© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta Zaragoza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Zaragoza. Mostrar todas las entradas

2026/03/24

Bideen zerrendarako lotura

Plaka handian luzeak dituen beste bide bat. Bere alboko "Marisol y los infartados" bidearen antzekoa da, baina zailtasun puntu bat gehiagorekin. Vodka Taldeko bide guztiak bezala, oso ondo ekipatuta dago.
Hiru luzeak politak dira, baina egia da lehena eta azkena zerbait gehiago direla. L3aren tarte labur batean harkaitzak ez du konfiantza handirik ematen, baina oraindik jende asko pasatu ez delako da. Ondo babestuta dago, eta hobera egingo du jendea pasa ahala.
Bidea hornituta dago rapelatu ahal izateko, baina erosoagoa eta azkarragoa da oinez jaistea.
Txapa horiak.

Iristeko eta hurbiltzeko: Chodesetik trenbideko aparkalekura hurbildu. Minutu batean bidean gaude. Ez dago galerarik, bidearen izena duen plaka bat dago bere oinarrian.


L1 (35 m, 15 aseg., 6a).
Arroka trinkoko hiru plaka bertikal, pasagune fin batzuekin. Guretzat tarterik gogorrena lehenengo ipuruaren gainean dagoen plaka izan zen. Azken plakak ere badu bere gauza, baina aseguruen eskuinaldetik egiten uzten da. Lehen parabolta altu samarra.
L2 (20 m, 9 aseg., 5b). Arroka beltzez osatutako plaka hasieran, oso zaila izan gabe, ebatzi ahal izateko pentsarazten dizuna. Gero, ezkerretara eginez igotzen den diedro etzan batek plaka erraz batean uzten gaitu. Hori gaindituta, erlaitz batera iristen da, eta bertatik helduleku onak dituen horma-sabel bati erasotzen zaio. R katearekin elkartutako bi parabolt.
L3 (30 m, 12 aseg., 5c). Harmailak, erresalte laburrekin hasieran. Tarte horretan harri solte pixka batzuk aurkituko ditugu. Gero, plaka etzan batek harri-bloke handi baten oinarrian uzten gaitu. Harri-bloke handian dagoen parabolta xaflatu ondoren, ezproiaren ezkerreko plakara irten behar da. Plakaren azken zatitik, ezproiko plakara atera arte, harkaitzak ez du konfiantza handirik ematen (oraindik basati samar dago; hobera egingo du jendea pasa ahala), baina tartea ondo babestua dago. Arroka on eta zimurtsua duen ezproiaren plakatik igo. Ezproia gaindituta, gandor txiki batek amaierako R-ra eramango gaitu.




Jaitsiera: Oinez. Gailurrera igo eta aurrera jarraitu. Pixka bat ezkerrerantz eginez jaitsi (Peña de los Túmulos aldera) eta 8 minututan bide nagusian egongo gara. Beste 3-4 minutu autoan. Jaitsiera azkarra eta erosoa.

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.
Iraupena: 1 h 30 min.
Nork irekia eta ekipatua: Equipo Vodka. Lehen luzea 2017an, eta gailurreraino 2022an.

Cambiar idioma (Castellano)

 

2026/02/16

Bideen zerrendarako lotura

Equipo Vodka taldearen beste bide bat plaka handian, Moratan hainbat luzetako bide bat egiteko aukera ematen duena.

Bide nahiko erraza. Zailtasunean gogorrena eta mantenduena lehenbizikoa da, bertikala eta arroka trinkoa duena, bigarren zatian diedro polit batekin. Gainerakoa erresalte segida bat da plaka etzanetatik zehar. Hiru luze hauetako zenbait zatitan harri solteak daude. Luze hauetan ikusten da ez dela jende asko pasatu, eta harkaitza, ona bada ere, oraindik basati samar dago. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

Bidea hornituta dago rapelatua izateko, baina ez dugu gomendatzen. Aukera asko dago harriren bat botatzeko sokarekin eta hormaren oinarritik mugitzen den jende kopurua ikusita, arriskutsua izan daiteke.

Bideak txapa gorri granate itzaliak (edo marroiak) ditu, berde koloreko batzuekin tartekatuta (Gran travesía bidekoak direla uste dut).

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Chodes herritik trenbideko aparkalekura hurbildu. Minutu batean bidean gaude. Ez dago nahasteko aukerarik, bidearen izena duen plaka hormaren oinarrian baitago.

 

L1 (35 m, 14 aseg., 5c). Harri trinkoko plaka bertikala, zulo dezente dituena. Zatitxo fina diedrora iritsi aurretik. Diedroa ezkerreko plakaren laguntzaz (oinetarako) eta eskuineko plakan (diedrotik kanpo) dauden euste lekuekin igotzen da. Diedro polita. Diedroa gaindituta, plaka batek bilgunean uzten gaitu. Pasagunetxo fin bat Rra iritsi baino lehentxeago.

L2 (30 m, 11 aseg., 4c). Zailtasuna lehenengo 4 metroetan kontzentratzen da (zertxobait bertikala den plakatxo bat). Gero, plaka etzan bat, zertxobait eskuinerako joerarekin igotzen dena. Luzearen erdialdera R bat aurkituko dugu. Eskuineko bidearena da. Luzearen amaieran, diedro labur bat bloke handi batean. Azken metroak nahiko harri soltea duen harmaila etzan batetik.

L3 (25 m, 5 aseg., 4b). Oro har, harri oneko hiru erresalte. Luzeraren lehen zatian harmaila batzuk daude, eta hobe da eskuinetik saihestea. Hor harriaren kalitatea txarra da eta harriren bat botatzeko aukera dago.

L4 (20 m, 3 aseg., 4a). Hasieran, amaierako plaka motzaren oinarrian jartzeko, oinez igotzen den zatitxo bat. Azken plaka nahiko etzana da eta euste leku onak ditu. Ez joan eskuinean ikusten den plaka nabarmenerantz (bi parabolt ikusten dira). Bar Vodka bidearen irteera da.

 




Jaitsiera: Oinez. Emeki ezker aldera eginez jaitsi (Peña de los Túmulos aldera) eta 8 minututan bidezidor nagusian egongo gara. Beste 3-4 minututan kotxean gara. Jaitsiera azkarra eta erosoa.

 


Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoa. Udan bero handia.

Iraupena: 2h 15min

Nork irekia eta ekipatua: Carmelo Torrijo-k duela urte batzuk ireki zuen. Equipo Vodka-ko taldekideek birrekipauta 2023ko martxoan.


Cambiar idioma (Castellano)

 

2026/01/17

Bideen zerrendarako lotura

Goi-mendi erako bidea, beti helduleku onak dituzten bloke handien gaineko eskalatzen dena. Hainbat lekutan pixka bat "nabigatu" egin behar da bide zuzena aurkitzeko. Pausagune atletikoren bat, baina, oro har, euste leku onekin. Pirinioetako gandorrak gogorarazi zizkidan.

Harkaitza kuartzitan aberatsa den gneis da, bloke handietan zatikatua dagoena. Haitz motagatik, autobabesak jartzeko aukera asko dago. Friendsak oso ongi sartzen dira.

Bide luze samarra. Dituen bi sekzioekin eta rapelekin, egun osorako jarduera polita suertatzen da.

Egun hodeitsu batean sartu ginen, eta arratsalderako euria emana zegoen. Ez zen horrela izan. Azken luzean euria erruz egiten hasi zen, eta R8ko bilgunearen irteeran dagoen  pareta bertikala eskalatu ondoren (2 parabolt), bidea utzi genuen lurrezko erlaitz zabal batetik (eskuinetara). Horregatik, L9ko aseguru-kopurua orientagarria da (beste erreferentziaren batean ikusitakoaren arabera jarri ditut).

Eskalada abenduaren 1etik uztailaren 15era arte araututa dago, hegaztiek habiak egiten dituztelako. Uztailaren 16tik azaroaren 30era bitartean bakarrik (biak barne) eskala daiteke.

 

Iristeko: Embid de la Ribera herrira hurbildu. Paracuellos de la Riberatik CV-901 errepidetik hurbilduta, errepidea herriaren azpitik igarotzen da. Herria zeharkatu eta trenbidearen azpitik igaro aurretik, zementuzko pista bat hartu, ezkerrera, ibairantz jaisten dena. Pistatik jarraitu, tren geltokia pasa eta futbol zelairen alboan dagoen zabalgunera iritsi arte jarraitu. Autoa bertan aparkatu.

Hurbiltzeko: Zubitik trenbidearen beste aldera gurutzatu eta zubia zeharkatu bezain laster jaiotzen den bidezidorra hartu. Bidezidor horretatik igo (hasieran ezkerrerako joera izan arren), lepo baten aurretik aurkituko dugun eroritako ukuilu batera iritsi arte. Lepoaren beste aldera igaro eta almendrondo batzuen gainetik doan bidezidorretik igo. Bidezidorrak ez du galerarik eta ertzaren oinarrian uzten gaitu. Bidearen azken zati hau polita da, plataforma harritsu zabalen gainean pasabide politen bat baitu. Guztira autotik 35 bat minutu inguru beharko ditugu.

 

L1 (25 m, 2 aseg., 4a). V itxura duen pasagunera iritsi arte harrizko blokeak. Pausagune atletikoa, baina helduleku onekin. Luzeraren lehenengo 10 metroak zertxobait bertikalak dira. Gainerakoak horizontalak dira eta oinez egiten dira. Harrizko mugarri baten aurretik dagoen mokodun harri-bloke handi batean egiten da bilgunea.

L2 (60 m, 3 aseg., 4b). Harri-blokez osatutako gandorretik igo, parabolt batekin babesturako plakatxo batera iritsi arte. Pixka bat gorago, zati horizontal labur batera iritsiko gara, sabai baten azpian dagoena, non bilera egin (bloke batean) eta luzea zatitu daitekeen. Sabaia ezkerretik erasotzen da, parabolt batez babestutako plakatxo batetik. Luzeko pasagunerik gogorrena da. Plakatxoa gaindituta, gandorrera irtengo gara. Harri-blokeak berriro, Rra iritsi arte (2 paraboltez osatua).

L3 (35 m, 0 aseg., 4a). Bileratik irten bezain laster, tarte horizontal bat. Gero, harri-blokez osatutako gandorra, eskuinerantz pixka bat eginez igotzen dena. Tarte horizontal batera irtengo gara. Amaieran, bloke handi baten atzean, bilgunea (eta 1. rapela) dago.

 

15 metro inguruko rapela. R3tik L4a bertikala ikusten da, baina ilusio bat da. Oinarrian gaudela, nahiko etzana dela ikusten da.

 

L4 (40 m, 6 aseg., 5a). Harri-blokeak pixka bat altu geratzen den lehen asegururaino. Bloke handien artean igotzen jarraitzen da, harri-bloke handi batera iritsi arte (2 paraboltek babesten dute), Bertan luzeari gradua ematen dion pasagunea dago. Bilera bloke handi hori gainditu bezain laster aurkituko dugu.

 

Gailur horizontal handira igo. Bere erpinean, bigarren rapelaren instalazioa aurkituko dugu (27-30 m ingurukoa). Rapelatzean, putre-habia huts baten albotik igaroko gara. Pentsatzen dut denboraldi hasieran putrearekin topo egiteko aukerak handiagoak direla. Rapelatzen ari zaren bitartean hegaztiarekin topo egitea sekulakoa izan behar du.

 

L5 (45 m, 2 aseg., 4a). Harri-bloke handiko harmailak, parabolt batek babestutako plakatxo batera iritsi arte. Gero, gandorraren eskuinetik igo eta zeharkaldi horizontal erraz bat egin, baina pasagune delikaturen bat duena. Autobabesak jartzeko tartea, beste ezer baino gehiago bigarrenean pentsatuz. Bilera lepoan, harri-bloke handi batean.

L6 (25 m, 9 aseg., 5c). Bidearen luze gakoa. Erdian plaka bertikal bat du. Parabolt batzuen artean, psikologikoki ondo etor daitezkeen spit oso zaharrak aurkituko ditugu.

Luzea plaka "lelo" batekin hasten da, lurretik altxatzeko oinez fidatzeko pasagune txiki batekin. Gero, harri-bloke handiak, plakaren oinarrira iritsi arte. Ezkerrera pasatzeko eta plakaren oinarrian jartzeko beste pasagune lelo bat. Plakaren lehen paraboltari helduta A0 modura egiteko aukera dago. Plakaren amaieran, spit zahar batek babesten duen sabai txiki bat dago. Bertan estutu egin behar da (luzeraren pasagune gogorrena). Gero diedro etzan bat, eskuineko pitzaduran banaresa bat eginez, ondo igotzen dena. Bi paraboltez osatutako bilgunea. Alboan beste R bat, spit-ez osatua.

