Zonalde honetara egin dugun lehen bisitaldian ustekabe
polita izan dugu. Lekua oso lasaia da, mendiko giro eder batekin. Eskalada oso
trinkoa den gneis arrokan burutzen da eta lehenengo bilgunetik aurrera eskuentzat
buzoi moduko helduleku pilo bat erakusten ditu (esku batetik zintzilikatzean zu
eta kamio bat eusteko gai izango diren helduleku horietakoak dira; izugarrizko
konfiantza ematen dutenak). Oinentzat ere beti daude erlaitz txikiak. L1ean
liken beltz apur bat aurkituko dugu, baina ez du eragozten. Bideak gainera bigarren luzeko zati batzuetan kuartzitako inkrustazio oso
politak agertzen ditu. Hori bai, luzeak nahiko luzeak dira. 60 metroko soka
batekin ongi egiten da, baina lasaiago ibiltzeko hobe 70 metroko soka bat
erabiltzea. Aipamen batzuetan bigarren luzeari 5 c zailtasuna ematen diote,
baina guri askoz errazagoa iruditu zitzaigun. Nahiz eta bertikala izan
hainbeste helduleku daude ez dela estutasunik pasatzen. Guk 5b zailtasuna eman
diogu, baina agian zertxobait errazagoa izan daiteke.
Mugarria bidearen oinarrian (oso nabaria den plakatxo
leun baten alboan). Gure eskuinean diedro lauso bat dago (zertxobait belarrez
hartuta) eta zertxobait eskuinago parabolt berriz ekipatutako lerro bat. Gure
bidea 8 mm-ko parabolt eta txapa txikiz ekipatuta dago. Lehenengo txapa justu
lehenengo sabaiaren gainean ipinita dago. Bideko txapak arrokarekin asko
mimetizatzen dira eta batzuetan zaila da hurrengo ikusten.
Hain eskalada polita izanik horma honetako bideei buruz Interneten dagoen informazio urriak
harritu gaitu. Agian duen hurbilketa luzeagatik izan daiteke, baina guri pena
merezi duela iruditu zaigu. Itzuliko garelakoan nago. Bide batzuk geratzen dira
eta oraingoa bezain politak badira seguru nago asko gozatuko dugula.
Iristeko: Camprodón herritik Vallter aldera igo. Errepidearen amaierara iritsi
baino zerbait lehenago, d’Ulldeter aterpera igotzeko bidearen hasieran dagoen
aparkalekuan kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Bide nabari batetik aterpera igo eta ondoren Marrana lepora (kotxetik 1 h
inguru). Coma de Vaca aterpe aldera jaitsi (hasieran hego-mendebaldera eta
ondoren, bailaran, hego aldera). Beste ordu inguru beharko dugu bidearen
oinarrira iristeko (kotxetik 2 h inguru).
L1 (55 m, 10 aseguru, 5b). Helduleku oneko sabaitxoa hasieran eta ondoren dena plaka trinkoak. Zati
batzuetan liken beltz apur bat geratzen da, baina ez du eragozten. Luzea
ezkerretik datorren beste luze batekin gurutzatzen da (txapa berri bat duen
long life batekin aurkituko garelako ohartuko gara). Bilgunea plataforma
belartsu zabal batean dago. Bilgunea (bitxia) txapa luze batean torlojututa
dauden 8 mm-ko 2 paraboltez eta eraztun batez osatua dago.
L2 (60 m, 11 aseguru, 5b). Lehenengo paraboltak txapa berria
du, beste guztiak ez. Helduleku onak dituen harmailak hasieran. Sabai laranja
baino metro batzuk lehenago luzea bertikala
jartzen da eta horrela jarraitzen du sabaia pasa eta hainbat metro pasa arte.
Hala ere, zati horretan bai eskuentzat, bai oinentzat heldulekuak oso ugariak
dira eta ez da estutasunik pasatzen. Sabaia oso ongi gainditzen da bere
ezkerretik. Bederatzigarren asegurutik aurrera zailtasuna gutxitu egiten da eta
helduleku ugariak dituzten harmailetatik igotzen da. Bilgunea plataforma
belartsu zabal batean dago. Bilgunea txapa luze batean torlojututa dauden 8
mm-ko 2 paraboltez eta eraztun handi batez osatua dago.
L3 (50 m, 6 aseguru, 4b). Gutxi definituta dagoen ezproi etzan bati jarraitu helduleku pilo bat
dituen harmailetatik igoz (erraza). Zailtasuna hurrengo asegurua aurkitzean
datza. Bosgarren paraboltaren inguruan zertxobait gehiago pentsatzea behartzen
duen pasagunetxo bat dago. Aurreko eta ondorengo guztia erraza eta gozatzekoa.
Bilgunea gailurrera iritsi baino zertxobait lehenago, soka batekin elkartutako
bi espit handiekin osatua.
Jaitsiera: Aipamen batzuetan bidea rapelatuz jaisten dela aipatzen dute, baina ez du
pena merezi. Oinez egiten den jaitsiera azkarrago eta modu seguruago batean egiten
da. Horretarako belarrezko gandorrari
jarraitu eta eskuinean geratzen den belarrezko lepora hurbildu. Bertatik
nabariena ikusten dugun tokitik jaitsi (bidezidor baten arrastoak hainbat
zatitan). Jaitsiera horren hasieran ur garbia eta freskoa duen iturri bat dago.
Bidearen oinarrira iristeko 15
min inguru beharko ditugu.
Materiala: 11 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Gneis trinkoa. R1etik
aurrera helduleku pilo batekin.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Goizez itzala. Eguerditik aurrera eguzkia (udaran).
Iraupena: 1h45min.
Nork ekipatua: Roger Olmos, Miguel Gonzalez eta Gustavo Mañez, 2005eko udara.
0 comentarios:
Publicar un comentario