© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/01/12

Urtea ongi amaitzeko, abenduak 31ean, bide polita hau egin genuen. Hasieran aire pixka bat zebilen eta hotz apur bat pasa genuen, baina gero, eguzkiak berotzen hasi zuenean, asko gozatu genuen. Urtea amaitzeko modu polita.

Bidea oso ongi ekipatua dago eta arroka oso ona da. Haitz txikiko bide eskuragarriena dela esan genezake. Lehen bi luzeak hego ekialdeko orientazioa dute eta azken hirurak hego aldekoa eta beraz, eguzkitsuenak dira.

Lehen luzea (“Olatuak” bidearekin komuna dena) “pikante” apur bat duen bost mailako luzea iruditu zitzaigun. Agian hotzak ginelako (gu eta arroka) izan zen, baina bere “gauzatxoa” duten emeki konkortutako bi erresalte ditu. Bertan eskuentzat gauza gutxi dago eta itsasgarritasunezko pasagune finak aurkituko ditugu. Gaitz erdi oso ongi ekipatuta dagoela. Luze horretan eta hurrengoan harkaitza nahita kolpatua egongo balitz bezalako zatiak ditu. Goitik, noizbehinka, erortzen diren harriek eginikoak direla uste dut (horretarako dago harriak geratzeko sarea). Hirugarren luzeak pasagune arraro bat du; behean erlaitz handi bat duen bi harri handien artean dagoen diedro labur batean dago. Bi harrien oinarrian zuloa dago eta gauza da oinak ia gerriraino igo behar direla. Arraroa, baina tranpatxoa egin eta A0 modura egiteko aukera dago. Laugarren luzearen zailtasuna bere erdiko zati bertikalean kontzentratzen da.

Bidetik edozein momentuan ihes egin daiteke. Horrek eguraldi ezegonkorrarekin egitea ahalbidetzen du. Lehen bi luzeetatik arazorik gabe rapelatzen da (arroka trinkoz osatutako plaka erraldoi bat da; bilguneak bi parabolt eta bi eraztunez osatuak) eta beste luzeetako oinarrietatik arazorik gabe ihes egin daiteke oinez.

 

Iristeko: Irurtzun herrira hurbildu (herrian sartu) eta Donosti aldera eginez A-15 autobiaren irteeraren bila joan. Irteera hartu baino zertxobait lehenago, eskuinean, Lekunberri eta Irurtzun batzen zituen errepide zaharra ikusiko dugu.  Errepide hori hartu eta lehen tunela baino lehen, eskuinean dagoen tokian, aparkatu. Hainbat kotxe sartzeko lekua dago.

 

Hurbiltzeko: Errepidea zeharkatu eta tunel sarreraren ezkerrean nabari den bidezidorra hartu. Bidea luze bat eta biko kirol-bideak dauden “Plataforma” sektorera igotzen da. Harriak geratzeko sare batera iritsiko gara eta ondoren soka finko batekin babestuta dagoen trepada eremu batera. Hormaren oinarria jarraitu. Gure parabolt lerroa azkena da, eskuin-eskuinean dagoena.

 

L1 (35 m, 13 aseguru, 5b). Plaka-ezproitxo labur batekin hasten da luzea. Ondoren arroka trinkoz osatutako plaka luze bat. Emeki konkortuta dauden bi erresalte labur ditu eta bertan eskuentzat gauza gutxi egonik itsasgarritasunezko pasagune finak aurkituko ditugu. Erresalteen arteko zatiak nahiko etzanak dira. Pitzadura baten gainean dagoen sabaitxo txiki batekin amaitzen da luzea, baina kasu honetan euste leku gehiago daude.

L2 (20 m, 5 aseguru, 3c). Arroka trinkoz osatutako eta oinentzat erlaitz txiki ugari dituen plaka etzana.

L3 (30 m, 11 aseguru, 5c). Hasieran zertxobait kanpora botatzen duen 6-7 metroko horma bertikala. Zuhaitzaren laguntzarekin hobe irteten da. Ondoren bigarren luzeko modukoa den plaka etzan bat. Diagonalean eskuinera zeharkaldi gorakor bat eginez igotzen da.  Ondoren bi harri handien artean dagoen diedro labur bati ekin behar zaio. Pasagune arraroa oinak ia gerriraino igo behar direlako. Ongi txapatua (2 parabolt gertu) egonik A0 modura egin daiteke. Azken metroak euste leku ugari dituen horma batez osatuta daude.

 

Zertxobait jaitsi eta oinez 30 m inguru ezkerrera eginez hurrengo plakaren oinarrian jarri behar gara (paraboltak ikusiko ditugu).

 

L4 (40 m, 13 aseguru, 6a).  Hasieran nahiko etzanak diren plakak. Ondoren erdian pitzadura-erlaitz bat duen horma bertikala. Zati honetan biltzen dira luze honetako zailtasunak. Zortzigarren aseguruan ezkerrera egin, pitzadura aldera, eta babaresa polit batetik igoz azken erresaltearen (pitzadura dagoen horren) oinarrian utziko gaitu. Pitzadura gainditu ondoren zailtasun maila asko jaisten da eta, emeki ezkerrera eginez, harmaila eta blokeen artean igotzen da bilgunera iritsi arte.

 

Zertxobait igo eta ezkerrera 30 m inguru eginez hurrengo plakaren oinarrian jarri behar gara (paraboltak ikusiko ditugu).

 

L4 (25 m,6 aseguru, 5a). Bloke handiak eta euste leku onak dituen plaka bertikala. Pasagune zailena lehen metroetan aurkitzen da (lehen bi aseguruetan). Ondoren arrokak euste leku ugari aurkezten ditu eta ongi igotzen da. Bilgunea justu gailurreko gandorrean, ertz-ertzean, dago.

 






Jaitsiera: Azken bilgunetik ezkerrera eginez gangorrari jarraitu. Bost eskas egin ondoren materiala modu erosoan kendu ahal izango dugun toki batera, belardi txiki batera, iritsiko gara. Hortik hego aldera egin behar da eta azken luzeko oinarrira jaitsi oinez (destrepe txikiren bat badago). Azken luzeko oinarrian aurkituko dugun bideari, altuera galdu gabe, horizontalki jarraitu modu argi batean behera egiten duen ageriko bidezidor bat aurkitu arte. Bide hori jarraitu (mugarriak). Basoan sartuko gara eta, bideari jarraituz, bertan marka zuri eta berdeak jarraitu behar ditugu. Baso barrutik tarte luze bat egin eta bidea horizontala bihurtu eta herri aldera egiten duela nabaritzean poste adierazle batekin adierazitako bidegurutze batera iritsiko gara. Bidegurutzean eskuinera egin behar da eta margo zuri, hori eta berdez adierazitako bidetik jaitsi behar da. Hiru minutu eskasean pistan egongo gara eta beste minutu bat pasa baino lehen kotxean. Guztira 25 min inguru beharko ditugu.

 

Materiala: 13 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: L1 eta L2 hego mendebaldea; beste luze guztiak hegoa.

Horario: 2h 30 min

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

1 comentario:

  1. 4garren luzea, zailena, 30 metro inguru eskuinerago dagoen plaka batetik ekidin daiteke, ekipatutako luze motzago eta errezagoa batetik (IV)

    ResponderEliminar