© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/11/24

Leku eder eta lasai batean kokatutako bide polita eta eskalada mota ugari aurkezten dituena. Jiloca lautada aldera dauden bistak, ikusgarriak. Harkaitz oneko bidea eta oso ondo ekipatutakoa.

Zailtasunak L1eko plaka lauan, L3ko bigarren diedroan eta L4ko bigarren plaka pitzatuan daude. Dena den, pixka bat luzatuz gero, zailtasun horiek guztiak A0n konpon daitezke. Behetik ikusita, badirudi txapa gehiegi daudela L1eko plakan, baina gero, lanean sartuta, eskertzen da hor egotea. Lehen luzearen plakari 5c ematen diote, baina 6a izan daiteke.

Harritxo solte ugari dago L2an, baina ez du enbarazu egiten. Hori bai, behean jendea badugu, kontuz ibili ezer ez botatzeko. Soka-lagunarentzat ez dago arazorik, harri erorketaren aurrean R1 babestuta baitago.

Bidea prest dago rapelatua izateko, baina oinez ere jaitsi daiteke. Bidea amaituta, merezi du gailurrera igotzea (puntu geodesikoa) eta paisaiaz gozatzea.

Bidearen izena Grupo Alpino Javalambre (G.A.J) taldearen omenez.

 


Iristeko: Torremocha de Jiloca herrira hurbildu eta Peña Palomerara doan pista hartu. Pistako lehen zatia oso egoera onean dago autoentzat eta bigarrena nahiko ondo.

Lehenik, A-23 autobiaren gainetik igaroko gara. Zuzen jarraitu eta abeltegi baten albotik igaroko gara. Zertxobait aurrerago bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrera hartu (gehien erabiltzen den bidea dela nabari da). Ehunka metro aurrerago beste bidegurutze bat. Kasu honetan, eskuinera hartu. Bidegurutze horretan, ferrata adierazten duen kartel bat ikusiko dugu. Pistatik igo, ehiztarientzako aterpe irekiaren albotik igaro (kanpotik oso egoera onean ikusten da) eta kilometro pare bat gehiago jarraitu ferrataren aparkalekua aurkitu arte (aparkaleku-zutoin batekin adierazita).

 


Hurbiltzeko: Peña Palomera aldera igotzen den bidexka hartu. Ferrataren hasierara iritsiko gara, eta aurrerago, eskuinera, bidearen hasiera dago. Guztira, autotik, erritmo lasaian, 25 minutu inguru beharko ditugu. Bidearen izena lehenengo paraboltean jarritako zinta batean.

 

L1 (25 m, 13 seg., 5c/6a). Emeki ezker aldera igotzen den eta itsasgarritasunezko pasagune finak dituen plaka teknikoa hasieran. Oinekin eskalatzekoa da. Azken metroak harri trinkozko ezproi etzan batetik, eskuetarako gauza gutxirekin, baina etzana. Bilgunea bloke handi baten azpian, katez elkartutako bi paraboltez osatua.

L2 (25 m, 10 seg., 4b). Bileratik irten bezain laster, erresalte txiki bat. Gero arrapala luze eta etzan bat. Nahiko harritxo solte dago, baina ez du molestatzen.

L3 (30 m, 10 seg., 5a). Arrapala etzanez edo ezproitxoen bidez banandutako bi diedro laburrek osatzen dute luzea. Diedroak oso ondo ekipatuta daude. Lehenengoak helduleku onak ditu, eta hankak ondo irekiz, ondo igotzen da. Bigarrena, lehenengoa baino pixka bat zailagoa da, pixka bat gehiago estutu behar da, baina ondo igotzen da.

L4 (35 m, 14 seg., 5c). Pitzadurak dituzten bi plaka. Lehenengoak ondo igotzen uzten du. Bigarrena zailagoa da. Eskuak pitzaduretan ongi trabatzen jakin behar da. Gero ezproi bertikal labur batek ezproi etzan batean uzten gaitu. Azken metroak helduleku onak dituzten harmailetatik egiten dira.

 




Jaitsiera: Hiru aukera daude. Lehena rapelatzen jaistea da. Bigarrena, pistan behera oinez jaistea. Aukera honetan mendi osoari buelta ematen zaio eta kotxera itzultzea luzea da (1h 25 min inguru). Presarik ez badugu eta inguruneaz gozatu nahi badugu (guk oreinak ikusteko aukera izan genuen) aukera ona da hori. Hirugarren aukera ferrataren jaitsierako bidetik jaistea da (pintura puntu gorriak). Ez dakit zenbat denbora behar den zehazki, gu ez baikinen hortik jaitsi, baina aipamenen batean ikusi dut 35-45 min izan daitezkeela. Jaitsiera aldapatsua da eta, tarte batean, jaitsiera babesteko kablea du. Zailtasun horiek gaindituta, bidea erosoagoa omen da.

 

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Harri mota: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea/Hego-ekialdea.

Iraupena: 1h 45min

Nork irekia eta ekipatua: Javier Blasco eta Carlos Sanjuán, iraila 2018.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario