Muntanyes de Prades inguruan (La Riba, Arbolí…) egun
pare bat pasa ondoren Penedeseko paraje honetara hurbildu ginen bide erraz bat
egiteko asmoarekin. Egun hotza, baina eguzkitsua suertatzen zaigu. Ez du
haizerik egiten eta gandorrean tenperatura atsegin batez gozatzen da. Itsaso
aldera eta baita barru aldera dauden bistak, benetan ederrak.
Bidea hemen hanka aurkituko ditugun paraboltez
ekipatuta dago, bilguneak guk nahi dugun tokian egiteko aukerarekin. Hala ere,
pasagune gogorrenetan beti aurkituko dugu gutxienez parabolt bat pasagunea
babesten. Bere garaian paraboltak horiak izan behar ziren, baina kolorea galdu
dute (nahiz eta oraindik baten batek kolore arrastoak agertu) eta arrokarekin
erraz mimetizatzen dira. Baten bat saltatzea normala da.
Orokorrean bidea trepada erraz bat da, baina
zailtasun puntual batzuekin: horma pare bat, beste plaka pare bat eta sabel
bat. Bidea ez da oso airetikoa eta edozein unetan uzteko aukera dagoela
sentsazioa ematen du.
Lehenengo luzeak motzagoak egin ditugu. Aipamen
batzuetan luzeagoak egiten dituzte, baina horrela lagunen arteko komunikazioa
zaila egiten da. Hala ere, bakoitzaren gustura, luzeak luzeagoak edo motzagoak
egin daitezke. Friends joko bat eta baga batzuk eramaten badira, bilgunea ia
edozein tokitan eraikitzeko aukera dago.
Ez da hara egitera joateko bidea, baina inguruan
bagaude eskalada egun eder bat igarotzeko aukera polita izan daiteke.
Gandorretan eskalatzen hasteko bide aproposa. Eguneko jarduera Talaia de
Montmell gailurrera igoz eta elizak bisitatuz osa daiteke.
Iristeko:
TV-2401 errepidetik La Juncosa de Montmell herrira
hurbildu. Mirador del Penedés herritik hurbiltzen bagara, La Juncosara iritsi
baino ehun metro lehenago ezkerrera dagoen asfaltatutako pista hartu behar da.
Bidea adierazten “Area Recreativa Forestal de Montmell” kartela dago. Bisbal de
Penedés herritik bagatoz, bidegurutzea herria pasa ondoren dago.
Asfaltatutako pistari jarraitu (700 m) eta ondoren
lurrezko pistari, zerbitzuguneko aparkalekura iritsi arte (errepideko bidegurutzetik
guztira 3 km inguru). Zerbitzuguneak mahaiak, eserlekuak, komunak eta sua
egiteko tokiak ditu.
Hurbiltzeko:
Aparkalekutik gora, ezkerrean, Església Nova de
Montmell eliza ikusten da. Eliza aldera igo eta pistara iristen garenean
“Església Románica de St. Miquel 800 m” adierazten duen kartela ikusiko dugu.
Bide horri jarraitu. Zertxobait aurrerago beste kartel bat aurkituko dugu,
oraingoan 300 m falta direla adieraziz. Bideari jarraitu eta bidea oztopatzen
duten altzairuzko habe berde batzuetara iritsi baino 15 m lehenago bidearen
hasiera aurkituko dugu. Marka zuri-berde bat margotuta aurkituko dugu hormaren
oinarrian. Eskalada bidea oinezko bide bertatik hasten da.
L1
(20 m, 1 aseguru, 4c). Euste lekuak dituen 7 metro inguruko
hormatxoa. Parabolta txapatu ondoren, zertxobait igo eta gandorrera irten
(ezk.). Zailtasuna desagertu egiten da. Metro batzuk aurrerago lepotxo batera
iristen gara. Bilgunea (parabolt 1) ezkerrera 5 metro inguru mugituz aurkituko
dugu.
L2
(20 m, 2 aseguru, 4b). Euste lekuak dituen plaka hasieran. Hori
gaindituta gandor horizontal batetara irteten da. Metro batzuk oinez egin eta
parabolt 1 duen bloke handi batera iritsiko gara (toki egokia bilgunea egiteko).
L3
(25 m, 2 aseguru, 4b). Gandorretik oinez
metro batzuk egin plakatxo etzan (1 parabolts) batera iritsi arte. Gero
gandorretik trepada erraz bat geratzen da bi zuhaitz handien azpian dagoen
sabelera iritsi arte. Pasagune motza (parabolt 1), hasieran dirudiena baino
errazagoa. Bilgunea bi zuhaitzetako batean.
L4
(45 m, 0 aseguru, 3b). Bertikalagoa den tartetxo baten bat izan
ezik, gandor etzana. Progresioa bloketatik trepada erraza bat da. Bilgunea
plaka baten oinarrian aurkituko dugun paraboltean. Bilgunean metro batzuk
lehenago aurkituko dugun burdin berezi batean egin daiteke ere. Horrela luzea
zertxobait laburragoa izango litzateke eta kideen arteko komunikazio bisuala
hobeagoa.
L5
(25 m, 1 aseguru, 3b). Parabolt bat duen plakatxo bat hasieran.
Ondoren, aurreko luzean bezala, horma adierazgarri batera iritsi arte, blokeen
arteko trepada erraz bat dator. Bilgunea, baga baten laguntzaz, horman
aurkituko dugun ageriko arroka-zubi batean antolatu behar da.
L6
(25 m, 3 aseguru, 4c). Erlaitz handi bat erdian duen 7 metro
inguruko horma bertikala hasietan (2 parabolt). Zati horizontal batek azken
plakatxora (parabolt 1) hurbiltzen gaitu. Hori gainditzean, metro batzuk
aurrerago, bilgunea aurkituko dugu (parabolt 1).
Jaitsiera:
Azken bilgunetik gazteluko hondakinetara oinez igo
(3 min). Beste aldean dagoen lepora jaitsi eta marka zuri-berdeei jarraituz
Església de St. Miquel elizara iritsiko gara eta hortik igotzeko erabili dugun
bidera. Gailurretik aparkalekua 20-2 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 6-7 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak, fisureroak eta bagak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa:
Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Cristobal
eta Antonio Guerrero, otsaila 2005.
0 comentarios:
Publicar un comentario