze ditu eta 5b-ko zailtasuna.


L1 (40 m, 6 aseguru, 4b). Arroka trinkoz osatutako plaka. Zerbait etzana eta aseguru nahikorekin. Erresalte txikitxo bat gainditu ondoren asko etzaten den plaka luze bat dator. 
L2 (35 m, 8 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta berehala sabeltxo bat aurkituko dugu. Bertan dago luzeko pasagune gogorrena. Gero plakak eta sabeltxoren bat. Arroka luxuzkoa denez eta ongi babestua dagoenez asko disfrutatzen da.






Jaitsiera: Bidetik rapelatzen.

Materiala: 8 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak ez dira behar.
Arroka: Kareharria (oso trinkoa den itsasgarritasun handikoa tillita)
Orientazioa: Hego-ekialdea.
Iraupena: 50 min.
Nork irekia: Joaquín Floria y Jorge Castaño. 
Nor birrekipatua: Oscar Buil


Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario