© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/05/28

Duela gutxi, Interneten toki honi buruzko erreferentzia bat aurkitu nuen. Itxura ona zuen eta hara joan ginen arakatzera. Erreferentziak ez zuen oso ondo azaltzen hurbilketa nolako zen eta hasiera batean pixka bat galduta ibili ginen. Jaitsierarako antzeko zerbait gertatu zitzaigun eta alde batera eta bestera begiratzen ibili ginen asmatu genuen arte. Espero dut sarrera honekin kontu horiek apur bat argiago geratzea. 



Esan daiteke harkaitz hauek Masmuten luzapenak direla. Google maps-etik ikusita, satelitearen bistak antzeko geologia dutela erakusten du, estratuen orientazio berarekin. Harri mota ere antzekoa da.  Peñarroya de Tastavins udalerrian ere kokatu dago gunea (Masmut bezala).

Egia esan, leku zoragarria da. Bakartia eta lasaia. Hormak ez dira oso altuak, baina 3-4 luzeko bideak lortzeko aukera ematen dute. Arroka, oro har, kalitate oneko konglomeratua da. Guk egin genuen bidea 12 mm-ko kimikoz hornituta dago. Ekipazioa egokia da, ondo babestuta dago baina aire pixka bat dago aseguruen artean. Bilguneak plataforma onetan daude eta erosoak dira. Bitxikeria gisa, konglomeratuaren harrien artean, noizean behin, silxezko harriak aurkituko ditugu.

Hasiera batean, erreferentzia bat baino ez nuen aurkitu toki honi buruz, baina bertan eskalatzen egon ondoren, Interneten esploratzen, web orri hau aurkitu dut, inguruan bide gehiago daudela erakusten duena (Guía de Mollons). Meritu guztia Joan Tiron eta lankide batzuen da. Ikus ahal izango duzutenez, 10 bide daude ekipatuta eta nik uste gehiago ekipatzen ari direla guk egin genuen bidearen ezkerrean parabolt lerro bat ikusi genuelako. Konbentzituta nago inguruak jokoa ematen duela askoz gehiagorentzat, izan ere, Masmutek duen azaleraren erdia bezain handia da. Seguru itzuliko garela berriro.

R3tik, eskuinera, kimikoekin hornitutako lerro bat eta rapelatzeko prestatutako R bat ikusi genituen. Azken bilgunetik 5 m gorago rapelatzeko prestatuta dagoen beste bilgune bat dago  (2 spit + 2 eraztun). Orain badakigu Sara bidea dela. Pentsatzen dut, 60 m-ko bi sokekin, bi rapeletan lurrean zaudela.

 

Toki aproposa udaberrirako eta udazkenerako. Udaran bero gehiegi egingo duelakoan nago.

 

Iristeko: Peñarroya de Tastavinsetik CV-110 errepidea hartu behar da Herbes herrirako noranzkoan. Errepideak, 17. eta 16 km-en artean, Tastavins ibaia zeharkatzen duen zubi bat agertzen du. Zubia zeharkatu baino lehen, pista bat aurkituko dugu ezkerretara (Barranco de Escresosla; ermita de San Lambert). Pista hori hartu (ikus krokisa). Nahiko egoera onean dago turismo batekin sartzeko. Pista 4,6 km-tan jarraitu behar da. 0,9 km-ra, Mollonseko errekaren gainean dagoen zubi bat ikusiko dugu ezkerraldean. Hortik, oinez egin daiteke hurbilketa, goian dagoen web orrian agertzen den bezala. Aukera egokia izan daiteke pista gure ibilgailuarentzat egokituta ez dagoela nabaritzen badugu. 1,5 km-ra, zubi batetik, pista ibaiaren beste aldera pasatzen da.  Baserri batzuk eta amaieran etxalde bat duen toki zabal batera iritsiko gara.  Zertxobait aurrerago, 2,6 km-an, ibaia zeharkatu eta beste aldera pasatuko gara berriro. Pixka bat aurrerago, beste gune ireki batean, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko bidea hartu behar da. Pista egoera onean dago eta lepotxo batera eramaten gaitu. Hortik aurrera jaisten hasten da. Belardi batzuk dituen pinu-gune batera iritsiko gara. Autoa hemen utzi daiteke, baina hobe da metro batzuk jarraitzea (200 m inguru) eta erreka zeharkatuz, autoa zabalgune zabal batean uztea (6-7 autorentzako lekua).



Hurbiltzeko: Bidean atzera egin (200 m inguru) eta pinuetan jaiotzen den belar-pista hartu (ikus krokisa). PR-TE 157-ko seinale bat dago. Hiru minututan etxe batzuen hondakinetara iritsiko gara. Bertan pista bidezidor bihurtzen da eta ibai alderantz jaisten da. Tarte honetan pintura-marka gorriak aurkituko ditugu. Mikro-haitztarte bat gurutzatzen da eta aurrerago bidezidorra ibaiaren beste aldera pasatzen da.  Bidexkari jarraitu, gure eskuinetik datorren erreka lehor bat aurkitu arte (12-15 min inguru hasieratik). Hori hartu eta 10-20 metrora ezkerreko magalera pasa. Landaretzarik gabe dago (nahiko garbia dago) eta hormen oinarrira eramango gaituzten bidezidor-aztarnak (mugarri asko) aurkituko ditugu. Hormaren oinarrira iristeko, guztira, 20 minutu inguru dira.

 

L1 (20-30 m, 0 seg., 3a). Harmailak eta azken erresalte bat lehen plakaren azpian dagoen plataforma zabal batean ipintzeko. Hobe da hemen R egitea eta luzea laburtzea. Erreferentziaren batean ikusi dut eskalatzen jarraitzen dutela. Arazoa da, lehenengo 2 aseguruetan eroriz gero, sokaren luzapenarekin plataforman joko genukeela.

L2 (20 m, 5 seg., 4c). Harri trinkoz osatutako plaka bertikala, zerbait gehiago pentsatu behar den pasagutxoren batekin.

L3 (25 m, 5 seg, 5a). R-tik irten eta berehala pasagune arraro bat duen diedrotxoa. Gero tarte erraz batek, nahiko etzana, azken horma baten azpian uzten gaitu. Horma hasiera batean dirudiena baino errezagoa da aseguruen eskuinetik ekiten bada.

L4 (20 m, 4 seg., 5c). Placa vertical al comienzo. Pasito fino para salir del tercer seguro y subirse a la plataforma. Luego tiende a la derecha y acaba con otra pancita. Ésta más fácil que la anterior.  Debajo del primer seguro hay una gran laja que se está separando de la pared. Suena a hueco total. CUIDADO! El primero de cordada que ni lo toque. Si se soltase caería sobre el compañero de la R.

L4 820 m, 4 seg., 5c). Plaka bertikala hasieran. Hirugarren asegurutik ateratzeko eta plataformara igotzeko pasagune fina. Gero eskuinetara jotzen du eta beste sabeltxo batekin amaitzen du. Hau aurrekoa baino errazagoa da. Lehen aseguruaren azpian, hormatik banatzen ari den harlauza handi bat dago. Kolpatzerakoan erabat hutsa entzuten da. KONTUZ! Sokadako lehenengoak ez dezala ezta ukitu. Askatuko balitz, R-an dagoen lagunaren gainera eroriko litzateke dena.

 





Jaitsiera: Oinez gailurreraino igo. Tontorraren beste aldean pinu sendo bat ikusiko dugu. Hortik, 10 m inguruko rapel labur bat egin behar da lepo zabal batera. Lepotik, gure eskuinean geratzen den ibi belartsuko lepora jaitsi behar da. 5-6 metro inguruko destrepe delikatua da. Kordino bat jar daiteke ipuru txiki baina sendo batean, destrepea pixka bat babesteko. Lepotik ezkerreko kanaletik jaitsi (arantzak) marka gorrien bidezidorreraino (30 min jaitsiera hasieratik). Bidetik kotxeraino itzultzea besterik ez zaigu geratzen. Guztira, 45-50 min izan daitezke.

 

Materiala: 5 zinta + bilgunerako materiala. Bi edo hiru zinta L1erako.

Arroka: Conglomeratua.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 1h30 min.

Nork irekia eta ekipatua: Joan Tiron, 2009.

 

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario