© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2025/07/18

Zapatillako gailurrera (2.252 m) igotzeko modu polita. Mendi-jarduera oso bat da, hurbilketa tamainako, eskalada luze eta itzulera on batekin. Eguraldi onarekin eta goiz irtenda, egun polita izango dugu.

Arroka trinkoko plaka etzanen gainean doan eskalada da nagusi. Lehen bi luzeetan harkaitzak ez du sentsazio onik ematen (harrobiko arroka baten antz handia du, eta zenbait lekutan oraindik apur bat deseginda dago). Gainera, euste lekuak ez daude igoeraren noranzkoan orientatuta. Jendea pasa ahala hobetuko da. Hortik aurrera, horma asko etzaten da eta harkaitza trinkoa bihurtzen da.

L2a da luzea gakoa. Lehen esan dudan bezala, harkaitzak ez du sentsazio onik ematen, eta nahiz eta aseguruak bere lekuan eta nahiko gertu egon, ez da erlaxatuta igotzen. Luzera hori gaindituta, eskalada gozagarria egiten da, eta aurkituko dugun arazorik handiena, batzuetan, hurrengo txapa non dagoen aurkitzea izango da.

L9an bi aukera daude. Lehenengoa (gero bidearekin jarraituko nahi badugu egokiena) pixka bat igotzea, eta, gero, plataforma belartsu zabal batetik ezkerrerantz jotzea da. Bigarrena zuzen igo eta bilera hamar metro gorago egitea da. Aukera hori da onena, edozein arrazoirengatik (adibidez, eguraldiak okerrera egiteagatik) bidea utzi nahi edo behar badugu. Hortik, plataforma belartsu batetik eskuinera eginez, ferratako haitzuloaren irteerara hurbildu eta bizi-kablearekin konekta gaitezke. Hortik ferratatik jaitsi edo igo gaitezke.

Hormaren erdian dagoen horma bertikal handia bere lekurik nabarmenenetik erasotzen da. Oraindik zerbait basatia dago (hobera egingo du jendea pasa ahala), baina ondo babestua dago. Sarrera 3-4 metroko altuera duen sabel handi bat da, modu artifizialean gainditzen dena (librean ez dakit zer zailtasun izan dezaken). Lehen asegurua lurretik txapatzen da. Txapan oinerako zinta bat jarrita eta lagunaren laguntzarekin, erraz iristen da bigarren asegurua (gertu) txapatzera. Bigarrena txapatu ondoren, oinak erlaitz on batera igo daitezke, eta hortik eskalatzen has gaitezke. Tarteak presa onak ditu (baten batekin arreta izan behar da) eta ondo babestua dago. Tarte bertikala gaindituta, etzana den eremu batera irteten da berriro, eta horrela jarraitzen du bidearen amaieraraino.

L4 eta L5 eta baita L12 eta L13 elkartu daitezke eta batera egin. 65 m inguru irteten dira. 70 m-ko soka batekin ez dago arazorik, eta 60 m-ko bi sokarekin ere ez (gu horrela ginen). Ensanble modura egin behar den tartea 5 m inguru da. Plakak oso etzanak dira, eta tarteko aseguruen kopurua kontuan izanik estutasunik gabe ibiltzeko aukera ematen du. L10 zatitzeko aukera dago ere luzeko tarteko parabolt batean bilgunea eginez. Aukera horrek ere ez dakar arazorik lehen esandakoagatik. Plakak oso etzanak dira, eta parabolt batek irristada bati eutsi diezaioke arazorik gabe.

Bilerak leku erosoetan kokatuta daude eta, oro har, bi paraboltez eraikiak daude. Lehenengo 7 luzeetako bilerek 2 parabolt eta 2 uztai dituzte (L1 izan ezik); beraz, bidea rapelatuz uzteko aukera dago.

Klasiko handi bat bihurtuko den Sendero Limiteko kideen beste bide bat.

 


Iristeko: Candanchuko eski estaziora hurbildu eta aparkaleku handiaren amaieran aparkatu (etxeetatik gertu).

Hurbiltzeko: Ferrata bidera eski-pistetatik hurbildu. Azken hartxingadia eskuinetik edo ezkerretik igo daiteke. Guk ezkerretik igotzen genuen (kobazuloa dagoen tokitik), baina lasai asko eskuinetik ere egin daiteke. Igoera penagarria. Autotik ordubete inguru behar da ferrataren oinarrira hurbiltzeko (plan lasaian).

50-60 m ferratatik igo kable aldaketa bateraino (zulo txiki batean). Hor hasten da bidea. Lehenengo paraboltak ikusiko ditugu.

 

L1 (20 m, 4 aseguru, 4c). Ëskuinerantz igotzen den plaka, ferrataren bizi-kablea baino metro batzuk goragotik. Arreta izan behar da harkaitzarekin. Luzeraren amaiera aldera gehiago.
L2 (30 m, 13 aseguru, 5c). Plaka bertikala. Harriak, txarra izan gabe, sentsazio onik ez du ematen. Eskerrak aseguruak behar duten lekuan daudela. Sabai txiki batek, pasagune atletikoa baina euste leku onekoa, eskuinerantz igotzen den beste plaka batean uzten gaitu. Tarte hori gaindituta, zuzen igo kanal moduko eta plaka batetik. Pixka bat luzatuz, pasagune gogorrenetan A0 modura egiteko aukera dago.
L3 (35 m, 3 aseguru, 4b). Ezkerrera igotzen den babaresa etzana, harrizko zubiek babestuta. Lehen parabolta txapatu ondoren, pixka bat eskuinera jo eta zuzen igo kanal zabal eta lauso baten erditik doan arroka trinkoko plaka etzan batetik,.
L4 (35 m, 4 aseguru, 4a). Diagonalean eskuin aldera irten, harri trinkozko plaka etzanetatik, atzealdean, eskuinean, ikusten den diedro etzana dagoen aldera. Diedroaren bertikalean jarri eta zertxobait eskuinera aurkituko dugu bilgunea.

L5 (35 m, 4 aseguru, 4a). Diedrotik igo. Hasieran, babaresa modura; gero, ezkerreko plakatik. Diedroaren zailtasuna lehen zatian kontzentratzen da.
L6 (35 m, 0 aseguru, II). Harra trinkozko plaka oso etzana. Eskuinerako joera txikiarekin igotzen da (ia oinez). Bilera lurrean, sabel handiaren azpian.
L7 (30 m, 10 aseguru, Ae eta 5b). 3-4 metroko altuera duen sabela. Artifizialean igotzen da lehen seguruan oinarentzako zinta bat jarriz (lurretik txapatzen da). Bigarren asegurua txapatu ondoren, oinak erlaitz on batera igotzeko aukera dago eta eskalatzen has daiteke. Diedro bertikala, euste leku onekin, baina baten batekin arreta izan behar da zaindu. Berriro etzana den gunera irtengo gara. Gure gainean ikusiko dugun pinu txiki dagoen aldera igo behar da. 10 bat metro beherago bilgunea dago.
L8 (40 m, 8 aseguru, 3c). Pinu txikiraino harkaitz trinkozko plaka etzana. Pinutxoaren eskuinaldetik igaro eta erdian urak higatutako kanal txiki bat duen arroka trinkoko plaka luze etzan bati ekin behar zaio.
L9 (35 m, 2 edo 3 aseguru, 3b edo 4b). Erlaitz arrokatsu batek osatzen duen diedroaren eskuinaldean dagoen plakatik igo behar da. Lehenengo paraboltean bi aukera daude. Lehenengo aukera arroka trinkoko plaka batetik zuzen igotzea (parabolt 1) da. Bigarrena (bidearekin jarraitu nahi badugu, egokiena) plataforma belartsu batetik ezkerrerantz 15 metro inguru egitea (pinu nabariaren gainetik) da. Amaieran bilera aurkituko dugu.
L10 (60 m, 5 aseguru, 3a). Harri trinkoko plaka etzana. Hasieran ondo jarraitzen da paraboltak jarraituz, baina azken biak aurkitzea kosta egiten da. Egokiena igotzen jarraitzea da. Laugarren segurua eremu belartsu baten ondoren dago. Zuzen igo, azken asegurua aurkitzeko. 10 metro gorago bilgunea dago.
L11 (55 m, 7 aseguru, 3c). Bileratik erresalte zabal eta handi bat ikusten da gure aurrean. Luzeak eskuinetik saihesten du.
Plakatxoa hasieran. Gero, erresalte txikitxo batek beste plaka handi eta etzan batean uzten gaitu, harri trinkoz osatua, eskuinera joerarekin igotzen dena. Eskuineko izkinatik erresalte handia inguratu. Azken plaka etzan batek bilgunean utziko gaitu.
L12 (30 m, 5 aseguru, II). Tarte etzana eta harri askeko plataformen barrena egiten dena ferrataren bizi-kablera iritsi arte. Aseguruak bidea nondik doan jakiteko jarrita daude.

L13 (35 m, 5 aseguru, 4a). Amaierarantz pixka bat tentetzen dena plaka.
L14 (20 m, 3 aseguru, 3b). Plakatxo batek presa onak dituen erresalte txiki batean uzten gaitu. Gandor handira irteten da. Egileek diote gandorrean seguruenik bilgunea egiteko puntu bat dagoela (parabolt 1), baina guk ez genuen ikusi eta bilgunea zinta batekin harri bloke batean egin genuen. Hortik gailurrera oinez gandor zabaletik igotzea besterik ez zaigu geratzen.







Jaitsiera: Ferrataren jaitsieratik jaitsi (bizitza-kablea leporaino). Ondoren, eski-pistetaraino oinez jaitsi eta hortik aparkalekuraino. Guztira, ordubete inguru beharko dugu autora iristeko.


Materiala: 13 zinta + bilgunerako materiala. Friends-en bat eraman daiteke, baina ez du pena merezi, ez baitira erabiltzen (guk bat jarri genuen, zerbait jartzeagatik, L6ean, baina ez du merezi, ia oinez igotzen baita), eta pisua eramatea suposatzen baitu eskalada osoan.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Ipar-ekialdea
Iraupena:  4 h 30 min
Nork irekia/ekipatua: Luis Royo  eta Julio Benedé, 2015.

Cambiar idioma (Castellano) 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario