© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2024/01/02

Bideen zerrendara lotura.

Plaka etzan segida batez osatutako bide oso erraza. Plaketako arroka, oro har, trinkoa eta kalitate onekoa da, baina hain etzanak direnez, normala da goitik erortzen den harri solte pixka bat izatea. Eskalada atsegina eta altuera sentsazio gutxikoa. Ongi hornitua.

Ez da espresuki egitera joateko bide bat, baina aukera ona izan daiteke eskalatzen ez duen jendea eramateko, luze ugariko bidetan entrenatzeko edo ikastaroak egiteko. Camarasa herri aldera dauden bistak, ederrak.

Bere orientazioa dela eta (hegoa), neguko, udaberriko edo udazkeneko egun eguzkitsuetarako bide aproposa. Guk 8ºC-rekin egin genuen, abenduko egun eguzkitsu eta haizerik gabeko egun batean, eta, egia esan, hotzik pasatu gabe, mahuka luzeko kamiseta batekin eskalatzen amaitu genuen.

Luzeak lotzeko aukerak daude. Guk L2+L3, L4+L5 eta L6+L7 lotu ditugu, baina beste konbinazio batzuk egon daitezke. Bilerak leku erosoetan.

Bidea Joan Ramon Segura-ren omenez  da.

Iristeko: Camarasa herrira hurbildu eta Sant LLorenç de Montgaira doan errepidea hartu. Zubia gurutzatuta eta, beste aldean, pista bat irteten da eskuinetara. Pista hori hartu eta 1,4 km jarraitu Tossalaren ertza gainditu arte. Auto batzuentzat aparkatzeko lekua dago. Pistak autoekin ibiltzeko egoera ona du.

Hurbiltzeko: Metro batzuk atzera egin eta horma bat aurkituko dugu. Bertan, urdinez margotuta, gezi bat eta bidearen izena (JR) ikusiko ditugu. Jarraitu geziei eta puntu urdinei. Hasieran, bideak goranzko joera txiki bat du. Gero ia horizontalean. Amaieran hasieran baino marka urdin gehiago daude. Bidearen hasieran, pintura urdinez, bidearen izena handiz idatzita aurkituko dugu. Ez du galerarik. Autotik 5-7 minutu dira.

 

L1 (30 m, 2 seg., 3c). Lehenengo 20 metroak kanal zabal batetik igotzen dira, ia oinez. Azken 10 metroak arroka trinkoz osatutako plakatxo batetik dira.

L2 (30 m, 4 seg., 4a). Plakatxo bat hasieran. Gero piramide forma duen plaka bat. Azken metroak plaka horren ezkerreko ertzetik egiten dira.

L3 (30 m, 5 seg., 4a). Arrapaletatik ezkerrerantz irten, gure ezkerretara ikusten den piramide formako plaka nabarmenerantz. Arroka trinkoz osatutako plaka polita. Plaka gainditu ondoren, 10 bat m horizontalean egin behar dira ezkerrerantz bilera aurkitzeko.

L4 (20 m, 4 seg., 4c). C handi bat eginez igotzen den plaka. Plaka polita, itsasgarritasunezko pasagunetxo txikiren batekin. Luze hau aurrekoak baino pixka zailagoa da.

L5 (20 m, 3 seg., 4c). Ezkerrerantz horizontalean irten, lurkara den zati erraz batetik (zuhaixka batean ipinitako zinta batekin babestuta dago). Gero, erresalteetatik, zuzen igo.

L6 (30 m, 5 seg., 3c). Ezkerrerantz irten eta plaka estu bati eraso. Hirugarren paraboltaren parean ezkerreko plakara pasa eta bertatik igo.

L7 (10 m, 2 seg., 4b). Harri trinkoz osatutako plakatxo batek azken bileran uzten gaitu. Jarraitzeko gogoarekin uzten zaitu.

 




Jaitsiera: Ekialdeko ertzari jarraituz (Camarasa alderantz doana). Mugarriak jarraituz pistara iritsiko gara (30 minutu inguru).

 

Materiala: 6 zinta + bileretarako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Plaketan, harri trinko osatutako kareharria, baina harri solte pixka batekin.

Orientazioa: Hegoaldea.

Iraupena: 1h 30min

Irekia eta ekipatua: Lluis Olondriz eta Amadeo Ribes, 2022ko azaroan, J. Alcala, A Balasch eta R. Olivaren laguntzarekin.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario