© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2025/03/13

Aixitara hurbiltzeko bi aukera daude.

Lehenengoa, Interneten dauden erreferentzia gehienetan agertzen dena, autoa Biaizpeko Haitz handiaren oinarrian uztea da. Horretarako, Donostiatik etorrita, A-15 errepideko 113. irteera hartu behar da (Irurtzungo irteera) eta berehala eskuinetara doan pista hartu. Pista horri jarraituta, 300-400 m ingurura, zabalgune batera iritsiko gara. Bertan autoa utz daiteke. Pistan aurrera jarraitu beste 400 metro ibaia zeharkatzeko zubi bat aurkitu arte. Ibaia zeharkatu bezain laster, SL-NA 131 bidezidorra ezkerrerantz hartu. Poste elektriko baten albotik igaroko gara eta 50 m inguru aurrerago gorantz doan bidexka bat aurkituko dugu (mugarria eta SL marka). Malda gogor batek, aurrera bi pauso eta atzera bat ematen dituzun horietako batek, hormen oinarrian utziko gaitu. 200 m-ko desnibela da eta 400 metro eskasetan igotzen dira. Beraz, igoera gogor baterako prestatu, dagokion izerdiarekin.

Haitz handiaren oinarrian kotxea utzita jaitsiera, polita bada ere, luzeagoa da. 2,5 km inguru dira autoraino, ordu erdi luze inguru.

Nik ez dut gustuko aukera hori, asko izerditzen delako eta itzulera luzeagoa delako. Nahiago dut jarraian deskribatuko dudan bigarren aukera.



Irurtzundik, errepidez, Etxeberri herrira hurbildu behar da. Herria gurutzatu (4 etxe dira) eta herri amaieran kalea bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu eta hilerriraino igo. Zementuzko pista zabal batetik egiten den 200 metroko igoera gogorra da. Hilerriaren parean zabalgune bat dago, 2 edo 3 autorentzako tokiarekin.

Hilerritik GR-20aren arrastoak dituen bidexka jaiotzen da. Horri jarraitu behar zaio. Bidezidor zabal eta nabarmenetik igoz mendi-lepo zabal batera iritsiko gara. GR-tik gora igotzen jarraitu Aixitako gazteluaren zutoin adierazlea aurkitu arte. Zutoin adierazlea dagoen tokian, metalezko txabola bat dago ezkerrean, eta metalezko aldamioak dituen ehiza-postu bat. Honaino iristeko 15 minutu inguru beharko ditugu autotik. Desnibela 50 m ingurukoa da, eta distantzia 600 m ingurukoa izan daiteke.

Zutoin adierazlean, eskuinetara (gaztelurantz) egin. Metalezko ehizako laugarren postua baino 10 metro lehenago (zutoin adierazlean dagoena lehenengo postua bezala hartuta), eskuinetara dagoen bidexka hartu (mugarria). Basotik pixka bat jaitsi (mugarriak) eta ezpel artean doan bidezidor batetik jaitsi. Aurrerago hartxingadi batzuk zeharkatuko ditugu. Tarte horrek guztiak beheranzko joera nabarmena du. Bidezidorrak biratu eta gora egiten duenean, 20 bat metroko igoera egiterakoan, "Aixitako teilak" eta "Ahuntzen bidea" bideen ageriko plakak ikusiko ditugu ezkerretara. Metro batzuk aurrerago, "Aixita" bidearen hasiera markatzen duen trikuharria dirudien harri bloke handi bat aurkituko dugu.

Autotik bideen oinera 30 minutu izan daitezke, baina kontuan izan behar da igotzen den desnibela minimoa dela eta bidearen erdia jaitsieran egiten dela.

Bigarren aukera hartuta, itzulera ere oso azkarra da. Aixitako gaztelutik kotxeraino 25 minutu inguru behar dira (lasai-lasai joanda).

 

Oharra: lekua ezagututa, igoera 5 minututan laburtu ahal izango dugu, mendi-lepo zabalean belardien alboan dagoen txabolaren atzetik ateratzen den lasterbide batetik igota (ikus mapa). Eremua oraindik ondo ezagutzen ez bada, egokiena GR20ari jarraitzea da. Argiagoa da eta ez du galerarik. Joaten garen lehen aldian esploratzen ibiltzeak ez du pena merezi ez baita hainbeste denbora irabazten.  

Egun batzuetan euria egin badu, bide hau lokaztuta egoten da. Bide arrunta aldiz ez.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories:


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario