Luis Royo eta Julio Benedé-ren beste bitxi eder bat.
Bide luzea, baina nahiko erraza eta horma erraldoitik zehar ageriko bidea
bilatzen doana. Arroka, orokorrean, oso ona. Oso, oso ongi ekipatuta dago.
Jende ugarik errepikatuko duelakoan nago. Klasiko handi bat bihurtzeko aukera
handiak ditu. Luis eta Julio irekitzen eta ekipatzen ari diren bideengatik zoriondu
behar dira. Zorionak, horrela gogoz eskalatzen da.
Alpino motako bidea dela esan daiteke. Luzeen
zailtasuna ez da oso jarraia eta, gehienetan, zailtasunak nahiko puntualak
dira. Lurrez eta belarrez hartutako tarte batzuk ere baditu. Leku horietan aseguruak
urrutiratu egiten dituzte, baina arrokez osatutako tarteetan aseguruak oso
eskura daude, ia “eskola” baten moduan.
Bideak hiru zati bereizgarri ditu. Lehenengo 7
luzeak (seigarrena kenduta) plaka etzanetatik doaz eta pasaguneak
itsasgarritasunezkoak dira. Bigarren zatia, hurrengo 3 luzez osatua dagoena,
zailtasunean nahiko pareko diren luzeak ditu eta era askotako eskalada
aurkituko dugu bertan: plakak, diedroak, babaresak. Azken tartean (azken 4
luzeak) era askotako eskaladak jarraitzen du, baina arrokak bere kalitatea apur
bat galtzen du (ona izaten jarraitzen du, baina
ez da aurreko luzeena bezain ona).
Bide osoko luze-giltza seigarrena da. Plaka bertikal
leun bat da pasagune luzeekin. Niretzat 6a zailtasuna du (agian altuago den
beste norbaitentzat ez). Luzea ongi babestua dago eta zailtasuna ez da
derrigorrezkoa.
Bilgune guztiak toki erosoetan daude eta bi
parabolez osatuak daude: bata txaparekin eta bestea (gehienetan) kate baten
eraztunarekin. Luzeetan parabolt gehienak 10 mm-koak dira, baina, noizbehinka,
8 mm-koak ere aurkituko ditugu.
Eguzkiak goiz goizetik ematen dio bideari. Egun
berorik ez aukeratu (guk egin genuen moduan) edo bestela bero asko pasako
duzue. Ur nahiko eramatea ez ahaztu.
Gailurrean edelweiss loreak aurkituko dituzue. Gogoan
izan babestuak daudela eta ezin direla jaso.
Iristeko: Canfrac herriko tren geltokira hurbildu eta errepidetik Candanchu
aldera igotzen jarraitu. Eskuinera egiten duen bihurgune zabal batean Rioseta-ko
eraikin militarra dago. Kotxea uzteko aparkaleku txiki bat dago (4-5 inguru sar
daitezke) bihurgunearen erdi aldera, bere eskuinean.
Hurbiltzeko: Errepidea
gurutzatu eta eraikin militarra inguratzen duen bidezidorra hartu. Bide hori
Tucablanca-ra igotzen da. Bidezidorrak, bi pinudien artean, linea elektriko
bati jarraituz, gora egiten du. Zortzi zenbakiarekin margotuta dagoen argindar-
zutoineraino igo behar gara. Bertan gaudela, hurrengo zutoin aldera
bidezidorretik beste 50 m inguru igo ondoren, zirkulu urdin handi bat duen makila
aurkituko dugu. Bidea utzi eta hartxingadi aldera igotzeko unea da (eskuin
aldera). Bertara iristerakoan, bidearen hasiera adierazten, bi banderatxo berde
aurkituko ditugu. Horma handiaren oinarritik doan bidezidorrari jarraitu
(mugarriak), bidearen izena duen parabolta aurkitu arte (R0
bilgunea da). Kotxetik, guztira, 40-45 min.
L1
(35 m, 6 aseguru, 3c). Gradak. Ondoren
apur bat belartsua den eta ia oinez igotzen den tarte oso etzana. Krokisean
agertzen diren arroka-zubiak agian soberan daude, beti alboan parabolteren bat
aurkituko dugu eta.
L2
(35 m, 5 aseguru, 4c). Itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka
etzana hasieran. Ondoren eskaloi txiki bat. Bilgunera iristeko azken metroak
tarte belartsu batetik dira.
L3
(25 m, 6 aseguru, 4c). Organo hodiak dituen itsasgarritasunezko plaka.
Plakatik irteteko pasagunetxo fin bat.
L4
(30 m, 8 aseguru, 4c). Dena plaka. Plakaren azken zatia, organo
hodiz osatua.
L5
(25 m, 9 aseguru, 5a). Organo hodiak
dituen plakatxoa hasieran. Ondoren pasagunetxo finen bat duen zeharkalditxo
labur bat, ezkerretik eskuinera, plaka leun batetik zehar. Azken zatian plaka
oso leuna da, baina oso etzana dago.
L6
(35 m, 10 aseguru, 6a). Bideko giltza. Plaka bertikal leuna,
pasagune luzeekin. Horma gainditu ondoren, paretak bertikaltasuna galtzen du,
baina pasagune finaren bat izaten jarraitzen du.
L7
(40 m, 6 aseguru, 4c). Oinentzat
eta eskuentzat euste-leku txikiak dituen plakatxoa hasieran. Ondoren, bilgunera
iritsi arte, grada batzuk. Bilgunea bi arroka-zubietan egiten da.
L7bis
(40 m).
Oinez eskuin aldera igo, sabai erraldoiaren eskuineko ertzaren bila,
bilgunea aurkitu arte (parabolt 1). Behetik beste eskalatzaileak baditugu,
kontuz ibili sokarekin. Belazean dauden harri solteak sokarekin behera
botatzeko aukera egon daiteke.
L8
(30 m, 9 aseguru, 5b). Euste-leku oneko diedro eder bat hasieran.
Ondoren, bilgunera iritsi arte, grada batzuk.
L9
(30 m, 7 aseguru, 5c edo 4c/A0). Euste-leku onak dituen zati bertikala
hasieran, “el espejo” goitizeneko plakaren azpian jarri arte. Pasagune fin
bakar bat duen plaka leuna da. Gertu dauden bi aseguru daude. Zertxobait
luzatuz bigarren asegurutik soka pasa daiteke eta ondoren, soka goitik dugula,
pasagunea saiatu. A0 modura ere egin daiteke. Ondoren ezker aldera igotzen
diren grada batzuk.
L10
(25 m, 8 aseguru, 5b). Babaresa polit bat hasieran. Ondoren
erdi-sabai baten azpitik doan pitzadura oker bat. Pitzaduran sartzeko joera badago,
kanpo aldera botatzen zaitu. Trikimailua oinak kanpora atera eta plakan
ipintzea da (itsasgarritasun handiko harkaitza).
L11
(25 m, 0 aseguru, II). Sabai handi baten azpian dagoen erlaitz
handi batetik 25 metroko zeharkaldia. Hasieran ez du inongo zailtasunik (ia
makurtu gabe oinez egiten da), baina amaiera aldera sabaiak altuera galtzen du
eta makurtzen hasi behar da. Lehen zegoen harri handi desegonkorra orain ematen du ez dagoela. (Campo Base aldizkariko 135 zkian, 2015eko irailekoan, Adriano Martín Cófreces-ek dio 2014ko urrian bota zutela). Azken zati honetan bi parabolt daude. Kontuz! Makurtuta joanez zailak dira ikusten.
Azken metro hauetan, sabaiaren
gainean ere, zinta jartzea onartzen duen ipurutxo txiki bat dago.
L12
(30 m, 7 aseguru, 4c). Plaka bat hasieran. Sabai batzuen azpian
aukerako bilgunea aurkituko dugu. Luzeak sabaia bere eskuinetik inguratzen du
(plakatxoa). Bilgunea sabai handiaren oinarrian. Eskuinean ikusten den zelaitik
(Faja Bonita) ihes egiteko aukera omen dago.
L13
(30 m, 10 aseguru, 5a). Bilgunetik ezkerrera irten eta plakaren
oinarrira iritsi arte belazetik igo. Plaka eskuinetik ezker aldera igotzen da
zeharkaldi bat eginez. Ondoren begetazioz apur bat jantzitako diedroa. Berau gainditzerakoan bilgunea
metro batzuk eskuinera dago, erlaitz batean.
L14
(15 m, 2 aseguru, 5a). Apur bat desplomatzen duen horma, baina
euste-leku handi eta onekin. Horma gainditzerakoan malda belartsu bat ikusiko
dugu gure ezker aldean. Maldarantz egin eta grada belartsuetatik 5-10 metro igo
bilgunea aurkitu arte (gure eskuinean geratzen da, ertzaren erpinean). Azken
bilgune honetatik ezkerreko belazeetatik ihes egiteko aukera dagoela ematen du,
baina hobe da gailurrean amaitu.
L15
(35 m, 3 aseguru, 3a). Belazez inguratuta dagoen ertza espoloi zabal
batean. Bukaera aldera dagoen hormatxo bat kenduta, ia oinez igotzen da.
Bilgunea gailurra baino 5 metro lehenago dagoen bloke handi baten eskuin aldean
dago.
Jaitsiera:
Gailurretik ezker aldera begiratzen badugu eski
estazioko Tucablanca-ko txabolak ikusten dira. Txabola horietara so eginez
arroka gorriko harri-jauzi bat ikusiko dugu eta bere atzean berde kolore biziko
zelai bat. Belaze horretan zig-zag egiten duen bidezidor baten arrastoak nabari
dira. Bidezidor hori hartu eta bertatik jaitsi behar da. Bidezidorra apur bat
utzita dago, baina galerarik gabe Rioseta-tik Tucablanca-ra doan bide nagusian
uzten gaitu. Bide nagusiari jarraituz kotxera jaistea besterik ez da falta.
Guztira 1h inguru.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak soberan.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa:
Hegoa.
Iraupena: 5h.
Nork ekipatua: Luis Royo
eta Julio Benedé, 2013.
Aupa, Xabier!
ResponderEliminarIruzkin txiki bat egin nahi nuke sarrera honen irakurleendako: 11. luzean, erlaitz luze horretan, bi aldiz ikusi ditut kordadak galduta, erlaitzean barna ibiltzen hasi eta oharkabean bilgunea pasatu dutelako. Besterik gabe, kontuan hartzeko erraza dela hori gertatzea. Horietako bat ohartu zenean bueltatu egin zen ahal bezala, eta besteak Tobazogan bidean bukatu zuen.
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizut eta zoriondu blog honetan horren kalitate handiko informazioa jartzeagatik euskaraz. Bejondeizula!!!
Eskerrik asko Javi oharrarengatik.
ResponderEliminarHizkuntzaren gaiarekin, horrelako jarduerak euskaraz ere argitaratzen animatzen hasi beharko litzateke jendea. Nahiz eta gauza xumeak egin, euskaraz argitaratzeko esfortzu txiki bat egin. Denok irabaziko genuke eta euskararen presentzia asko zabalduko litzateke kirol-munduan.
Ongi izan.
2023/9/9an Sakon espeleo taldeko lau mendizalek bide hau egin genuen zure azalpen eta krokisei ezker. Informazio bikaina. Ez genuen ikusi R0n ezta L7bis-eko zirkulo gorriak. R0 bidearen izena idatzita dago tira batean. L11n bi parabolt ipini dute goiko aldean. Ez dira erraz ikusten makurturik ibili behar delako, baina oso lagungarriak dira.
ResponderEliminarEgun horretan beste bi edo hiro kordada gehiago igo ziren gure aurretik. Bide ederra grado gutxi eskaltzen dugunontzat