© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2024/08/12

Bideen zerrendarako lotura

Paraje polit eta bakartia, ondo etorriko daitekeena, inguruan ibiliz gero. Hormara hurbiltzean bertikala dirudi, baina lehen begiratuan ematen duena baino etzanago da.

Ondo hornitua (12 mm-ko paraboltak), aseguruak behar diren lekuan dituela. Harri trinkoa (lehen inpresioak eskaintzen duena baino gehiago), L2ko zati labur bat izan ezik.

Zailtasun atsegina. “El reino de los cielos” bideko zailtasun bakarra L1-ean dagoen pasagune labur bat gainditzea da. Zailtasun bakarra da eta ondo babestua dago, A0n arazorik gabe egin daitekeena.”Irati” bidean zailtasunak zati bertikalean dauden bi sabeletan kontzentratzen dira. Hemen ere, aseguruak dagokion tokian daude eta, estutasun batean, A0 modura gaindi daitezke.

Egon ginen lehen aldia otsailean izan zen. Etxera bueltatzen ari ginela tokia ezagutu eta “El reino de los cielos” bidea egin genuen. “Irati” bidea egiteko gogoarekin geratu ginen, baina denboraz justu ginen eta beste momentu baterako utzi genuen. Krokisa eta informazioa gordeta nituen, baina ez nuen argitaratu nahi “Irati” bidea egin arte. Oraingoan, udarako arratsalde bero batean, baina freskatzen zuen aire bat zebilela, bi bideak egiteko aukera izan dugu. Ohartu gara otsailetik hona toki hau ekipatu duena (??) ez dela geldirik geratu. Hormara hurbiltzeko bidezidorra garbitu eta kimatu du (orain erosoagoa da) eta nabari da alboko horma batean (horma nagusiaren ezkerrean geratzen den hormatxo batean) bideak ekipatzen ari dela.

Ustekabe desatsegin batekin ere topatu gara. “El reino de los cielos” bideko L1 eta L2an norbaitek parabolts batzuen txapak kendu ditu (luze bakoitzean bat). Orain esparragoak soilik daude. Pena bat da horrelako jendea egotea. Ez dut ulertzen.

Gogoarekin uzten zaituen tokia da. Eskalatzen jarraitzeko nahiarekin geratzen zarra.  Pena da horma pixka bat luzeagoa ez izatea.

Bilgunean bi uztaiez osatuta daude eta beraz bideak rapelatu ahal daitezke.

 

Iristeko: Loarreko gaztelura hurbildu.

 

Hurbiltzeko: Hurbilketarako bi aukera daude (ikusi mapa). Lehenengoan, gazteluko aparkaleku handira iritsi baino metro batzuk lehenago, ezkerrera, irteten den pista hartzea da. Egoera onean dagoen pistatik 1,8 km igo eta pista bitan banatzen den tokia baino zertxobait aurrerago aparkatu.

Autoa uzten den lekutik pista batetik oinez jaitsi behar da. Aterpetxo baten albotik igaroko gara. Pistari jarraitu (definizioa galtzen doa) muino moduko batera iritsi arte. Hortik ezkerrerantz jaitsi behar da, pista izandako dirudien (edo, agian, suebaki bat) ibarbide batetik. Bidezidor batetik aldapa malkartsu bat jaitsi. Jaitsieraren erdi aldera mugarri bat aurkituko dugu eta bere eskuinean hormara hurbilduko gaituen bidea. Autotik 15 minututan bideen oinarrietan egongo gara.



Bigarren aukera da gazteluko aparkalekura iritsi baino kilometro bat lehenago (eskuinaldeko bihurgune nabarmen batean), ezkerretara, jaiotzen den pista hartzea da. Jarraitu pistari 1 kilometro inguru eta aparkatu hormaren pare-parean gaudenean. Hasieran, bidezidor nabarmen batetik igo (mugarriak) behar da, gero bidezidorraren trazak jarraituz. Autotik 20 minututan bideen oinarrietan egongo gara.

Guretzat bi aukeretatik erosoena lehenengoa da. Hurbilketa erosoagoa da eta jaisten da. Itzulera ere oso eroso egiten da. Bigarren aukeran igo egin beha da (azken metroak aldapa gogorretik) eta gainera urratzailea da, Echinospartum horridum espezieko landare ugari baitago.

 

El reino de los cielos (65 m, 5b, derrigorrez A0/4c)

L1 (30 m, 6 aseg., 5b). Helduleku onak dituen horma txiki bat hasieran, eta, ondoren, bere ezkerretik ondo gainditzen den sabeltxo bat. Gero, harri trinkoz osatutako plaka etzan batek sabeltxo batean uzten gaitu. Bertan dago bidearen zailtasun aipagarri bakarra. Azken metroak, harri trinkoz osatutako plaka etzan batetik egiten dira. Bilgunea erlaitz eroso batean egiten da.

L2 (35 m, 6 seg., 4b). Arroka trinkoz osatutako plaka etzana hasieran, sabeltxo batekin amaieran. Gero, hormatxo bat helduleku onekin. Bertan harkaitzari arreta pixka bat jarri behar zaio, baina ongi babestua dago. Azken metroak oso etzana den plaka batetik egiten dira.

 

Irati (60 m, 6a, derrigorrez A0/5a)

L1 (25 m, 7 aseg., 6a).  Lehenengo metroak ongi igotzen dira eskuineko hormaren laguntzarekin, diedro baten modura. Lehen sabai-sabela ongi babestua 2 paraboltekin (A0 modura egiteko aukera). Gero beste sabai-sabel bat aurrekoa baino errazagoa. Azkenik, bere ezkerretik saihesten den sabel handi batek bilgunera eramango gaituen arroka trinkoz osatutako plaka etzan batean uzten gaitu. Azken metroak zertxobait bertikalagoak dira.

L2 (35 m, 6 aseg., 4b).  Arroka trinkoz osatutako plaka etzana hasieran. Bigarren aseguruan zeharkaldi horizontal bat egin eskuin aldera, sabeltxo aldera. Hortik aurrera “El reino de los cielos” bidearekin bat dator luzea.





Jaitsiera: oinez edo rapelatzen.

 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria (tillita), oro har, kalitate onekoa, zatitxoren batean izan ezik.

Orientazioa: Hegoaldea.

Iraupena: bide bakoitza 50 min inguru

Nork irekia eta ekipatua: ¿?

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario