Beste “Antxon” tankerako bidea. Arroka orokorrean
ona. Nabari da kriston lana hartu dutela horma garbitzen, baina oraindik
gehiago garbitu behar da. Jendea pasa ahal joango da garbitzen. Bidea ekipatuta
dago, baina ez dago gaizki tramankulu batzuk eramatea tarte batzuetan aseguruen
arteko distantzia zertxobait luze delako.
Antxonen jatorrizko krokisean lehen luzeari 3c/4a
mailako zailtasuna ematen zaio. Egia da luzearen zati gehiena 4a mailaren
inguruko zailtasunean dabilela, baina bosgarren eta seigarren aseguruen artean
hori baino zailagoa den pasagune bat dago. Antxoni komentatu eta gero soilik 2-3
metro horiengatik 4c zailtasun maila ematea erabaki dut (baten bati agian
zailagoa irudituko zaio; egiten den heinean jendeak esango du mailarekin asmatu
dugun ala ez). Zailtasun hori jarri diot gehien bat jendea ez sartzeko 3c/4a
mailako luze “erraz” bat dela pentsatuz. Pasagunea dagoen tokira iritsi arte
luzean mota guztietako euste leku onak aurki daitezke, baina justu hor ez dago
ezer eskuentzat (euste lekutxoak soilik), ez dago zerbait jartzeko pitzadurarik
eta oinetan fidatuz pasagunea eman behar da.
Antxonen jatorrizko ideia “… Ziordian bosgarren mailako pasaguneak izango ez zituen bidea aurkitzea
zen. Horretarako hormaren alde ahulenak aurkitzen saiatu nintzen, goraino
iristeko asmorik gabe, bidea ez delako oso homogeneoa”. Antxonek dion
modura goiko zatiak (irteerako gandorra) ez du pena merezi. Marieta bidea ireki
zuen garaikoa da. Gandorratik irten ziren (belarraz nahiko jantzia) eta erdi
aldera, bilgunea egiteko, parabolt bat utzi zuten. Hasieratik irteera hori ez
zela oso duina iruditu zitzaien eta horregatik Marieta amaitzeko beste bat
aurkitu zuten. Berak dioen bezala “Zuzaren
blogean (Mendia eta eskalada) Altzaniaren irteera, iradokizun modura, gandorretik
egitea aipatzen nuen, horrelako lekuetatik gustura dabilen jendea badagoelako
eta landarediarekin borroketan ibiltzea ez zaielako inporta, baina niretzat ez
du pena merezi”.
Gu gandorreko irteera arakatzen ibili ginen eta, egia
esateko, ez du pena merezi. Goitik irten nahi bada eta R3tik gora jarraitzen bada,
begetazioz oso jantzia dagoen ia 100 metroko trepada zatia gainditu beharko dugu.
Zati horretan gainera arantzadun landare pilo bat dago eta arreta jarri behar
zaion arroka aurkituko dugu. Zapore txarrarekin uzten duen zatia da. Horri
gandorreko azken metroak gehitzen badizkiogu, sentsazio txarrekin amaitzeko
aukera handiak daudela uste dut. Marieta bidea ezagututa nire ustez aukera
onena (goitik irten nahi badugu) hirugarren luzeko oinarrira rapelatuz jaistea
eta Marieta bidetik (ikusi sarrera) jarraitzea da.
Azken aukera bat, bosgarren mailako pasaguneak
kontrako eztarritik sartzen zaizkienentzat eta tramankuluekin ibili nahi ez
dutenentzat, Altzaniako lehenengo bi luzeak egin ondoren Marieta bidetik
jarraitzea litzateke.
Azken aholkua. Jaitsiera harrobi barrutik egiten
denez asteburuan (harrobia itxita dagoenean) egiteko bidea dugu hau. Larunbat
arratsaldea edota igandean, baina hobe igandetan, harrobia guztiz itxita
dagoenean.
Iristeko
eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.
Pistatik, plaka handiren parean gaudenean, onena
zuzen igotzea da. Ezpondatik igo (ahal den leku onena bilatu) eta berehala
bidearen oinarrian egongo gara. “Irati” bidera hurbiltzeko bidea jarraitzen
badugu eta gero hormaren oinarria jarraitzen badugu arantzak, zuhaixkak eta
zikinkeri asko aurkituko dugu. Traba ugari horiekin oso nekagarria da.
L1
(30 m, 6 aseguru, 4c). Ezproitxo bat hasieran. Eskuinera egin eta
lurrez jantzia dagoen zati bat zeharkatu ondoren (lur bustiarekin delikatua
izan daiteke) euste leku onak dituen plaka bertikal bati ekin behar zaio. Pasagune
giltza (luzeari zailtasun maila ematen dio pasagunea) 5. eta 6. aseguruen artean.
Bilgune erosoa, 2 parabolt eta mailon batez osatuta.
L2
(30 m, 7 aseguru, 4c). Pasagune atletiko motza hasieran (ongi
babestua). Ondoren esker aldera igotzen den kanal-pitzadura moduko batek euste
leku onak dituen plaka bertikal handi baten oinarrian uzten gaitu (aseguruen
artean urrutiratzeren bat bada, baina tramankuluak jartzeko aukera dago). Azken
metroak belartsuak. Bilgune erosoa belardian, 2 parabolt eta mailon batez
osatuta.
L2bis.
Erdi oinez, erdi trepatuz (II) egiten den 30 metro
inguruko zatia. Hurrengo bilgunetik bi parabolt lerro ikusiko ditugu.
Eskuinekoa jarraitu behar da. Ezkerrekoa “Marieta” bidekoa da. Bilgunea mailon
bat duen altzairuzko kable batez hornitutako arroka-zubi handi bat da.
L3
(40 m, 9 aseguru, 5a). Lehenengo
asegurura iritsi arte (zertxobait altua), plaka bertikal motz bat. Ur-tantak
dituen plaka batetik jarraitzen du. Ondoren euste leku onak dituen zati luze
bat. Zortzigarren asegurua jarri ondoren, eskuinera pasa eta bilgunea baino
lehen dagoen azken plakari ekin. Luze honen zailtasun nabarienak lehenengo eta
azkeneko 5 metrotan aurkituko ditugu. Bilgune erosoa, 2 parabolt eta 2
eraztunez osatuta.
Goraka jarraitu nahi badugu, bi aukera daude.
Lehenengoa Marieta bidearekin laugarren bilgunean elkartzea da. Horretarako
begetazioz oso jantzia (arantza asko) eta arrokarekin arreta jarri behar den
zatia igo beharko dugu. Zati honetan ez dago asegururik. Bigarren aukera
(niretzat hoberena), L3ren oinarrira rapelatuz jaitsi eta Marieta bidearen
L3tik jarraitzea litzateke.
Jaitsiera:
Goraino igotzen bagara, harrobiraino puntu gorriak
jarraitu eta bertatik, pistaz, kotxeraino jaitsi.
Rapelatuz jaistea pentsatuta badaukagu, onena “Marieta”
bidetik egitea da bilguneak horretarako prestatuak baititu. Bidetik jaisteko
aukera egon daiteke, baina horretarako mailoiak eraman beharko lirateke eta
bilgunetako ekipamendua osatu.
Materiala: 9 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak, fisureroak eta zintak.
Arroka: Kareharria.
Orientzioa:
Ekialdea.
Iraupena: 2h.
Nork ekipatua: Antxon
Gorrotxategi, Susana Agirre eta Iñaki Zuza, 2018.
0 comentarios:
Publicar un comentario