Bideari buruz Interneten informazio
gutxi zegoenez hasiera ikusirik pentsatzen genuen bide osoa ongi ekipatuta
egongo zela, baina gauza asko aldatzen da L2an. Lehen 25 metroak nahiko etzanak
dira, baina parabolt bakarra dago (lehen erresaltean, bilgunetik 8 m ingurura).
Lehen eta bigarren aseguruen arteko urrutiratzea izugarria da (15-20 m
ingurukoa). Egia da arrokaren kalitatearekin eta plaka den etzanagatik oso
zaila dela zerbait apurtu eta erortzea, baina aseguru pare bat faltan bota
genituen zati horretan. Eskerrak friendsak igo genituela. Urrutiratze horretan
autobabes pare bat jartzeko aukera dago (tomen urdina eta berdea jarri
genituen), baina katxarreatzen eta tokiak aurkitzen jakin behar da. Leku
aproposak ez badira aurkitzen psikologikoki estualdi ederra pasa ahalko da.
Azken bilgunea eraztunik gabe. Malloiren
bat eraman.
Iristeko eta hurbiltzeko:
Ikus hurrengo sarrera. Eskuineko sektorera hurbiltzeko onena C bidezidorra, muinoari buelta osoa ematen diona, jarraitzea da.
L1 (20 m, 5 aseguru, 4c). Horma
motz bat hasieran, 4-5 m ingurukoa, 2 paraboltekin babestua. Bigarren
aseguruaren azpian, justu bere azpian, dago pasagunea ematen ahalbidetzen duen
euste leku ona. Euste lekua zertxobait altu geratzen da eta trukua beheko zuloa
alderantziz, behetik gora, hartzea da. Horreko oinak zertxobait igotzea
ahalbidetzen dizu eta horrela euste
lekura iritsi zaitezke. Jarraian eskuin aldera igotzen den euste leku onak
dituen plaka. Gandor etzan batera irteten da. Azken metroak (5 edo 6)
asegururik gabe arroka trinkoz osatutako plaka etzan batetik.
L2 (40 m, 4 aseguru, 5b). Parabolt batez babesturiko erresalteraino iritsi
arte (urrutiratzea) plaka etzan bat. Ondoren, diedrotxo-kanal batera iritsi
arte, berriro plaka etzan bat. Diedrotxoan totem urdin bat ipintzeko aukera
dago. Berriro plaka etzanetik igotzen jarraitzen da horma bertikal baten
oinarrira iritsi arte (hemen totem berde bat jartzeko aukera dago, baina
zertxobait kili-kolo). Horma bertikala ongi kokatutako hiru aseguruekin
babestua. Lehen asegurua jarri ondoren hobeto igotzen da zertxobait ezker
aldetik.
L3 (35m, 1 aseguru, 3c). Ipuru aldera igo (zintaren bat jartzeko aukera) eta
ondoren eskuineko gandortxotik igotzen jarraitu. Bertan dago luzeko parabolt
bakarra. Ondoren plaka zabal eta oso etzan bat. Azken zati honetan
autobabeseren bat jartzeko aukera dago.
Jaitsiera: Bidetik rapelatuz.
Materiala: 6-7 zinta + bilgunerako
materiala. Friends joko bat L2rako.
Arroka: Kararria. Tillita trinkoa.
Orientazioa: Hego ekialdea.
Iraupena: 1h.
Nor irekia eta ekipatua: ??
0 comentarios:
Publicar un comentario