Pescamou La Pierre Saint-Martin eski-estazioan
(Arette) dagoen eskalada eskola txiki bat da. Ekialdera begira dagoenez ,
uztaila-abuztu erdian, bero handiko egunetan, eskalatzeko aukera ematen du normala
baita aire pixka bat egotea.
Hurbilketa ez da oso luzea, eta lekua
oso lasaia da. Anie tontor aldera dauden bistak, ederrak.
Arroka luxuzkoa. Itsasgarritasun
izugarria duen kareharri super-estra-plus bat da. Ekipamendua ere luxuzkoa da (eskola-eskola
batekoa). Ildaska asko dituzten plaka etzanen gainean eskalatzen da. Ildasketan
oinak sartzeari trikimailua hartzen zaionean, eskaladaz gozatzen da.
Lekua aproposa da udako goizetarako
(eguzkitan eskalatu nahi badugu) edo arratsalde beroetarako. Bigarren kasu horretan,
hurbildu aurretik, aztertu estazioko web-kamera. Sarritan behe-lainoa haranetik
igotzen da arratsaldeetan eta ingurua laino trinko batez estaltzen da. Kasu
horietan ez du merezi hurbiltzea.
Hiru luzeko 5-6 bide daude eta luze
bakarreko beste horrenbeste bide. Oinarrietan jarritako plakatxo batzuetan
bideen izena jarrita dago. Izen batzuk lausotu samarrak daude, baina ondo
ikusten direnekin erraza da bide guztiak identifikatzea.
Zailtasun-maila atsegina. Gure iritziz,
zenbait bidetako luzeei jarritako jatorrizko graduazioa goitik jarrita dago.
Tokiari arazoren bat bilatzekotan,
bideak elkarrengandik oso hurbil daudela aipatu beharko genuke (2 metro
eskasera bananduta daude). Plaka handiak ematen duenaren %100 etekina atera
diotela ikusten da.
Esandakoa. Udarako leku aproposa, eta
are gehiago orain udak hain beroak izanik.
Iristeko:
Isaba-Belaguatik La Pierre Saint-Martin (Arette) eski-estaziora hurbildu eta
bertako aparkalekuren batean aparkatu.
Hurbiltzeko: Aurrez aurre
Arlas tontorra dugu. Bere oinarriraino teleski bat igotzen da. Norabide
horretan eski-pistetatik igo, GR markak (gorria eta zuria) aurkitu arte. Haiei
jarraitu. Eski-pistak ezkerretik inguratzen du Arlas tontorra bere oinarritik. Hori
egitean, Pescamou-ko lautadara iritsiko gara. Plaka bistakoa da. 35 bat minutu dira
kotxetik (lasai-lasai).
Oharra: Txaleten goiko aldean aparkatzen
badugu, igoera 10 minutu inguru laburtzen da.
Au pays des marmottes
(75 m, 5c, derrigorrez 4c)
Plaka handiaren ezker ezkerrean dagoen
parabolt-lerroa. Plakatxo bat bidearen izenarekin (nahiko lausoa). Bere
ezkerrean, kimikoen lerro bat dago. 6c-ko zailtasuna duen luze bateko bidea da.
Jatorrizko krokisak 6a ematen dio L2-ari.
Guri 5b inguruko zailtasuna zuela iruditu zitzaigun. Asko jota, gora botata, 5c
izan daiteke. Plaka lauak eskalatzea ez bada zure estiloa, agian 6a irudituko
zaizu.
Itsasgarritasunezko plaka etzan eta leun
bat da. Egia da R1etik ikusita plakak beldur pixka bat eragiten duela. Badirudi
ez dagoela ezer, baina gero konturatzen zara mikro-tontor batzuk dituela.
Bertara igota oso ondo eusten zara (harkaitzaren itsasgarritasun ona dela eta).
Gainera, oso ongi babestua dago.
L1 (25 m, 11 aseg.,
4c).
Plaka etzan ildaskatua. Zailtasuna hasieran kontzentratzen da, hor pixka bat
bertikalagoa baita. Gero eramangarriagoa da.
L2 (30 m, 4 aseg., 5c). Plaka etzana,
laua, lehen 6 aseguruetan; mikro-tontor batzuk ditu, eta horietan jarri behar
dira oinak. Noizean behin, oinak jartzeko mini-erlaitzak eta mini-uhinak ere
aurkituko ditugu. Luxuzko itsasgarritasuna, oinetaz fidatzeko eskalada batekin.
Laugarren asegurutik ezkerrera irteten bagara, hobe.
Gero plaka bertikal bat, baina helduleku
gehiagorekin. 12. asegurutik bideak ezkerrera egiten du eta plaka handiaren
ezkerraldera pasatzen da.
L3 (20 m, 7 aseg., 4b). Rtik ezkerrera 2 metro inguru mugitu eta heldulekuak dituen ildaska bati eraso. Plataforma handi batera irteten da. Hortik, helduleku onak dituen plakatxo etzan eta pitzatu bati eraso behar zaio.
Jolie brise (85 m, 5c, derrigorrez
5a)
Harri-bloke handi baten eskuinaldean
dagoen parabolt-lerroa. Ageriko ildaska hasieran.
L1 (30 m, 10 aseg.,
5a).
Hasieran, eskuineko plakan dauden mikro-tontorren laguntzekin igotzen den ildaska.
Hor kontzentratzen da luzeraren zailtasuna. Gero, plaka etzan ildaskatua,
antzeko eskalada batekin, baina eramangarriagoa.
L2 (20 m, 9 aseg., 4c). Plaka etzan
ildaskatua. R pixka bat deserosoa (baxu samar geratzen da).
L3 (35 m, 12 aseg., 5c). Zulo handi
batek sortzen duen sabaia. Hobeto igotzen da zuzen eraso eginez (plaka
eskuinean utzita). Plaka ildaskatura igotzeko pausagune txiki bat. Ezkerreko
blokeetatik igotzen jarraitu. Aurrean plaka sabeldu bat dago, zuzen igota 6a
atera daitekeena, baina erorikoa izanik erlaitz batera erorketa txarra duena.
Ezkerretik, plakak helduleku on batzuk ditu, progresio erosoa ahalbidetzen
dutenak. Zatitxo hori gaindituta, heldulekuak dituen plaka batek erlaitz
handian uzten gaitu. Hortik, helduleku onak dituen azken plakatxo etzan bati
erasotzea besterik ez zaigu geratzen.
Jaitsiera: Oinez.
Ezkerretik, bidexka baten arrastoei jarraituz, 5 minututan bideen oinean egongo
gara. Hormaren oinetik kotxeraino 25 minutu ingurukoa da itzulera (10 minutu
gutxiago autoa txaleten goialdean utzi badugu).
Materiala: 14 zinta + bilgunerako
materiala. Fendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Itsasgarritasun
oso oneko kareharri ildaskatua.
Orientazioa: Hego-ekialdea.
Iraupena: 1h 20min bide
bakoitzerako.



0 comentarios:
Publicar un comentario