© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/06/18

Vodka ekipoko kideek (uste dut) ireki eta ekipatutako bide berri horietako besta bat. Gradu samurra, luxuzko ekipamendua, arroka primerakoa eta kotxetik 2 minutura. Zer gehiago eska daiteke? “María Jesús Callau” bidea gehituz jarduera polita irteten da.

Bidea erraz identifikatzen da bere oinarrian izena duen plakatxo bat jarrita duelako. Plakatxo horretan “Lourdes” bideari Vº zailtasuna ematen diote, baina, zalantzarik gabe, zertxobait errazagoa da. Agian zailtasun maila hori duen pasaguneren bat du, baina hain ongi ekipatua dago ez dela estutasunik  pasatzen. Jarraitzeko gogoarekin amaitzen da.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Lourdes (5a, 70 m, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 7 aseguru, 5a). Ageriko sabaira iritsi arte plaka. Sabaia hobe da aseguruen ezkerretik egitea eta ondoren eskuinera pasatzea. Bilgunea rapelatzeko prestatua (2 parabolt gehi eraztun bat gehi malloi bat).

L2 (20 m, 0 aseguru, II). Bilgunetik irteteko trepada labur bat (2-3 m). Ondoren oinez igotzen da begetazio artean. Agerian ezker aldera eginez igo behar da gure bilgunea aurkitzeko (parabolt 1 gehi kankamo 1; eraztunik gabe).

L3 (25 m, 9 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko pasagunetxoren bat duen plaka hasieran. Gero harri-bloke handiaren ezker aldean dagoen kanal moduko batetik igotzen da. Plaka labur bat eta azken horma. Azken hormak euste lekuak ditu eta aseguruak gertu daude (R3 bilgunea katearekin lotutako 2 parabolt  + eraztun 1).

 

M Jesús Callau (5a, 30 m, derrigorrez 4b)

L1 (30 m, 15 aseguru, 5a). Harri-bloke handiaren eskuinetik, plaka luze batetik, azken hormaren oinarriraino igo behar da. Azken hormak bertikalak euste leku ugari ditu eta aseguruak gertu daude. Azken metroak plaka batetik egiten dira (R1 2 parabolt + 2 eraztun).

 







Jaitsiera: Bidetik rapelatuz. R3tik R1eraino jaitsi eta hortik lurrera. R2ak ez daude rapelatzeko hornituak.

 

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kareharria. Moratako kalitatea.

Orientazioa: Hego mendebaldea. Neguan eguzkia eguerditik aurrera.

Iraupena: “Lourdes” 1 h; “María Jesús Callau” egiten badugu gehitu beste ordu erdi bat.

Nork irekia/ekipatua:??

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario