© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/09/05

Antxon Gorrotxategiren eta bere lagunen azken bide semiekipatua. Bidearen izena L1eko amaieran dagoen basotxotik dator. Zati hori garbitzea eta bidea irekitzea asko kostatu zaie. Basotxo ere Iturrimurri ezproia baino zertxobait urrutirago dagoen kobazulo motz eta polit baten izena da (Imanol Errazkin eta Sabino Orbegozok eginiko “Zulotoa” liburuan agertzen da).
Bidea “Egino modukoa” da, basotxo pare batekin eta harriarekin arreta izan behar den hainbat zatirekin. Bidearen beste arroka guztia gozatzekoa da. Bidea paraboltekin eta arroka-zubiekin ekipatuta dago, baina hainbat lekutan autobabestu beharra dago. L2, L5 eta L4 luzeak izan dira guretzat, eta orden horretan, luze politenak. L2ko bigarren zatian “Berto pitzadura” aurkituko dugu. Helduleku onak ditu lehen zatian, baina amaieran pasagune fin pare bat ditu. L4ko bigarren zatia “Udaberri” bidearekin komuna da eta nahi bada bi zatitan bana daiteke “Udaberri” bideko R4 bilgunea aurkituko dugu eta. L5eko luzeak helduleku oneko pitzadura bertikal luze bat du, baina autobabestu beharrekoa da.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (45 m, 6 aseguru, 4a). Arroka hautsia eta ahula duen luzea. Plakatxoa hasiera eta ondoren (zertxobait eskuin aldera eginez) harkaitzarekin arreta izan behar den eta autobabestu behar den zati luzea.Ondoren zati bertikal motz bat (arrokarekin arreta izaten jarraitu behar da), baina bigarren paraboltatik aurrera gauza asko hobetzen da. Antxonek dion bezala zatia garbitzen eta hobetzen lan handia hartu dute, baina ezin izan dute parabolt gehiago jarri arrokak ez baitzuen uzten. Hala ere, zati horretan friends edo fisureroren bat jarri daiteke. Antxonen aipamenean luze honi 3c zailtasuna ematen dio, baina guri zailagoa iruditu zaigu (agian psikologikoa izan daiteke).
L2 (40 m, 14 aseguru, 5c). Arroka oneko luze bertikala. Zailtasuna mantendua du, baina “Berto pitzaduren” irteerak estutu beharreko pare bat pasagune fin ditu. Lehenengo asegurua ipintzeko ezkerrean dagoen kalanaz lagundu gaitezke. Bigarren asegurua jarri ondoren hobe da eskuinera pasatzea.
L3 (45 m, 9 aseguru, 4c). Ezkerrera egiten den zeharkaldi horizontal motz batek plakatxo baten oinarrian jartzen gaitu. Plakaren gainean terrazatxo lurkara bat eta ondoren hasieran ur-tantak dituen plaka. Plaka horren amaieran luzeari zailtasuna ematen dion zatitxo bat dago. Geratzen den zatiak helduleku pilo bat ditu.
L4 (45 m, 12 aseguru, 5a).  Plakako pasagunetxo bat hasieran 2 paraboltez ongi babestua. Ondoren ezkerrera pasa (pasagunetxoa) eta harmailetatik igo Udaberri bideko R4 bilgunea aurkitu arte. Luzea zatitu daiteke edo eskalatzen jarraitu. Azken plaka geratzen da, azken zatian pasagune finen batekin (sabai nabariaren azpian).

Hurrengo luzearen oinarrira igotzeko, oinez igotzen den 50-60 metroko zatia (bidearen izena plakatxo batean jarrita dago).

L5 (45 m, 9 aseguru, 5b). Plaka etzana hasieran. Ondoren eta lehenengo paraboltera iristeko itsasgarritasunezko plaka etzana. Ez da zaila, baina oinetan fidatzea beharrezkoa da. Jarraian erdian pitzadura bat duen eta autobabesen bat jarri behar den plaka bertikala. Irteeran ur-tantez osatutako plaka batek sabai baten azpian uzten gaitu. Eskuinetik ekiten badiogu hasieran ematen duena baino errazagoa da helduleku onak dituelako. Sabaia gainditzean plaka bat gainditu behar da bilgunera iristeko (oso ezkerrean geratzen da).
L6 (35 m, 4 aseguru, 4b). Lehenengo parabolta zertxobait altua duen plaka hasieran. Ondoren plaka labur batzuen segida. Aseguru finkoen artean (zertxobait urruti daude) autobabesak ipintzeko aukera dago. Bilgunea aurkitzeko erreferentzia bezala “Y” forma duen zuhaitz hil bat hartu behar da.




Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo (mugarri batzuk badira). Goian ezkerraldera jo eta Azor-eko bide arruntetik oinez jaitsi.Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.

Jaitsieraren krokisa hemen uzten dizuet.




Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bana eta zinta batzuk.
Arroka: Kareharria
Orientazioa:Hegoa
Iraupena: 3h.
Nork ekipatua: Antxon Gorrotxategi eta laguntzaileak: Javier Barbarin “Olaf”, Gerardo Bilbao, Susana Agirre “Susi”, Belen Eguskiza eta Iñaki Gorrotxategi “Joe Marmota”, 2018.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario