© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/09/21

Antxon Gorrotxategi eta bere lagunaren beste harribitxia. Luze joan zaien proiektua izan da. Ia bi urte. Bidearen lehenengo luzea garbitzeak lan handia eman du. Hasiera batean hirugarren luzea beste bide batena zen, baina azkenean bide horren (izena ez dut ezagutzen) eta “Txomin” bidearen artean beste lerro polit bat ekipatzea erabaki zuten. Aurten lana amaitu dute eta espero dugu hemendik aurrera jendeak disfrutatzeko bidea izatea.
Nahiz eta lehenengo luzeak ez duen jarraitzera animatzen, bigarren luzetik aurrera kalitatea asko hobetzen da. Lehenengo bi luzeak dira zailenak. Lehena ez da hain mantendua, baina bigarrena bai. Zailtasuna mantendua duen ur-tantez osatutako plaka bertikal handi bat da. Bideari zailtasun maila ematen dion luzea da. Geratzen diren beste luze guztiak disfrutatzekoak dira.
Orokorrean arroka oneko bidea da eta oso ongi ekipatuta dago. Hala ere, nahiko berria denez, euste-lekuren bat apur daiteke. Bidearen hasieran eta galtzeko aukera dagoen tokietan bidearen izena agertzen duten plakatxo batzuk aurkituko ditugu.

Iristeko: Egino herrira hurbildu.

Hurbiltzeko: Ikus hurrengo aipamena.

L1 (35 m, 10 aseguru, 6a). Plaka-diedro moduko baten oinarrira iritsi arte kanal moduko batetik hasten da. Luzeko azken zatia apur bat desplomatua da. Lurrezko aldapa batera irteten da eta bertan bilgunea aurkituko dugu. Luzea hau nahiko zikina dago eta harri batzuk mugitu egiten dira. Ez hetsi. Hurrengo luzetik aurrera bideak kalitatean asko irabazten du. Lurrezko aldapara irteterakoan ohiko da beheko lagunari hartxintxarrez eta hondarrez osatutako “euria” botatzea. Adi egon.
L2 (35 m, 13 aseguru, 6a). Ur-tantez osatutako 30 metro inguruko plaka bertikala. Zuhaixka ondoren 5-6 metro inguruko horma bertikala dator. Estutu beharreko zatia da. Gero plaka zertxobait etzan egiten da (oso gutxi) eta nahiz eta zailtasuna apur bat jaitsi luzeak zailtasunean nahiko mantendua izaten jarraitzen du. Horma bertikala gainditu ondoren ur-tantez osatutako zati luze bat dator. Zati hori oraindik nahiko “birjina” dago eta beraz ertz txikiren bat apur daiteke. Jendea pasatzerakoan hobetuko da. Bilgune erosoa, katez elkartutako eraztundun bi paraboltez osatua. Harri bloke handi bat eusten duen zuhaixka baten alboan dago.
L3 (35 m 9 aseguru, 5a). Pasagune finen bat duen arroka trinkoz osatutako plaka hasieran. Zuhaitzak gainditzerakoan zailtasuna jaitsi egiten da eta harmaila moduko batzuetatik igotzen da. Bilgune erosoa lepotxoan.  Bilgunea bertikaletik 8 metro ingurura dago eta lagunarekin komunikazio arazoak egon daitezke. Bidearen izena deun plakatxo bat aurkituko dugu bide lerroaren jarraipena adierazten bilgunearen alboan.
L4 (35 m, 9 aseguru, 5c). Konplikazio handirik gabeko luzea. Salbuespena luzearen amaieran aurkitzen den eta pasagune finak dituen plakatxoa da. Hobeto da eskuineko ertzaren laguntzarekin laguntzea. Bilgune erosoa eraztundun bi paraboltez osatuta.

Bilgunerik irten eta 80-100 metro inguru oinez igo hurrengo luzearen hasieraraino. Bidearen izena duen plakatxoa aurkitu behar dugu.

L5 (35 m, 7 aseguru, 5b). Goiko partean dagoen plakaraino iritsi arte nahiko zati erraza. Plakan zertxobait estutu behar da, baina ongi babestua dago.
L6 (30 m, 4 aseguru, 5a). Euste-leku oneko diedro-pitzadura bertikala hasieran. Zailtasun hori gainditu ondoren bidea nahiko etzaten da eta zailtasuna asko jaisten da.

Azken bilgunetik toki leun batera iristeko II-III mailako beste 25 metro inguru geratzen dira. Azken bilgunea harri blokeetan antolatu behar da. Luze hau sokatik askatuta edo oraindik lotuta egin daiteke. Bakoitzak erabaki dezala.




Jaitsiera: Bide egokienetik goraino igo (mugarri batzuk badira). Goian ezkerraldera jo eta Aztoreko bide arruntetik oinez jaitsi. Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.

Materiala: 13 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 3h45min.
Nork ekipatua: Antxon Gorrotxategi eta Gontzal Avila, 2014.




Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario