© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/07/04

Bero-boladatik ihes eginez Piriniotako ipar aldera joan gara, 2.000 metrotik gora dauden bide erosoak bilatuz tenperatura atseginago batez gozatzeko asmoarekin. Asmatu egin dugu.

Troumousean dagoen “Dalle du Maillet”era itzultzen gara, Aqualand bidea egitera. “Lau hanketan” eskalatzen den plaka oso etzanetatik eskalatzen da, baina oso aseguru gutxirekin luze bakoitzean.  Oso urruti geratzen direnez derrigorrezkoa da friends eta fisureroekin autobabestea. Luzeen zailtasuna orokorrean 4a maila inguruan dabil, baina badira luze pare bat (L1 eta L3) itsasgarritasunezko zati motz batzuekin non zailtasuna zertxobait igotzen den.  Zati horietan agertzen dira aseguru finkoak. Luzeak ere oso luzeak dira (50 eta 60 m bitartean) eta bikotearekin ikusmen-kontaktua lehen luzean dago soilik. Besteetan ez eta gainera uharraren soinuarekin ezin da ere ahozko kontaktua burutu. Kontuan izateko detailea da.

Aurrekoarekiko nobedade bat dago. Maillet aterpearen parean aparkaleku handi bat egin dute eta errepidearen azken puska, Troumouseko lautadara igotzen dena, itxi egin dute. Beraz, hurbilketa 15-20 minutu gehiagotan luzatzen da.

 

Iristeko: Grede herrira hurbildu eta Troumouse aldera igo.

 

Hurbiltzkeo: Kotxe aparkalekuan utzi (doan 2022ko ekainean; ez litzaidake gehiegi harrituko frantsesek turismo garaian aparkatzeko kobratuko balute) eta Troumouse aldera doan agerizko bidezidor zabala hartu. Egoki ikusten dugunean bidetik irten eta, soroetatik barrena, harkaitz muinoa bere eskuinetik inguratu (15 min). Agerikoa ikusten dugun lekutik, bidezidorrik gabe, igotzen jarraitu. Ur-jauziaren parera iristen garenean mugarriak eta bidezidor arrastoak aurkituko ditugu. Horiek jarraitu hormaren oinarrira iritsi arte. Guztira, lasai-lasai igota, kotxetik 45 min inguru dira.

 

L1 (55 m, 4 aseguru, 5a). Kanal moduko arrastoak dituen plaka hasieran. Zati hau “Babylon by bus” bidearena ere da. Lehen 5 metroak (luzeko zatirik zailena) oinak ongi jarri beharrekoak dira. Pitzadura horizontal txiki batek friends txiki bat jartzeko aukera ematen du. Zertxobait aurrerago, eta “Babyloneko” bigarren asegurua baino lehen, pitzadura horizontal on batek ezker aldera egin behar den zeharkaldi horizontala friends handi pare batekin babesteko aukera eskaintzen du. Beste aukera bat zeharkaldi hori “Babylon by bus” bidearen bigarren asegurua jarri ondoren egitea da. Nahiz eta zeharkaldia ez izan zaila garrantzitsua da bigarrenaren progresioa babestea. Zati honetan pendulu bat egiteak lurra jotzea suposa dezake. Ezker aldera eginez igo, kolore marroi argiko arrastoa zeharkatu eta plaka etzan handia zuzen igo. Friendsak edota fisureroak ipitzen uzten dituzten artesi eta pitzadura batzuk badaude. Azken metroetan aurkituko ditugu 2 aseguru finkoak. Bilgunea ageriko sabaitxoaren eskuinean (zertxobait gora) aurkituko dugu.

L2 (60 m, 2 aseguru, 4b). Ezker aldera, loretxo batzuk dauden aldera, irten. Kolore marroia duen beta zimurtsu bat duen plaka (kareharri eta hareharriaren nahaste bat dirudi; ez da behintzat granito). Bere pitzadura batzuk autobabesaren bat jartzea ahalbidetzen dute. Beta zeharkatu eta plaka etzan erraldoiari ekin. Luichyren aipamen originalean bi aseguru finko aipatzen dira luze honetan, baina guk bat bakarra aurkitu genuen (agian saltatu egin genuen). Sabai handira iritsi arte igo. Pitzadura horizontal handi bat agertzen du (friends handiak jartzeko aproposa). Babaresa ezker aldera. Bigarren progresioa babesteko zerbait jartzea interesgarria da. Bilgunea sabai-pitzadura horretatik nahiko ezkerrera, erpin baten modukoan, uharretik nahiko gertu. Ez dago ikusmen-kontakturik, ez eta ahozkorik R1 eta R2 artean.

L3 (55 m, 2 aseguru, 5b). Kanal txiki moduko zimurdurez osatutako plaka bertikala. Erraza autobabesteko. Ondoren harmaila batzuk plaka leun baten oinarrian uzten gaituzte. Itsasgarritasunezko plaka leun hori zertxobait konkortua da. Pasagunea bigarren asegurutik askatzean dago. Gero ia oinez igotzen den plaka oso etzana. Bilgunea, eremiu belartsu bateko erpin batean dago kokatuta. Ez dago ikusmen-kontakturik, ez eta ahozkorik R2 eta R3 artean.

L4 (50 m, 3 aseguru, 3c). Goian ikusten parabolt aldera zuzen irten. Zati belartsu bat zeharkatu eta bere eskuinean geratzen den plakari ekin. Ondoren, eskuin aldera eginez, plaka luze eta oso etzan batetik igo behar da. Bilgunea erresalte txiki baten oinarrian kokatuta dago. Ez dago ikusmen-kontakturik R3 eta R4 artean.

L5 (15 m, 0 aseguru, II). Azken bilgunera igotzeko, ia oinez egiten den zati laburra. Azken bilgune hori “Babylon by bus” bidekoa da ere.

 




Jaitsiera: “Babylon by bus” bidetik rapela daiteke, baina hobeagoa, erosoagoa eta azkarragoa da oinez jaistea. Azken bilgunetik, ezker aldera eginez, uharrera hurbildu. Zeharkatu eta beste aldera pasa. Betan aurkituko ditugun bidezidor arrastoak jarraituz berehala gara hormaren oinarrian.

 

Materiala: 7-10 zinta + bilgunerako material. Friends eta fisurero joko bana. Ongi datoz 2 edo 3 friends handi (3. zki-raino)

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Iparra.

Iraupena: 1h 45min.

Nork irekia eta ekipatua: Luis Alfonso, Jean-Michel Arizon eta Jacques Lordon, 2012.

 

Cambiar idioma (Castellano)


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario