© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/06/22

Hobetzen doan bidea. Arroka trinkoa, oso kalitate onekoa. Azken luzeko lehen metrotan dagoen horma labur bat izan ezik, plaka etzanetatik eskalatzen da. Gainera arrokak oinentzat oso aproposak diren erlaitz zabalak agertzen ditu. Ongi ekipatua. Eskalatzen jarraitzeko gogoarekin uzten zaitu. Hala ere inguruko beste bideren batekin osa daiteke eguna.

Bideak bilgune modernoak (bi parabolt eta 2 eraztun berriz osatutakoak) eta itxura zaharragoa dutenak konbinatzen ditu. Azken hauek 2 parabolt eta eraztunez osatuta daude, baina txapen ordez plaka metaliko gorri batzuk dituzte. Riglosean aurki daitezkeen bilguneen modukoak dira. Hori gogorarazi zidaten behintzat. Bilgune modernoak ipinita dauden tokiak kontuan izanik, uste dut rapelatzeko prestatuta daudela. Hala ere, erosoagoa eta azkarragoa da oinez jaistea.

Hirugarren bilgunetik bidea uzteko aukera dago. Bilgunearen ezkerrean, 5 metro ingurura, kable bat dago. Kable horrek delikatua izan daitekeen zati txiki bat igarotzeko balio du. Zati hori gainditu ondoren oinez jaistea soilik geratzen da.

Zati batzuetan “zailtasuna” hurrengo asegurua aurkitzean datza (arrokarekin oso ongi mimetizatzen dira). Orokorrean kanalaren zentrotik bi metro inguru ezkerrera kokatuta daude.

Eguzkiak ematen dio, goiz-goizetik. Udaberri eta udazkenerako aproposa. Udaran hobe arratsaldeko azken orduetarako uztea (itzala). Bidearen izena hormaren oinean aurkituko dugun plakatxo metaliko batean dago.

 

Iristeko: Calcena herrira hurbildu. Herria zeharkatu eta hirurehun  metro aurrerago (Tiergatik bagatoz) edota herrira iritsi baino lehen (Cueva de Agredatik bagatoz) bidegurutze eta zubi bat daude. Zubiaren alboan 3-4 kotxerentzat aparkatzeko lekua dago. Aurrerago, errepidearen ertzean aurkitzen diren espazio batzuk aprobetxatuz, aparkatzeko aukera dago ere. Kotxe batentzat edo birentzat tokia duten lekuak dira (beteta egon daitezke).

 

Hurbiltzeko: Kotxea uzten dugun tokitik, errepidez, hormaren oinarrira hurbildu. Guztira 3-5 min beharko ditugu.

 

L1 (35 m, 6 aseguru, 3c). Kanalaren ezker aldetik metro pare bat ingurura igotzen den eta erresalte txikiren bat duen plaka etzana. Arroka trinkoa da eta oinentzako erlaitz ugari aurkezten ditu.

L2 (30 m, 9 aseguru, 4a). Bilgunetik irteteko 3-4 metroko hormatxoa. Euste leku onak ditu. Lehen asegurua ezkutuan dago (ez da ikusten bilgunetik) eta bigarrena erdi ezkutuan (hormatxoaren irteeran, ezkerrean). Lehen hormatxo hori gainditu ondoren, beste bat dago, baina aurrekoarena baino txikiagoa. Ondoren plaka batetik igotzen da. Lehen metroetan zuzen eta ondoren ezker aldera egiten den zeharkaldi gorakor bat eginez.

 

L3 (30m, 8 aseguru, 4b). Plakatxo etzana hasieran. Ondoren plaka bertikal-semikanala. Zati hori gainditu ondoren, luzea eskuinetik ezker aldera igotzen den plaka batean amaitzen da. Luze osoan euste leku onak daude eskuentzat eta erlaitz onak oinentzat.

L4 (15m, 5 aseguru, 4c). Euste leku onak dituen 4-5 metroko horma bertikala hasieran. Kanpo aldera tiratzen du zertxobait. Ondoren zulo ugariko eta arroka trinkoz osatutako plaka. Bilgunea gailurra baino 5 metro lehenago dago. Plaka metaliko gorriak dituzten 3 paraboltez osatuta dago.

 




Jaitsiera: Gailurretik gure aurrean dagoen lepotxora hurbildu. Bertan, eskuin aldera egin behar da eta erresalte txiki bat jaitsi. Hori jaitsi ondoren ageriko bidezidor bat aurkituko dugu. Jarraitu hori. Zertxobait aurrerago beste erresalte bat aurkituko dugu (aurrekoa baino zertxobait handiagoa), hau kate batez hornitua. Katearen laguntzarekin jaitsi eta bidezidorrari jarraituz 7 minututan errepidean egongo gara. Hortik kotxea utzi dugun tokiaren arabera beste 1-5 minutu beharko ditugu kotxera iristeko.

 

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Fisuak eta friendsak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kararria.

Orientazioa: Hegomendebaldea.

Iraupena: 2h.

Nork irekia eta ekipatua:

 

Cambiar idioma (Castellano)


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario