© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/01/27

Donostian asteburu luzea tokatzen da (danborrada) eta lanean festa dugunez Els Ports eta Masmutera hurbiltzeko aprobetxatzen dugu. Ez digu eguraldi ona egiten, baina tira, zerbait eskalatu dugu.
Masmutera hurbildu ginen egunean oso egun hodeitsua suertatzen zen. Horrez gain, 2 ºC-ko tenperatura “goxo” bat egiten zuen eta haize pixka bat zebilen. Ez zen giroa eskalatzekoa, baina euskaldunak garenez aurrera jarraitu eta horman sartzea erabaki genuen. Arropa apur batekin dena konpontzen da. Aurreko egunean euria egin zuen eta arroka oraindik ez zegoen guztiz lehorra.
“Els Pedregals” eta “Canchas para todos” izeneko bideak egiten genituen. Bietatik, gehien gustatu zaiguna (eskalada motagatik, arrokagatik eta ekipazioagatik) “Els Pedregals” izan da. Aipamen batzuetan “Canchas para todos” bidea Masmuteko bide errazena dela diote. Egia da ez dela oso zaila eta nahiko ongi ekipatuta dagoela, baina eskalada bitxia dauka. Diedro-tximinia moduan eskalatzen da ia bide osoan eta kanala osatzen duen eskuineko horma nahiko higatuta dago uragatik. Guri zertxobait arraroa egin zitzaigun (nahiko “arrastaka” ibili ginen).


OHARRAK: Herrian dagoen “Sociedad” tabernan inguru hauetako aipamen eta krokisak aurki daitezke (zerbitzariari galdetu).
Tabernan aurkitu genituen aipamenetan “Els Pedregals” ireki zutenek (Luis Royo eta Julio Benedé bikote ekipatzaile ezagunak) bidea 2007ko azaroaren 4ean ekipatzen hasi zirela diote (broka apurtu egin zitzaienez, ez zuten amaitu). Noiz amaitu zuten ez da aipatzen (edo guk ez genuen aurkitu). Hori dela eta hilabete hori jarri dugu bidearen irekiera-data modura.
“Els Pedregals” bidearen eskuinean paraboltekin ekipatutako 3 bide daude (oso ongi ekipatuak). Horietako batek, “Els Pedregals”-etik hurbilen dagoenak, luze ugari dituela eta aurrekoarekin R3 bilgunean elkartzen dela dirudi. “Els Pedregals” bidearen antzekoa ematen du, baina zertxobait bertikalagoa. Ez ginen sartu egitera hotzagatik. Norbaitek badaki bidearen izena eta zailtasuna? Informazio hori eskertuko nuke.

Iristeko: Peñarroya de Tastavins herrira hurbildu. Herriko sarreran, Tastavins hotelaren aurrean, “peñas de Masmut” kartelarekin adierazita dagoen zementuzko pista hartu. Pista horri jarraitu behar zaio 3 km inguru (eskema ikusi). Lehenengo herena zementuz osatuta dago. Gero, zati labur batzuk izan ezik, egoera onean dagoen lurrezko pista bat da. Aparkalekuan 4-5 kotxentzat tokia dago.

Hurbiltzeko: Aparkalekutik, gure ezkerrera, hormak ikusiko ditugu. Gure aurrean PR-TE 157 Arroyo Los Prados ibilbideko bidea (beherantz egiten du) jaiotzen da. Bide hori hasten den tokian, zertxobait ezkerrera, hain nabaria ez den beste bide bat adierazten duen mugarria ikusiko dugu. Bide horrek inguru hauetako bide klasikoetara (Aresta GAS…etab) hurbilduko gaitu.
“Els Pedregals” bidea dagoen ezproira hurbildu nahi badugu, onena ipar aldera jotzen duen bidetik 30 metro inguru igotzea da. Pinuditik irtetean edo irten baino zertxobait lehenago, eskuinean, hormara hurbiltzeko bidea adierazten duten mugarriak ikusiko ditugu. Horiei jarraitu eta aparkalekutik 4 minututan bideen oinarrian gara.


Els Pedregals (4c, 90 m, derrigorrez 4b)
Bidea ireki zutenek aipatzen dutenez “Bidearen izena ibilbidean erabiliko ditugun uharri marroiengatik da”. Gozatzeko bidea.

L1 (30 m, 9 aseguru, 4c). Euste leku oneko plaka hasieran (lehenengo bi herenetan). Azken herena itsasgarritasunezkoa eta euste leku txikiekin.
L2 (25 m, 6 aseguru, 4c). Uharri potoloak dituen pitzadura-kanala hasieran. Gero, euste leku txikiko plaka. Azken metroak oso etzanak. Bilgunea zulo nabari batean.
L3 (15 m, 4 aseguru, 4c). Arroka oso trinko eta oneko luzea. Sabai-sabela behetik ematen duena baino errazagoa da. Oso ongi babestuta dago (A0 modura ere egiteko prestatuta dago). Sabela gainditu ondoren eta bilgunera iritsi arte, zati erraza. Bilgunea plataforma handi batean egiten da. L2 eta L3 luzeak elkartzeko aukera dago, baina orduan bikotearen arteko komunikazioa ez litzateke hain ona izango. Plataformatik ezkerrera eginez bidea uzteko aukera dago.
L4 (20 m, 4 aseguru, 4b). Horma motz bat hasieran, gero errazagoa. Uharri handiak (bateren batekin arreta izan; gehienbat arroka bustia badago). Bilgunea ipuru batean egiten da (bloke batean zinta bat ipiniz indartu daiteke).

Jaitsiera: Azken bilgunetik ezkerrera jaitsi. Ageriko jaitsiera. 5 minututan berriro gara kotxean edo bidearen oinean.

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (konglomeratua)
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h.
Nork ekipatua: Luis Royo eta Julio Benedé, 2007ko azaroa.



Canchas para todos (4c, 85 m, derrigorrez 4c)
Arroka-zubietan altzairuzko eraztunez eta paraboltez ekipatutako bidea. Arroka-zubiren bateko eraztuna kanaletik urak jaisten duen zikinkeriagatik erdi ezkutatuta dago. Behetik gora begiratuta, kanalaren eskuin aldeko arroka nahiko higatuta dago uragatik eta nahiko irristakorra da. Bidea zertxobait zikina aurki dezakegu, baina ez molestatzeko haina. “Sociedad” tabernan aurkitu genuen aipamenean “Masmuteko ekipatutako bide errazena. Aragoiko hainbat eskalatzaileek ireki zuten eskalatzen hasten zirenek erabiltzeko eta disfrutatzeko asmoarekin” jartzen zuen.

L1 (25 m, 4 aseguru, 4a). Arroka labainkorra duten bi plaka erlaitz txiki batez bananduak. Bilgunea bloke handian aurkituko dugun altzairuzko eraztunean egiten da.
L2 (25 m, 4 aseguru, 4c). Estutu behar den plaka bertikala. Trukua diedrotik irtetea da, baina gorputzak barruan sartzea eskatzen du. Bilgunea 2 paraboltez osatuta, eskuinean.
L3 (20 m, 3 aseguru, 3c). Lehenengo metroak kanalaren ezkerrean geratzen den plaka etzanetik egiten dira. Bilgunea parabolt batez osatua.
L4 (15 m, 1 aseguru, 4c). Landatutako bloke handira iritsi arte ia horizontala den kanala. Blokeko pasagunea, ziala baino deserosoa da. Ongi babestuta dago blokean estrategikoki ipinita dagoen parabolt batekin. Nahi baldin bada aurkituko dugun zuhaixka batekin lagundu gaitezke pasagunea emateko. Zuhaixka hori justu bloke handiaren azpian dago. Bilgunea blokea gainditu eta metro batzuk gorago ezkerreko horman aurkituko dugun parabolt batean. L3 eta L4 luzeak elkartzeko aukera dago.


Jaitsiera: Azken bilgunetik arreta apur batekin, oinez, gora igo. Hortik mugarriak jarraitzea soilik geratzen da jaitsiera aurkitzeko (destrepe txikiren bat dauka). Kotxera edo bideen oinarrira itzultzeko 10 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 4-5 zinta + bilgunerako materiala. Friends edo fisurero handiren bat ongi etor daiteke (gehien bat L2 luzerako).
Arroka: Kareharria (konglomeratua)
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h.

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario