Txindokiko beste leku batzuekin alderatuta, agian,
ez da leku hain ezaguna, baina eskalada egun eder bat igarotzeko aukera polita
izan daiteke. Hurbilketa luzeak jende asko desanimatzen du eta beraz, Txindoki
osoa bezala, leku lasaia da. Lehenengo luzeetan arroka oso trinkoa da eta
uraren higaduraz sortutako kanaltxoen laguntzaz igotzen dira. Hasieran, ez
bazaude ohitura, lehenengo luze horiek eskalatzea arraroa egiten da, eskuentzat
euste-leku gutxi dituen arroka trinkoan eskalatzen ohituta ez bazaude
behintzat. Eskuentzat euste-leku on bat bilatzera jotzen da, eta benetan oso
gutxi daude. Oinetan “sinetsi” beharra dago.
Ekipamendua egokia da, baina batzuetan aseguruak
apur bat gertuago egotea faltan botatzen da. Bilgune guztiak rapelatzeko
prestatuta daude (bi parabolt eta bi mailon). Azken bilgunea inguruko bide guztion
bilgunea da (katez lotutako 2 parabolt eta eraztuna).
Iristeko:
Amezketatik
Abaltzisketa herrira igo eta Larraitz auzoraino jarraitu. Bertan dauden
aparkalekuren batean kotxea aparkatu.
Hurbiltzeko: Txindokira
daraman bidea hartu. Igotzen ia ordu inguru pasa ondoren Oria iturrira iritsiko
gara. Bideari jarraitu eta ataka metaliko bat zeharkatu baino lehen, kartel bat
dagoen lekuaren parean, ezkerreko bidezidorra hartu. Zig-zag eginez zelaitik
gora egiten du bideak. Hesi bat zeharkatuko dugu. Askoz gorago, gure
bidearekiko elkarzuta den beste bidezidor batekin topo egiterakoan, ezkerrera
egin. Berehala gara plaka gorrien oinarrian. Kotxetik 1h15min-1h30min inguru
kalkulatu.
Peter
Punk (5c, 110 m, derrigorrez 5b)
Plakako eskalada nagusitzen da bidea. Oinetan fidatu
beharreko itsasgarritasunezko pasagune ugari aurkituko ditugu, eskuentzat gauza
gutxi aurkituko baitugu eta. Bigarren luzeak eskalatzeko oso polita den
ur-tantez osatutako zatia du.
L1
(40 m, 6 aseguru, 5a). Tentetzen doan arroka trinkoz osatutako
plaka. Luzea ezkerretik eskuinera jotzen duen kanaltxo okertu baten alboaren
azpitik doa. Pasagune fina laugarren eta bosgarren aseguruen artean. Lehenengo
metroak nahiko etzana den plakatik egin arren, lehenengo asegurua urruti
geratzen da (8-10 metrotara). Bosgarren asegurutik aurrera eta bilgunera iritsi
arte, plaka asko etzaten da. Azken asegurutik bilguneraino zati erraza, baina
8-10 metro daude asegururik gabe.
L2
(45 m, 7 aseguru, 5a). Euste-leku onak dituen plaka trinko
bertikala hasieran. Gero, hirugarren asegurutik bilguneraino, ur-tantez
osatutako plaka. Luze oso polita.
L3
(25 m, 4 aseguru, 3b). Hasieran kanaltxo sakon baten laguntzaz igotzen
den plaka. Ondoren itsasgarritasun pasaguneak dituen plaka leuna. Azken 8-10
metroak errazak, baina asegururik gabe.
Materiala: 7 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria. Arroka
oso trinkoa lehenengo luzean.
Orientazioa:
Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
Eskualido
Karnero (4c, 105 m, derrigorrez 4c)
Plakako eskalada nagusitzen den bidea, baina hiru
luze oso desberdinekin. Lehenengoan kanaltxoak dituen plaka nagusitzen da.
Bigarrenean pitzadura baten laguntzaz eskalatzen da. Azkenekoan ur-tantak
nagusi dira.
L1
(45 m, 5 aseguru, 4c). Hasieran bi kanaltxo paraleloak dituen
plaka. Lehenengo asegurua apur bat altu. Urrutiratzeak hirugarren eta laugarren
eta laugarren eta bosgarren aseguruen artean. Laugarren asegurua pasa eta gero
plaka asko etzaten da. Laugarren asegurutik aurrera eskuinera argi joz igo behar da. Ezer gutxi jarri daitekeen
arroka trinkoa aurkituko dugu hor. Hala ere, ongi dator friends edo zintaren
bat eramatea plaka etzan horretako urrutiratze horiek pitzadura batekin edo
arroka-zubiren batekin babesteko.
L2
(35 m, 6 aseguru, 4b). Kanaltxoak dituen plaka hasieran.
Pasagunetxo bat plakara igotzeko. Ondoren eskuinetik ezkerrera jotzen duen
pitzadura. Babaresa moduan ongi igotzen da. Azken zatian nahiko horizontala den
pitzadura-tximinia zabal bat. Zaila da erabakitzen barrutik edo kanpotik hobe
den igotzea. Azken asegurua jarri eta
gero ez igo gure gainean, goran, ikusten den bilgunera. Gure ezkerrean geratzen
den harri handiaren parean, metro batzuk ezkerrera desbideratu behar da
bigarren bilgune bat aurkitzeko.
Bigarren bilgune hau goian ikusten den hori baino metro batzuk beherago
aurkitzen da eta azken luzearekin hobeto lerrokatua dago.
L3
(25 m, 4 aseguru, 4c). Erdian kanaltxo bat duen ur-tantez osatutako
plaka. Parabolt batez ongi babestutako azken sabaitxo bat bilgunera iritsi
baino lehen.
Material: 6-7 zinta + bilgunerako
materiala. Friends ertain edo handiren bat edota zintaren bat lehenengo
luzerako.
Arroka: Kareharria. Arroka
oso trinkoa lehenengo luzean.
Orientazioa:
Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
Jaitsiera:
60 metroko bi sokekin R3 bilgunetik Eskualido
Karnero bidearen R1 bilgunera jaisten da. Bertatik beste rapel batekin lurrean
gara.
Kontuz, 60 metroko bi sokekin oso, baina oso, justu
iristen da Peter Punk bidearen R1 bilgunera. Bilgunetik metro erdi eskasera
geratzen zata. Aukera hori hautatzen badugu sokak korapilo batekin elkartu.
Kaixo!
ResponderEliminarEskualido karnero-ren azken bileratik gailurrera hel daiteke? Edo derrigorrezkoa da rapelatzea?
Eskerrik asko!!