© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2026/08/07

Bideen zerrendarako lotura

Molondro sektoreko laugarren bidea. Albokoen antzera, oro har, plaka etzanen gainean eskalatzen da, baina 3-4 metroko horma bertikal bat du L6an, puntua ematen diona (A0 modura egin daiteke). Arroka eta ekipamendua, beti bezala, luxuzkoa. L3ko plaka luzea, oso polita.

Bidea "Charleston" bidea hasten den tokitik 3 metrora dago, ezkerretara. Udako goizetarako aproposa; izan ere, goiz samar joanez gero, ia bide guztia itzalean egin daiteke.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo esteka.

 

L1 (25 m, 9 aseg., 5c edo 4c/A0). Diedro zeiharra hasieran. Hobeto igotzen da ez bagara bertan sartzen eta eskuineko plakatik joaten bagara. Pasagune bat duen erresaltea. Pasagunea, zaila baino arraroa da. Oinak moko baten gainean ditugula, plaka etzan batera igo behar da. Plaka bularraren parean geratzen da, eta eskuetarako ez dago ezer (edo oso gauza gutxi). Plakaren lehen aseguruarekin ongi babestua, pasagunearen trikimailua ezkerreko esku-ahurra plakaren ertzean ipintzea eta beherantz bultza eginez plakara igotzea da. Ez bazaigu irteten, ez dago arazorik, oso eroso egin baitaiteke aseguruari tira eginez. Plaka etzan batek bileran uzten gaitu.

L2 (30 m, 4 aseg., 4a). Bloke handien gaineko erresalteak. Gero zeharkaldia, ia horizontala, ezkerrerantz pinutxoaren atzetik. Azken 5-8 metroak oinez.

L3 (35 m, 9 aseg., 5a). Helduleku onak dituen hormatxo batek plaka handi batean uzten gaitu. Plaka horren erdian erresalte txiki bat dago, ezkerretik hobeto gainditzen dena. Itsasgarritasun-eskalada plaka etzanaren gainean. Azken erresalte batek aurrean "frontoi" handi bat duen plaka oso etzan batean uzten gaitu. Bilgunea frontoi horren ezkerreko izkinan dago.

L4 (25 m, 8 seg., 4b ezk. eta 4a esk.). Luzea bi aldetatik egin daiteke. Bi aldeetatik, plakatxo bat hasieran, eta, ondoren, ezproitxo bat. Eskuinetik zertxobait errazago irteten da. Bigarren pinu handian egiten da bilgunea (soka + kankamoa).

L5 (15 m, 3 aseg., 4b). 5 metro inguruko diedroa, ondo igotzen dena. Gainerakoa oinez.

L6 (25 m, 7 seg., 6a+ edo A0). Plaka zimurtsu oso etzan batek 3-4 m-ko horma bertikal labur baten oinarrian uzten gaitu. Hormak aseguruen ezkerretik onak diruditenak heldulekuak agertzen ditu, eta horrek hortik saiatzera bultzatzen zaitu, baina kanpora botatzen duten heldulekuak dira, eta berehala nekatzen zara besoetatik. Hobe, eskuinetik. Ateratzen ez bazaigu, pixka bat estututa, A0 modura egin daiteke. Gero beste plaka batek, oso etzanak, bileran uzten gaitu.

L7 (20 m, 4 aseg., 5b). Plaka oso etzana, erdian 2 m inguruko erresaltea duena. Erresalteko bigarren segurua txapatu ondoren, pixka bat ezkerretara geratzen den mokotxo baten bila joan behar da (helduleku ona), eta, estututa, oinak erlaitz batera igo. Pinu talde bt duen plataforma belartsu handi batean amaitzen da luzea. Azken bilgunea pinu batean egiten da, Sendero Limite-ko onddo laranja tipikoa duena, bidearen izenarekin.

 




Jaitsiera: Oinez. R7tik bi aukera daude.

Lehenengoa, Molondro gailurrera igo eta "Machos" bidezidorretik jaistea da.

Bigarrena, eta niretzat egokiena, Julio Benedék seinaleztatu duen bide berri batetik jaistea da: "Camino corto" delakoa. Gorantz begiratu ahala, pinu-basotxoaren eskuinaldera joan behar da. Mugarri batzuk eta jaitsieraren izena lurrean dagoen arroka batean margotuta ikusiko ditugu. Bidezidor argi eta erraz batek 5 minututan "Machos" bidezidorrean uzten gaitu, hodi handiaren eta zubiaren artean. Lehenengo aukerarekin alderatuta, jaitsiera 10-15 minututan laburtzen da.

Lehenengo aukerak zuzena izaten jarraitzen du eskalatzen jarraitzeko asmoa badugu (Bozuelon, Pared del Tubo edo Bachimañako Pared de la Cascada horman).

 

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1h 15 min.

Nork irekia eta ekipatua: Isabel Armendariz, Toti eta Julio Benedé, 2025.

 

Cambiar idioma(Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario