© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2025/05/05

Bideen zerrendarako lotura

Vadiellora itzultzen gara. Oraingoan “Suerte negra” bidea egitera. Vadiello estiloko bidea da. Plaka trinkoen gaineko itsasgarritasunezko eskalada nagusitzen da, eskuentzat “txitxiriotxoak” izanik orokorrean. Aurkituko ditugun sabelak albo batetik saihesten dira. Ondo babestua dago, azken luzeko tarte bat izan ezik. Tarte horretan urrutiratze handia dago aseguruen artean. Aseguru baten falta sumatu genuen. Gainerakoa ondo, distantziarekin, baina ondo. Hori bai, txapa artean eskalatu behar da, oinetaz fidatuz; izan ere, eskuetarako, han-hemenka bloke handi batzuk izan arren, txitxirioak baino ez daude.

Aseguruak hainbeste mimetizatzen dira arrokarekin, lehen luzean denbora gehiago eman genuela paraboltak aurkitzen eskalatzen baino. Ez genuen bidea ezagutzen eta erreferentziak (93ko gida zaharrak) ondo markatzen zuen bidea, baina ez zegoen txapak ikusteko modurik. Begiratu arren, ez genuen ezer ikusten. Azkenean, nola ez dakigula, hirugarren txapa ikusi eta gora bota genuen. Bosgarrena aurkitzeko ere kostatu zitzaigun (eta hori bere lekua agerikoa zela). Bilerak leku erosoetan daude.

Toki ederra eta lasaia (hori bai, ferrata egiten jende gehiegi aurkitzen ez baduzue). Komeni da zinta luzeak eramatea, lehenengo luzerako batez ere; izan ere, Z handia egiten duenez, marruskadura handia dago.

 

Vadiellok eskalada murrizten duten eremuak ditu. Kontsultatu esteka honetan.

 

Iristeko: Vadiellora hurbildu eta kotxea Palomo kanaleko aparkalekuan utzi.

Hurbiltzeko: Ezkerretara ateratzen den bidezidorrari jarraitu errekari eta hormen oinarriari jarraituz. 4-5 minututan ferrataren hasieran egongo gara (bidea hasten den tokian).

 

L0 (45 m, 7-9 seg., 4b). Ferratarekin bat datorren zatitxo bertikala hasieran. Gero asko etzaten da. Ferrata erabiliz igo daiteke edo eskalatuz. Hobe bigarren aukera (bizitza-lerroaren segurtasun-puntuetan txapatuz). Ferrata sakanean sartzen denean bilgunea parabolt batean egiten da. Oinarrian dagoen ipuruarekin edo ferrataren bizi-lerroko kimikari batekin indartu daiteke.

L1 (25 m, 5 seg., 4c). Plakatxoa. Lehenengo sabela eskuinetik saihesten da. Gero itzuli eta plaka bertikal labur bat igo behar da. Plaka bertikalak dituen zulo bereizgarri batzuengatik jakingo dugu nondik barrena doan bidea. Bigarren sabela ere eskuinetik saihesten da. 3 parabolt (2 uztaiekin) dituen bilgunea, erlaitz zabal eta eroso batean.

L2 (30 m, 7 seg., 5b). Oinekin fidatzeko pausagune txikia, lehen asegurua txapatu arte. Urrunketa bigarren eta hirugarren aseguruen artean. Aseguru baten falta sentitu genuen. Tartea ez da zaila, baina eskalatu egin behar da. Zati bertikala eskuinetik gainditzen da. Paraboltetik irteteko itsasgarritasunezko zatitxo bat, luzeko pasagune finenarekin. Sabel txiki batek  itsasgarritasunezko plaka etzan batean eta ondoren azken sabelean uzten gaitu. Hau, beste guztiak bezala, eskuinetik saihesten da. Azken metroak plaka etzan batetatik.





Jaitsiera: Bidetik rapelatuz. 60 m-ko 2 sokekin ferrataraino jaitsi ginen tirada batean. Gero bizitza-lerroaren laguntzarekin ferratatik jaitsi.

Materiala: 8-9 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak soberan daude, gehien bat jartzeko aukera gutxi daudelako.

Arroka: Txitxirioz osatutako konglomeratua, Vadielloko ohiko arroka.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 1h 15min

Nork irekia: T. Palacín  eta J. Oliván, 1985.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario