Sendero Límiteko lagun nekaezinen beste bide bat. Azken
urte hauetan eskaladako bide onak gustatzen zaizkigunentzat erreferentzia
bihurtu dira. Eskertzekoa da hartzen duten lana.
Azken bide hau GOXOKI bat da (letra larriz). Hurbilketa
labur bat (15 min), zailtasuna atsegina, luxuzko ekipazioa (aseguru guztiak
behar diren tokian jarrita daude; ekipazioa eskalada eskola batekoa dela esan
genezake) eta aparteko kalitate duen arroka ditu.
Noizbehinka zati bertikal motz batzuk izan arren,
eskalada gehiena plaka etzanetatik egiten da. Beheko luzeak zertxobait
trantsiziozkoak dira, baina laugarren luzetik aurrera gauza asko hobetzen da
eta luzeak oso politak dira.Pena bat da hain azkar amaitzea. Luzeak elkartzeko
aukera dago. Guk L3-L4, L7-L8 eta L9-L10 luzeak elkartu genituen, baina bete
aukera batzuk egon daitezke.
Asko errepikatuko den bidea izango dela uste dugu.
Eskalatu ez duen jendea eramateko, bide luzeetan eskalatzen hasteko edo
ikastaroak emateko bide aproposa. Ez dago altuera sentsazioa eta Bainuetxe aldera
eta Garmo Negro aldera da dauden bistak zoragarriak dira.
Iristeko: Panticosako Bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra aterpearen aurrean
dagoen aparkalekuan kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Aterpe atzean jaiotzen den GR bidezidorra hartu eta La Reina behatokira igo
(10 min). Metro batzuk aurrerago (50 m ingurura) bidegurutze batekin egingo
dugu topo (zutoin bat dago). Eskuinera
hartu, errekara hurbildu eta zubia gurutzatu. Zubia gurutzatu eta berehala
ezkerrera egin eta 10-15 metrora aurkituko dugu bidearen hasiera (2 pinuen
alboan).
L1 (30 m, 7 aseguru, 5a). Helduleku onak dituen sabaitxoa hasieran. Zertxobait ezkerretik ekinez
hobe gainditzen da. Ondoren heldulekuak dituen horma bertikal batek plaka oso etzan
batean uzten gaitu. Plaka goroldio beltzez zertxobait hartuta dago, baina ez du
eragozten. Bilgunea harriaren irtengune batean.
Luze hau hurrengo luzearekin elkartzeko aukera dago,
baina horrela eginez bikotearen arteko komunikazioa ezinezkoa da (ez zara
entzuten errekak egiten duen soinuarengatik). Hobe bilgunea hemen egitea.
L2 (35 m, 5 aseguru, II). Belarrak eta goroldioak (ez dute
eragozten) zertxobait hartutako plaka oso etzana. Plakan eskuin aldera igo
behar da eta hain etzana da ia oinez igotzen dela.
L3 (20 m, 3 aseguru, 4b). Bi
paraboltekin oso ongi ekipatuta eta itsasgarritasunezko pasagunetxo bat duen
plaka labur bat. Beste guztia trepada bat.
L4 (25 m, 3 aseguru, 3a). Plakatxo
labur batek helduleku ugari dituen horma
bertikal labur baten aurrean uzten gaitu. Guztiz horizontala den plataforma
harritsu batera irteten da. Bilgunea aurkitzeko zuzen igo.
L5 (30 m, 7 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko
plaka bertikala hasieran helduleku onekin. Gero plaka etzaten joaten da.
L6 (20 m, 4 aseguru, 4c). Hasieran
zimurrez josita dagoen granitozko horma bertikal motz bat. Ondoren plaka
etzaten doa.
L7 (20 m, 5 aseguru, 5a). Bilgunetik
irteteko sabaitxo bat. Bertan dago luzeko pasagunea. Ondoren plaka gozagarri
bat.
L8 (20 m, 6 aseguru, 4c). Zati bertikal motz bat “s” forma duen pitzadura
zabal batekin. Oso ongi babestua. Aipamen originalean egileek 5b zailtasun
maila ematen diote, baina guretzat askoz errazagoa iruditu zitzaigun. L7 eta L8
luzeak elkartu genituen eta pasagunetxo zailena L7ko hasieran dagoen sabaitxoa
iruditu zitzaigun.
L9 (20 m, 2 aseguru, II). Ia oinez
igotzen den plaka oso etzana. Pinu batzuk dituen plataforma belartsu zabal
batera irteten da. Horietako batean bilgunea egiteko aukera dago (pinu batek
Sendero Limite izena idatzita daukan zinta gorri bat dauka) edo zertxobait
atzerago, hurrengo harrizko plakaren oinarrian (parabolt 1).
L10 (20 m, 2 aseguru, II). Arre
kolorea duen intrusio magmatiko batez osatutako eskailera batzuk hasieran.
Ondoren pinuak dituen plataforma
belartsu zabal batean uzten gaituen plaka oso etzana. Bilgunea pinu horietako
batean. Azken bi luze hauek hobe da elkartzea, ez du pena merezi bakoitza bere
aldetik egitea.
Jaitsiera: Oso etzana den plaka batetik metro batzuk oinez metro batzuk igo eta mugarri batzuk ikusiko
ditugu (bai eskuinean, bai ezkerrean). Eskuin aldera jaitsi eta minutu pare
batean bidezidor argi eta zabal bat ikusiko dugu (“camino Machos”). Bide hori
jarraitu eta 20 minututan zubian izango gara. Beste 10 minutu beharko ditugu
aparkalekura iristeko.
Materiala: 7-11 zinta (luzeak
elkartzen badira edo ez) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fiseroak ez
dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 2h15min.
Nork ekipatua: Carlos Budría, Jesús Escartín, Luis Royo eta Julio Benedé, iraila 2018.
0 comentarios:
Publicar un comentario