© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2023/10/04

Bide berria (2023ko maiatza), ondo hornitua eta unean uneko zailtasunekin, Puig de la Manúbia gailurrean amaitzen dena. Bistak gailurretik, ederrak.

Oro har etzanda dauden plaketan eskalatzen da, baina tarte labur batzuk bertikalagoak dira. Arroka, oro har, ona da, baina leku batzuetan oraindik saneatzeko dago. Jendea pasa ahala, hobera egingo du. Hala ere, euriteen ondoren kontu handiz joango nintzateke, orduan biguntzen baita harriak lotzen dituen zementua.

Bidea etena da eskalada tarteekin eta baso zatiekin, baina horrek ere xarma ematen dio. Harkaitza, arroka eta arroka gehiago nahi duten eskalatzaileak, ez dadila joan. Bigarrenaren, laugarren eta bostgarren luzeen ondoren ibiltzeko tarte batzuk daude. Erreferentzia gisa, kontuan hartu behar da lehenengo 5 luzeak jaitsierako kanalaren ezkerretik doazela eta azken hirurak eskuinetik.

Haitzik onena duten luzeak L4 eta L8 dira. L3a eta L6aren lehen zatia ere ondo daude. Bidearen zailtasunik handiena azken luzeko pasagune labur batean dago, baina pixka bat luzatuz gero, A0an egin daiteke.

Jaitsiera ere oso ondo hornituta dago. Ezkerreko lepora 30 metroko rapel batekin jaisten da, eta hortik oinez, destreperen batekin eta rapel batekin, bidearen oinarriraino. Nik dakidanez, jaitsierako kanalean babestutako bidezidor bat egin zen ("Camí Vertical de la Lluna Plena") Puig de la Manúbia gailurreraino igotzeko, baina bandalo batzuek zenbait zati desekipatu dituzte. Lepotik gailurrera bilerak errespetatu dituzte, baina bizi-kablea/katea kendu dute. Tarte bertikal batean (Pas de la Ayuta eta Pas de la Sonia izenekoak) ere gauza bera gertatzen da, rapel instalazioak errespetatu dituzte, baina bizi-kablea/katea kendu dute. Proiektu horretarako dirua jarri zuten pertsonen izenak zubiko tauletan daude grabatuta (bidearen lehen zatian).

Eskaladaren iraupena ibiltzeko eremuetan hurrengo luzeak aurkitzeko behar den denboraren araberakoa da. Gu apur bat galduta ibili ginen, eta horrek aukera eman zigun eremua "esploratzeko" (guztiz galduago geundelako); adibidez, luze bateko hainbat bide dituen "La Familia" izeneko sektorea plaka aurkitu genuen (plaka handi bat da).


Puig de Manúbia

Iristeko: St Llorenc de Morunysetik Solsona norabidean joan (C-462 errepidetik). Tunel luze bat, presa gaineko zubi bat eta tunel labur bat igaro ondoren, ezkerretara, errepidea eskuinera ematen duen bihurgune handi batean (19. eta 18. kilometroen artean), autoa uzteko parkina ikusiko dugu. Hainbat kotxerentzat lekua dago.

Hurbiltzeko: Pistatik igo. 5 minutura soilgune bat dago, pisten arteko bidegurutze batekin. Igo garen pistak bihurgune handi bat ematen du ezkerretara. Horri jarraitu.

Hasi eta 10 minutura beste soilgune txiki bat eta beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Gure pista eskuinera doa. Ezkerreko pistan eraikin baten hondakinak ikusiko ditugu.

Hasi eta15 bat minutura pista bidezidor bihurtzen da. Jarraitu 100 metro inguru. Kontuz! Pista hasi bezain laster (10-15 m ingurura) harri mugarri handi bat dago. Ez sartu hormarantz. Bidezidorrari jarraitu soilgune bateraino. Puntu horretan, bidezidorrak biraketa batzuk egiten dituen pista-trazak ditu (S motakoak). Lehenengo biraketan mugarri bat dago (ezkerrean). Hortik pareta eta txapak ikusten dira. Bidezidor garbi batetik hormaren oinarriraino hurbilduko gara. Guztira, autotik, 20-25 minutu inguru dira.

 


L1 (30 m, 7 aseguru, 5b). Plaka bertikala bloke handi batek osatzen duen sabai baten oinarriraino. Eskuinetik saihestu eta igo ertz txiki bat osatzen duen blokearen plakatik. Arrokarekin kontu pixka bat izan behar da lehen luze honetan. Azken 5 metroetan arroka nahiko ustelduta dago, baina soka finko bat dago jarrita bilerara segurtasunez igotzeko.

L2 (35 m, 4 aseguru, 3c). Bi plaka etzanak, bigarrena pixka bat bertikalagoa, “Cami Vertical de Lluna Plena”-ren bizi-kableak bereizita. Ezpel eta zuhaitzen artean oso etzana den plaka batek bileran uzten gaitu.

1. tartea oinez. Igo R2-ren ezkerreko bidezidorretik toki lau bateraino (soilgunea). Soilgunetik 20-30 bat metro igotzen jarraitu eta gero eskuinerantz jo, enbor batean soka-zati berde bat duen zuhaitz batera iritsi arte. L3a txapenengatik identifikatuko dugu, eta hasieran goroldio dezente duelako.

Soilgunetik eskuinera jaisten bagara (zanpatutako bidezidor nabarmena), 100 bat metrotan, plaka handi baten oinarrira iritsiko gara ("La Familia" sektorea). Luzera bateko bideak ditu.

L3 (25 m, 6 aseguru, 4c). Goranzko zeharkaldian eskuinerantz igotzen den plaka. Zailtasunak azken plakatxo bertikal batean kontzentratzen dira, R-aren aurretik. Luzearen gainerakoa 4a/b zailtasun maila inguruan ibil daiteke.

L4 (25 m, 6 aseguru, 5a). Irteera bertikala duen plaka, pasagune fin batekin, baina aseguruak gertu dituena. Gero azken plakatxo bat, oso arroka onekoa. Luze mantendua. R pixka bat eskuinetara dago.

2. tartea oinez. Bileratik 10 bat metro horizontalean egin eta gero pixka bat jaitsi. Eskuinerako joerarekin jarraitu, pixka bat igota, jaisteko ubide/kanal nabarmenerantz, soka-zati berde bat duen zuhaitz bat aurkitu arte. Guztira 60 m inguru izan daitezke.

L5 (40 m, 4 aseguru, 3b). Trantsizio-luzea. Oso etzana eta lur eta hostoz zikindua hasieran. Bustita, tarte hori delikatua izan daiteke. Jaitsierako kanal nabarmenaren ezkerretik doan luzea. Zuzen igotzen da eta, ondoren, zeharkaldia eskuinerantz pixka bat gorantz eginez. Katerik eta uztairik gabeko bi parabolt osatutako bilgunea (edozein arrazoiengatik bilgune honetatik jaitsi behar baldin bada, hobe kanaletik jaistea).

Aukera bat da luze hau ez egitea eta jaisteko kanaletik azken 3 luzeak egitera igotzea da, baina egia da horrela ibiltzeko tartea agian luzeegia izango litzatekeela.

3. tartea oinez. Goiko luzeetara iristeko 2 aukera daude (inguru honetan oso galduta ibili ginelako dakigu hori; ergelak bezala bueltaka):

Lehenengoa. R5etik 20 m horizontalean egin, kanaletik jaisten den bidezidorrera iritsi arte, eta aurrez aurre dagoen bidezidor horizontal batetik jarraitu (apur bat gorantz), soilgune nabarmen eta handi batera iritsi arte (mugarri handi bat eta zintzilikatutako belardia). Aurrean plakatxo bat ikusiko dugu eta gainean zuhaitz batzuk. Belarditik gora egin eta plakatxoa ezkerretik inguratu. Zuzen igo 10-20 bat metro, harrizko bloke handi batzuen ondoan eta ageriko sabai bat duen plaka nabarmen baten azpian jarri arte. L6aren hasiera da.

Bigarrena. Jaitsierako (kanaleko) bidezidorretik igo harrizko bloke handi bat aurkitu arte. Urrutitik harriz egindako horma bat dirudi. Puntu horretan, horizontalean, eskuinerantz jarraitu (mugarriak). Hormaren oinarriari jarraituz, L6aren oinarrira iritsiko gara. Ageriko parabolts-lerroa eta goian, L6ren sabai bereizgarria.

L6 (60 m, 5 aseguru, 4a). Luzeak oso ondo bereizitako 2 eremu ditu. Lehenengo zatiak 20 metro inguru ditu eta sabairaino da. Bigarrena (40 metro ingurukoa) oinez igotzen da. Bilerara iritsi aurretik (belarrezko lautada batean), badirudi ezkerrera ihes-bidea dagoela (egiaztatu gabe).

Harri oneko plaka etzana sabaira iritsi arte. Sabaia oso ondo egiten da erdiko pitzaduratik. Oso plaka etzan batera irteten da, baina hain etzana oinez igotzen dela. Azken metroak plakatxo etzan batetik (II).

L7 (30 m, 4 aseguru, 4b). Eskuinerantz, bere oinarritik, arroka delikatuko horma bat inguratu. 10 metro inguruko lurrezko arrapala batek euste leku onak dituen horma txiki batean uzten gaitu (azken plakatxoa).

L8 (30 m, 8 aseguru, 5c edo 4c/A0). Plaka bat pasabide gogorra dagoen 3 metro inguruko horma baten oinarriraino,. Zailtasuna hasieran dago, eta luzatuz A0 modura egin daiteke. Hormatxotik irtetea errazagoa da eta helduleku dezente ditu. Azken plaka pixka bat etzanagoa da. Luze oso polita (bideko politena) eta harkaitz onekoa.

 


Jaitsiera: Bi aukera daude.

Lehenengoa, gandorrari ezkerrerantz oinez jarraitzea da (ezkerreko lepo nabarmenerantz), eta berehala, 25 metrora, rapel instalazio bat ikusiko dugu (2 parabolt katearekin elkartuta + uztaia). 30 metroko rapel batek lepoan uzten gaitu (60 metroko soka batekin justu iritsiko gara, baina ondo). Nolanahi ere, tarteko instalazio bat dago (2 parabolt katearekin lotuta + mailoia), 15 bat metrora, eta, nahi badugu (edo soka laburragoak baditugu), lepoko jaitsiera 2 rapeletan zatitzea ahalbidetzen du.

Lepotik, kanal bertikaletik jaitsi. Zati lurkara. Lehenengo 5 metroak destrepatu. Gero, soka finkoa duten 3 tarte daude, jaitsiera-kanalaren zatirik bertikalena jaisten laguntzeko. Soka finkoko zatiak gaindituta, oinez jaitsi R5aren pareraino.

Bigarren aukera azken luzeak bidetik rapelatzea da, eta horrela jaisteko kanalera jaistea. Guk ez genuen aukera hori egin, baina erreferentziaren batean ikusi dut egiten dutela. Hori bai, erreferentzia horiek diote rapeletako batek gutxiagatik 30 metroak gainditzen dituela, eta hobe dela (soka batekin bagoaz) 70 metrokoa eramatea.

Behin R5aren parean, jaitsiera berdina da bi aukeretarako. Errekan behera jarraitu, destrepe erraz labur batekin (tarte horretan bloke handi baten azpitik igaroko gara). Jaisten jarraitu soilgune batera iritsi arte. Gure ezkerrean, rapel instalazio nabarmen bat ikusiko dugu (2 parabolt katearekin lotuta + uztaia). Hurbilketa bizi-lerro (kate) batekin babestuta dago. Rapela 25 metro inguruko kanal estu batetik egiten da. Rapelaren beste instalazio bat dago (15 m ingurura), rapela bitan zatitzeko aukera ematen duena. Bidean behera jarraitu "Camí Vertical de la Lluna Plena" ren bizi-kablea aurkitu arte.

Hemen ere bi aukera daude. Lehenengoa "Camí Vertical de la Lluna Plena"-tik jarraitu eta jaistea da. Instalazioak berriak dira (aseguru kimikoekin) eta bizi-kablea oso egoera onean dago. Bigarren aukera rapelatzea da. Instalazio bat omen dago bloke handi baten atzean ezkutatuta (guk ez genuen aurkitu, baina beste erreferentzia batzuetan ikusi dut). Hortik 30 metroko rapel garbi batek lurrean uzten zaitu.

Bidearen oinarriraino jaisteak 45 minutu inguru suposa dezake, eta 1 ordu inguru autoraino itzultzeak.

 

Materiala: 8 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrekoak. Zintaren bat ongi etor daiteke ipuru edo ezpeletarako.

Arroka: Konglomeratua.

Orientazioa: Hegoa.

Ipaupena: 3h – 3h 30min. Hurrengo eskalada tarteak aurkitzen pasatzen dugun denboraren arabera.

Nor irekia eta ekipatu: Ayuta y Joaquín, maiatza 2023

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario