© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/09/26

Benetan oso etzanak diren plaketatik zehar doazen bi bide dira. Hain etzanak dira batzuetan “lau hanketan” igotzen direla. Plaka oso leunetan ematen den itsasgarritasunezko eskalada da. Arrokak oinentzat eta eskuentzat mikroeuste-lekuak ditu eta plakak hain etzanak direnez nahikoak dira igotzen laguntzeko. Ia luze gehienek organo-hodiz osatutako zatiak dituzte bertako eskalada bereziarekin. “Tonton coinceurs” bidea nahiko gertu dauden aseguru ugariekin oso ongi ekipatua dago, baina “Babylon by bus” bidean gauza aldatu egiten da. Bigarren horretan organo-hodiak agertzen diren zatietan aseguruak nahiko gertu daude (oso gertu ere ez), baina plaka leunetan aseguruak oso urruti daude (10 metrora ere) eta beraz, ekipatzaileek dioten modura, buruz ongi eta zailtasun maila menperatuta joan behar da. Hobe da “Tonton…” bidearekin hasi arrokari eta eskalada motari trukua hartzeko eta ondoren “Babylon…” egitea.
Bilgune denak erosoak dira erlaitz handietan egiten direlako. Prestatuta daude bidea rapelatzeko, baina hobe da oinez jaistea (ezker aldetik). Bideak oso etzanak izan arren gustura geratzen zara eta gomendagarriak dira.
Bideen oinarria nahiko altuera garaian dagoenez (2.100 m ingurura) bideak udarako egun bero horietarako aproposak dira. Beraien orientazioa (iparra) eta altueragatik ia beti brisa fresko bat dabil eta beraz, komenigarria da babesteko arropa eramatea.


Iristeko: Gedre herrira hurbildu eta bertatik Troumouse zirku aldera igo. Udaran zirkura sarbidea kontrolatzeko ordainlekua dago. Egun osorako prezioa 5 euro dira (abuztua 2014), baina goiz ibilita ez da inor egoten ordainlekuan.
Hesia zeharkatu ondoren errepidetik igo eta Maillet-eko aterpe-tabernara iritsiko gara. Errepideari jarraituz, plakak bere eskuin aldean geratzen dira, ur-jauzi baten gainean. Kotxearekin errepidetik igo eta plaketatik gertuen dagoen bihurgunean aparkatu.


Dalle du Maillet.

Tonton coinceurs (5b, 225 m, derrigorrez 4c)
L1 (45 m, 7 aseguru, 4a). Organo hodiz osatutako hormatxo-sabela hasieran. Gero, erlaitz handi batera iritsi arte, plaka asko etzaten da. Azken zatian itsasgarritasun pasagunetxoak dituen plaka etzan batez osatua dago.
L2 (55 m, 11 aseguru, 5b). Hasierako metroetan horma-sabela (aseguruak gertu). Ondoren aseguruak urrutirago dituen plaka etzana. Azken aldera ezker aldera jo behar da erlaitz belartsu handi batean dagoen bilgunea aurkitzeko.
L3 (15 m, 3 aseguru, 4b). Ongi babestuta dagoen horma txiki bertikal bat gainditzeko balio duen luze laburra. Bilgunetik irteteko pasagunetxo bat dago. Horma gainditu ondoren,  erlaitz belartsu handi batera irtengo gara. Bertan aurkituko dugu bilgunea.
L4 (55 m, 11 aseguru, 5a). Plaka luze bat hasieran. Beste plakatxo batera igarotzeko erresalte txiki bat gainditu behar da. Plakatxoa igarota luzea asko etzaten da. Bilgunea aurkitzeko ezker aldera igo behar da.
L5 (45 m, 8 aseguru, 3b). “Lau hanketan” igotzen den plaka oso etzana itsasgarritasunezko pasagunetxoren batekin.


Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Iparra.
Iraupena: 1h15min.
Nork ekipatua: Zonzibar eta Yaks, 2011.


Babylon by bus (5c, 210 m, derrigorrez 5b)
L1 (55 m, 4 aseguru, 4b). Organo hodiak dituen hormatxo etzan bat hasieran. Ondoren aseguruak oso urruti dituen plaka oso etzanak.
L2 (55 m, 6 aseguru, 5a). Organo hodiz osatutako plaka hasieran. Ondoren itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka etzan nahiko leuna. Oin eta eskuentzat beti aurkituko ditugu pitzaduratxo eta erregletatxo txikiak. Plaka hobeto igotzen da bere ezker aldetik pitzadura txiki baten laguntzaz baliatuta.
L3 (45 m, 6 aseguru, 5c). Gertu dauden bi aseguruz babestutako pasagune fin  bat duen plaka bertikal motza. Pasagunea A0 modura igo daiteke. Erlaitz belartsu batera irtengo gara eta bertatik nahiko mantendua den itsasgarritasunezko plaka leun etzan bati ekin behar zaio. Pasagune fin batzuk ditu eta aseguruak urruti daude. Luzeko lehe asegurua 6-7 metro ingurura dago (zati bertikala, baina nahiko erraza lehenengo asegurura iritsi arte).
L4 (45 m, 6 aseguru, 4b). Bilgunetik irteteko sabaitxo bat (luzeko pasagune gogorrena). Ondoren organo hodiz osatutako plakatxo bat. Jarraian erlaitz belartsu handi batez banandutako plaka etzanak. Bilgunea aurkitzeko bosgarren asegurutik aurrera ezker aldera jo behar da.
L5 (20 m, 1 aseguru, 3a). Oso etzana den plakatxoa. “Lau hanketan” igotzen da.


Jaitsiera: Bi bideentzat berdina. Belarditik igo eta, aukera dugunean, ezker aldera jo. Erreka zeharkatu eta beste aldean dagoen bidezidorretik jaitsi. 15 minututan bideen oinarrian gara.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Iparra.
Iraupena: 1h15min.
Nork ekipatua: Zonzibar, Yaks eta Luigi, 2011.




Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario