“Vía del Nano” arroka oneko bide labur eta polita
da. Oso ongi ekipatua dago. Aipagarriak diren bi zailtasun bakarrak bidearen
hasieran eta lehenengo bilgunetik irteterakoan dauden bi horma labur baino
bertikalak dira, baina oso ongi babestuta daude.
Bide aproposa arratsalde baterako edo eguneko beste
jardueraren bat osatzeko. Hurbilketa eta itzulia oso motzak dira. Bilguneak
rapelatzeko prestatuta daude, baina hobeto eta erosoagoa da oinez jaistea.
Bidearen izena horman idatzita agertzen da bidearen hasieran.
“Espolón de Rebollón” bidea aurreko bidearen
antzekoa da, baina zertxobait zailagoa. Hirugarren luzea izan ezik plaketan
eskalatzen da. Hirugarren luze hori kanpora botatzen duen pasagune motz bat
duen (A0 modura egin daiteke) horma bertikala da.
Bi bideak bananduta egin daitezke, baina ohikoena
elkartzea izaten da. Eskalatzen jarraitzeko gogoarekin geratzen bagara,
jaisterakoan eta GR-11 bidearekin elkartzerakoan, behera egin beharrean gora
egiten badugu, 15-20 minutuko igoera batek “Arista Mowgli” bidearen oinarrian
uzten gaitu. Bide hori eskalatuz eskalada egun eder bat irten daiteke.
Luís Royo, Julio Benedé eta bere lagunei zoriondu
behar zaie irekitzen ari diren ongi ekipatutako bide politak. Benetan esan
beharra dago bi bide hauek “Arista Mogli” bidearekin batera guztiz gozagarriak
direla. Gainera kokatuta dauden ingurunea zoragarria da. Norbaitek eman dezake
gehiago?
Iristeko:
Balneario de Panticosa delakora hurbildu eta bertan
aurkituko ditugun aparkalekuren batean kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Aparkalekutik
barrakoiak dauden aldera hurbildu. Zubitxo bat zeharkatu ondoren eskuinera egin
(bigarren antena aldera) eta hormaren oinarrira hurbildu (5 min.). “Espolón de
Rebollón” bidera hurbiltzeko “Vía del Nano” bidearen azken bilgunetik gora egin
behar da mugarriak jarraituz. Noizbehinka, bidea adierazten, laranja koloreko
plastikozko “onttoak” aurkituko ditugu pinuetan iltzapetuta (7 min.).
L1
(40 m, 8 aseguru, 5b). Euste-lekuak dituen horma bertikala. Bideko
zailtasun handiena da. Ondoren itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka
etzana. Igotzen hasi eta 25 metro ingurura, erlaitz handi batean, bilgune bat
aurkituko dugu. Igotzen jarraitu gure gainean ikusten den horma bertikalaren
oinarrian dagoen lehenengo bilgunera iritsi arte. Azken metroak ia oinez egiten
dira.
L2 (30 m, 10 aseguru, 5a). Euste-lekuak dituen horma bertikala. Oso
ongi babestua dago eta aurreko luzekoa baino apur bat errazagoa da. Ondoren
ezkerretik eskuin aldera igotzen den plaka etzana gainditu behar da. Bilgunera
iritsi aurretik oinentzat eta eskuentzat euste-leku txiko baino ugariak dituen
hormatxo labur bat gainditu behar da. Bilgunea erlaitz eroso batean dago.
L3 (30 m, 5 aseguru, 5a). Bilgunetik irteteko euste-leku onak dituen zati
bertikal labur bat. Gero zailtasuna jaitsi egiten da eta grada moduko
batzuetatik igo behar da azken bilguneraino.
Jaitsiera:
Mugarriak jarraitu. Hasieran ezker aldera egiten du
bideak eta gero behe aldera modu argi batean. 7
minututan bidearen oinarrian izango gara.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa:
Hego
mendebaldea..
Iraupena: 1h.
Nork ekipatua: Luís Royo,
Carlos Budría eta Julio Benedé, 2012.
Espolón
de Rebollón (5c, 105 m, derrigorrez 4c)
L1
(25 m, 6 aseguru, 4a). Euste-leku txikiz beteriko plaka etzana
hasieran. Erraza eta oso ongi txapatua. Ondoren bilgunera iristeko ezker aldera
zeharkaldi horizontal bat egin behar da.
L2
(30 m, 11 aseguru, 4c). Plaka hasieran eta jarraian plaka-diedro
motz bat. Azken zatian euste-leku onak dituen espoloitxo bertikala.
L3
(25 m, 9 aseguru, 5c). Euste-leku onak dituen horma bertikala.
Ondoren, eskuin aldera, igotzeko joera duen zeharkaldia. Zeharkaldiak apur bat
kanpo aldera botatzen du eta A0 modura gaindi daitekeen pasagune gogor bakarra
du. Bilgunea erlaitz batean egiten da.
L4
(25 m, 3 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko pasagune fin bat plaka
etzan batean bilgunetik irteterakoan. Gero plaka asko etzaten da eta ia “lau
hanketan” igotzen da bilguneraino.
Jaitsiera:
Eskuinera jotzen duten mugarriak jarraitu. Bidezidorra
mugarri ugariekin oso ongi adierazita dago eta 10 minututan Bachimaña aterpera
daraman GR-11 bidean gara (Caldares ur-jauzia baino metro batzuk lehenago).
Materiala: 12 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa:
Hego
mendebaldea.
Iraupena: 1h15min.
Nork ekipatua: Luís Royo,
Carlos Budría eta Julio Benedé, 2013.
0 comentarios:
Publicar un comentario