L7 (25 m, 0 aseg., 3c). Harri-bloke handiz osatutako gandorra. R7 plataforma batean egiten da, Friends batekin edo zuhaizti batekin indartu daitekeen bloke handi batean.

L8 (20 m, 3 aseg., 5b). Harri-bloke handiz osatutako gandor bertikala. Lehenengo asegurua lurretik 8 m ingurura dagoen iltze zahar bat. Bigarren parabolt txapatu ondoren, ezkerrerantz zeharkaldi horizontal labur bat egin eta plakara irten. Bilgunea plataforma zabal batean egiten da.

L9 (40 m, 2 +? aseg., 5b). 8 metro inguruko horma bertikal pitzatua, helduleku kamutsekin. Gainerakoa, beste erreferentzia batzuen arabera, gandor batetik doa, harri-bloke handitan, parabolt batekin edo batzuekin (ezin dut esan zenbat). Gu plataforma batetik atera ginen (eskuinetik) euri asko egiten hasi zitzaigulako.

 







Jaitsiera: Oinez (30 min).

 

Materiala: 12 zinta (batzuk luzeak) + bilgunerako materiala. Friends eta pitzatzaile sorta bat eta zinta batzuk.

Arroka: Gneis, kuartzitan aberatsa.

Orientazioa: Mendebaldea.

Iraupena: 3h 45min

Nork irekia: L. Garchitorena, C. Tomás eta M. Oroz.

 

Cambiar idioma(Castellano)

2025/12/24

Bideen zerrendarako lotura

Bigarren luze politak dituzten bide laburrak. Bi bideetako lehen luzea plaka bat da, helduleku onak dituen erresalte edo sabai txiki batekin erdi aldera. Bigarren luzeak, berriz, kalitate oso oneko arroka batez osatutako plaka trinkoen gainean ematen dira. Arroka horrek zulo txiki dezente ditu.

Pentsatzen dut Jesus Yarzak eta lagunak ekipatutako bideak direla. Norbaitek horri buruz informazioa emango balit, eskertuko nioke.

 

Iristeko: Chodes herritik hormetara hurbildu eta trenbidearen ondoan dagoen aparkalekuan aparkatu kotxea.

 

Hurbiltzeko: Bi minutuko tartetxo batean bideen oinarrian gaude. Ezinezkoa da nahastea. "Evaragon.com" bidearen izena, bide-oinean itsatsitako plakatxo batean ipinita dago. Ezkerretara geratzen den lerroa "Carlos Ballabriga" bidearena da.

 

Carlos Ballabriga (5b, 45 m, derrigorrez 5a)

Bidea "Evaragon.com" bidearen metro eta erdi inguru ezkerretara hasten da. Lehenengo txapa harriarekin mimetizatuta dago eta zaila da ikustea. Txapak etxekoak diren lerro batetik hasten bagara, oker goaz. Gure lerroa eskuinerago doa.

 

L1 (25 m, 7 aseg., 4c). Harri trinkoko plaka hasieran. Gero mini sabaitxo bat haitza apur bat apurtuta duena, baina ondo babestua. Gero plakatxoak eta harmailak Rra iritsi arte. Bigarren zati honetan harkaitza oraindik "basati" samar dago. Ikusten da ez dela jende asko pasatu. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

L2 (20 m, 7 aseg., 5b). Arroka trinkoz osatutako plaka, gehiago pentsarazten duen pasagune txikiren batekin. Sabeltxo bat luzearen amaiera aldera.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bi bilerak bi parabolt eta bi uztaiekin hornituta. 60 m-ko bi sokekin lurrera tirada batean iristen da.

 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friends-ak alferrikakoak dira, ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia eta ekipatua:??

 





Evaragon.com (5b, 45 m, derrigorrez 5a)

Aragoiko eskalatzaile beteranoei eskainitako bidea. Gauza da bidearen izena adierazten duen plakatxoan domeinua "com" dela, baina beaien orrialdean "org" da. Izena Evaragon bezala bakarrik utzi nezakeen (aipamen askotan agertzen den bezala), baina plakan horrela agertzen denez, horrela jarri dut.

 


L1 (25 m, 7 aseg., 4c). Harri trinkoko plaka hasieran. Gero, ondo babesturako sabaitxo txiki bat. Ondoren, plaka bat R-raino. Bigarren zati honetan, arroka "Carlos Ballabriga" bidean baino saneatuago dago. Ikusten da jende gehiago pasatu dela.
L2 (20 m, 7 aseg., 5b). Lehen zatian zulo dezente dituen arroka trinkoko plaka. Azken aldera, zati bertikal bat, zeinean zerbait gehiago pentsatu behar den, baina ondo egiten dena. Bidea zuhaixka txiki baten ezkerretik doa. Ez joan gure eskuinean ikusten den paraboltaren bila.

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bi bilerak bi parabolt eta bi uztaiekin hornituta. 60 m-ko bi sokekin lurrera tirada batean iristen da.


Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friends-ak alferrikakoak dira, ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia eta ekipatua:??

.

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

2024/06/14

Bideen zerrendarako lotura

Plaka handian egiten dugun jardueraren bat osatzeko erabil daitezkeen bide laburrak. Tarte baterako edo luzeetan hasteko aproposak. Jarduera gisa labur samarra geratzen da, baina sektorean dauden 2 luzeko bide errazekin osa daiteke. Lehen luzea Bruno Vera bidearekin komuna.

 

Iristeko: Chodes-eko hormetara hurbildu eta trenbidearen ondoan dagoen aparkalekuan aparkatu.

 

Hurbiltzeko: Bi minututan bidearen oinarrian gaude. Ezinezkoa da huts egitea. Bruno Vera bidearen izena bide-oinean dago, itsatsitako lauza batean.

 

L1 (45 m, 9 aseguru, 4c). Bruno Vera, bidearen lehen luzea. Hasieran, erlaitz ugariko plakak. Gero ezkerretik hobeto egiten den erresalte bat (zikina eskuinetik), eta azkenik plakatxo bat. Bertan daude luzeko pasagune finenak. Lehenengo bileran gora egiten jarrai dezakegu (II) hurrengo plakaren oinarrira iritsi arte (R1bis). Aragoi plaza egin nahi badugu, ezkerrerako joerarekin igo beharko dugu, olibondo batzuetarantz (bilgunea kankamo batez osatua). Lucia bidea egiteko, igo zuzen (2 paraboltez osatutako bilera, 10 eta 12 mm-koak, kate handi batekin lotuta eta eraztun handi batekin; dena horiz margotuta).

 

Plaza Aragón s/n (25 m, 2 seg, 4b)

L2 (25 m, 2 aseguru, 4b). Harri solte ugari dituen harmailak hasieran. Harkaitzarekin arreta izan behar da. Urrunketa luzeak bideko bi aseguru bakarren artean. Fisurero/Friends batzuk ondo etor daitezke. Plakatxo fina, oinetaz fidatzekoa, bilerara igotzeko (kankamo1 + arroka-zubi bat). Hor parabolt baten falta sumatzen da.

 

Lucia (30 m, 11 seg, 5b)

L2 (30 m, 11 aseguru, 5b). Plaka nahiko etzanda, zati bertikalera iritsi arte. Gero, bi pitzadura horizontalek ebakitako plaka bertikala. Pasagunetxoa, oinetaz fidatzekoa, 4. eta 5. aseguruen artean. Azken zatia plaka fin bat da, oso polita, eta beti dago eskuetarako zerbait (bilatu behar bada ere).


 

 


Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Azken bileretatik Luciaren lehen bilerara jaitsi eta hortik lurrera. Jendea eskalatzen ari bada, kontuz harriak botatzearekin.

 

Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Fisurero edota friendsak ondo etor daitexke Plaza de Aragón s/n biderako.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia eta hornitua: Lucia, Equipo Vodka, urtarrila 2022, Plaza Aragón s/n,?? (imajinatzen dut berdinak direla, baina ez dut erreferentzia argirik aurkitu).

 

Cambiar idioma (Castellano)

2023/11/10

Bide polita. Ongi ekipatua eta azkar egiten dena. Udaberriko eta udazkeneko goiz eguzkitsuetarako edo udako arratsaldeetarako egokia.

Zailtasun puntualak dituen bidea da, graduz justu ibiliz gero tranpa egin eta A0 moduan egin daitezkeenak. Bat lehen luzean dago. Bigarren asegurura "igotzeko" euste leku txikietatik tira behar da eta estutu egin behar da. Bigarren zailtasun aipagarria bigarren luzearen hasieran dago. Bertan, sabel bat dago, eskuetarako bi euste leku onekin (baina pixka bat altu daudenak) eta ia ezer ez oinentzako. Bidearen gainerakoa gozatzekoa da. Azken luzea, ederra. Luze horregatik bakarrik merezi du bidea egitea. Ez da oso luze zaila, baina zailtasun nahiko mantendua du eta pasaguneak nola ebatzi pentsarazten dizkizu. Luze honetako arroka primerakoa da. Bigarren luzearen azken herena ere oso polita da, euste leku onez betea.

Bidea prest dago rapelatua izateko, baina hobe da oinez jaistea (nik uste dut azkarragoa dela; gehienez 15 minutu dira).

 

Iristeko: Calcena herrira hurbildu eta autoak uzteko dauden guneetako batera hurbildu eta bertan aparkatu.

Hurbiltzeko: Bidearen oinarrira hurbildu. Autoa utzi dugun lekuaren arabera, 3 eta 5 minutu arteko denbora beharko dugu.

 

L1 (30 m, 9 seg., 5b). Plaka etzana hasieran, eta, ondoren, plaka bertikal labur bat. Euste leku txikiak, oinetarako egokia den erlaitz batera igotzeko, baina tranpa egin eta A0an egin daiteke. Zeharbide batetik ezkerrerantz jarraitzen du, harkaitz handiaren azpitik. Gero, babaresa zati labur eta polit batek harri trinkoz osatutako plaka etzan batean uzten gaitu. Azken plaka hori oso ondo igotzen uzten da.

L2 (25 m, 9 seg., 5c). Bilgunetik ateratzeko pasagune fin bat duen sabela. Eskuetarako euste leku on bat dago eskuinean (eta gero beste bat ezkerrean), baina oso altua izan behar da haietara iristeko. Altuera normala edo txikia izanik, bileran dagoen zuhaitz txikiarekin lagundu beharko gara. Trantsizio-tarte batetik jarraituz (erresalteak) plaka bertikalera iritsiko gara. Plakak pasagune fin baina laburra du eta bertan garrantzitsua da oinak ondo jartzea. Luzearen azken herena, helduleku asko eta onak dituen plaka etzanago batetik egiten da. Bilera deseroso samarra.

L3 (25 m, 9 seg., 4c). Bileratik zuzen gorantz irteten diren parabolt lerrotik ez irten.

Zeharbide horizontala ezkerrerantz, lurrezko erlaitz batetik. Gero plaka, plaka eta plaka gehiago. Hasieran, ezkerreko joera txiki batekin. Gero dena zuzen. Arroka trinkoko harmailek eta azken erresalte labur batek azken bileran uzten gaituzte.

 




Jaitsiera: Ikusi hurrengo sarrera.

 

Materiala: 9 zinta + bileretarako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Harri mota: Kareharria.

Orientazioa: Ekialdea/hego-ekialdea.

Iraupena: 1h 15 min

Nork irekia eta ekipatua: Carmelo Torrijo eta Juan Nadal, 2004.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

2023/06/18

Vodka ekipoko kideek (uste dut) ireki eta ekipatutako bide berri horietako besta bat. Gradu samurra, luxuzko ekipamendua, arroka primerakoa eta kotxetik 2 minutura. Zer gehiago eska daiteke? “María Jesús Callau” bidea gehituz jarduera polita irteten da.

Bidea erraz identifikatzen da bere oinarrian izena duen plakatxo bat jarrita duelako. Plakatxo horretan “Lourdes” bideari Vº zailtasuna ematen diote, baina, zalantzarik gabe, zertxobait errazagoa da. Agian zailtasun maila hori duen pasaguneren bat du, baina hain ongi ekipatua dago ez dela estutasunik  pasatzen. Jarraitzeko gogoarekin amaitzen da.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Lourdes (5a, 70 m, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 7 aseguru, 5a). Ageriko sabaira iritsi arte plaka. Sabaia hobe da aseguruen ezkerretik egitea eta ondoren eskuinera pasatzea. Bilgunea rapelatzeko prestatua (2 parabolt gehi eraztun bat gehi malloi bat).

L2 (20 m, 0 aseguru, II). Bilgunetik irteteko trepada labur bat (2-3 m). Ondoren oinez igotzen da begetazio artean. Agerian ezker aldera eginez igo behar da gure bilgunea aurkitzeko (parabolt 1 gehi kankamo 1; eraztunik gabe).

L3 (25 m, 9 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko pasagunetxoren bat duen plaka hasieran. Gero harri-bloke handiaren ezker aldean dagoen kanal moduko batetik igotzen da. Plaka labur bat eta azken horma. Azken hormak euste lekuak ditu eta aseguruak gertu daude (R3 bilgunea katearekin lotutako 2 parabolt  + eraztun 1).

 

M Jesús Callau (5a, 30 m, derrigorrez 4b)

L1 (30 m, 15 aseguru, 5a). Harri-bloke handiaren eskuinetik, plaka luze batetik, azken hormaren oinarriraino igo behar da. Azken hormak bertikalak euste leku ugari ditu eta aseguruak gertu daude. Azken metroak plaka batetik egiten dira (R1 2 parabolt + 2 eraztun).

 







Jaitsiera: Bidetik rapelatuz. R3tik R1eraino jaitsi eta hortik lurrera. R2ak ez daude rapelatzeko hornituak.

 

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kareharria. Moratako kalitatea.

Orientazioa: Hego mendebaldea. Neguan eguzkia eguerditik aurrera.

Iraupena: “Lourdes” 1 h; “María Jesús Callau” egiten badugu gehitu beste ordu erdi bat.

Nork irekia/ekipatua:??

 

Cambiar idioma (Castellano)

2023/05/14

Calcenako bide luze "ahaztuetako" bat dugu hau. “Escaladas en la cara oculta de Moncayo” liburuan agertzen da, baina oso erreferentzia gutxi dago Interneten (nik behintzat ez dut ezer aurkitu):

Harria ona da eta ekipazioa ere. Azkar egiten den bidea da. Aukera ona izan daiteke denboraz mugatuta bagabiltza edo eguraldia ez bada oso egonkorra, hurbilketa ez baita existitzen. Aukera ona izan daiteke ere, beste jarduera bat egin ondoren, eguna osatzeko. Autoa harkaitz handiaren alboan uzten bada (horretarako lekua egon behar da) 30 segundo besterik ez dira behar bidearen hasietan jartzeko. Jaitsiera ere erosoa eta azkarra da, ferrataren jaitsiera-bidetik egiten baita.

Eskalada oso polita da eta luze gehienak gozatzekoak dira. Lehen luzeak bi zatitxo gogor ditu. Sarrera (zertxobait higatua) eta pasagunetxo arraro bat bosgarren aseguruaren parean. Gainerakoa nahiko gozagarria da.  Bigarren luzearen plaka, oso polita. Hirugarren luzea laburra da, baina gogorra.  Goiko luzeak, etzanak diren plaketatik doaz.

Bideak goiko aldean bilgune modernoak  (bi parabolt eta 2 eraztun berrirekin hornituak) eta bilera "vintage"  modukoak konbinatzen ditu. Azken hauek bidearen behealdeko bilgunetan aurkituko ditugu. Bi plaka metaliko gorri dituzten paraboltez eta eraztunez osatuak daude. "Canal Pilar Monterde" bidean dauden antzeko bilerak dira. Bilera guztiak leku erosoetan daude.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

L1 (25 m, 8 seg., 5c). Babaresa labur bat hasieran. Pixka bat higatua dago inguruko luze bateko gainerako bideekin egiten baita. Gero plaka bat eta bosgarren seguruaren parean, pauso arraro bat. Tarte hori gaindituta, dagoen arrakalaz lagunduta, diedro bat gainditzea besterik ez da geratzen. R plataforma zabal batean.

L2 (30 m, 7 seg., 4 c). Hasieran nahiko euste lekuak dituen plakatxoa. Ondoren, harri trinkoz osatutako plaka-ezproi etzana.

L3 (15 m, 3 seg., 5c). Laburra, baina luze atletiko.  Lehen metroak ertzaren eskuinetik igo eta ondoren ezkerretara pasa. Babaresa motz bat (pasagune gogorra) ertzara igotzeko. Gainerakoa erraza.

L4 (30 m, 3 seg., 3c). Lehenengo 10-15 m-etan etzanda dagoen plaka. Ondoren ia oinez igotzen den plaka oso etzana.

L5 (15 m, 2 seg., 4a). Eskuekin baino oinekin eskalatzen den harri trinkoz osatutako plaka etzana.





Jaitsiera: Azken bileratik gailurrera igo eta hortik, gure eskuinean geratzen den lepo nabarmenera egin (mugarriak). Hortik, ferrataren jaitsierako bidezidorretik jaitsi. Autora itzultzeko 15-20 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 8 zinta + bilgunetarako material.  

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Ekialdea/hegoekialdea.

Iraupena: 1h30min.

Nork irekia eta ekipatua: Carmelo Torrijo, Jesús Cuartero, Carmelo Cuartero y Juan Nadal, 2005.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2023/02/02

Morata negurako ezin hobea da. Eguzki pixka bat badago eta haizerik ez badu jotzen manga motxean eskala daiteke ere. Plaka handiaren ezker aldean ireki eta ekipatu dituzten bide berriak gozagarriak dira. Maila gozagarria, kotxetik 2 minutura eta amaitzerakoan taberna hor bertan, garadardotxo bat hartzeko. Gainera bide desberdinak konbinatuz “luzeak egiten” egon garen sentsazioarekin amai genezake. Nor eskaini dezake gehiago?

Bideak erraz aurkitu eta identifikatzen dira bere oinarrietan bidearen izena agertzen duen plakatxo batzuk ipinita daudelako. Plakatxo horietan “Furtiva” eta “Proscrita” bideari Vº mailako zailtasuna ematen diote eta “Purriano” bideari 6a, baina, zalantzarik gabe, zailtasun maila zertxobait errazagoa da. Bilgune guztiak bi parabolt eta bi eraztunez osatuta daude bidea rapelatu ahal izateko. Behean jendea badago adi harriak ez botatzearekin.

“Equipo Vodka” taldeko kideen (Jesus Yarza, Javier Vera eta lagunak) beste lan polit bat.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.



Furtiva (4c, 50 m, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 8 aseguru, 4b). Zailtasun aipagarririk ez duen arroka oneko plaka.

L2 (25 m, 8 aseguru, 4c). Aurrekoa baino zertxobait bertikalagoa. Zertxobait gehiago pentsaraziko digun pasagunetxoa hirugarren aseguruaren inguruan.

 

Proscrita (4c, 55 m, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 9 aseguru, 4b). Euste leku onak dituen plaka bertikala. Zertxobait gehiago pentsaraziko digun pasagunetxoa zortzigarren aseguruaren inguruan.

L2 (30 m, 7 aseguru, 4c). Plakatxo batekin hasten da. Ondoren harmaila batzuetatik plaka-erresalte batera iristen da. Harmaila batzuk azken horma bertikalari ekin baino lehen. Horma honek euste leku onak aurkezten ditu.


Purriano (5c, 80 m, derrigorrez 5b)

L1 (30 m, 10 aseguru, 5b). Hasieran oinetan fidatu behar den pasagunetxoren bat duen plaka. Ondoren hankak irekita ongi igotzen den pitzadura diedroa. Euste leku oneko sabaitxoa eta azkenik, plaka batek bilgunean uzten gaituzte.

L2 (20 m, 5 aseguru, 4b). Plaka etzana. Garbiketa lan handia egin da, baina oraindik zertxobait zikina dago. Jendea pasa ahala hobetuko da. Bilgunea iritsi baino lehen erresalte motz bat dago.

L3 (30 m, 13 aseguru, 5c). Lehenengo asegurua “Relájate y disfruta (6a)” bidearekin komuna da. Euste leku ugari eta arroka-zubi handiak dituen horma bertikal batekin hasten da. Irteera bertikala eta atletikoa. Hormaren irteeran estutu beharreko zati labur bat dago (3 parabolt gertu; A0 modura egiteko aukera dago). Ondoren zailtasun maila jaitsi egiten da eta oinetan fidatu beharreko pasagunetxo finen bat duen plaka luze batetik igotzen da. Azken erresalte eta plakatxo batek bilgunean uzten gaituzte.


Jaitsiera: Bideetatik rapelatuz. Behean jendea eskalatzen badago,  arretaz ibili harriak ez botatzeko.

 

Materiala: aukeratzen den bidearen arabera 9 eta 13 zinten artean + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria. Morata kalitateduna.

Orientazioa: Hego mendebaldea. Neguan eguerditik aurrera eguzkiak ematen dio bete betean.

Iraupena: Furtivos eta Proscrita bideetarako 45 min bakoitzarentzat eta 1h15 min Purriano bidearentzat.

Nork irekia/ekipatua: 

Furtiva eta Proscrita Javier Vera eta Jesús Yarza.

Purriano "Equipo Vodka" taldeko Javier Vera, Jesús Yarza eta Carmelo Torrijo.

 

Cambiar idioma (Castellano)