Mendia eta eskalada elkartzen dituen
jarduera. Lekua polita da eta Oloteko bailara aldera dauden bistak ere.
Guk “Coll de Bracons” (GI-5273
errepidea) lepotik hurbildu ginen. Beste aipamen batzuk Juanetas herritik
igotzen dela diote, baina hortik desnibela handiagoa da (lepotik egiten direnak
baino 500 m desnibel gehiago). Coll de Braconsetik hurbilketa luzeagoa izan
arren, oso erosoa da eta gehiena baso barrutik egiten denez, beti itzalpean
egiten da.
Bideak oso itsasgarritasun oneko arroka
du, baina delikatua eta erraz xaflatzen dena. Aseguruak hurbil daudenez, 5a
mailatik gorako zailtasuna duten zatiak A0 modura egiteko aukera ematen dute
eta ez da estualdi handirik pasatzen. Gainera jende asko pasatutakoa da eta
arroka nahiko saneatua dago. Hori bai, zein euste lekua hartzean dugun beti
arretarekin egin behar da.
Behetik ikusita ezproiak bertikala
dirudien arren, zereginean sartu ondoren altuera sentsazio gutxi dago. Gainera,
luze denek edo ia denek zati lurkara etzanak edota horizontalak dituzte.
R5eraino bilguneak rapelatzeko prestatuta daude (2 parabolt + 2 eraztun).
Hortik aurrera hobe da goitik irtetea.
Iristeko: Olot herri
aldera hurbildu. Herrira iritsi baino 5 km lehenago (hego aldetik etorrita) errotonda
handi bat dago eta zertxobait aurrerago Juanetas herrira igotzeko bidegurutzea.
Errepideari jarraituz “Coll de Bracons” lepora iristen da. Kotxea uzteko tokia
dago (5-6 kotxeentzat).
Hurbiltzeko: Kotxea uzten
den tokiaren aurrean, parez-pare, harrizko erresalte bat dago. Bertatik igo
behar da. Metro batzuk igo eta berehala aurkituko dugu agerikoa den
bidezidorra. Puigsacalm eta Font de Tornadissa adierazten duten poste bat dago.
Lehen 10 minutuak, Tossels-eko bidegurutzeraino
(zuhaitz batean dago ipinita seinalea), goraka dira. Bidegurutzera iristerakoan
zuzen jarraitu behar da (ez hartu eskuinera). Hortik aurrera bidezidorrak emeki
gora egiten du noizbehinka jaitsiera eta igoera labur batzuekin. Ordu erdi
ingurura “Collada de Sant Bartomeu” lepora iritsiko gara. Eskuinera egin behar
da. Igoera labur baten ondoren bideak emeki beheraka egiten du. Joera hori ia
iturrira iritsi arte mantentzen du. Iturrira iritsi baino zertxobait lehenago
bidegurutze bat dago eta bertan iturria adierazten duen poste bat dago. Iturria
metro batzuk aurrerago aurkitzen da (4 min). Ur fresko eta gardena (kotxetik 1
ordu inguru). Iturrian basoa amaitzen da.
Basotik irten eta bidetik igo. “Rasos de
Manter” jartzen duen poste adierazle batera iritsiko gara (1h 20min) eta zertxobait
gorago, soroetatik igoz, beste bat “Ras de les Civaderes” jartzen duena (1h
25min). Aurrerago bidea berriro basoan sartzen da (zuhaitz gabeko zati batzuk
ere badira) eta desnibel handirik gabe “Cami del Pas dels Burros” poste
adierazlera iritsiko gara. Zertxobait aurrerago dago bidegurutzea.
Hasieran jaitsiera nahiko malkartsua.
Ondoren orokorrean Puigsacalmeko hego ekialdeko horma nagusiaren azpitik doan
eta nahiko horizontala den bidezidorra (igoera eta jaitsiera txiki batzuk
baditu hala ere). Bidea tarte batzuetan airetikoa da, baina erraza da arreta
pixka bat jarrita eta kontu apur batekin ibilita. Lehenengo jaitsieran soka
finkoa duten zati batzuk daude (suposatzen dut bustia dagoen une horietarako).
Ezproiaren azpian jartzeko 50 min inguru beharko ditugu bidegurutzetik (2h 20
min kotxetik). Iritsi garela jakingo dugu zertxobait aurrerago bidezidorrak
norabidez aldatzen duelako eta metro batzuk aurrerago kate batekin babestutako
zati bat agertzen duelako.
Bidezidorretik bidearen oinarrira
igotzea geratzen da oraindik. Agerikoa den tokitik igo behar da ezproia.
Trepadatxoren bat badago. Bidezidorretik erlaitz erraldoi eta zabalera 8-10
minutuko igoera beharko dugu. Kotxetik, guztira, 2h 30 min inguru dira (hori
bai, erritmo lasaian).
Oharra: Cami del Pas
dels Burroseko bidea erabili beharrean Puig dels Llops aldera bide arruntetik
hurbiltzen bagara (Puigsacal gailurra inguratuz) eta hortik ezproiaren
oinarrira jaisten bagara, hurbilketa 30-40 minututan moztu daitekeela uste dut.
Erlaitz erraldoi eta zabaletik
zertxobait gorago dagoen beste erlaitz batera igo behar da (trepada). Bertatik
hasten da bidea. Lehengo paraboltak berehala ikusten dira.
L1
(25 m, 3 aseguru, 4b). Diedro antzeko bat hasieran. Ondoren gandor
horizontal zati labur bat sabai handiaren azpian dagoen bilgunera iristeko.
L2
(15 m, 5 aseguru, 5c). Bilgunearen eskuinetik irten. Hasieran
hormatxo bertikala eskalatzen uzten da, baina gero, ezker aldera egin behar
denean eta sabai gainetik pasa behar denean, estutu egin behar da. Aseguruak
gertu. A0 modura egin daiteke.
L3
(25 m, 7 aseguru, 5c). Orokorrean euste leku onak dituen ageriko
diedro luzea. Azken metroak ezproitxo batetik egiten dira.
L4
(30 m, 7 aseguru, 6a edo 5a/A0). Hasieran, harri handi eta biribilez osatutako
ezproitxoa. Bilgunetik begiratuta, erraza dirudi, baina bertan zaudela ohartzen
zara bideko zatirik gogorrena dela. Pasagune arraroa hasieran. Eskuentzat ia
ezer ez duen sabel biribila. Borrokatuta A0 modura egin daiteke. Hori bai,
altuera sentsaziorik ez dago eta horrek
lasaiago ibiltzea suposatzen du (niretzat behintzat). Zati hori gainditu
ondoren, eremu lurkara batetik,10 m inguru ezkerrera egin behar da luzearen bigarren
zatiari ekiteko. Ezkerreko horman dagoen pitzadura baten laguntzarekin igotzen
den sabeltxo bat. Gero diedro ireki bat gainditu behar da bilgunera iristeko.
L5
(35 m, 12 aseguru, 5c). Bilgunearen eskuinean dagoen pitzaduratik igo.
Ondoen plakatxo oso etzana. Bere ertzetik igotzen da (lurkara). Ondoren
kanal-diedro etzan bat eta jarraian plaka biribildu bat, hau jada bertikala.
Moko batera irteten da. Bere eskuinetik inguratu eta gandor lurkara erraz
batetik bilgunera iritsiko gara.
L6
(55 m, 2 aseguru, II). Gandor zabal batetik oinez igotzen da. Lehen
zatian zertxobait goraka egiten du, baina gero gandor zabal eta horizontala da.
Bilgunea azken hormatxoaren oinarrian egiten da, parabolt batean.
L7
(25 m, 1 aseguru, 3b). Erresaltea. Ondoren gailurreraino eramango
gaituen eta oinez igotzen den gandorra. Ez dago bilgunerik (edo behintzat guk
ez genuen aurkitu). Azken zati hori erraza da eta nahikoa da bigarrenari
gorputzen aseguratuta.
Jaitsiera: Oinez, ageriko
bidetik. Itzulian Puigsacalm gailurra egiteko aukera dago. Gailurra eginez,
guztira, 1h 30 min inguru behar dira kotxera itzultzeko.
Materiala: 12 zinta +
bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Itsasgarritasun
handia duen hareharri grisa, baina arreta eskatzen duena.
Orientazioa:
Hego
ekialdea.
Iraupena: 2h
Nork irekia: Josesp Juvanteny, Pilar
Fabregó eta Ricard Rodriguez, abuztua 2009.
0 comentarios:
Publicar un comentario