© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/08/31

Semiekipatuta dagoen bide polita. Zerbait ipini daitekeen tokietan ekipatu gabe utzi da. Beraz, hainbat zatitan autobabesa derrigorrezkoa da. Arroka ona da (garbiketan lan handia egin da) eta garbitutako tokietan harkaitzak itsasgarritasun izugarria azaltzen du. Bilguneak katez elkartutako bi paraboltez eta eraztun batez osatuta daude. Horrek bidea rapelatzeko aukera ematen du.
Lehenengo luzea bertikala eta zailtasunean mantendua da. Azken zatian 6a zailtasuna duen zati bat du (zertxobait luzatuta A0 moduan egin daiteke). Geratzen diren luzeak, nahiz eta autobabesteko zatiak izan, ez direnez hain bertikalak, gehiago gozatzen da. L3ko azken plaka zoragarria (“garbantzu” moduko inkrustazio batzuekin).  Guztiz gomendagarria den bidea da.
Toki lasaia eta Berga aldera dauden bistak ikaragarriak. Inguruan dauden kirol-bideekin osatu daiteke eguna.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera (Serra deQueralt).
Santutegiko aparkalekutik Cova de la Troballaren ezkerrera geratzen den Garrota behatokira igo (aparkalekutik 10 min). Behatokitik aurrera jarraitu eta 2 min ingurura bidea dagoen zonaldearen aurrean egongo gara (Ratolí del bosc, Apodemos sylvaticus, kartela baino justu lehenago). Queraltina bidearen ezkerrera eta eskuinera beste kirol-bide batzuk daude. Bidearen oinarrian gorriz margotutako “Q” letrak bidearen hasiera adierazten digu.

L1 (35 m, 9 aseguru, 6a edo 5c/A0). Bi zati nahiko mantenduak dituen (hasieran eta erdi aldera) luze bertikala. Eskalada mota guztiekin aurkituko gara (plakak, pitzadurak eta sabaiak). Aseguruen arteko urrutiratzeak autobabestea behartzen dute. Zertxobait luzatuta 6a zailtasunezko zatia A0 modura egin daiteke.
L2 (25 m, 5 aseguru, 4c). Eskuinera, oinez, 5 m inguru egin. Plakatxo bati ekin eta ondoren gilbortxo bati (bere eskuinetik ongi gainditzen da; ongi babestua). Zati hori gainditu ondoren erdian pitzadura handi bat duen plaka handi bat aurkituko dugu. Pitzadurak autobabesteko aukera desberdinak ematen ditu. Helduleku onak dituen plaka bilgunera irteteko.
Aipamen batzuetan luze honi 5b zailtasuna ematen diote, baina guri ez zitzaigun hain zaila iruditu.
L3 (20-25 m, 6 aseguru, 5c). Eskuineko plakara irten eta bertatik igo itsasgarritasun izugarria duen laranja koloreko harkaitzera igo. Zati labur bat igaro ondoren azken plakaren oinarrian egongo gara. Bertara sartzeko sabaitxo bat gainditu behar da (hobe ezkerretik), baina helduleku onak agertzen ditu. Plakak “garbantzu” moduko inkrustazio bitxiak ditu. Bertan itsasgarritasun oneko hainbat pasagune fin aurkituko ditugu.
L4 (10 m, 1 aseguru, II). Oinez jaisteko asmoa badugu soilik. R3ko irteera parabolt batekin babestuta dago.




Jaitsiera: Bidetik rapelatuz edo oinez.
Oinez jaisteko, gailurrera igo eta mugarriei eta harkaitzean margotutako “Q” letra gorriei jarraituz jaisten hasi. Hasieran gandorraren ezkerretik eta gero eskuinetik. Nahiko airetikoa eta zerbait arriskutsua izan daitekeen zati labur batera iritsiko gara. Zati honetan arreta izan behar da. “X” marka batera iristerakoan eskuinera biratu. Azken metroak gandorraren eskuin aldetik egiten dira. Garrota behatokitik datorren bide zabalera jaisteko 15 min inguru beharko ditugu. Beste 15 minututan aparkalekuan gara.

Materiala: 12 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bat. Zinta batzuk arroka-zubientzat.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h 30min.
Nork ekipatua: Jordi Farrás eta Ángel Companyó, apirila 2017.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario