© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2026/11/29

Bideen zerrendarako lotura

Granitoan eskalatu ahal den Euskal Herriko toki bakanetakoa. Badirudi pixkanaka berriro modan jartzen ari dela. Oraingoz leku lasaia izaten jarraitzen du, jendetzarik gabekoa, eskalada egun lasai baterako aproposa. Krokisak esteka honetan aurki ditzakezue (Kopakoarriko hirukotia).

Zailtasun mailaz eskuragarria eta ondo hornitua. Bi sarrera ditu. Lehenengoak "Bordillos" kirol-sektoreko bideetako bat aprobetxatzen du. Duela gutxi, Txingu Arrietak sarrera berri bat ireki eta hornitu du, pixka bat beherago hasten dena. Gandor bat jarraitzen du eta bidea zuzenagoa da.

Arroka granito zaharra da, trinkoa eta itsasgarritasun handikoa, hain handia oinetan lixa duzula dirudiela. Aipamenen batean, hirugarren luzeari 6a ematen diote (5c/A0), baina eskuineko ertza aprobetxatuz, ez da hainbestekoa ateratzen. Suposatzen dut gauza konplikatuz eta plaka ezkerretik igoz gradu hori atera daitekeela. Bilerak 2 paraboltez osatuak, leku erosoetan.

Altuera sentsazioa txikia da eta R2tik oinez jaisteko aukera dago. Horregatik, eta duen ekipamenduagatik, aukera ona da luze ugariko bideetan eskalatzen hasteko. Bista ederrak Aiako Harrira eta itsasora azken bilerara irtetean.

 

Iristeko: Donostiatik Oiartzunera joan eta hirigunean bertan Lesakara doan errepidea hartu (GI-3420). Aritxulegiko mendatea igo eta Endarako urtegira jaitsi. Presa zeharkatu eta, 400 metro aurrerago, Ola Berri taberna-jatetxera doan pista hartu ezkerretara. Zementuzko pistan gora jarraitu (aldapa gogorrak), Telleriako lepora iritsi arte. Han, 3-4 bat autorentzako lekua dago.

 

Hurbiltzeko: Tontorrerantz igotzen den bidezidorra hartu eta handik minutu batera (50 metro ingurura) haritz batzuen ondoan jaiotzen den eta ezkerrera egiten duen bidezidorra hartu. Bidezidorrari jarraitu eta 10 minutu inguru pasa ondoren harkaitzetara iritsiko gara. Lehenengo arrokak inguratu, eta kanal argi eta zabal batera iritsi aurretik, bidearen hasiera ikusiko dugu (bidearen izena oinarrian dagoen plakatxoan). "Bordillos" eremutik hasi nahi badugu, 50 metro inguru igo beharko ditugu bidezidor traza argiak dituen kanaletik, eta, trepada txiki baten ondoren, bidearen hasierara iritsiko gara. Guztira 15 bat minutu autotik.

 

L1 (20 m, 6 aseg., 5b). Plaka eta ondoren eskuinetik saihesten den sabaitxoa. Gero beste plakatxo batek terraza belartsu handi batean uzten gaitu (bertara igo daiteke, nahi izanez gero, eskuinetik oinez igota). Helduleku sikaturen bat duen plaka bertikala ondoren. Bostgarren asegurua txapatu ondoren, ezkerrera pasa behar da. R1 sabai handiaren ezkerrean.

L2 (30 m, 4 aseg., 5b). Luzeraren zailtasunak lehenengo 5 metroetan kontzentratzen dira. Gero errazagoa da.

Zertxobait kanporako botatzen duen diedroa lehen metroetan, baina helduleku onekin. Eskuinera jo eta gandor txiki batetik igo, lepotxo batera iritsi arte. Hortik gandorrera ateratzen gaituen plakatxo bati ekin behar zaio. Jarraitu gandorra R-aino.

 

Destrepe labur bat egin (soka finko batekin babestua) eta oinez 20-25 m inguru egin, L3ari hasiera ematen dion bloke handiaren gainean jartzeko.

 

L3 (25 m, 5 aseg., 5c edo 5a/A0). Igo espoloiotxoaren eskuineko ertzetik lehenengo orratzeraino. Pasagune fina sarreran. Konplikatzen bazaigu, gure burua baino pixka bat gorago geratzen den parabolt bati tirata egin daiteke. Gero, kanal moduko batetik jarraitzen du luzeak, eta, azkenik, plaka batetik bigarren orratz batera igotzeko. Bilera lepotxo batean.

L4 (30 m, 6 aseg., 4b). Harri trinkoz egindako plaka etzana, mailaz eta uhinez betea, tarteko eremu etzanago batekin. Lehenengo paraboltera zuzen hurbiltzen bagara, pasagune fina hasieran. Eskuinetik igota pixka bat errazagoa da.

 

 

"Bordillos" sektoretik sartuta:

L1 (30 m, 6 aseg., 5b). Hormaren lehen 15 metroak pasagune finen bat duen plaka bertikal batetik igarotzen dira. Horixe da bide osoko tarterik mantenduena eta zailena. Hortik aurrera, gradua dezente jaisten da. Erlaitz batera iritsiko gara, non bilera zahar bat dagoen. Bertan, zintaren bat jarri daitekeen xingolez eratutako bilgune zahar bat dago. Ez egin hor bilgunea. Eskuinerantz igotzen jarraitu harmaila batzuetatik. Hormatxo bat gainditu eta belarrezko erlaitz horizontal zabal batera irtengo gara. Aurreko horman bilgunea aurkituko dugu.





 

Jaitsiera: Tontorrera begiratu ahala, eskuineko kanal belartsua hartu. Belarrezko aldapa malkartsua da, nabarmentzeko moduko zailtasunik gabekoa, erresalte txiki batera iritsi arte. Aparteko zailtasunik gabeko destrepe txiki batek Eguzki Lore sektorean utziko gaitu (eroritako zuhaitzagatik identifikatuko dugu), eta handik, destrepe txikiren batekin, 10 minutu baino gutxiagoan, bidearen hasieran izango gara.

Beste aukera bat gailurrera oinez igo, eta hortik ohiko bidetik jaistea da.

 

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoa.

Arroka: Granito zahar urratzailea eta oso itsaskorra.

Orientazioa: Hegoa

Iraupena: 2 h.

Nork ekipatua: Sonia Rodriuez eta Txingu Arrieta, 2012ko udaran.

Sarrera berriko lehen 2 luzeak: Txingu Arrieta, 2024.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario