© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2026/09/21

Bideen zerrendarako lotura

Alpetar itxura hartu nion bide semiekipatua. Tartean ibiltzeko zatiak dituen hiru eskalada-gune argiak dituen bidea. Hurbilketa eta itzulera nahiko luzeak dira eta horrek egun osorako jarduera bihurtzen du. Itsasotik hain gertu egonda ere, Pirinioetako bide alpino batzuk gogorarazi zizkidan.

Arroka gneis zaharra (edo eskisto metamorfiko bat, ez dakit ziur) da, eta, oro har, ezkerreranzko inklinazioa du. Horrek helduleku onak dituzten lauzak sortzen ditu. Arroka, oro har, ona da, baina oraindik nahiko basati samar dago. Jendea pasa ahala, hobera egingo du.


Luzeak oso luzeak dira. Batzuk soka bukatzeraino. Bidea nahiko ekipatutzat jo badaiteke ere, distantzia handia dago aseguruen artean eta derrigorrezkoa da friends eta/edo fisureroen jokoak eramatea. Bidea arroka-zubi, iltze eta paraboltez hornituta dago. Iltzeek soka zati bat daramate hobeto aurkitzeko (bestela gehiegi mimetizatuko lirateke harriarekin).

Luze gakoa L4a da. Pixka bat etzana den plaka bat da, itsasgarritasun pasagune eta mikro erregletekin. Zailtasun objektiboa 5a ingurukoa izan daiteke (5b-ko pausotxo txikiren batekin), baina batetik lur pixka bat zikina daudelako (kanaletik erortzen den zikinkeriarena) eta bestetik aseguruak oso urrun daudelako, 5b bat eman diogu. Ez zitzaigun 5c iruditu, jatorrizko aipamenean agertzen den bezala. Luzea lehen zaila baino psikologikoa (eta arriskutsua) da. Psikologikoki oso ondo ibili behar da. Lehenengo asegurua bileratik 10 metrora dago eta bigarrena 20 metrora. Lehen asegurua txapatu arte tentsio-puntu batekin igotzen da, eta aseguru horretatik urruntzen goazen heinean, baita ere (bigarren asegurura iritsi baino lehen erorita, sokaren txikleoarekin, bileraraino erortzeko aukera dago). Tarte horretan beste aseguru pare baten falta sumatu genuen. Eskaladari ez lioke zailtasun mailarik kenduko eta arrisku-maila dezente jaitsiko litzateke. Luzeraren gainerakoan zerbait jartzeko aukera dagoenez lasaiago eskalatzen da. Gainera, zailtasuna gutxitzen da.

 

Iristeko: Roses herritik Mas Fumats urbanizaziora hurbildu. Igo goraino (Carrer Catalunyaraino) eta aparkatu bihurgunean carrer Menorcan sartu aurretik. Bi edo hiru autorentzako lekua.

Carrer Catalunyara sartu aurretik, bertara igarotzea debekatzen duen seinale bat dago (egoiliarrek bakarrik pasa daitezke). Gu Aste Santuko bigarren astean ibili ginen, astegun batean, eta mugimendu gutxi zegoen. Udan edo asteburuetan, mugimendu gehiago dagoenean, bizilagunekin arazoak egon daitezkeela pentsatzen dut (udaltzainei deitzen zaiela jartzen du). Hori kontuan izan.

Kontuan hartu beharreko beste gauza bat. Ez sartu carrer Menorcan. Oso kale estua da eta ez dago buelta emateko aukerarik. Atzeraka eginez irten behar da. Gainera, ez dago autoa aparkatzeko lekurik.


Hurbiltzeko: Carrer Menorca kalean sartu eta amaieran dagoen etxeraino hurbildu. Etxea iritsi baino 10 bat metro lehenago jaiotzen den bidezidorra hartu. Marka horiak.

20 minutu inguru igo ondoren, tarte batean, erraza da markak galtzea. Kontuan izan bidezidorra zuzen igotzen dela Puigsaquera tontorrera (apur bat mendi-hegalaren eskuinaldetik). Beraz, bideak ezkerrerantz jotzen duela adierazten duten aztarnak dauden arren, benetan bidea eskuinetik doa.

Ordu erdi ingutu igaro ondoren Puigsaquerara iritsiko gara. Metro batzuk lehenago, egoera txarrean dagoen metalezko babesleku-vivac bat  dago (oso zikina; ez du balio gaua pasatzeko). Jarraitu eta Puigsaquera eta Puig de Queralbs artean dagoen lepora jaitsi (Coll de Jacona) (15 minutu inguru).

Lepotik, bidezidor nagusia utzi eta ezkerrerantz jaitsi. Arroka handi baten ondotik igaroko gara. Budaren aurpegi handi bat margotuta du zulo handi batekin. Pintura horidun X bat aurkituko dugu Buda dagoen lekuan. X horren atzean dauden mugarriei jarraitu behar diegu, bidezidor bati jarraituz, harriz harri. Lehenengo gandorra inguratu eta, berehala, gorantz eta pixka bat eskuinerantz igo, bidearen hasiera aurkitzeko. Horman markatutako gezia.

Guztira, 1h5min-1h10min autotik (lasai joanda).

 

L1 (35 m, 4 aseg., 5b). Lehen 15 metroetan harri trinkoz osatutako plaka etzana, zerbait jartzeko aukerarik ematen ez duena (ez da zaila, baina hor parabolt baten falta sumatu genuen). Gero horma bertikal bat, heldulekuekin. Helduleku onak ditu, baina harriarekin lehen kontaktua denez, ohitu arte, harkaitzak ez du konfiantza handirik ematen. Plaka etzanago batetik jarraitzen du (eta pixka bat zikinago), sabai argi baten azpian jarri arte. Sabaia bere eskuinetik igotzen da. Azken asegurutik bilgunea 5-8 metroko ezkerretara dago, ia horizontalean. Guk totem lila bat jarri genuen lehen iltzearen eta parabolt-aren artean, eta totem hori bat azken zeharbidean. Parabolt batez eta iltze batez hornitutako bilera, sokaz batetik elkartuta.

L2 (50 m, 4 aseg., 5a). Plakatxo bat eta ezproitxo bat, helduleku askorekin hasieran. Bi zuhaitz dituen plataforma batera iristen da. Hemen, heldulekuak dituen sabai txiki bat aurkituko dugu, ezkerretik erasotzen dena. Igo eta gandor batera irteten da. Gandor hori estutzen doa, erresalte labur batera iritsi arte (bere eskuinaldean sabai handi bat dago). Erresaltea dirudiena baino errazagoa da. Erresaltea bere gainean estrategikoki kokatutako parabolt batez babestuta dago. Txapatu ondoren, ezkerreko oina ezkerreko erlaitz batean jarri behar da (pixka bat altu geratzen dena). Azken metroak harmailetatik egiten da, harkaitzezko bloke handien artean. Bilgunea sokaz elkartutako 2 paraboltez osatua.


Ezkerrerantz egin behar da, oinez, gutxi markatutako bidezidor batetik. Iltzea soka-zati lila batekin 40 bat metrora, izkina bat sortzen duen bloke handi batean. Bilgunea bat egin daiteke hor eta jaisten jarraitu. Izkinaren beste aldera pasa, eta, behean, 30 bat metrora, R2bisa ikusiko dugu. Soka batekin lotutako parabolt eta iltze batez egina dago R2bisa.

 

L3 (55 m, 3 aseg., 4c). Plaka etzan super zimurtsua hasieran. Lehen asegurua oso altu dago (15 m ingurura). Gero plaka bertikalxeago bat, zulo handiekin, non eskuzko eskailera batetik igoko bagina bezala eskalatzen den. Luzeak korridore etzan batetik jarraitzen du. Korridore hori ezkerreko gandorraren eta azpian, eskuinean, dagoen harri-erortze handi bat duen plakaren artean sortzen da. Parabolt bat, korridorearen amaieran, harri-moko handi baten aurrean. Puntu horretan, eskuinerantz beheranzko zeharkaldi bat egin behar da, eskuineko plaka handira jaisteko. Zeharkaldia delikatuagoa da bigarrenarentzat lehenengoarentzat baino. Guk totem gorri bat jarri genuen bigarrenaren progresioa babesteko. Bi parabolt dituen bilgunea. Bilera horretan erregistro-koaderno bat duen kutxa bat aurkituko dugu.

L4 (60 m, 4 aseg., 5b). Luze gakoa. Urrutiratzen handiak lehen aseguruen artean.

Luzearen lehen 20-25 metroak plaka etzan batetik doaz, itsasgarritasun pasaguneekin. Plaka pixka bat zikina dago goitik erortzen den lurragatik. Lehen segurua 10 metrora, eta lehenengo eta bigarren aseguruen artean urrutiratze handia. Arrokak ez du uzten aseguru horien artean ezer ipintzen. Zailtasun objektiboa baliteke 5b-ra ez iristea (edo, asko jota, pasagune txiki eta isolaturen bat egon daiteke maila horretakoa), baina psikologikoa oso handia da, esposizio-maila handia baita. Parabolt pare baten falta sumatu genuen tarte horretan. Ez liokete zailtasun-mailik kenduko, eta asko jaitsiko litzateke esposizio-maila.

Plaka handiaren ondoren, helduleku onak dituen hormatxo bat dago, eta, ondoren, plaka etzan bat, traba egiten ez duen goroldio beltz asko duena. Plaka gaindituta, harmaila batzuek bilgunean uzten gaituzte.

L5 (60 m, 0 aseg., 3c). Oinez hartxingadi bat zeharkatu (beherantz) eta gandortxo bati ekin behar zaio. Gandortxoa gainditu ondoren, oinez beste hartxingadi bat zeharkatu behar da zuhaitzen artean (hori ere beherantz; mugarriak) hurrengo horma-zatiaren oinarrian jarri arte.

L6 (50 m, 2 aseg., 5a). Luzera 4-5 metro inguruko pitzadura batetik hasten da. Pitzadura erraz babesten da ia edozein totemekin eta hobekien bere eskuineko plakatxotik igotzen da. Pitzadura gaindituta, gandortxo luze bat igotzen da harmailetatik. Parabolt bakarreko bilgunea (lurrean).

L5 (35 m, 0 seg., 4a). Plakatxoa hasieran eta ondoren gandor lauso bat harmailetan gora. Azken bilgunea tontorretik 10 metro eskasera dagoen harri-bloke handi batean dago.

 




Jaitsiera: Tontorretik zuzen (etorri garen tokitik urrunduz) jarraitu lepo lauso batera iritsi arte. Bertan, kontrako norantzan doan bidexka bat aurkituko dugu (etorri garen norantzan). Jarraitu bidezidor horri (pintura arrasto gorri eta berdeak) Puig de Queralbs eta Puigsaquera arteko leporaino. Hortik, igoeran erabili dugun bidezidorretik jaistea baino ez zaigu geratuko. Autora itzultzeko 50-60 minutu inguru behar dira (plan lasaian).

 

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak- eta/edo fisurero-sorta eta zuhaixka/zuhaitzen batean jartzeko zinta batzuk.

Arroka mota: Gneis (edo eskisto metamorfikoa; ez dakit ziur)

Orientazioa: Hegoaldea.

Iraupena: 3h 30min

Nork irekia eta ekipatua: Jordi Tapia, Bernat Jover eta Jordi Quellos, 2025eko urtarrila.

 

Cambiar idioma(Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario