© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.
Mostrando entradas con la etiqueta Tarragona. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Tarragona. Mostrar todas las entradas

2024/05/26

Bideen zerrendarako lotura

Rasqueran egin genuen bigarren bidea da hau. Aurrekoa baino basatiagoa da. Horrez gain aseguruen artean hainbat urrutiratze ditu. "Fava al rei" baino bide bertikalagoa da. Lehenengo zatian, helduleku onak dituzten bloke handiak ditu, baina heltzen denari zaindu behar da. Bigarren luzerak denetik du: plaka zati batzuk eta bertikalagoak diren beste zati batzuk. Hirugarren, eta azken luzeak, bi zati ditu, ongi bereiziak. Lehena etzana eta bigarrena bertikala.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrera.

Hormaren oinarrian gaudela, ezkerrerantz jarraitu eta malda labur baina gogor batetik igo bidearen hasiera aurkitu arte (6 minutu oinarritik).

 

L1 (30 m, 8 aseguru, 5b). Luze atletikoa. Plaka bertikala, eusteleku onekin, baina heltzen denari zaindu behar zaio. Gero diedro-bavaresa labur bat, aseguruak gertu dituena. Bavaresa gainditu ondoren, plaka labur bat. Azken asegurutik eskuinera jo eta kanal moduko batetik igo. Azken 8 metroak asegururik gabe, babestu beharrekoak.

L2 (25 m, 5 aseguru, 5b). Bileratik ezkerrerantz zeharkaldi labur bat egin behar da. Gero, zuzen igo, pitzatutako plaka bertikal batetik, eskuinerako joera txikiarekin. Azken plakatxo bat gaindituta, bilgunea dagoen plataformara iritsiko gara. Zinta bat jartzeko eta bilgunera hurbiltzea babesteko aukera ematen duen pinu txiki bat dago.

L3 (35 m, 8 aseguru, 6a). Blokeak etzana den arrapala batetik diedro bertikal labur batera iritsi arte. Diedroa gaindituta, oinez fidatu behar den plaka leun batek azken bilgunean uzten gaitu.


 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. R2 eta R3 rapelerako prestatuak daude (2 parabolt sokarekin lotuta gehi uztai bat). R1 bi paraboltez soilik osatua.

R3tik R2ra jaitsi eta hortik lurrera.

 

Materiala: 10-12 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta/edo fisurero sorta bat.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 1h 30 min

Nork irekia eta ekipatua: Jaume Prat, Joan Rovira eta Antoni Alarcón, 2023ko otsaila.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2024/05/12

Bideen zerrendarako lotura

Leku polita. Lasaia eta bakartia, 3 eta 6 luze bitarteko bideekin. Cardó-el Boix mendilerroan dago, Ebro ibaiaren bokaletik gertu. Toki ezin hobea da udaberrian eta udazkenean eskalatzera joateko. Udan bero asko pasa daiteke.

Bideren bat zertxobait "birjina" dago oraindik, eta euste lekuren batekin arreta izan behar da, baina, oro har, arrokaren kalitatea oso ona da.

Hau da egin genituen bi bideetatik lehena. Hormako agerikoena da eta asko gustatu zitzaigun. Oro har, harri trinkoz osatutako plaka etzanetan eskalatzen da, eta zailtasunak nahiko puntualak dira. L2ren hasiera eta amaiera eta L3ren hasierako pasagunea dira zailtasun aipagarrienak. Gainerakoa, gozatzekoa.


 

Iristeko: Móra d 'Ebretik Rasquera herrira hurbildu. Herrian sartu gabe, Perelló herrira doan errepidea hartu (TV-3022). 17. kilometrotik hirurehun edo laurehun metro aurrerago, asfaltatutako pista bat jaiotzen da gure eskuinean (ikusi mapa). Pista hori hartu. Lehenengo bidebanatzean eskuineko adarra hartu behar da eta bigarrenean ezkerrekoa. Asfaltoa 3 bat km-ra amaitzen da, eta harri-zati labur baten ondoren, zementuzko igoera batera iristen da. Azken metroak ez daude oso egoera onean, baina ez dago arazorik kotxearekin. Lepotxo batera (pista jaisten hasten denean) iritsi baino metro batzuk lehenago ezkerretara, 2 edo 3 auto uzteko lekua dago. Lepotik aurrera, pista lurrezkoa da, eta ibilgailuarekin jarraitu nahi badugu, kotxe altu bat behar da. Guk autoa lepoa baino lehenago dagoen tokian utzi genuen.

 

Iristeko mapa.

Hurbiltzeko: Oinez, lurrezko pista jarraitu (mapa ikusi). Metro batzuk aurrerago hesi bat aurkituko dugu. Hor hasten da zementuzko igoera bat, ura husteko pista zeharkatzen duten erretenak dituena. Igoera amaituta, lautada batera iritsiko gara, non aska bat dagoen (eta masia bat pixka bat beherago). Hor 4-5 bat autorentzako lekua dago. Autoa utzi dugun tokitik askaraino 20 minutu behar dira.

Askaren, eskuinean, ur biltegi handi bat dago. Harrizko bi hormen artean dagoen bidexka bat hartu. 10 minututan, inolako galerarik gabe, hormaren oinarrian egongo gara. Aldapa duen tarte txiki bat izan ezik, igoera nahiko erosoa da.

Faba al rei bidearen hasiera erraz identifikatzen du L1eko bloke handiak. Bide hori identifikatuta, erraza da gainerakoak aurkitzea.

 

L1 (20 m, 5 aseguru, 5a). Harmailak arroka trinkoaren gainean, eta ondoren diedro labur erraz bat. Diedroa gaindituta, eskuinerantz, pixka bat beherantz, doan zeharkaldia egin behar da.

L2 (25 m, 9 aseguru, 6a). Plaka bertikala. Zailtasuna lehen 3 aseguruetan kontzentratzen da. Gero, zailtasuna asko jaisten da (4c/5a ingurura). Pinutxoaren parean, ezkerretara 2 metro inguru egin horizontalean, eta azken plakatxoari ekin. Azken plakatxoak itsasgarritasunezko pasagune bat du non oinetaz fidatu behar den.

L3 (35 m, 7 aseguru, 5c). Pinuaren laguntzaz, zertxobait igo eta lehenengo txapa txapatu. Sarrerako plaka horretan oinetaz fidatu beharreko pasagune fin bat du, eskuetarako gauza gutxirekin. A0n egiteko aukera dago. Lehen urrats hori gaindituta, plakatxotik jarraitzen du, hormatxo batera iritsi arte. Hori gaindituta, plaka etzanetatik eta harmailetatik jarraitzen da igotzen. Bilgunea baino lehenago, ondo gainditzen den erresalte labur bat dago. Bilgunea plataforma zabal batean dago.

L4 (30 m, 10 aseguru, 5b). Pitzadura bati jarraituz igotzen den plaka. Gero, 5 bat metroko zeharbide bat ezkerretara. Azkenik, zuzen igo bilgunea aurkitu arte. Pinutxoaren tartean eta pixka bat ondoren daude luzeraren pasagunerik finenak. Kontuz, bigarren seguruaren parean hutsa dagoen lauza dago.

L5 (20 m, 4 aseguru, 5b). Bileratik irteteko pasagunetxoa. Gero gozatzeko harkaitza. Helduleku pilo bat dituen duen plaka bat da.


 

 


Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. R2, R3 eta R5 rapelerako prestatuta daude (2 parabolt sokarekin lotuta eta uztaiarekin). R1 eta R4 bi paraboltez osatuta soilik.

Gu R5etik R3ra jaitsi ginen. Hortik R2ra eta azken bilgune horretatik lurreraino.

 

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kalitate oneko kareharria.

Orientazioa: Hego-ekialdea.

Iraupena: 1h 45 min

Nork irekia eta ekipatua: Joan Rovira, Jaume Prat eta Antoni Alarcón, 2023ko urtarrila.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2023/05/27

Montmelleko gaztelura itzultzen gara. Aurrekoan sentsazio onekin geratu ginen eta, bide pare bat oraindik egiteko genituela jakinik, hurbiltzea erabaki genuen. Niri, egia esan, lekua gustatzen zait. Gazteluak, gurutzeak eta igoera erdian dagoen ermitak toki polita osatzen dute.  "Integral del sol i la luna" bidea ezusteko atsegina izan da. L3ko tarte labur bat izan ezik, kalitatezko arroka. Arroka zulo txikiz beteriko kareharri "zaharra" da, ukimenerako oso atsegina. L4 luzea, ederra. Bidea motz geratzen da eta jarraitzeko gogoarekin amaitzen da. Spit, iltze eta harkaitz-zubiekin hornitutako bidea.

Antza denez, bide berriak irekitzen ari dira, soka finko pare bat ikusi genituelako. Bilgune guztiak rapelatzeko prestatuta daude 2 spit + bi eraztunekin. R2tik EZ  segi eskuin aldera. Bideak atzera egiten du eta kanal lurkara batetik igotzen da (soilik 2 edo 3 metro dira).

Beste bidea, "Josep Baqués i Esteve", ez da hara espreski egitera  hara joateko bidea, baina ondo etor daiteke inguruan beste gauzaren bat egin ondoren eguna osatzeko. Bide etena. Erresalte segida bat da, gehien bat goiko aldean, altuera sentsazio gutxirekin eta landarediaz inguratuta (ez du enbarazurik egiten). Hala ere, bigarren luzea oso polita da. Plaka luzea bat da, arroka onarekin, jarraitzeko gogoarekin uzten zaituena. Luze guztiak horrelakoak izatea nahiko zenuke. Bidea spit eta paraboltekin ekipatua dago.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Integral del sol i la luna (5a, 70 m, derrigorrez 5a)

L1 (15 m, 7 aseguru, 5a). Diedroaren ezkerretik igotzen den harri trinkoz osatutako plaka hasieran. Bosgarren aseguruaren parean zatitxo gogorragoa bat aurkituko dugu, baina ezkerretara pixka bat mugituz pasagunea errazten duen zulo on bat aurkituko dugu.

L2 (15 m, 6 seg, 4c). R-tik irteteko erresalte bat. Gero, pasagune finen bat duen harri trinkoz osatutako plaka.

L3 (20 m, 4 aseguru, 4b). Bileraren ezkerraldera irten. Spit bat dago harri baten ertzean. Harri trinkoz osatutako plaka batera igotzeko kanal lurkara. Luzeraren gainerakoa, harri trinkoz eta heldulekuz osatutako plaka bat da.

L4 (20 m, 7 aseguru, 5a). Domo batek harri trinkoz eta oso zimurtsua den plaka baten oinarrian uzten gaitu. Oso harkaitz zimurtsua duen plaka babaresa eder batekin gainditzen da. Gero plakatxo batek diedrotxo batean uzten gaitu. Azken metroak harmailetatik.




Jaitsiera:  Bidezidor baten arrastoak jarraituz gurutzeraino oinez igo (5 min). Zertxobait arantzez jantzia. Gailurretik bide normaletik jaitsi. Autora iristeko 30 minutu inguru izan daitezke.

 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 1h15 min.

Nork irekia: V. Mestre eta V. Alegre, 1988.

Nork birrekipatua: Xabi Amat eta Josep Massana.

 

 

 

Josep Baqués i Esteve (4c, 120 m, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 4 aseguru, 4b). Espoloitxo bati jarraituz harmailak eta erresalteak.

Bilgunetik atera eta 15 m inguru oinez egin, bidezidor bati jarraituz, zulo handi baten ezkerrean jarri arte.

L2 (35 m, 8 aseguru, 4c). Plaka luz eta polita. Jarraitzeko gogoarekin uzten zaitu. Azken metroak gandorretik egiten dira, harri bloke handien artean.

R2tik, oinez, L3ren hasierara hurbildu behar da bidezidor bati jarraituz (landarez inguratua). Guztira 40 m inguru dira.

L3 (35 m, 6 aseguru, 4b). Lehen erresaltea ongi babestua dago. Gero 10 m oinez egin behar hurrengo erresaltera iristeko. Bigarren hori gainditzerakoan, beste 10 m oinez egin behar dira dorre txiki baten oinarrian jartzeko. Hemen dago luzeko pasagune gogorra.

L4 (25 m, 5 aseguru, 4b). Diedro baten ezkerrean dagoen plaka. Ondoren estutu beharreko pasagunetxo bat duen erresaltea.

Bilgune honetarik aska gaitezke eta gaztelura oinez igo. Tarte honetan parabolt bat aurkituko dugu eta azken bilgune bat parabolt 1ekin eta iltze erdoildutako batekin osatuta.





 Jaitsiera: Gaztelutik bidezidorrari jarraituz oinez jaisten da. Kotxera itzultzeko 20 min inguru beharko ditugu.

 

Materiala: 8 zinta + bilgunerako materiala.  

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 1h15 min.

Nork irekia: Xabi Amat, Josep Massana, Jordi Farre, Jaume Canyelles eta Joan Lloret, azaroa 2012.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

2023/05/14

Leku lasaia. Arroka orokorrean ona da (granito ona), baina, noizbehinka, arreta jarri behar da hartzen den harriren batekin. Lehen bi luzeak dira gogorrenak eta zailtasunean mantenduak. Pasagune atletikoak dituzten diedro bertikal segida da. Gero ertzari jarraituz igotzen da (gehienetan bere eskuin aldetik; batzuetan bere ezkerretik) arroka onarekin eta, bi pasagune tonto izan ezik, nahiko erraza den eskaladarekin. Bi pasagune horietako lehena L3 luzearen hasieran dago (ertzaren erpinean dagoen eta eskuentzat gauza gutxi duen sabeltxo bat gainditu behar da) eta bigarrena L5 luzearen hasieran.

Autobabestea derrigorrezkoa egiten da. Bidean iltze batzuk aurkituko ditugu (oso gutxi). Gehienak nahiko zaharrak eta herdoilduak daude (pare bat egoera onean daude). Bilgune guztiak toki erosoetan egiten dira. Adi, mosketoi estu bat duen espresa eraman L1eko lehen iltzean normalak ez baitira sartzen.

Iristeko: L´Espluga de Francolí herritik Prades aldera T-700 errepidetik goazela, Poblet herria pasa eta gero, 6 eta 7 km-en artean, ibai baten gainetik zubi bat zeharkatuko dugu eta, metro batzuk aurrerago, ezkerrera, gurutze bat ikusiko dugu. Bertan Vall de Castellfollit-era doan asfaltatutako pista jaiotzen da. Pista horri jarraitu eta 6. zenbakia duen aparkalekuan kotxea utzi (para bat autoentzat tokia dago). Gure ezkerrean Roca Ponent bere dotorezia guztiarekin nabari da.

Hurbiltzeko: Kotxea uzten den tokia baino metro batzuk aurrerago bidezidor bat jaitzen da (Sendero Geológico 5 izenekoa). Ibaiaren ertzetik jarraitzen du eta metro batzuk aurrerago gurutzatu egiten du. Abandonatutako harrobi txiki baten albotik igaroko gara. Igotzen jarraitu beha da ageriko bidetik harri handiz osatutako hartxingadira iritxi arte. Sendero Geologico delakoak hortik jarraitzen du. Igoera ez da hasieran ematen duen neketsua bidezidor baten arrastoak baitaude. Zig-zag eginez eta pazientzia apur batekin bidearen oinarrira iristen da. Bidearen izena harkaitzean markatuta dago. Kotxetik 30 min inguru behar dira.

 

L1 (25 m, 4 seg, 5b). Pasagune atletikoak dituen lehen diedro bertikala igo eta ondoren, bigarren bat, hau ere bertikala, baina aurrekoa baino teknikoagoa (3 iltze). Diedroak gainditzean zeharkaldi txiki bat egin behar da ezkerrera erlaitz batetik eta azken iltzea aurkitzean eskuinera biratu. Erlaitz bati jarraituz, bilgunea egiten den ordena handi batera iritsiko gara. Lehen iltzeak zulo txikia du eta mosketoi estua bakarrik sartzen da (normala ez da sartzen).

L2 (25 m, 3 seg, 5b). Pauso atletikoak dituen diedro bertikala hasieran (iltze 1). Gero beste bat blokeen artean (aurrekoa baino errazagoa). Bigarren diedrotik irtetean (blokeen arteko “leihatila”) ezkerraldera zeharkaldi airetiko eta esposatu bat egin behar da. Zati honetan bi iltze zahar aurkituko ditugu (nahiko gertu bate bestetik), baina zeharkaldia babesteko bertan dauden bi ipuru sendoez balia gaitezke. Dauden bi ipuruetan komeni da zintak jartzea, sokadako bigarrenaren progresioa babesteko gehienbat. Arte handi bat duen plataforma zabal batera iristen da. R2 zuhaitz handian edo bloke handi batean egiten da. Luze honetan komunikazio arazoak daude sokadako kideen artean.

L3 (20 m, 1 seg., 4c). Eskuin aldera irten plaka etzan eta inklinatu batetik  (bere kriskillotik pixka bat irtenda dagoen spit azkoin baten alderantz). Pasagune arraroa azkoina dagoen lekuan (oinez fidatzekoa; eskuetarako gauza gutxi eta kamutsa) . Pasagune hori gainditu ondoren, zailtasun gutxitu egiten da eta blokeetatik igotzen da diedro nabarmen baten azpian dagoen plataforma zabal batetaraino. R arte handi batean. Jarrai liteke, baina sokak marruskadura asko izango luke eta komunikazio arazoak egongo lirateke. Hobe luze labur bat egitea.

L4 (30 m, 0 seg, 4b). Zuhaitzaren eskuinaldetik irten eta beste aldera pasa. Harmailetatik eta blokeetatik igo. Luzearen erdi aldera zinta bat jartzeko edo Ra egiteko arte bat aurkituko dugu.  R4 ipuru batean. Pixka bat aurrerago (5 m ingurura) beste ipuru bat dago (spit kriskiloak ondoan) eta bertan ere R munta daiteke. Aukeratu gehien gustuko duguna.

L5 (30 m, 1 seg., 5a). Pasagune atletikoa bilgunetik irten eta berehala (5-8 m-tara). Gero harmailetatik eta blokeetatik igotzen da bilguneraino (zuhaitz handi batzuetan). R-era iritsi baino lehen iltze bat aurkituko dugu eta ondoan trabatutako friend bat.

L6 (40-45 m, 0 seg., 3a). Harmailak eta plakatxo etzan batzuk.  Luzeraren luzera, bilera egiten dugun lekuaren araberakoa da. Bilgunea egoki ikusten dugun edozein bloke handitan egin daiteke.



Jaitsiera: Hartxingaditik, bidezidor arrastoei jarraituz, igoerarako erabili dugun bide nabarmenera jaitsi. Hortik autora itzultzea besterik ez da geratzen. Guztira 40 min.

 

Material: 10-12 cintas + material para las reuniones. Juego de friends y de fisureros. Unas cuantas cintas para las sabinas y para montar las reuniones.

Tipo de roca: Granito.

Orientación: Suroeste.

Horario: 2h15 min.

Abierta por: Toset y Blanchart (años setenta).

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

2022/12/09

Gronsa Sud mendiaren hegoaldeko eskuin aldean dagoen bidea da. Lehen 3 luzeak plaka etzanetatik doaz, baina aseguruak urruti ipinita. Hurrengo luzeak politenak dira. L4 luzean, lehen metroak zuzen igo ondoren, eskuin aldera zeharkaldi gorakor bat egin behar da. Egiten uzten da, baina bilgunera iritsi baino zertxobait lehenago, horizontalki  zeharkatu behar den konkor bat dago. Eskuin oina asko zabaldu behar da eta konkorrak zertxobait oztopatzen du. Gaitz erdi A0 modura egin daitekeela. L5 luzea euste leku oneko plaka bertikala da. Arreta soilik bilgunea dagoen bloke handira igotzeko unean izan behar da. Eskuineko arroka kalitate onekoa da, baina ezkerrekoa ustelduta dago. Sokako lehenak toki horretan ukitzea saihestu behar du (eta bigarrenak atzean jendea badago)  lagunari harri zaparrada bat botatzeko aukera baitago. L6 luzean zailtasuna nahiko eskuragarria da bi erlaitz handi banatzen dituen erresalte txiki batean izan ezik. Hor da estutu beharreko tokia (A0 modura egiteko aukera). Pasagunean ez dago altuera sentsaziorik eta luze guztian ere ez.

Giro lasaia eta Els Estrets aldera dauden bistak ikusgarriak. Hurbilketa ere oso polita. Bere orientazioa dela eta udaberri eta udazken arratsaldetarako eta udarako goizetarako aproposa da.

 

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Hurbilketa: Kanaletik igo. Igoerak ez du zailtasunik bloke handiaren azpian dagoen zatitxo bat izan ezik. Eskuinean dagoen erlaitz lauso batetik zig-zag eginez eskuak ipini gabe igo daiteke. Bigarren bloke handitik ezker aldera egin behar da R0 bilgunea aurkitzeko (“Retorno de la Inquisición” bidearen R2 da).

 

L1 (55 m, 4 aseguru, 3c). Zatitxoren batean zertxobait bertikalagoa jartzen den plaka etzan handia. Aseguruak urruti. Ez egin bilgunea laugarren aseguruan (bi parabolt daude, baina bat oso egoera txarrean dago). Laugarren asegurua txapatu ondoren, ia zeharkaldi horizontala eginez eskuin aldera igo eta kanal lauso bat zeharkatu eta berehala, hormaren hutsunetxo batean, bilgunea aurkituko dugu.

L2 (35 m, 2 aseguru, 3b). Kanal lauso batek sortzen duen zati horizontal batez banandutako bi plaka etzanak. Tarte horizontalean zintaren bat jartzeko aukera ematen duten pare bat ipuru daude (baina ez da beharrezkoa).

L3 (35 m, 3 aseguru, 3c). Bloke handi baten azpitik doan plaka etzana. Azken metroak oso etzanak dira. Bilgunera iristeko azken 8-10 metroak lurkarak.

L4 (35 m, 9 aseguru, 5c). Pasagune finak dituen plaka bertikala. Kontzentratuta igo behar da. Bigarren asegurua zertxobait altu geratzen da eta txapatu baino lehen erortzeak lurra jotzea suposatu dezake. Laugarren asegurua txapatu ondoren 3-4 metro eskuinera egin behar dira eta ondoren zeharkaldi gorakor bat eginez eskuin aldera igo. Bilgunea baino lehen, 8. eta 9. aseguruen artean, konkor moduko bat horizontalki zeharkatu behar da. Hankak asko zabaldu behar dira bertan (A0 modura egiteko aukera).

L5 (25 m, 4 aseguru, 4c). Euste leku onak dituen kanal-plaka bat hasieran. Ondoren euste leku onak dituen plaka bertikala. Azken parabolta bilgunera igo baino lehen dagoen sabel moduko batean (bilgunea justu bere gainean dago). Kontuz ezkerreko arrokan zanpatzea (ustela).

L6 (35 m, 6 aseguru, 6a+ edo 4c/A0). Bilgunetik irteteko diedro bat. Diedroaren ezkerreko aldeak ez du konfiantza handirik ematen, baina eskuin aldeko arroka trinkoa eta garbia da. Erlaitz handi batera irteten da eta hortik hormatxo-sabel moduko bati ekin behar zaio beste erlaitz handi batera igotzeko. Bertan dago bideko pasagunerik zailena (A0 modura egiteko aukera). Luzea euste leku ugari eta arroka oso ona duen plaka luze batekin amaitzen da. Bilgunea erlaitz eroso eta handi batean dago. Bertatik Els Estrets aldera dauden bistak zoragarriak dira.

L7 (30 m, 2 aseguru, 3c). Itsasgarritasunezko plaka hasieran. Ondoren, ia oinez, eskuinera igotzen da. Erpin batean dagoen aseguru batek irteera babesten du eta bilgunea aurkitzeko bidea adierazten digu.

 




Jaitsiera:  Gailur aldera igo. Eskuinean rapela egiteko (20-25 m) soka zati batzuk eta mallona dituen ipuru handi bat dago. Rapelak zuhaitz handi batzuen azpian uzten gaitu. Hortik, egokiena ikusten dugun tokitik, ezker aldera jaitsi behar da, ezker aldean nabari den kanal handi aldera. Kanalera iristeko metro batzuk jaitsi behar dira. Oinez beste aldera pasa eta agerikoena ikusten dugun tokitik igo behar da (erlaitzak eta kanalak)  “Salshishes tibetanes” bidean aipatutako jaitsiera-bidearekin topo egin arte (ikus argazkia). Bidezidor arrastoak jarraituz mugarri batekin markatuta dagoen lepora berehala iritsiko gara. Bidetik jaitsi. Els Estrets-esko bidera jaisteko 40-45 min inguru beharko ditugu.

 


Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrekoak. Ipururen batentzat zintaren bat ongi etor daiteke.

Arroka: Konglomeratua.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 2h 30 min

Behetik eta bakarrik nork irekia: Llorenç Vallés, 12-azaroak-3 eta 13ko abuztuaren 15 egunetan.

 

Cambiar idioma (Castellano)

2022/11/25

Zailtasun maila mantendua duen bidea (gehien bat lehen 3 luzeetan). Arroka kalitate onekoa da. Ekipamendua ere egokia da, baina aseguruen artean aireak korritzen du. Eskalatzen jakin behar da eta bidea gozatzeko derrigorrezko zailtasun mailan eroso ibili behar da. Bigarren eta hirugarren luzeak niretzat oso politak.

Bideak zertxobait arriskutsuak izan daitezkeen 3 zatitxo ditu. Lehena lehen luzean dago. Bigarren asegurua txapatu ondoren eskuinera eginez igo behar da, justu sabeltxo baten gainean dagoen parabolt baten bila. Txapen arteko urrutiratzea. Zatia ez da zaila, baina erorketa batek lurra jotzea suposatuko luke. Arrisku txiki bat duen bigarren zatia (baina aurrekoarena baino txikiagoa) R2tik irten eta berehala dago. Parabolt batekin babestua dagoen sabaitxo bat gainditu behar da eta ondoren bilgunetik ikusten ez den erlaitz handi batera igo. Bertan bi aukera ditugu. Lehena zuzen igotzea da. Sabaia gainditzeko pasagune fina (hala ere A0 modura egiteko aukera dago). Bigarren aukera, txapatu ondoren eta sabaiaren  azpian dagoen erlaitz txiki bat aprobetxatuz, metro batzuk ezkerrera jotzea da eta ongi ikusten dugunean erlaitz handira igotzea da. Bigarren aukera hau errazagoa da, baina erorketa batek pendulu handi bat egitea suposatuko luke. Niretzat egokiena lehena zuzen igotzea eta bigarrenak ezker aldera egitea da (hori da guk egin genuena). Bakoitzak egokiena iruditzen zaion aukera har dezala. Kontuan ibili behar den azken zatitxoa azken luzean dago. Zertxobait konkortua den horma labur bat dago. Asegurua nahiko behean ipinita dago eta fin ibili behar den zatia hormaren irteeran dago. Ez da zaila,  baina erorketa batek oinarriko erlaitza jotzea suposatuko luke. Aukera hori ekiditeko parabolt bat faltan botatzen da irteeran.

Bilguneak erosoak, bi parabolt eta 2 eraztunez eraikiak. Gainera denek (azkenak izan ezik) beste parabolt bat dute errefortzu modura. Guztia horrek bidetik edozein momentuan erretiratzeko aukera eskaintzen du. Giro lasaia eta Els Estrets aldera bistak zoragarriak. Hurbilketa ere oso polita.

Bere orientazioagatik udaberriko edo udazkeneko goizetarako bide aproposa da edo udarako arratsaldetarako.

 

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

Hurbiltzeko:  Ikus hurrengo sarrera. Hormen aurrean aurkitzen garenean, errekara jaitsi eta egokia ikusten dugun tokitik gurutzatu. Bidezidor malkartsu batetik hormaren oinarrira igo.

 

L1 (35 m, 9 aseguru, 5c). Horma bertikal konkortua hasieran. Ondoren eskuin aldera igo behar da, sabeltxo baten gainean dagoen parabolt baten bila. Urrutiratzea aseguruen artean. Ez da zaila, baina hemen erortzeak lurra jotzea suposatzen du. Ezker aldera igotzen den plaka luze batetik jarraitzen du. Zati fina (euste leku txikiak oin eta eskuetarako) 5. eta 6. aseguruen artean. Ondoren arinki konkortua den horma labur bat gainditu behar da. Estutu beharreko pasagune bat du, baina ongi babestua dago nahiko gertu dauden bi paraboltekin. Plakatik igo eta ur-arrastoaren ezkerrera pasa bilgunea aurkitzeko.

L2 (30 m, 6 aseguru, 5b). Horizontalean ezker aldera egin 2 edo 3 metro eta ondoren dena zuzen plaka bertikal luzetik.

L3 (40 m, 13 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta berehala sabaitxo bat gainditu behar da. Txapatu eta zuzen igo daiteke goian dagoen erlaitz handira (ez da bilgunetik ikusten) edo, txapatu ondoren, 2 edo 3 metro ezkerrera desplazatu sabaitxoaren azpian dagoen erlaitz txiki bat aprobetxatuz eta errazagoa ikusten dugunean igo. Bakoitzak erabaki dezala nahi duen aukera. Plataforman gaudenean ezkerrera egin behar da kanal lauso bat agertzen duen plaka baten oinarrian ipini arte (parabolt 1 lurrean). Plakatik igo. Azken zati aldera bi horma labur gainditu behar dira. Azken plakara irteten da eta bertatik igo behar da eskuineko kanalean dagoen ipuru handi batera iritsi arte (arreta izan behar da harriarekin zati labur batean). Bilgunea aurkitzeko ezkerrera nahikotxo desplazatu behar da.

L4 (25 m, 2 aseguru, 4c). Plaka etzana (zementatuta dagoen korrugado batekin babestua) eta ondoren arinki konkortua dagoen horma laburra. Asegurua nahiko behean dago eta irteeran dago estutu beharreko zatia. Hemen erortzeak oinarriko erlaitza jotzea suposatuko luke. Faltan botatzen da parabolt bat irteeran. Ondoren plaka oso etzan batek bilgunean uzten gaitu. Azken metro hauetan nahiko harri soltea dago. Arreta jarri, gehien bat atzetik jendea badugu. Bilgunea zementatuta dauden bi korrugadoz eraikia.

 





Jaitsiera: Mugarriak jarraitu eta jaitsiera-kanaletik jaitsi (ikus hurrengo sarrera). Ia kanal guztia oinez jaitsi daiteke. Azken 8 metrotan soka finko bat jarrita dago. Sokatik destrepatu daiteke edo rapel motz bat egin. Kanalaren oinarrira iristeko 15 min inguru beharko ditugu. Gero mugarriak jarraitzea soilik geratzen da. Beste 15 minututan Els Estrets-eko bidean egongo gara. Kotxera itzultzeko, guztira, 40-45 min beharko ditugu.

 

Materiala: 13 zinta  bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.

Arroka: Kalitate oso oneko konglomeratua.

Orientazioa Hego ekialdea.

Iraupena: 2h 30 min

Nork irekia: J Carreté eta K Carreté.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

2022/11/13

Bide honen erreferentzia 2015etik dut. Urte horretako abenduan egitera joan ginen (“Jo aqui no hi torno” bidearekin batera) eta sabaia ezin gainditurik geratu ginen. Geroztik, noizbehinka, bideari arrastoa jarraitu diot eta harritu egin nau zein gutxi aipatzen den (nik behintzat, egilearen aipamena izan ezik, ez dut besterik ezagutzen).

Bidea bere albokoaren antzekoa da eta 3 zati bereizgarritan banatuta dagoela esan daiteke. Lehena lehen hiru luzeek osatzen dute. Hirurak plaka etzanetatik doaz eta ez dute inolako zailtasun berezirik. Hori bai, oso ongi ekipatuak daude.

Bigarren zatia L4 luzeak osatzen du. Bere lehen zatia, plaka laranjaren oinarrira iritsi arte, ongi igotzen da. Euste lekuren bat edo besterekin arreta izan behar da, baina ongi ekipatua dago. Plaka laranjan asko estutu behar da. Nire soka-lagunak bistaz 6b-ko maila du eta ez zuen lortu librean ateratzea. Egia da jende gutxi pasa dela eta giltzarri diren euste leku ez daudela magnesioarekin markatuak. Sabaiaren hasieraraino, estutuz, A0 modura igo daiteke nahiko ongi. Sabaiaren irteeran azken aurreko asegurua gertu, baina aldi berean urruti geratzen da. Ez duzu A0 modura iristea  lortzen. Estribo bat behar da edo petzeleko evolv adjust eta panic luze bat (nik erabili nituenak). Aipamen originalean L4 luzeari V/A0 zailtasun maila ematen diote, baina gure iritziz librean 6b baino gehiago atera daiteke eta maila hori ez dutenentza, derrigorrez 5c/A1.

Hirugarren zatia azken bi luzeek osatzen dute. Gozatzeko luzeak dira. Arroka eta euste leku onak. Hobe horrela zapore onarekin amaitzen baituzu bidea sabaian ongi izerditu ondoren. “Suspiros almendrados” bidearekin komuna den azken luzearen azken zatia benetan oso polita. Harria itsatsitako harkoskor txikiz osatuta dago (txitxirioen modukoak). Oso bitxia da. Gailurrera iristea ere oso ederra da. Bat batean, gure aurrean, Els Estrets guztia zabaltzen da.

Bilgune guztiak toki erosotan ipiniak daude eta 2 parabolt eta 2 eraztunez osatuta daude. Horietako batzuetan hirugarren parabolt bat dago errefortzu modura. Jaisteko bidetik edo “Jo aqui no hi torno” bidetik rapelatu behar da.

Erraz identifikatuko dugu bidea R0 bilguneko paraboltaren alboan gezi hori bat margotuta dagoelako eta lehen txaparen alboan bidearen izena. Hau ere pintura horiz margotuta. Ezkerreko bideak txapa grisak ditu eta gureak zilar kolorekoak.

Tokia zoragarria eta oso lasaia.

 

OHARRA! Araututako eskalada. Uztailak 31tik abenduak 15era soilik eskala daiteke. Arau errespetatu.

 

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera (Els Ports).

 

Hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

 

L1 (55 m, 6 aseguru, 3b). Plaka etzana. Bigarren aseguruaren parean zertxobait tentetzen da, baina oso gutxi.

L2 (25 m, 7 aseguru, 3b). Plaka etzana.

L3 (30 m, 6 aseguru, 3b). Plaka etzana. Hobe da L2 eta L3 luzeak elkartzea.

L4 (30 m, 20 aseguru, >6b edo 5c/A1). Bilgunetik ezker aldera irten zeharkaldi gorakorra eginez. Diedro handiaren ezkerrean geratzen den plakatik igo. Diedroa gainditu (A0 modura egiteko aukera dago; aseguruak gertu) eta goiko plakara igo (eskuinera). Erraza den plaka labur bat igo eta plaka laranjaren azpian jarriko gara. Sabaiaren hasieraraino igo (A0 modura egin daiteke). Sabaia gainditu (A1)

L5 (25 m, 7 aseguru, 5b edo 4c/A0). Bilgunetik irten eta berehala sabeltxo bat. Bilgunetik lehen asegurua txapa daiteke eta ezkerrera zertxobait desplazatuz bigarrena. Estutu beharreko pasagunea, baina ongi egiten da lehen bi aseguruak jarri baldin baditugu. Hala ere, nahi bada, A0 modura egiteko aukera dago. Kanalaren eskuinera pasatzen da eta euste leku asko aurkezten dituen arroka trinko batetik igotzen da. Azken 8-10 metroak oso etzanak dira (harri solteak). R5 bilgunea erlaitz handian dago, gailurreko hormaren oinarrian.

 

L6 (25 m, 10 aseguru, 5b).  Harri potoloz osatutako plaka hasieran, zertxobait etzana. Sabeltxo batera iritsiko gara. Bertan dago luzeko pasagune finena. Ondoren zati erraz batek euste leku onak agertzen dituen plaka batera eramaten gaitu. Goian eskuinera pasa behar da. Azken metroak eskuin aldera egiten den zeharkaldi gorakorra da. Zeharkaldian txitxirioen tamaina duten harkoskorrez osatutako plaka zeharkatzen da. Mikro euste lekuak eutsiz eskalatu behar da. Zaila baino eskalada teknikoa da, oinak ongi jarri behar den horietakoa (eta beraietan fidatu, noski).

 




Jaitsiera: Bidetik edo bere albokoa den “Jo aqui no hi torno” bidetik rapelatuz.

 

Materiala: 20 zinta + bilgunerako materiala. Mailaz justu bagabiltza estribo bat sabaia gainditzeko.

Arroka: Kareharria (konglomeratua).

Orientazioa: Hego ekialdea. Eguzkia goiz goizetik.

Horario: 3h

Nork irekia eta ekipatua: Marisa Huguet eta Ismael Monsonís 2015.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

2019/05/29


Inguruan eginiko beste jarduera bat osatzeko edo eguraldia zehaztuta ez dagoen egun baterako aproposa den bide motz eta polita. Harkaitzaren puntu ahulak aurkitzeko L2ko bigarren zatian, ezkerrera eta eskuinera eginez, zertxobait “nabigatu” beharra dago.
Azken luzeko irteeran eskuinean geratzen den sabaitxoari zuzen ekiten badiogu A0 modura (edo Ae modura) egin beharko dugu, baina bilgunearen goian dagoen zatitik zuzen gora egiten badugu eta ondoren eskuinera pasatzen bagara (zertxobait estutu behar da) pasagunea modu askean egin daiteke.
Aipamen baten batean azken bilgunetik lurrera 55 m-ko rapel bakar batekin iritsi daitekeela diote, baina guk bi egin genituen sokak erosoago biltzeko.

Iristeko eta hurbiltzeko: Hurrengo sarrerako informazioa ikusi (Els Ports - Els Estrets).
Els Estrets aldera doan bidezidorra hartu eta 10 minututan Toll Blau izeneko tokira iritsiko gara (ibaian bainatzea baimenduta duen toki bakarra; lekua egurrezko ohol batekin adierazita dago tokia). Horma gure aurrean (ezkerrera) aurkitzen da. Metro batzuk aurrera egin eta gure ezkerrean mugarri batzuk ikusiko ditugu. Mugarri horiei jarraituz 5 minutuko igoera batek bidearen oinarrian utziko gaitu. Aparkalekutik guztira 15 minutu inguru beharko ditugu hurbilketa egiteko.

L1 (20 m, 6 aseguru, 4c). Arroka trinkoz osatutako plaka. Zertxobait ezkerrera eta eskuinera mugitu behar da puntu ahulak aurkitzeko.
L2 (30 m, 6 aseguru, 5b). Hasieran plaka bertikal motz bat. Ondoren horma zertxobait etzan egiten da, baina ezkerrera eta eskuinera nabigatu behar da arrokaren puntu ahulak aurkitzeko. Azken 10 metroak nahiko etzanak.
L3 (15 m, 6 aseguru, 5b edo Ae/4c). Bilgunearen gainetik irtenda eta eskuinera pasatuz pasagunea modu librean egin daiteke. Irteeran dagoen sabaiari zuzen ekiten badiogu A0 modura (edo Ae modura) egin beharko da. Luzetik geratzen den beste zatia errazagoa da. Hasieran diedro bertikal motz polit bat eta azken metroak eskuineko plakatik egiten dira.



Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Guk 2 rapel egin genituen (sokak erosoago biltzeko), lehena R3tik R2ra eta hemendik lurrera.
Beste aipamen batzuk 55 m-ko rapel batekin lurrera iristen dela diote.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 1 h.

2019/01/10


Muntanyes de Prades inguruan (La Riba, Arbolí…) egun pare bat pasa ondoren Penedeseko paraje honetara hurbildu ginen bide erraz bat egiteko asmoarekin. Egun hotza, baina eguzkitsua suertatzen zaigu. Ez du haizerik egiten eta gandorrean tenperatura atsegin batez gozatzen da. Itsaso aldera eta baita barru aldera dauden bistak, benetan ederrak.
Bidea hemen hanka aurkituko ditugun paraboltez ekipatuta dago, bilguneak guk nahi dugun tokian egiteko aukerarekin. Hala ere, pasagune gogorrenetan beti aurkituko dugu gutxienez parabolt bat pasagunea babesten. Bere garaian paraboltak horiak izan behar ziren, baina kolorea galdu dute (nahiz eta oraindik baten batek kolore arrastoak agertu) eta arrokarekin erraz mimetizatzen dira. Baten bat saltatzea normala da.
Orokorrean bidea trepada erraz bat da, baina zailtasun puntual batzuekin: horma pare bat, beste plaka pare bat eta sabel bat. Bidea ez da oso airetikoa eta edozein unetan uzteko aukera dagoela sentsazioa ematen du.
Lehenengo luzeak motzagoak egin ditugu. Aipamen batzuetan luzeagoak egiten dituzte, baina horrela lagunen arteko komunikazioa zaila egiten da. Hala ere, bakoitzaren gustura, luzeak luzeagoak edo motzagoak egin daitezke. Friends joko bat eta baga batzuk eramaten badira, bilgunea ia edozein tokitan eraikitzeko aukera dago.
Ez da hara egitera joateko bidea, baina inguruan bagaude eskalada egun eder bat igarotzeko aukera polita izan daiteke. Gandorretan eskalatzen hasteko bide aproposa. Eguneko jarduera Talaia de Montmell gailurrera igoz eta elizak bisitatuz osa daiteke.

Iristeko: TV-2401 errepidetik La Juncosa de Montmell herrira hurbildu. Mirador del Penedés herritik hurbiltzen bagara, La Juncosara iritsi baino ehun metro lehenago ezkerrera dagoen asfaltatutako pista hartu behar da. Bidea adierazten “Area Recreativa Forestal de Montmell” kartela dago. Bisbal de Penedés herritik bagatoz, bidegurutzea herria pasa ondoren dago.
Asfaltatutako pistari jarraitu (700 m) eta ondoren lurrezko pistari, zerbitzuguneko aparkalekura iritsi arte (errepideko bidegurutzetik guztira 3 km inguru). Zerbitzuguneak mahaiak, eserlekuak, komunak eta sua egiteko tokiak ditu.

Hurbiltzeko: Aparkalekutik gora, ezkerrean, Església Nova de Montmell eliza ikusten da. Eliza aldera igo eta pistara iristen garenean “Església Románica de St. Miquel 800 m” adierazten duen kartela ikusiko dugu. Bide horri jarraitu. Zertxobait aurrerago beste kartel bat aurkituko dugu, oraingoan 300 m falta direla adieraziz. Bideari jarraitu eta bidea oztopatzen duten altzairuzko habe berde batzuetara iritsi baino 15 m lehenago bidearen hasiera aurkituko dugu. Marka zuri-berde bat margotuta aurkituko dugu hormaren oinarrian. Eskalada bidea oinezko bide bertatik hasten da.

L1 (20 m, 1 aseguru, 4c). Euste lekuak dituen 7 metro inguruko hormatxoa. Parabolta txapatu ondoren, zertxobait igo eta gandorrera irten (ezk.). Zailtasuna desagertu egiten da. Metro batzuk aurrerago lepotxo batera iristen gara. Bilgunea (parabolt 1) ezkerrera 5 metro inguru mugituz aurkituko dugu.
L2 (20 m, 2 aseguru, 4b). Euste lekuak dituen plaka hasieran. Hori gaindituta gandor horizontal batetara irteten da. Metro batzuk oinez egin eta parabolt 1 duen bloke handi batera iritsiko gara (toki egokia bilgunea egiteko).
L3 (25 m, 2 aseguru, 4b). Gandorretik oinez metro batzuk egin plakatxo etzan (1 parabolts) batera iritsi arte. Gero gandorretik trepada erraz bat geratzen da bi zuhaitz handien azpian dagoen sabelera iritsi arte. Pasagune motza (parabolt 1), hasieran dirudiena baino errazagoa. Bilgunea bi zuhaitzetako batean.
L4 (45 m, 0 aseguru, 3b). Bertikalagoa den tartetxo baten bat izan ezik, gandor etzana. Progresioa bloketatik trepada erraza bat da. Bilgunea plaka baten oinarrian aurkituko dugun paraboltean. Bilgunean metro batzuk lehenago aurkituko dugun burdin berezi batean egin daiteke ere. Horrela luzea zertxobait laburragoa izango litzateke eta kideen arteko komunikazio bisuala hobeagoa.
L5 (25 m, 1 aseguru, 3b). Parabolt bat duen plakatxo bat hasieran. Ondoren, aurreko luzean bezala, horma adierazgarri batera iritsi arte, blokeen arteko trepada erraz bat dator. Bilgunea, baga baten laguntzaz, horman aurkituko dugun ageriko arroka-zubi batean antolatu behar da.
L6 (25 m, 3 aseguru, 4c). Erlaitz handi bat erdian duen 7 metro inguruko horma bertikala hasietan (2 parabolt). Zati horizontal batek azken plakatxora (parabolt 1) hurbiltzen gaitu. Hori gainditzean, metro batzuk aurrerago, bilgunea aurkituko dugu (parabolt 1).



Jaitsiera: Azken bilgunetik gazteluko hondakinetara oinez igo (3 min). Beste aldean dagoen lepora jaitsi eta marka zuri-berdeei jarraituz Església de St. Miquel elizara iritsiko gara eta hortik igotzeko erabili dugun bidera. Gailurretik aparkalekua 20-2 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 6-7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak, fisureroak eta bagak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Cristobal eta Antonio Guerrero, otsaila 2005.