© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/04/10

Berez “Behetik goraino” ez da bide bat, bide desberdinen konbinazioz lortzen den ibilbidea baizik. Bide horiek "Marly" (Arritxulo sektorekoa), “Laritz” (Aske sektorekoa), “Tercero y punto” eta “Pizkor” (Agorre sektorekoa), “Mitxi” eta “Rumbo a casa” (Fuxina sektorekoa), “Atxurras al poder”, “Talbet” eta “Formando al niño” (Enarri sektorekoa) eta azkenik ”Basurdeen atsedenlekua”  (Atsedenlekua sektorekoa) dira.
Izenak azaltzen duen bezala ibilbidea lehenengo plakan hasten da eta azkenekoan amaitzen da. Horrela 9 edota 10 luzeko ibilbidea lortzen da. Eskalada era askotakoa da eta zailtasuna ere ez da handia, zailtasun zehatz bakar batzuekin. Horrez gain, eskolak ematen dituen aukerak kontuan izanik, bakoitzak bere ibilbidea diseina dezake eta bere “Behetik goraino” egin, egokienak ikusten dituen bideak konbinatuz. Emaitza sentsazio ona uzten dizun 2h30min inguruko eskalada da. Ibilbidea edozein momentuan utzi daiteke zailtasunik gabe.
Arroka eta ekipamendua luxuzkoak. Lekua eta paisaia beste luxu handi bat. Eguraldiak laguntzen badu, kontrastez beteriko paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Alde batean Kontxako badia eta bestean Pirinioak mendizerrako gailurrak. Benetan paisai zoragarria. Tokia guztiz gomendagarria.

BERRIA 2019 !!!: Orain errepidetik hasi daiteke. Errepide alboan dagoen plaka ekipatu da eta bertatik 3 minututan hurrengo plakan gaude. 

Iristeko: Oiartzun herrira joan eta Lesakara (Arditurri bezala ere adierazita dago) daraman GI-3420 errepidea hartu. Ergoien auzoa zeharkatu eta Aritxulegi mendate aldera igo. Aterpearen aparkalekuan edo tunelaren alboan jaiotzen den pistan kotxea aparkatu.

Hurbiltzeko: Pistan, errepide alboan, aparkatzen badugu 1 min. Aterpearen aparkalekuan uzten badugu kotxea, hurbilketa 4 minutura "luzatzen" da.

L1 (30 m, 7 aseguru, 4a). Plakaren erdian dauden bi lerrotatik (arrokak kolore zurixka harzen duen tokian) eskuineko lerroa hartu (ezkerrekoa zertxobait errazagoa irteten da; 3c). Bosgarren eta seigarren aseguruen artean pasagunetxo bat duen plaka etzana.
Lehenengo aseguruek lehen zokaloaren igoera babesteko balio dute. Ezkerretik igota zokaloa ekidi daiteke. Bilgunea plakaren gailurreko lurrean aurkituko dugun bilgunean egiten da (ez egin bilgunea jaisteko mosketoiak dituen horretan).

Bidezidorrari jarraituz hurrengo plakara oinez igo (3 min).


L2 (20 m, 5 aseguru, 4b). Arroka trinkoz osatutako plaka motz bat. Luzeko pasagunea plakara igotzeko dago. Jaisteko bilgunean ez txapatu eta aurrera jarraitu 5 m ingurura aurkituko dugun bilgune erosoraino.
L3 (30 m, 4 aseguru, 3c). Sabai bat duen hormatxoa. Bere eskuineko ertzetik igotzen da. Ondoren erdi oinez erdi eskalatzen igotzen diren bloke batzuk eta, azkenean, ondulazio ugari dituen arroka trinkoz osatutako plaka.
L4 (15 m, 4 aseguru, 4b). Euste leku ugari dituen bloke handiz osatutako plaka motza.

Fuxina sektoreko plaka handiaren oinarri azpian jartzeko 30 m inguru oinez hurbildu.

L5 (20 m, 5 aseguru, 4c). Bilgunea baino zertxobait lehenago pasagune finen bat duen plaka bertikala.
L6 (15 m, 6 aseguru, 4b). Eskuinera emeki gorantz egiten duen zeharkaldia egin behar da hasieran. Erresalte bat gainditu eta ondoren ezproi motz bat euste leku pilo bat, baina pilo bat, dituen hormara irteteko. Aurreko luzea eta hau lotzeko aukera dago (L4+L5).

Oinez 50 m inguru egin eta, hesi bat zeharkatu ondoren, Erroilbidera igotzen den bidera (GR-121) irtengo gara. Sabai handiaren parera igo arte bideari jarraitu eta ondoren bere eskuinean geratzen den plakara igo (guztira beste 80 m inguru; R5etik guztira 3 min inguru). Ibilbideak plakan dauden bidetik eskuinago dagoen lerrotik jarraitzen du.

L7 (30 m, 7 aseguru, 4a). Lehenengo erdian, plaka bertikala. Gero etzan egiten da. Hobe da bloke handi batean dagoen jaisteko bilgunea pasa eta 5 metro aurrerago, erlaitz belartsu handi batean dagoen 2 kimikoz osatutako bilgunea erabiltzea.
L8 (20 m, 7 aseguru, 5a). Lehenengo erdian euste leku onak dituen plaka zimurtsua. Ondoren horma bertikal motz bat.
L9 (20 m, 4 aseguru, 4b). Eskuin aldera igo behar den plaka. Bilgunea aurkitzeko laugarren aseguruan norabidez aldatu eta ezker aldera egin behar.

Bidezidorrari jarraitu eta hesia zeharkatu ondoren azken harkaitzean dagoen diedro nabariaren azpian jarri behar da. R8 bilgunetik 80 m inguru dira oinez (2 min inguru). Lurra lehorra badago katuak kendu gabe egin daiteke lasai-lasai.

L10 (15 m, 4 aseguru, 5a). Diedrotik hasi eta lehenengo asegurua txapatu ondoren plakara irten. Plakak badu pasagune finen bat.





Jaitsiera: Oinez Erroilbideko bidetik. Azken bilgunetik 25-30 minututan garagardo hotz batez disfrutatzen egongo gara aterpean.

Materiala: 7 – 11 zinta, L4 eta L5 elkartzen direnaren arabera + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan, ez dira behar.
Arroka: Itsasgarritasun handiko granito zaharra.
Orientazio: Hegoa.
Iraupena: 2h30min.
Nork ekipatua: Cesar Atorrasagasti eta Juanillo Regatos, 2016 urtean  Iñaki, Victor, Alberto eta  Anderren laguntzarekin.
Materiala CVCE elkarteak jarri du.



Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario