Txindokiko klasikoenetik klasikoena. Eskalada
irteera bat baino mendi irteera modura har daiteke. Hurbilketa luzeak,
eskalatzen amaitzen den tokitik gailurrera dagoen igoerak eta jaitsierak,
ibiltzea eta eskalada konbinatuz, egun osoko irteera eder bat osatzen dute.
Luzeak nahiko motzak dira. Ez dago 30 metroko luzera
gainditzen duenik. Beraz luze batzuk elkartzeko aukera dago, baina lepotxoetara
jaisteko destrepe txiki batzuk dituen ertza denez, luzeak elkartzen badira gure
bikotearekin komunikatzeko arazoak izan ditzakegu.
Bilguneak bi paraboltez osatuak daude. Luzeetan
parabolteren bat eta iltze batzuk aurkituko ditugu. Azken hauek harkaitzarekin
mimetizatzen direnez sarritan zaila da aurkitzea.
Eskalatzen berria den kideren bat badaramagu,
lepotxoetara jaistea bigarrenari babestu behar zaiola gogoratu (friends edo
fisureroren batekin). Jaitsiera errazak dira, baina bigarrenarentzat apur bat
arriskutsuak izan daitezke ez bada ezer jartzen.
Bidean 4c mailako tarte bat eta 4b eta 4a-ko tarte
pare bana aurkituko ditugu. Beste guztia II eta III. mailako pasagunez
osatutako trepada bat da. Ia igoera guztia ertzaren ipar isuritik egiten da eta
beraz, sarritan, hezea egoten da. Horrela bada, zati belartsuetan adi ibili
behar da. Bidea jende askok egiten du. Beste soka-bikoteekin aurkitzen bagara,
izan pazientzia pixka bat.
Iristeko:
Amezketatik
Abaltzisketara igo eta bertatik Larraitz auzora hurbildu. Dauden aparkalekuren
batean kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Txindokira
doan bidetik igo pinudi bat hasten den tokian dagoen ataka metalikoa aurkitu
arte. Ataka pasa eta hamar metro egin ondoren, atzera, eki aldera, egiten duen
bidezidorra hartu behar da eta bide nagusia utzi. Bidezidorrak soro batera
eramaten gaitu. Soro horretatik, aldapa gogor bati jarraituz, igo behar da. Ertzetik
datorren lehenengo harkaitza bere ezkerretik inguratu ondoren Ameztiko lepora
iritsiko gara. Hortik ertzaren oinarrira trepada (II) labur bat besterik ez
zaigu geratzen.
L1
(20 m, 3 aseguru, 4b). Nahiz eta apur bat leunduak egon, euste leku
oneko diedroa. Ertzera irteterakoan bilgunea aurkituko dugu.
L2
(30 m, 1 aseguru, II). Ertz erraza. Bilgunea lepotxo batean.
Bertara destrepatu behar da.
L3
(30 m, 6 aseguru, 4a). Hasieran amildegian zintzilikatuta dagoen
diedroa. Gero ertz erraz bat. Diedrora sartzea ematen duena baino errazagoa da,
baina egia da , ezagutzen ezpada, inpresioa ematen duela.
L4
(30 m, 1 aseguru, 4a). Ertz zatitxo batek branka handiaren
oinarrian uzten gaitu. Bere eskuinean euste-leku oneko, baina asegururik ez
duen diedroa aurkituko dugu. Diedroa gainditzerakoan “plaka politaren”
oinarrira iristen da. Bertan aurkituko dugu bilgunea.
L5
(20 m, 1 aseguru, 4b). Plaka labur bat eta ondoren ertz zatitxo
bat. Lepotxora jaitsi. Gure bilgunea lepoaren ezker aldean kokatuta dago.
Eskuineko horman zintzilik ikusten den bilgunea (2 parabolt katez elkartuak) ez
da gure bilgunea.
L6
(20 m, 3 aseguru, 4c). Diedro motz bat. Bideko zatirik zailena da
hori. Ongi babestua. Bilgunea, diedrotik ezkerrera irtenik, bigarren
paraboltaren parean dago.
L7
(30 m, 3 aseguru, 3a). Eskuinetik
ezkerrera diagonal bat eginez igotzen den zati belartsua. Bustia badago
delikatua izan daiteke. Ertzera irteterakoan bilgune erosoa.
L8
(30 m, 0 aseguru, II). Trepada labur bat eta ondoren zeharkaldi
horizontala rapelatzeko lerroa adierazten duen bilgunera iristeko (katez
lotutako 2 parabolt eta eraztuna).
R7 bilgunetik (edo nahi izanez gero R8tik) sokatik
askatu eta gailurrera oinez igo gaitezke. Horrek 30 minutuko igoera suposatzen
du. Bidean II-III. mailako pasaguneak aurkituko ditugu (baten bat apur bat
aereoa, baina euste leku onekin).
Jaitsiera:
Gailurrera igotzen bada, Txindokiko bide arruntetik
oinez jaisten da. Rapelatuz jaitsi nahi badugu 60 metroko bi soka beharko
ditugu.
Materiala: 6 zinta + bilgunerako
materiala. Friends edota fisurero joko bat ongi etor daiteke urrutiratzeren bat
babesteko edo iltzeren bat aurkitzen ez denerako.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa:
Mendebaldea.
Iraupena: 2h.
1ª
igoera: J.M.
Peciña, J. Arrate eta A.S. Basagoitia, 1951.
Oraindela gutxi, Txindokiko arista bilgune guztiak berriz ekipatu dituzte.
ResponderEliminarEskerrik asko informazioagatik. Ongi dago jakitea.
ResponderEliminarKaixo, udan txindokiko ertza egin gendun 60m-ko soka bikoitz batekin (doblean), hau da, 30m-ko birekin. Ez dakit ze luzetan baina denak ez dira 30m baino txikiagoak. Halere friends eta zintekin montatu genduzen bilerak, aukerak sobran dagoz eta.
ResponderEliminarOndo izan.
Horrela izango da. Metro askorengatik izan zen? Nik egiten dudanean (eta aspaldi ez dudala errepikatu) 60 m sokak eramaten ditugu (eta gaur egun ere jendeak soka sinplea eramaten duenean gutxienez 50 m erabiltzea ohikoa izaten da) eta 5 m-ko aldeak ez du garrantzia handia izaten. Posible bazenu informazioa gehiago zehaztea eskertuko nuke (krokisa zuzentzeko gehien bat).
ResponderEliminar