© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/09/06

Denetik duen Plaka Gorrietako beste bide bat. Lehenengo luzea itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka trinko batez osatua dago. Zailtasuna handitik gutxira doa. Bigarrena babaresa edo oposizio moduan igo daitekeen plaka-tximinia batez osatua dago. Gauza zailagoa egin nahi bada plaka erditik igotzeko aukera ere bada. Bigarren luzeko azken metroak eta hirugarren osoa euste leku onez jositako gradez eta plakatxoz osatuta daude.
Toki lasaia. Ekipamendua egokia da eta bigarren eta hirugarren luzeek aseguruen artean beste babesen bat ipintzeko aukera ematen dute. Bilguneak erosoak dira eta rapelatzeko prestatuta daude (2 parabolt 2 eraztunekin), baina egokiagoa eta garbiagoa da Eskualido Karnero bidetik jaistea (ikusi hemen).

Iristeko: Amezketatik Abaltzisketara igo eta bertatik Larraitz auzora hurbildu. Dauden aparkalekuren batean kotxea utzi.

Hurbiltzeko: Hurrengo sarrera ikusi.

L1 (40 m, 7 aseguru, 5a). Organo hodiak dituen plaka trinko nahiko bertikala. Lehenengo metroak dira bertikalenak. Gero, apurka, bertikaltasuna galtzen doa. Seigarren asegurutik aurrera plaka asko etzaten da. Azken asegurutik bilguneraino hamar metroko zati erraza, baina asegururik gabekoa.
Lehenengo asegurua nahiko altu dago, baina eskuinean dagoen bloke edota pitzadura batean zerbait jarrita babestu daiteke zerbait (eraginkorragoa baino, psikologikoa).
L2 (35 m, 6 aseguru, 4b). Zuzen irten eta espoloia inguratu ondoren plaka-tximiniara hurbildu. Bere lehenengo zatia eskuineko hormaren azpian dagoen pitzaduraren laguntzarekin babaresa moduan igo daiteke. Bigarren zatia babaresa edo oposizioa eginez igo daiteke. Bosgarren asegurua jarri ondoren eskuineko espoloira irten behar da. Plaka erditik igota lehenengo zatiak 5c zailtasuna izan dezake.
L3 (30 m, 3 aseguru, 3c). Gradak eta plakatxoak. Euste-leku ugari. Azken bilgunea, R3, inguruko bide guztientzat bera da.



Jaitsiera: Hurrengo sarrera ikusi.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Bigarren edo hirugarren luzerako friends eta zinta luzeren bat (aukerakoa, ez dira derrigorrezkoak).
Arroka: Kareharria. Lehenengo luzeko arroka oso trinkoa da.
Orientazioa: Hego mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario