© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/08/21

Lehenengo luzean estutzea eskatzen duten pasagune batzuk dituen bide bertikala. Lehenengo bilgunea deserosoa da eta hobe ez egitea. L2ko zeharkaldi horizontala eskuak baino oinak ongi jartzekoa da, baina azken zatian aseguru bat faltan botatzen da. Hirugarren  luzea ur-tantez osatutako plaka da helduleku txikiekin bai esku, bai oinentzat. Erreferentzia batzuetan azken bi luzeak elkartzen dituzte, baina guk ez genuen egin. Horrela une oro bikotearen arteko komunikazio bisuala ahalbidetzen da.
Bidea rapelatzen duen jendea bada, baina ez du merezi. Erosoagoa, azkarragoa eta seguruagoa da oinez jaistea. Aparkalekura iristeko 20 min behar dira.
Bitxikeri bezala lehenengo luzeko bosgarren aseguruaren paran nire Igor lagunak ustekabeko topaketa bat izan zuen. Alboan zulo bat zuen helduleku bat eustera joan zen eta zuloan saguzar bat zegoan. Zomorroaren tamaina itzela zen (ez zen ohikoak diren horietako txiki bat) eta nahiko erasokor jarri zen (garrasi egiten eta hortzak erakusten). Zomorro horiek amorrua transmititu dezaketenez, gauza ez zen txantxetakoa. Batek ezin heldulekua eutsi eta bestea garrasika, horrela 5 min egon ziren saguzarra hegan irten eta gorago zegoen beste zulo batean (bidetik kanpora zegoena) sartu arte. Gertakizuna kontatzen dut norbaitek berriro aurkitu balu.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (30 m, 6 aseguru, 5c). Helduleku onak dituen plaka bertikala hasieran. Lehenengo asegurua urruti, lurretik 8 m ingurura. Ondoren ezkerrera pasatzen da nabaria den diedroaren azpian jarri arte. Diedroaren eta ezkerrean geratzen den plakaren laguntzarekin igo. Bilgunea parabolt bat eta zuhaitzean dagoen zinta batekin osatuta dago. Bilgunea oso deserosoa da, hobe hurrengoraino jarraitzea.
L2 (20 m, 4 aseguru, 5a). Sabai nabariaren azpitik bi metro ingurura jarri arte diedrotik metro batzuk zuzen igo. Ondoren, sabai azpitik metro pare batera, ezker aldera zeharkaldi luze bat. Azken asegurua baino lehen urrutiratzea eta baita, baina zertxobait motzagoa, hortik bilgunera. Bigarrenarentzat zati delikatua. Faltan botatzen da beste aseguru bat.
L3 (25 m, 3 aseguru, 5a).  Ezker aldera irten. Ez igo zuzen horma laranja aldera. Ur-tantez osatutako plaka eskalada teknikoarekin. Helduleku txikiak oin eta eskuentzat. Polita, baina aseguruen artean “airea” dabil.
L4 (25 m, 4 aseguru, 5a). Plaka bertikal motz bat hasieran. Ondoren diedro etzan bat. Diedroaren lehen zatia nahiko erraza, baina nahiko urrutiratzea dago bigarren asegururaino. Diedroa gainditzean ezkerrera pasa eta ezproi motz bat zuzen igo.



Jaitsiera: Gailur aldera igo (ezker aldera) eta amildegia inguratzen duen bidezidorrari jarraituz trenbidea dagoen aldera jaisten hasi. Une batean bidezidorrak ezkerrera biratzen du eta magaletik jaisten da. Bidea erosoa eta azkarra da eta 20 minututan aparkalekuan uzten gaitu.

Materiala: 6-10 zinta (luzeak elkartzen badira edo ez) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria
Orientazio: Hego-mendebaldea. Udaran arratsaldeko lauretatik/bostetatik aurrera itzalak ematen dio.
Iraupena: 1h30min.
Nork irekia: E. Ribes eta J. Sabaté, 1977.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario