© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2025/12/08

Bideen zerrendarako lotura

Aurkikuntza txiki handi bat. Leku lasaia (egia da bertatik abuztuan ibili ginela eta bero asko egiten zuela), itzultzeko gogoz utzi gintuena. Gu arratsaldeetan hurbildu ginen, eguzkiak indarra galtzen hasten zuenean, eta, zebilen haize apurrarekin, bero handirik pasa gabe eskalatu genuen.

Garbiketa lana izugarria izan da. Nahikoa da harkaitzean zenbat orban zuri dauden ikustea. Harkaitzari azala kendu zaion eremuak dira. Eskerrak eman nahi dizkiogu Joan Vidali egindako lanagatik. Inoiz elkartzen bagara, nahi dituzun garagardoetara gonbidatuta zaude. Bideei eman dizkien izenengatik, gai horretan aditua dela uste dut. Momentu horretaz gozatzen jakingo genuke.

Luxuzko ekipamendua eta bideen luzera, bidezkoa. Egokia, egun berean 2 edo 3 bide egiteko eta irribarre zabal batekin amaitzeko.

Hemen deskribatutako bi bideetako lehen bi luzeak, oro har, plaka etzanenatik doaz, tarte bertikalagoa den zatiren batekin. L3ak bertikalak dira.

Hormaren oinera iristean, egurrezko kartel bat ikusiko dugu, bide guztien izena eta luzeen graduazioa jasotzen dituena. Gu "Triple Leffe" -tik hasi ginen, eta lehen bi luzeak kartelean jartzen zuena baino errazagoak iruditu zitzaizkigun. Agian oso ongi hornituta daudelako izan zen. Ez da estutasunik pasatzen. Azken luzean konfiatuta sartu ginen, aurreko biak bezala izango zelakoan pentsatuz (kartelak jartzen zuena baino errazagoa), eta, guztiz oker ginen, ederki estutu behar baita. Gainera, harkaitza oraindik "basati" samar dago tarte honetan, eta arrokari arreta gehiago jarri behar zaio. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

"Red Ipa" bidean antzeko zerbait gertatu zitzaigun. "Triple Leffe" bidearen antzekoa izango zelakoan geunden, baina L1a kartelean adierazitakoa baino gogorragoa iruditu zitzaigun. Hamargarren eta hamaikagarren aseguruen artean tarte fina du, eta bertan oinekin eta eskuekin fin ibili behar da.  L2 dezente errazagoa iruditu zitzaigun, eta L3 gogorra, aurreko bideko L3aren antzera.

Bideen izenak harkaitzean adierazita daude. Izen batzuk ez dira ondo ikusten, baina bat identifikatuta, erraza da gainerako bideak identifikatzea.

 


Iristeko: Oliana herritik errepidea jarraitu La Seu de Urguell norabidean. Herritik irten, biribilgune batetik igaro eta presako zubira iritsi baino dezente lehenago, eskuinera hartu Ermita del Castell adierazten duen bidegurutzean. Asfaltatutako pista hormetara hurbiltzen da. Bidea banatzen denean ezkerreko adarra hartu. Ermitatik gertu uzten gaitu. Bertan, zabalune handi bat dago hainbat auto aparkatzeko. Behar izanez gero, urez hornitzeko iturri bat ere badago.

Hurbiltzeko: Bidezidorrak, hasieran, ezkerrerantz jotzen du, hormak dauden lekuaren kontrako norabidean, baina goi-tentsioko zutoin baten ondoren eskuinera itzultzen da eta ia galerarik gabe bideetara eramango gaitu.

2-3 minutu igo ondoren adi egon behar dugu, bidea bitan banatzen baita. Adi egon behar dugu, banaketa lekua ez baita hain agerikoa. Puntu horretan ezkerreko adarra hartuko dugu, goranzko joera argia duena. Bidezidorretik igo eta berehala hormaren oinean egongo gara.

Kotxetik, igoera guztiak, ez ditu 6-7 minutu baino gehiago behar.


Triple Leffe (70 m, 6a, derrigorrez 5c)

L1 (25 m, 11 aseg., 5a). Plaka etzana, itsasgarritasunezko pasaguneren eta sabeltxoren bat dituena.

L2 (30 m, 14 aseg., 5a). Plaka etzana, bertikalagoak diren bi zatitxoekin. Bata orban zuri handiaren parean eta bestea bilera baino metro batzuk lehenago. Zatitxo horiek euste leku onak dituzte. R sabai handiaren azpian.

L3 (15 m, 12 aseg., 6a). Hasieran sabaia, helduleku onekin, baina pasagune arraroa duen irteera batekin. Gero, halako arrakala lauso batetik igotzen da, eskuinerantz, eta oinak ondo jartzeko pasagune fin batzuk ditu. Hemen harkaitzak ez du hainbesteko konfiantzarik ematen, bainaa seguruen hurbiltasunak zerbait laguntzen du. Luzeraren bigarren zatian, bilgunera hurbildu ahala, plakaren bertikaltasuna jaisten doa eta, beraz, zailtasuna, baina arrokarekin adi jarraitu behar da. Hobera egingo du jendea pasa ahala.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. R3tik R2ra soka batekin jaitsi eta hortik, 60 m-ko bi sokekin, lurrera. Guk ez genuen probatu, baina litekeena da 60 metroko 2 sokekin lurrera tirada batean iristea. Hori egin genuen Red Ipa bidean eta lurreraino iritsi ginen inolako arazorik gabe.

 

Materiala: 14 zinta + bilguenerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal, otsaila 2024.

 




Red Ipa (65 m, 6a, derrigorrez 5c)

L1 (30 m, 15 aseg., 6a). Hormatxo batekin hasten da luzea. Euste lekuak ditu, baina estutu egin behar da (5b). Gero, mini-erresalte batek zatitutako plaka batek ezkerrerantz doan plaka bertikal batean uzten gaitu. Zatitxo fina, helduleku txikikoa eta oinak ondo jartzekoa, 10. eta 11. aseguruen artean. Gero, bilguneraino, plaka etzan egiten dea eta erlaxatuago igotzen da.

L2 (20 m, 12 aseg., 4c). Harri trinkoz osatutako plaka etzana, aseguruak hurbil dituena. Hamargarren asegurutik 1 m ezkerrera egin eta gero diagonalean igo bilgunera.

L3 (15 m, 9 aseg., 6a). Ageriko pitzaduraren eskuinera dagoen plakatxoa igo, estutu behar den plaka bertikalaren azpian jartzeko. Bilgunera hurbildu ahala, hormak bertikaltasun pixka bat galtzen du, eta zailtasuna jaisten doa.

 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. 60 m-ko 2 sokekin lurrera tirada batean iristen da (58 m inguru).

 

Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia/ekipatua: Joan Vidal, apirila 2024.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario