© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta 3c. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta 3c. Mostrar todas las entradas

2025/12/18

Bideen zerrendarako lotura

Plaka oso etzanetan doan eta oinekin eskalatzen den bidea. Goiko aldean erresalte edo tarte bertikalagoren bat aurkituko dugu. Harkaitza ez da txarra, baina ezin da esan oso ona denik ere. Hain etzana denez, harri solte batzuk daude (goitik erortzen direnak). Hobera egingo du jendea pasa ahala.

Behetik irekitako (eta hornitutako) bidea da. Oro har urrun dauden aseguruak ditu. Pare bat luzeren hasieran (L1 eta L2; gehiago L2an), lehen asegurua urrun dago. Eskalada ez da oso zaila, baina buruz ondo ibili behar da.

Bidea rapelatu ahal izateko ekipatuta dago. R3ra arte, bilera guztiak 2 paraboltez osatuak (horietako bat uztaiarekin edo mailoiarekin). Gero hobe goitik irtetea.

Beste parabolt bat edo bi jarrita estrategikoki luzera bakoitzean, "love climbing" bide batean bihur liteke.

 

Iristeko: Oliana herritik errepidea jarraitu La Seu de Urguell norabidean. Herritik irten, biribilgune batetik igaro eta presako zubira iritsi baino dezente lehenago, eskuinera hartu Ermita del Castell adierazten duen bidegurutzean. Asfaltatutako pista paretetara hurbiltzen da. Bidebanatzea topatzean eskuinera hartu eta pistari ferrataren aparkalekuraino jarraitu.

Hurbiltzeko: Ferratara doan bidea hartu. Minutu batzuen buruan, egurrezko kartel bat aurkituko dugu. Bideak eta haien mailak adierazten ditu. 20 metro aurrerago, bidexka eremu harritsu batetik igarotzen denean, 3 bideren hasiera dago (lehenengo 3ak).

Harrizko mugarriak eta horman markatutako bideen inizialak (EO "Esperó Oliana" entzat; Ex "Entre xáfecs" entzat; ExO "Extra Omnes" entzat). Bideen hasiera 5 metroz (EO eta EX artean) eta 10 metroz (EX eta ExO artean) bereizita dago. "Entre xáfecs" bidearen lehen parabolta ikusten da, nahiko gertu dago. Erreferentzia izan daiteke gainerako bideak identifikatzeko.

Autotik, guztira, 10 minutu inguruko igoera.

 

L1 (40 m, 2 aseg., 4b). Hasieran, erresalte labur bat. Gero, plaka etzan luze bat, ezpel eta zuhaixken artean. Horietakoren bat zintaren bat jartzeko balio dezake. Bi aseguru finko bakarrak lehenengo 15 metroetan daude.

L2 (40 m, 4 aseg., 4b). Plaka luze etzana. Lehen asegurua oso goian (12 m ingurura).

L3 (35 m, 3 aseg., 4b). Plaka luze etzana, erdia baino pixka bat goragoen plataforma horizontal handi batez tartekatua. Plataforma handiaren ondoren, plakatxo bat, beste plataforma bat eta azken plakatxoa bat.

L4 (25 m, 5 aseg., 4c). Hormatxo bertikala, 2 parabolt dituena lehenengo 8 metroetan. Gero sabairantz igotzen da plaka etzan batetik. Azkenik, gorantz doan zeharkaldi bat egin behar da, ezkerrerantz, gandorrera ateratzeko. Bilera ferrataren bizi-lerroan edo haren asegururen batean egiten da.

 




Jaitsiera: Gandorra eskuinerantz jarraitu, ferratari jarraituz. Kateak dituen plaka oso etzan eta handi batera iritsiko gara, eta handik jaitsi beharko dugu. Gero oinez jaisten da. Guztira 20 bat minutu kotxera iristeko.

 

Materiala: 5 zinta + bilgunerako materiala. L1erako zinta batzuk eramatea ongi egon daiteke. Friends-en bat eraman daiteke (guk totem berde bat jarri genuen L3an), baina ez dago aukera handirik jartzeko.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia: Rem Brescó eta Joan Asín, 2025ean. Behetik irekia.

 

Cambiar idioma(Castellano)

2020/08/24

Nahiz eta bidea 2010. urtean ekipatutakoa izan eta nahiz eta Interneten bilaketa sakonak egin, ez dut aurkitu bide honi buruzko sarrerarik, ez blogetan, ez foroetan. Seguruenik bere alboko bideengatik estalia izan da eta oharkabeko pasa da. Ea sarrera honekin  jendea gehiago animatzen eta gehiago errepikatzen den.

Zonalde belartsu zabalez banandutako plaka () segida batez osatutako bide erraza da. Bidea ongi ekipatuta dago eta arroka oso ona da. Bide luzeetan ibiltzen hasteko, eskalatzen ez  duen norbait eramateko edota aterpera igotzeko beste modu ordezko bat bezala erabil daiteke. Gainera uharra zeharkatzeak eta “La escupidera” pasaguneak barietate apur bat ipintzen diote.

Mendiko giroa aurkituko dugu. Ohartu gabe altuera hartzen zoaz eta amaiera aldera Bachimañako zirkoa oso behean ikusten da.Niri Perineotako gailur batzuetan eginiko eskalada errazak, harkaitza eta zonalde belartsuak tartekatzen dituzten horietakoak, gogoratu zizkidan.

Bidearen zailtasuna gehiegi igo gabe, bidea luzatzeko aukera dago “Viaje por el muro” bidearen lehen eta bigarren edo soilik bigarren luzeak eginez.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Hurrengo sarreran eta beste honetan dagoen informazioa irakurri.

 

L1 (15m, 0 aseguru, I).  Beste bideen bilguneak dauden erlaitzetik sartzen bagara soilik zinta horia duen pinura oinez hurbildu beharko dugu. 

L1bis (15m, 4 aseguru, 4a).  “Viaje por el muro” bidearen  bigarren luzetik sartzen bagara, zertxobait etzana dagoen plaka bat igo behar da. Euste lekuak ditu.

L2 (30 m, 4 aseguru, I-II). Belardi handiko basotxora iritsi arte erlaitz belartsua jarraitu. Bilgunea harkaitzaren oinarrian dagoen parabolt batean egin (azkenak diren pinuren batean ere egiteko aukera legoke).

L3 (30 m, 4 aseguru, 3c).  Harmailak hasieran. Azken zatian dagoen plakatxo labur batek bilgunean uzten gaitu.

L4 (40 m, 8 aseguru, 4a).  Emeki igoz R3bis bilgunera hurbildu. Aurreko luzea bilgune honetaraino luza daiteke, baina kontuan izan uretik gertu dagoela eta zipriztinek azkenean busti egiten zaituztela. Eguraldi onarekin (eguzkiak jotzen badu) atsegina izan daiteke, baina egun freskoarekin (guri tokatu zitzaigun modura) desatsegina suerta daiteke. Uharra zeharkatu eta harmailetatik mini-diedrora hurbildu. Hori gaindituta azken plaka leuna gainditzea soilik geratuko zaigu bilgunera iristeko.

Uharra zeharkatzean, bi alboetan, metro eta erdi inguruko altueran, parabolt bi daude eta beraz ura zeharkatzean soka airean geratzen da eta ez da gehiegi bustitzen. Gainera zati hori (nahiko irristakorra) gainditzen laguntzen duen soka finkoa dago ipinita. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

L5 (30 m, 2 aseguru, I).  Oinez igotzen den erlaitzbelartsu handi eta zabala. Bilgunea pinu handian egin (zinta horia).

L6 (20 m, 3 aseguru, II). “La escupidera” pasagunea dugu aurrean. Nahiko airetikoa den zeharkaldi laburra da. Hasieran, goitik ikusita, ematen duena baino errazagoa da. Pare bat metro jaitsi behar dira eta zertxobait lurkara den zati horizontala zeharkatu. Ongi babestua. Jaitsiera egoera onean dagoen soka finko batekin (bi paraboltetan lotuta) babestuta dago. Bilgunea aurkitzeko kanalean aldera igo behar da. Bere hondoan, ezker aldean, 2 paraboltak aurkituko ditugu. Lehen bilgunearekin lotuta zegoen soka finko (zuri-berdea) baten arrastoak aurkituko ditugu (bideak nondik jarraitzen zuen adierazteko zela suposatzen dut).

L7 (30 m, 3 aseguru, 3c). Gora begiratuta, bilgunearen eskuin aldera (horizontalki) irten eta belardi handira igo. Zeharkatu eta bilgunera iristeko plaka zimurtsu bat igo behar da. Bilgunea parabolt batean.

L8 (30 m, 4 aseguru, 3c). Zeharkaldia ezker aldera. Hasiera batean harrizko erlaitz batetik, gero erlaitz belartsu batetik. Kanal-barrankoa zeharkatu eta blokeen artean bilgunera igo. Sabai handiaren azpian aurkituko dugu.

L9 (20 m, 3 aseguru, II). Zeharkaldia ezker aldera. Hasieran harrizko erlaitz zabal batetik, gero erlaitz belartsu batetik. Bilgunea parabolt batean. Luzea luzatzeko aukera dago eta ur-jauzitik gertu aurkituko dugun eta R9bis bilgunean bilera egin, baina zipriztinek busti egiten zaituzte. Kontuan hartu hori. R9bis bilgunera seguruago hurbiltzeko soka finko bat jarrita dago. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

L10 (30 m, 4 aseguru, 3c).  Euste leku onak dituen plaka zimurtsua. Ia amaieran 8 mm-ko bi paraboltez osatutako bilgunean bilera egiteko aukera dago edo metro batzuk gorago arroka-zubi batean. Bi paraboltez osatutako bilgunea eta R9bis bilgunearen artean soka finko bat jarrita dago. Suposatzen dut haizearen norabidearen arabera ur-jauziko zipriztinek plaka busti dezaketela. Seguruenik soka kasu horietarako jarrita dago. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

 


Jaitsiera: Aterpera oinez igo (10 min) eta GR-11tik jaitsi.

 

Materiala: Bilguneak non egiten ditugun arabera 6-8 zinta (R edo Rbis-etan) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrekoak.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 2h15min.

Nork irekia eta ekipatua: Luis Royo, Carlos Budría, Carlos Roy, Bruno Gaspar eta Julio Benedé,  2010.

 

Cambiar idioma (Castellano)


2019/05/04


Guillem Arias nekaezinaren beste bide bat. Eskertzekoa da gizon honen lana. Lerro hauetatik, esker mila.
“Nuria” oso ongi ekipatutako bide erraza da. Eguraldia oso segurua ez denerako, arroka oso lehorra ez dagoenean edo eskalada egun bat osatzeko bide aparta da. Bidea plaka etzan handi bat da. Denak nahiko etzanak, azken luzea izan ezik. Azken honek bi hormatxo ditu.
Bide hau ere aproposa da haurrak edo inoiz eskalatu ez duen jendea eramateko, baita ikastaroak emateko. Horma ez da ezertan bertikala eta bilguneak oso erosoak dira. Horrez gain, bilgune batzuk 4 paraboltez osatuta daude eta horrek aldi berean bi bikotek eskalatzeko aukera eskaintzen du.
Hirurogei metroko bi sokekin luzeak binaka elkartu ditugu. Soka motzagoekin edo jarduera luzatu nahi badugu banaka egitekoa aukera dago ere.
Bidea Miranda de Santa Magdalena gailurrean amaitzen denez Magdalena Superior edo Inferior orratzetan dauden beste bide batekin jarraitu daiteke.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera (Montserrat 2).
Eskemako (a) bidea: “La Torna”ko lepoa pasa ondoren, bideari jarriatu eta Mirador de Sant Joan osoa inguratu Punta Pam a Pam orratzarekin osatzen duen leporaino iritsi arte. Bideari jarraitu. Bidea erorita dagoen zati batekin egingo dugu topo. Zati hori pasa eta behe aldera egiten duen bideari jarraitu. Bidegurutze batera iritsiko gara. Bertan pintura berdearekin puntu bat margotuta duen zuhaixka batekin egingo dugu topo. Gora egiteko unea da (bidea zertxobait hartuta dago eta zertxobait “basurdearena” egiten ibili behar da). Plakak gure ezkerrean sumatzen ditugunean (10 min inguru Punta Pam a Pam lepotik) ezkerrera jo (hasieran emeki beherantz eta gero gorantz egiten du) plaka oso etzan bat aurkitu arte. Plaka horren oinarria jarraitu zilar koloreko parabolt bat aurkitu arte. Aurrera 10 m inguru eginez txapa horia (Gullem-enak beti horrela koloreztatuta daude) duen parabolta aurkituko dugu plakaren oinarrian. Parabolt horrek “Nuria” eta “Directa Nuria” bideen hasiera adierazten du.

Eskemako (b) bidea: Guillem Arias-ek beste bide bat proposatzen du (https://blogdelguillem.blogspot.com).

L1 (55 m, 10 aseguru, 3b). Plaka etzana. Hasi eta 4 m ingurura nahiko gertu dauden 2 parabolt ikusiko ditugu. Ezkerrekoa “Nuria” bidearena da eta eskuinekoa “Directa Nuria” bidearena. Luzearen bigarren zatia (R1´ondoren) errazagoa da (II).
L2 (45 m, 9 aseguru, 3c). Zertxobait gehiago pentsatu beharra dagoen bi pasagunetxo dituen plaka etzana.
L3 (50 m, 10 aseguru, 3c). Ur-arrastoa zeharkatu (euria egin ondoren bustita aurki dezakegu) eta plaka etzanetik igo. R3´ bilgunetik aurrera oinez igotzen den tarte oso etzan batek banatzen dituen bi erresalte soilik geratzen dira.



Jaitsiera: Oinez.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua)
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 50min.
Nork ekipatua: Guillem Arias, 2010.


2014/01/27

Eskaladako egun polit bat igarotzeko egokian diren hastapenerako bi bide motz. Arnau Martin bideko lehenengo metroak izan ezik (bideko zailtasun handiena hasierako bost metroko hormatxora mugatuta dago), arroka oneko plaka etzanetatik doazen bideak dira. Bi bideek ekipamendu oso ona dute eta ez da inolako apururik pasatzen. Nahiz eta La Torna bidea errazagoa izan, zailtasunean bestea baino homogeneoagoa da. Luze ugariko bideak egiten hasi nahi duenarentzat, gutxi eskalatzen duen jendearentzat edota umeentzat bide egokiak dira.

Iristeko: Hurrengo sarrera begiratu (Montserrat)

Hurbiltzeko: Sant Joan funikularreko goi-geltokitik Sant Joan kaperara doan pista hartu. Kaperaren aurretik pasa eta Sant Joan eta Sant Onofre ermiten hondarretara doan aldapa eskuinean utzi ondoren (10 min), gure ezkerrean, marka urdinak dituen bidezidorra jaiotzen dela ikusiko dugu. Bide hori hartu eta bertatik jaitsi bidea oztopatzen duten enbor batzuk aurkitu arte. Marka urdinak dituen bideak eskuin aldera igotzen jarraitzen du. Bertatik jarraitu eta lepora igo. Beste aldera jaitsi eta berehala bideen hasiera adierazten duten txapak ikusiko ditugu (La Torna txapa horiak; ??? txapa gorriak). Bi bideek lurraren parean R0 bilgunea dute. Funikularraren goi-geltokitik guztira 20-25 min inguru. Montserrat (2) sarrerara joan inguruko mapa eskematikoa begiratzeko (sakatu  hemen).

La Torna (4a, 95 m, derrigorrez 3c)
R0 eta R4 izan ezin (hauek birekin), hiru paraboltez osatutako bilgune erosoak.
L1 (25 m, 5 aseguru, 3c). Plaka etzana.
L2 (20 m, 4 aseguru, 4a). Sabaitxo batez banandutako bi plaka etzanak. Sabaitxoan dago bidearen pasagune zailena, baina metro bat baino gutxiagoko distantziara dauden bi paraboltez oso ongi babestua dago.
L3 (20 m, 4 aseguru, 3c). Plaka etzana, belarrezko zatitxo bat eta beste plakatxo etzana.
L4 (30 m, 7 aseguru, 3c). C forma duen zeharkaldia eginez, ezkerretik eskuinera igotzen den plaka etzana. Amaieran bi txapekin oso ongi babestutako erresalte txiki bat dago. Eskuinetik igota 3c ateratzen da, baina apur bat konplikatu nahi badugu, ezkerretik igo daiteke ere (4b).

Jaitsiera: Oinez.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h.
Nork irekia eta ekipatua: Guillem Arias, urria 2011.

Arnau Martin (4b, 90 m, derrigorrez 4a)
Katez elkartutako bi parabolt eta eraztunez osatutako bilgune erosoak. Bidea rapelatzeko prestaturik daude bilguneak. R0 bilgunea parabolt batez osatua.
L1 (35 m, 7 aseguru, 4b). Bost metro inguruko horma hasieran. Bideko zatirik zailena da. Ondoren pixkanaka igotzen den eta pasagune finen bat duen zeharkaldia eskuin aldera. Azken zatian zuzen igo behar da bilgunea aurkitzeko.
L2 (25 m, 3 aseguru, 3a). Ia oinez igotzen den plaka oso etzana hasieran. Amaieran zertxobait tentetzen da, baina oso gutxi.
L3 (30 m, 5 aseguru, 3b). Plaka etzana.

Jaitsiera: Oinez.
 



 
Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 50 min.

Nork irekia eta ekipatua: Manuel Muñoz Garcia eta Felip Martin, 2013.

Cambiar idioma (Castellano).

2014/01/19

ABUZTUA - 2026. KONTUZ,  Grimp@ -REN INFORMAZIOAREN ARABERA BIDEA ETA RAPELA ZITEZKEEN BILGUNEAK DESEKIPATU DIRA.
Montserrateko gorro ezagunetariko batera, Gorro Frigiara, igotzeko nahiko bide erraza. Bidea zailtasun aipagarririk gabeko plaka etzanetatik doa. Oso ongi ekipatua dagoenez, eskaladaz gozatzen da. Pixkanaka altura hartzen da eta, ia konturatu gabe, gorroaren gailurrean zara. Montserrateko monasterioa azpian dugula gailurreko argazkia gurutzearen alboan atera eta behera. Jaisteko bi aukera daude. Gorro Frigia jaisteko "ohiko" bidetik edo igo dugun bidetik rapelatzen. Bideak bilguneak horretarako prestatuta ditu (kate batekin elkartutako 2 parabolt eta eraztunez hornituta daude).
Bidea motza egiten da. Gehiago egiteko gogoarekin geratzen zara. Guk ezin izan genuen gauza gehiago egin berandu egin zitzaigulako, baina norbait gogoarekin geratzen bada, lepora jaitsi eta bidearen ezkerrean geratzen diren beste hainbat bide egin ditzake (adibidez "Joan Marc" bidea). Bide honen pareko zailtasuna dute eta oso ongi ekipatuak daude.

Iristeko:  Hurrengo sarrera  ikusi (Montserrat).

Hurbiltzeko: Sant Joan funikularreko goi-geltokitik Sant Jeronira doan bidea hartu. Gorro Frigiaren ipar hormara iritsi baino metro batzuk lehenago lepo aldera igotzen den bidezidorra ikusiko dugu. Aldapa motz, baina tentea dugu aurrean. Arnasarik gabe iritsi nahi ez badugu lasai hartu igoera. Igotzen hasi eta berehala higatuta dagoen plaka etzan bat aurkituko dugu. Pasagunea kate batekin babestuta dago. Funikularreko goi-geltokitik Magdalena Superior eta Gorro Frigiaren arteko lepora iristeko 20-25 min. inguru behar dira. Beste aldetik bidearen hasieraren bila jaitsi (beste 3-4 min gehitu). Txapa gorriak dituen lehenengo lerroa da. Hasierako bilgunean (R0) bi parabolt ditu. Inguruko mapa eskematikoa aztertzeko ikus Montserrat (2).

L1 (25 m, 7 aseguru, 3c). Lehenengo metroak oso ongi ekipatutako hormatxo batez osatuak daude. Gero etzan egiten da eta plaka etzan batetik igotzen da bilguneraino.
L2 (20 m, 4 aseguru, 3b). Plaka etzana. Luzeko bigarren zatian apur bat bertikala den tartetxo bat dago.
L3 (30 m, aseguru, 3c). Erdi aldera apur bat bertikala den tartetxo bat duen plaka etzana. Gero berriro ere plaka etzana.
L4 (25 m, 7 aseguru, 3c). Plaka etzana. Amaieran, zuhaixkaren atzean dagoen hormatxoa gainditzeko, apur bat bertikala den zatitxo bat du. 





Jaitsiera: Jaitsiera apur berezia da eta deskribapen osoa sarrera honetan aurkituko duzu.
Kontuz! Aldaketa txiki bat dago. Lehenengo zatian zeuden kateak kendu egin dituzte eta, orain, rapel instalazio on bat jarri dute. Bi kimiko katez lotuak. Rapel motz batek lehenengo erlaitz handian uzten gaitu. Hortik beti bezala jaitsi behar da: kate eta kablez hornitutako destrepea, ondoren oinez jaisten den zatia eta, azkenik, kate batez babestuta dagoen beste zati batek lepoan uzten gaituzte.


Materiala: 7 zinta + bilgunera materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude. Irteerako zuhaixkan ipintzeko ongi etor daiteke zinta luze bat.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: hegoa.
Iraupena: 1h.

Nork irekia: Jordi Pazos "Brasil", apirila 2009.

Cambiar idioma (Castellano)

2014/01/12

Eskalada egun polit bat osa dezaketen bi bide motz, turistetatik urrun, ingurune lasai batean kokaturik daudenak. Montserrateko arroka ezagutzeko ere balio dezakete. Orokorrean arroka oneko plaka etzanetatik doazen bideak dira, nahiz eta zatitxoren batean hormatxoren bat edo izan. Hala ere, Guillem Arias-en bide guztiak bezala, ekipamendua oso ona da eta ez da apururik pasatzen. Zailagoak diren zatitxoetan beti aurkituko dugu asegururen bat gertu eta, beraz, oso lasai eskalatzen da.
Inguruko lasaitasunak, bideen zailtasun baxuak eta bere ekipamendu egokiak bide luzeetan hasi nahi dutenentzat edo mutiko eta inoiz eskalatu ez dutenentzat bide aproposak bihurtzen ditu.

Iristeko: Hurrengo sarrera begiratu (Montserrat).

Hurbiltzeko: Sant Joan funikularreko goi-geltokitik Sant Joan kaperara doan pista hartu. Kaperaren aurretik pasa eta Sant Joan eta Sant Onofre ermiten hondarretara doan aldapa eskuinean utzi ondoren (10 min), gure ezkerrean, marka urdinak dituen bidezidorra jaiotzen dela ikusiko dugu. Bide hori hartu eta bertatik jaitsi bidea oztopatzen duten enbor batzuk aurkitu arte. Marka urdinak dituen bideak eskuin aldera igotzen jarraitzen du, baina guk enborren atzean igartzen den bidezidorra hartu behar dugu. Zati bat jaitsi eta gorro txiki bat bere ezkerretik zeharkatu ondoren, Miranda Sant Pere gainean dagoen lepora iritsiko gara (funikularreko goi-geltokitik 20-25 min. inguru).
Bideen hasiera aurkitzeko ezkerreko maldatik jaistea soilik geratzen zaigu (beste 2-3 min.). Bideak bere txapa horiengatik identifikatuko ditugu. Bi bideek R0 egiteko parabolt bat dute hasieran, lurraren parean. Bilgune gehienak 3 paraboltez osatuta daude eta leku erosoetan daude.
Montserrat (2) sarrerara joan inguruko mapa eskematikoa begiratzeko (sakatu  hemen). 

La Nina (4a, 110 m, derrigorrez 3c)
L1 (25 m, 4 aseguru, 3c). Euste-leku txikiko plaka etzana.
L2 (25 m, 3 aseguru, II). Mirandaren beste aldera pasatzeko trantsizio luzea. Ipurutxo bateraino metro batzuk zuzen igo eta ondoren, gure aurrean geratzen den sabai handia inguratzeko, ezker aldera zeharkaldi horizontala egin.
L3 (30 m, 7aseguru, 4a). Euste-leku ugariko plaka etzana hasieran. Ondoren euste-leku asko ere dituen hormatxo bat, oso ongi babestua eta aseguruak gertu dituena.
L4 (30 m, 5 aseguru, 4a). Aurrekoaren antzekoa. Hasieran plaka etzana. Ondoren euste-leku onak dituen hormatxoa. Hori gainditu ondoren beste plaka etzan batek azken bilgunean uzten gaitu.

Jaitsiera: Oinez.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsas eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria (konglomeratua). 
Orientazioa: Hegoekialdea lehenengo bi luzeetan eta hegomendebaldea beste bietan.
Iraupena: 50min.
Nork irekia: Guillem Arias, maiatza 2012.



La Piula (4c, 80 m, derrigorrez 4a)
L1 (20 m, 3 aseguru, 3c). Sabai bat bere ezkerretik inguratzeko, eskuinetik ezkerrera igotzen den plaka etzana.
L2 (30 m, 7 aseguru, 4c). Hasieran, diedro txiki batera iritsi arte, plaka etzana. Diedroa gainditzerakoan ezkerretik eskuinera emeki igotzen den zeharkaldia. Pasagune finen bat bada, baina oso ongi babestua dago zati hau.
L3 (30 m, 6 aseguru, 4b). Hormatxo bertikal batera iritsi arte plaka etzana hasieran. Hormatxoan arrokari arreta apur bat ipini behar zaio, baina oso ongi babestua dago pasagunea. Hormatxoa gainditzerakoan, plaka oso etzan batek azken bilgunean uzten gaitu.

Jaitsiera: Oinez.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsas eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria (konglomeratua). 
Orientazioa: Hegoekialdea.
Iraupena: 50min.
Nork irekia: Guillem Arias, maiatza 2012.

Cambiar idioma (Castellano).