Aldaketak
Denbora zen ez nuela bidea egin eta joan garen azken
aldi honetan aldaketak egon direla ohartu gara. Lehen eta bigarren luzeetan
aseguru gehiago jarri dituzte. Orain, lehen luzean, lehen sabela hobeto
babestuta dago. Lehen asegurua metro eta erdi inguru ezkerrera geratzen zen eta
orain ongi dago. Gainera, irteera babesteko beste aseguru bat gehitu dute.
Bigarren luzean ere aseguru gehiago jarri dituzte. Luze ederra izaten
jarraitzen du. Carla bidearen azken luzetik irten ginenez ezin dut ziurtatu
aldaketak egin direnik ala ez azken luzean.
Rigloseko eskalada mota eta arrokarekin lehen
kontaktua izateko aukera polita Mallo Coloradora hurbiltzea eta bertako bideren
bat egitea izaten da. Anorexia oso ongi ekipatutako bidea da. Dituen zailtasun aipagarriak
bi zailtasun puntual dira, biak lehenengo luzean. Bigarren luzea, zoragarria.
Zailtasunean iraunkorra, baina esku eta oinentzako euste-leku piloekin eta
itsasgarritasun handiko harkaitzarekin.
Bidea identifikatzeko lehenengo luzearen erdi aldera
dagoen harri handi berezi bat aurkitu behar da. Harri horren eskuinean, metro eta
erdi eskasera, beste harri marroi txikiago bat dago. Bidea bi harri horien
erditik doa. Anorexia bidearen txapak metal kolorezkoak dira. Ez nahastu metro
batzuk eskuinera dagoen txapa beltzeko lerroarekin.
Iristeko:
Riglos herrira hurbildu eta bertan egin duten
aparkalekuan kotxea utzi. Ezin da herrira sartu (3 euro egun guztirako; 2025ko
apirila)
Hurbiltzeko: Herrira igo
eta bertan aurkituko dugun GR marka zuri-gorriak jarraitu behar dira. Hormaren
parean gaudenean, bidea utzi eta gora egiten duen bidezidor zabal eta garbi batetik igotzen hasi behar da.
Hormatik gertu gaudenean, bidea utzi eta beste bide estuago batetik hormaren
oinarrira hurbildu behar da.
L1
(40 m, 13 aseguru 5c). Lehenengo sabaira (4. asegurura) iritsi arte,
plaka. Duen pitzadura baten laguntzaz pasagunea gainditu. Sabaiak eta
hormatxoak gaindituz gora egin. Zailtasuna jaitsi egiten da sabai okertu batera
iritsi arte. Bertan blokeozko pasagune bat dago, baina bi aseguru gertu
dituenez ongi babestuta dago. Euste-leku on batean blokeatu, oinak igo eta
txapatu. Ondoren eskuinetik jarraitzea errazago da. Bilgunea erlaitz handi
batean kokatuta dago (eraztun horiko bi parabolt).
L2
(45 m, 10 aseguru 5a). Behetik ikusita plakak ez dirudi hain
bertikala denik, baina benetan horrela da. Luze zoragarria. Zailtasun
iraunkorra, baina eskuentzat eta oinentzat euste-leku piloarekin. Arroka
itsasgarritasun ezin hobekoa da. Plaka gainditu ondoren ezproitxo baten
eskuinetik, trepada txiki batekin, bilgunera hurbiltzea geratzen da soilik.
Erraza, baina dagoen aseguru bakarra urruti dago.
L3
(30 m, 2 aseguru 3b). Bilgunetik zuzen irten eta harmaila
batzuetatik igo. Ondoren asko etzaten da eta bilguneraino ia oinez igotzen da.
Bost metro eskasean hiru bilgune daude. Bi 20 mm metrikakoak izan daitezkeen
parabolt bakar batez osatuta daude eta eskuinean dagoena metal kolorezko bi
paraboltez. Gure bilgunea hirutatik ezker ezkerrean dagoena da.
L4
(35 m, 4 aseguru 5b). Bilgunetik irten eta apur bat ezkerrera joz
igotzen hasi. Pasagune finen bat duen 15-20 metro inguruko horma bertikal bat
gainditu behar da. Ondoren plaka asko etzaten da. Bilgunea R3 modukoa da,
eraztun horia duen parabolt handi bat da.
Jaitsiera:
Oinez gailurrera igo. Bertan zinta eta kableak
dituen ipuru handi bat aurkituko dugu. Bertatik 35-40 metro inguruko rapel bat
egin behar da. Ondoren bidezidor batetik jaisten da bidearen hasieraraino.
Ipuruan ohikoa izaten da jaisteko errenkadak sortzea. Jende ugari eskalatzen
dabilenean pazientzia apur bat izan beharko dugu.
Ez badugu inor aurkitzen, 20-25 minututan bidearen
oinean gauzak jasotzen egon gaitezke.
Materiala: 9 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua).
Orientazioa:
Hegoa.
Eguzkia goiz goizetik.
Iraupena: 1h45min.
Nork
irekia:
Javier Oliván, 1993.
0 comentarios:
Publicar un comentario